“Jendea frontoira sartu eta zesta puntan neska giroa ere ikustea nahi nuke, ez bakarrik mutil giroa”

  • Artean neska koxkorra zela, zesta punta unibertsitatera eraman zuen aitaitak Markinan. Joko ikusgarria ikusi orduko argitu zitzaizkion begiak, egin zioten ñir-ñir. Aukera sortu zitzaiolarik hasi zen frontoian, bizi erdia darama Durangoko Ezkurdin, esku batean zesta, eskolako liburuak bestean...Artean neska koxkorra zela, zesta punta unibertsitatera eraman zuen aitaitak Markinan. Joko ikusgarria ikusi orduko argitu zitzaizkion begiak, egin zioten ñir-ñir. Aukera sortu zitzaiolarik hasi zen frontoian, bizi erdia darama Durangoko Ezkurdin, esku batean zesta, eskolako liburuak bestean...

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Helena Barrenetxea Fernandez. Durango, 2007

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu zuen aurreko ikasturtean, eta batxilergo lehen maila ikasten hasiko da aurten. Ikasle izateaz gainera, zesta punta jokalaria da. Zortzi urte zituela hasi zen pilotan ikasten Durangoko Ezkurdi jai-alain, Azkarate aita-semeen eskolan, eta bertan da kasik egunero, frontoia etxe eginik. Pilotari profesional izateari ezinezko deritza gaur-gaurkoz, eta, bitartean, ikasketak gauzatzeaz batera, polito moldatzen da idazten, Julene Azpeitia eta Bizente Zabala literatura sariek erakusten dutenez, edo Zesta punta poemak (elkarrizketaren amaieran irakur daiteke).

Zer dugu Durangon, Helena? Tabiratik Ezkurdi frontoira kilometro erdia ere bai, eta euskarazko hitz bat ere ez dut entzun pilotalekura sartu arte…
Durangon ez da euskaraz entzuten. Kalean zoazela, ez, behintzat. Horrela da hemen. Eta eskolan ere, berdin. Euskaraz ikasten dugu, baina hitz egin… Irakaslea aurrean dagoenean, euskaraz, baina bera ez dagoenean, dena erdaraz. Frontoian, bai, hemen euskaraz egiten dugu. Hala ere, pilotan erakusten digunak ez daki euskaraz, baina gure artean, pilotarion artean, euskaraz egiten dugu. Baina hemen, Ezkurdin, ez gara pilotari asko ere: txikiak, dozena erdia-edo; hamasei urte ingurukoak, lau bat –ni tartean naizela–; gainerakoak berrogei urtetik gorako jende nagusia da. Eta denak dira mutilak, ni izan ezik. Neska bakarra naiz Durangon zesta punta jokalaria. Eta entrenatzeko garaian, mutilen kontra jokatzen dut, berrogei urtekoekin.

Interneten ikusi zaitut jokatzen. Ederto moldatzen zara...
Bagoaz ikasten, baina hasieran, pilota ikusi ere ez nuen egiten!… Gurasoak markinarrak ditut, eta Markinatik datorkit zesta punta zaletasuna. Durangon bizi gara, baina aitaita-amamak Markinan, eta, eskolan jai genuen egun batean –baina gurasoek lana–, gurasoek Markinara eroan gintuzten, aitaita-amamen etxera. Aitaitak lagunartea dauka hango frontoian, beraren lagun asko pilotari izan dira, eta egun hartan, ni hartu eta frontoira eraman ninduen. Partidua jokatzen ari ziren, eta ikusten geratu ginen. Eta ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan: “Nik hau probatu egin behar dut”, esan nion neure buruari. Eta, hurrengo batean, Durangoko eskolan geundela, mutil bat etorri zen eskolaz kanpoko ekintzei buruz-eta hitz egiten, , eta esan zuen zesta punta eskola zegoela Durangon. Eta etxera joan, eta aitari esan nion zesta jokatzen ikasi nahi nuela. Eta markinarra denez, aitak badaki zer den pilota eta zer den zesta, eta baietz, eta izena eman nuen.

