“Indarkeria obstetrikoa aitortu zaigun lehen emakumeak gara munduan”

  • “Oinarrizko eskubideak aitortzeko egiten dut. Niri ez dit inork nire erditzea itzuliko, ezta bizitutako trauma hori sendatuko ere. Beraz, ondorengoei halakorik ez gertatzeko ari naiz lanean”. Hitz gordinak dira, minetik eginak, eta min horretatik abiaturik, gertaturikoa plazaratzeko, indarkeria obstetrikoa jasan izanaren esperientzia liburu batean bildu du Nahia Alkorta Elezgarai donostiarrak. Hamaika urte dira bere lehen haurraz erditu zela, eta prozesu judizial luze batean dago geroztik, Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen Diskriminazio Batzordeak arrazoia eman zain, Espainiako Estatuak “ebazpena ez errespetatzea” erabaki zuelako.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Indarkeria obstetrikoak egin zaitu ospetsu.
Bai, zoritxarrez. Urte askoren ostean, Nazio Batuen Erakundeak arrazoia eman dit. Sabeletik Mundura egitasmoak ere eman dit hauspoa eta bide bat urratzen hasteko aukera. Ezaguna egin naiz egin zidatenagatik, nik neuk sorturikoagatik baino.

Zer gertatu zitzaizun?
Nire lehen haurraz erietxe publiko batean erditu nintzen. Izango zen presagatik, baliabide eskasiagatik, egiturazko indarkeria delako… Egon nahi ez nuen interbentzioetan ikusi nuen nire burua une batetik bestera. Indukzio bat egin zidaten, ezezkoa esan nien arren. Azkenean, zesarea egin zidaten, mediku ikuspegitik beharrik egon ez arren. Mehatxu egin zidaten, horretara behartu. “Erietxera bazatoz guk esaten duguna egin behar duzu”, esan zidaten. Trauma osteko estresa eragin zidan horrek, eta oso urte txarrak pasa nituen. Psikologikoki oso jota nengoen.

Lehen salaketa jartzeko urte bateko epea dago soilik. Gertatu zitzaidanari hitzak jarri orduko, kemena batu eta salaketa jarri nuen. Egin zidatena aitor zezaten nahi nuen. “Zuk horrela bizi izan baduzu, zerbait gaizki egin dugu”, horixe entzun nahi nuen, besterik ez. Hamaika urte betetzera doa haurra eta oraindik ez dut halakorik aditu. Donostiako epaitegian izan nuen lehen epaiketa, salaketa jarri eta hiru urtera.

Nola gogoratzen duzu?
Epaileak honela esan zidan: “Zu zara Nahia? Familian sendagile asko ditut”. Horrekin, jada, imajina dezakezu nola joan ziren ondorengo minutuak.

Ni ez noa medikuen kontra, indarkeria matxistaren beste adierazpen bat besterik ez den indarkeria obstetrikoaren kontra baizik. Espainiako Estatuko aukera denak amaitu eta Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen Diskriminazio Batzordera jo genuen Espainiako Estatuko hiru emakumek eta nik. Joan den uztailean jaso nuen arrazoia eman didan ebazpena. Indarkeria obstetrikoa aitortzen zaigun lehenak gara mundu mailan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Geroztik, ordea, lehengo lepotik burua.
Sei hilabeteko epea izan dute epaia betetzeko, baina ez dute egin. Nire kasuan, Eusko Jaurlaritzak ebazpena ukatu zidan eta beraiek “bikaintasunaren pean” lan egiten dutela esan zuten prentsa ohar batean. Orain, urrats administratiboak berrabiarazi eta Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharrean nago, eta horrek esan nahi du beste hiru edo lau urtez luzatuko dela prozesua.

Dena hankaz gora gelditu daiteke, minaren aitortza ez egitetik harago?
Kostu emozional eta psikologikoa izatetik harago, kostu ekonomiko handia ere badu. Betearazteko bidean kondena handia jaso dezakegu epaiketaren kostuetan galduz gero. Eta are larriagoa dena: jurisprudentzia oso arriskutsua dago jokoan. Azken batean, emakumeon hitzaren gainetik osasun sistema gailentzen bada, berdin segituko dute, babes judizialarekin gainera. Hiru erditzetik bat erditze traumatikoa izan ohi da; indarkeria obstetrikoa dago hemen.

“Ni ez noa medikuen kontra, indarkeria matxistaren beste adierazpen bat besterik ez den indarkeria obstetrikoaren kontra baizik"

Amatasunaz asko hitz egiten da; erditzeaz eta eraginaz, apenas.  
Erditzea oso momentu berezia da emakumearentzat, psikologikoki eta neurologikoki. Garunean aldaketak gertatzen dira oso denbora gutxian. Kultura batzuetan trantsizio bezala kontsideratuta dago, baina gaur egun jada badakigu ez dela kontu kulturala, baizik eta berariazko gertaera bat.