Erraz esan duzu.
Bai, erraz esan dut, baina lehenengo esan zidaten hobe nuela palaz jokatu, neska talde bat ere bazegoela palaz jokatzen zuena, eta hobe nuela palaz. Baina nik ez nuen palaz jokatu nahi, ez neukan dudarik, nik zesta punta nahi nuen. Eta Ezkurdi frontoira etorri nintzen, eta hasi nintzen zestan ikasten. Eta hementxe nago. Baina esan dizut, hasieran ez nuen pilota ere ikusten, eta pilota hartu, bota, eta ez nion aurreko paretari ere ematen! Baina jokatzen ikusi orduko gustatu zitzaidan, kirol ezberdina zen.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Eta zelan ikasi duzu zesta puntan? Pilota zestan sartu eta aurreko hormaraino botatzen, eta tantoa egiten, eta hainbeste trikimailu? Zesta punta abiadura handiko jokoa da.

Zelan ikasi dudan? Orduak eta orduak sartuta! Orduak eta orduak eman ditut pilota zestan sartzen saiatzen, eta sartu eta gero, paretaraino botatzen saiatzen… Nahi beste ordu sartu ditut ikasten! Jarri neu bakarrik frontoiaren atzeko aldean, bota pilota paretaren kontra, eta, bueltan, zestan sartzen saiatu. Eta saiatu, eta saiatu, eta saiatu. Horrela ikasten da, eta horrelaxe ikasi dut. Ordubeteko entrenamenduan, bostehun pilotakada ere jo izan ditut! Baina ez dago ikasteko beste modurik, nik dakidala, behintzat. Zortzi urterekin hasi nintzen, bizi erdia daramat pilotan, eta zer edo zer ikasiko ahal nuen!

Zer edo zer baino gehiago. Hortxe ikusi zintugun udaberrian Winter Series txapelketan. Baduzue lehiaketarik...
Pilota federazioak liga antolatzen du eta, horretan, gainerako kiroletan egiten den moduan jokatzen du. Badugu liga, bai, baina gure kasuan, pilotari gutxi garenez, laster amaitzen da gure liga. Orduan, edo herriko jaietan, edo herrian herriko pilota eskolek antolatzen duten torneoetan parte hartzen dugu, Markinan, Durangon, Berriatun, Zumaian, Tolosan… Esan dizut, gutxi gara. Txapelketetan parte hartzen dugunok, elitekoak-edo, hamahiru gara. Badira neska gehiago entrenatzen direnak, baina ez dute txapelketarik jokatu nahi, iruditzen zaie ez daudela behar bezain ondo prestatuta. Hortaz, hamahiru horiek jokatzen dugu beti. Egia esan, aspertuta gaude beti elkarren kontra jokatzen.

Aspertuta?
Bai, beti kontrario berak gara. Ondo baino hobeto ezagutzen dugu elkar, bata bestearen jokoa esan nahi dut, bataren indarrak eta bestearen ahuleziak. Kontrario berriak beharko genituzke, baina ez da inor agertzen. Nik horixe nahi dut, neska gehiagok jokatzea zesta puntan. Hasteko, neska edo mutil, jende gehiagok jokatzea zesta puntan, baina, batez ere, neska gehiagok jokatzea. Garrantzitsua da neskek ikustea guk kirol hau praktikatu dezakegula… Gure amak kontatzen du txikitan, Markinan, frontoira ez zela sartu ere egiten, ez ziotela lagatzen, zesta ez omen zelako nesken jokoa. Ez zioten uzten frontoian sarearen bestaldean jesarrita begira egoten ere! Aurreiritzi asko daude, eta horiek gainditu beharra dago. Neskek ezin dutela zestan jokatu? Nik jokatzen dut, bada, eta neska naiz!

"Iruditzen zait neskok abilidade handiagoa dugula mutilek baino, baina indarra haiek dute, eta frontoian indarra igarri egiten da”

Eta zurekin batera, eta kontra, beste zenbait neska. Zein dituzu kontrario gogorrenak?
Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, esango nuke. Maite Ortiz de Mendibil munduko txapelduna izana da, onenetakoa da, baina [Erika] Mugartegi ikaragarria da, gure artean, txantxetan, robota dela esaten dugu: pilota denak hartzen ditu, denak sartzen ditu, batere hutsik egin gabe. Eta pilota hartu eta atzera, atzera behin eta birritan, kontrarioa nekatu arte. Hori da bere jokoa: kontrarioa gogaitzea. Eta, aldiz, zuk errematea jo, eta jasoko du! Ez du bat ere huts egiten. Eta bota dejada, eta jasoko du. Eta bota atzera hamargarren koadrora, eta hartuko du! Halakoxea da Mugartegi.

Eta gustuko atzelaria?
Eneritz Lizardirekin eta Maialen Aldazabalekin jokatu izan dut, eta biak dira oso onak. Maialenen alde ona da, adibidez, asko laguntzen digula aurrelarioi. Berba asko egiten digu, trankildu egiten gaitu tantoren bat huts eginda ere.

Argazkia: utzitakoa.

Jokalariak gehiago izanagatik ere, neska bakarra zaitugu Durangoko Ezkurdi honetan zesta punta jokatzen...
Eta jende nagusiarekin entrenatu behar izaten dut, eta mutilen kontra ere jokatzen dut, baina ez nire adinekoen kontra, txikiagoen kontra baizik. Ezin dut nire adineko mutil baten kontra jokatu, hark duen indarra nik ez daukadalako. Ezin diot pilotari hark ematen dion abiadurarik eman! Besterik da abilidadea, hori pertsonen araberakoa da-eta. Eta batzuetan iruditzen zait neskok abilidade handiagoa dugula mutilek baino, baina indarra haiek dute, eta frontoian indarra igarri egiten da, indarrak asko esan nahi du, pilotari ematen zaion abiadura esan nahi du, eta horretan ez dago konparaziorik nesken eta mutilen artean. Hala ere, zesta puntan jokatuko bagenu, baina teniseko pilota batekin, uste dut neska askok irabazi egingo lieketela mutil askori.

"Gizarteak nesken kirolari behar duen garrantzia ematea nahi dugu, ikusgarri izatea, jendeak jakitea neskek ere jokatzen dutela zesta puntan, jokatzen ahal dugula, erakustaldi eder bat egiteko maila dugula…"

Indarra eta abilidadea aipatu dituzunez, nola uztartzen dituzu zuk horiek biak?
Pilotan hasi nintzenean, ez neukan indarrik, eta, hortaz, beti aurrean jokatu behar izaten nuen. Ni laugarren koadroan jarri, igual, eta ezin pilota zortzigarrenera eraman! Eta, bestalde, gure irakasleak, azkaratetarrak, aurrelariak izanak dira. Eta aurrean ipintzeko esan zidaten. Aurrelari jokatu nuen lehenengo partidua ere, eta gustatu egin zitzaidan, eta aurrean jokatzen nabil ordutik hona. Jakina, orain orduan baino indar handiagoa daukat, baina eskuineko besoan. Beti eskuinarekin jotzen, gihartsua daukat; ezkerra, berriz, eskastxoa, pobre.

Aurrelariaren ardura ohi da tantoak amaitzea… Zer behar da horretarako?
Tantoa amaitzeko? Ausardia eta bisioa. Hori ez badaukazu, ezin izan zintezke aurrelari. Aurrelariak amaitu behar du tantoa, abilidade hori eduki behar du, eta nik badaukat. Ikasi egin dut. Erakutsi egin didate,  tantoa zelan egin ulertu dut, modua harrapatu dut. Bestela, pilota jo eta jo, beti atzera eta beti atzera, tantorik ez dago. Zure jokoa baldin bada beti atzean eustea, hobe duzu atzelari jokatu. Hasieran esan nion neure buruari: “Uf, ez dakit, bada, asmatuko dudan!”. Edo, pentsatu nuen: “Eta ondo irteten ez bada?!”. Ausardia ere izan behar duzu: tantoa amaitzeko beldurrez bazaude, ezin izan zintezke aurrelari. Zeuk eman behar duzu pausoa: edo moztu, edo dejada, edo hormabikoa…