Horri, noski, haurra gehitu behar zaio, ahantzi gabe. Jaiotzeko moduak bere bizitza osoan eragina izanen du, eta haurra indarkeria giroan jaiotzen bada, zer esanik ez, eragina ezkorra izanen da. Bestalde, gainera, nire ustez indarkeria obstetrikoaz baino, indarkeria gineko-obstetrikoaz hitz egin beharko genuke. Emakumeon gorputza jartzen da guda zelai. Biluzik gaude, eserita, hankak zabalik eta askotan ez dakigu zer gertatzen den ere. Dermatologoan, adibidez, ez da halakorik gertatzen.

Udazkenean kaleratuko den liburu batean bildu duzu guztia.
Nire bizipenak dira. Erditzea, erditze ostea, prozesu judiziala eta horren ondorioak. Iruñean Sanferminak ospatzen ari ginela jaso nuen NBEren ebazpena eta berehala pentsatu nuen liburuaren ariketa egitea. Bide orri bat egin nahi izan dut, inor nire lekuan aurkituz gero, zer egin dezakeen jakiteko. Azken batean, arrazoia ukan arren, sistemaren kontra joatea delako, eta hori beti da zaila.

Sei hilabeteko epean idatzi dut, uste baino errazagoa izan da. Ongi pasa dut sorkuntza prozesuan eta hori balioan jarri nahi dut. Minetik idatzi izan banu, unea ez zenaren seinale. Berrirakurketan aseturik sentitu naiz, ez naiz puskatu.

Lozorroko harra

Injustizien aurrean harra lozorrotik esnatzen zaio Alkortari; ezinegona. Hamaika urte daramatza barruko harra ezin ase. Inork inoiz itzuliko ez dion zerbait ebatzi izan diotenaren sentsazioarekin bizi da. Osasun mentalaz galdetu eta “ezinbestekoa” erantzuten du zirt-zart. “Ez da txantxa. Arinkeria handiarekin jarri ohi da hitza mahaiaren gainean”. Erditzeak emakumearengan eragin dezakeenaz hitz eginen du kaleratuko duen liburuan. Amatasunaz asko hitz egiten den aro honetan, bere ekarpena erditzetik egin nahi izan du oraingoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amatasuna
Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


Erloju adimendunak, gurasoen kontrol gosea asetzeko

Udako oporrak gainean, non dagoen uneoro jakiteko erloju adimenduna erosi diozu seme-alabari? Ez duzu bakarrik uzten, arduraz jokatuko ez duen beldurrez? Egungo belaunaldi gaztea inoizko kontrolatuena dela diote The Guardianen, eta dagoeneko adinez nagusi diren heldu... [+]


“Ez ezazu indarkeria obstetrikoa salatu, ez baduzu argi galduko duzula: denbora, dirua eta osasun mentala”

Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatua zigortu du Nahia Alkortak bere lehen erditzean jaso zuen biolentziagatik, baina gobernuek ez dute ebazpena onartu. 'Mi parto robado' liburua idatzi du bizitakoa gizarteratzeko, eta arazo sistemikoa dela azaltzeko.


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Eskolako guraso elkarteetan gizonezkoak hamarretik bi baino ez direla utzi dute agerian Katalunian

Gurean ere agerikoa den errealitatea islatzen dute Kataluniako datuek: guraso elkarteetan, eskolako bilera eta zereginetan, gurasoei zuzendutako tailerretan… emakumeak dira gehiengoa. “Haurrak heztearen funtzioa amek hartzen dute eta sentsazioa dute gainezka... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


2023-11-29 | Saioa Baleztena
Alaine Agirre. Isildutakoa aldarri
“Eraldatu egin naiz amatasuna bilatu eta ezin aurkitzearen prozesuan”

Bertzeen artean, Odol mamituak, X hil da , Bi aldiz erditu zinen nitaz ama, eta Kamisoi zuri zetazkoa eleberrien eta Txoriak etortzen ez diren lekua poema liburuaren idazlea da Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Isildutakoak ekartzen ditu paperera. 2021eko irailean argitaratu zuen... [+]


Gurasotasun baimena hemezortzi astera luzatuko da sektore pribatuan ere, EAEn

Gizarte Segurantzak baimendutako hamasei asteen laguntza osagarri gisa planteatu du Eusko Jaurlaritzak bi asteko luzapena. 2019tik sektore publikoko langileek baimena eskuratzeko aukera dute.


Garazi Abrisketa
“Gure alaba hilik jaio zen, baina familiaren aitortza jaso zuen eta hori garrantzitsua izan da zauriak sendatzeko”

Garazi Abrisketa (Arrankudiaga-Zollo, 1988) ama izan zen maiatzean, baina bere alaba hilik jaio zen. Esperientzia horrek amatasunari, heriotzari eta tabuari buruz luze eta sakon hausnartzera eraman du. Aiaraldea Hemen aldizkarian elkarrizketaren zati bat argitaratu ondoren,... [+]


Hamar neurri proposatu dituzte, amek akademia uztea saihesteko

Ama izan ondoren emakume askok akademia uzten dutela eta, amaz osatutako ikertzaile-talde batek hori ez gertatzeko hamar neurri proposatu ditu, eta PLOS Computational Biology aldizkarian argitaratu ditu.


Edoskitzeak saretzen

Nafarroako beste zentroekin batera, edoskitzea naturalizatzea du helburu Lesakako osasun etxeak.


Eguneraketa berriak daude