Zesta punta jokalaria zara, batxilergo ikasketak ere egiten ari zara… Kirolari profesionala izan nahi zenuke...
Kirolari guztiek izan nahi dute profesional, egiten duten kirola egin nahi dute. Gure kasuan, oraindik ez da posible, hamar jokalari gara, gazteak gara, ikasketak egiten ari gara. Hortaz, bitartean, gizarteak nesken kirolari behar duen garrantzia ematea nahi dugu, ikusgarri izatea, jendeak jakitea neskek ere jokatzen dutela zesta puntan, jokatzen ahal dugula, erakustaldi eder bat egiteko maila dugula… Nire ametsa ez da ni profesional izatera heltzea, nik zesta punta uzten dudanean erreleboa izatea baizik. Nahi nuke neska gazteek –ni baino gazteagoak, esan nahi dut–, zestan jokatzea, orain baino askoz neska gehiagok jokatzea zesta puntan –Ezkurdin, batez ere, ni bakarrik nago-eta–, jendea frontoira sartu eta zesta puntan neska giroa ere ikustea, ez bakarrik mutil giroa.

Dedikazioaz ari, gutxik ematen dute zuk bezainbeste ordu Ezkurdin…
Egunak pasatzen ditut nik frontoian! Hemen naiz martitzen eta eguenetan, egun osoan! Eskola 16:30etan amaitu, neba hartu –hura ere pilotan ikasten ari da–, eta frontoian naiz 16:45ean, 21:00ak arte. Batean, txikiei erakusten; bestean, neu entrenatzen. Beti frontoian ni!

                                                                            *          *          *

Erakutsiz ikasi
“Roberto eta Asier Azkarate aita-semeak dira gure irakasleak. Durangarrak dira, eta zesta punta jokalari izan ziren, Rober [Azkarate], Amerikan ere ibili zen, eta handik etorri, eta zesta punta irakasleak ditugu orain Ezkurdin.  Ni eurekin hasi nintzen pilotan ikasten, eta, orain, haiei lagundu ere egiten diet, pilotari txikiei erakusten diet-eta. Eta erakutsiz, asko ikasten dut: gehiago ikasten dut erakutsiz, bakarrik entrenatuz baino".

Ereduak
“Ikusita nago oraingo jokalari profesionalak, Goiko-eta [Iñaki Osa Goikoetxea]… Baina ez noa faboritorik esaten, asko ezagutzen ditut-eta. Nik, hala ere, Aritz Erkiagaren eta Goikoren antza izan nahi nuke. Aurrelaria naiz, eta eurak ditut aurrelaririk onenak, oraingo onenak, eta orain dela hamar urteko onenak ere bai. Nik euren ereduari jarraitzen diot, eurek egiten dutena egin nahi dut”.

AZKEN HITZA

Zesta punta

Zuentzat, niretzat
Zuentzat kirol bat, niretzat pasioa
Zuentzat kultura, niretzat poza
Zuentzat frontoia, niretzat bigarren etxea
Zuentzat bikotea, niretzat laguna
Zuentzat pilota, niretzat indarra
Zuentzat txuria, niretzat elegantzia
Zuentzat zesta eskola, niretzat bigarren familia
Zuentzat zesta, niretzat lagunik onena
Zuentzat 30 tanto, niretzat izerdia
Zuentzat hilda dago, niretzat bizipoza

Ez da erraza horrelako frontoi bat
aurkitzea, historia izugarriduna,
orain zoritxarrez ahaztua.
Ez da erraza horrelako eskola bat aurkitzea,
profesionalak izandako irakasleduna.
Ez da erraza horrelako jendea aurkitzea
egun batetik bestera zure familia
bihurtzen dena.
Ez da erraza horrelako entsaio bat aurkitzea,
poz eta barre artean jokatuaz disfrutatzekoa.

Durango Zesta-Punta Eskola,
ez da erraza horrelako besterik aurkitzea.

(Helena Barrenetxea Fernandezek 2021ean Durangoko alkateari idatzia, frontoi duina eskatuz. Handik urtebetera eraberritu zuten, eta egin zuen lehen sakea Barrenetxeak)

Argazkia: utzitakoa.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeen pilota
Mozkor Frentekideok pala txapelketak 10 urte
Donostiako Herrerako emakumeak harmailetatik kantxara

Hamar urte dira Donostiako Herrera auzoko emakumeen pala txapelketa abiatu zutenetik. Mozkor Frentekideok txapelketa 1987. urtean sortu zen, baina 2014an emakumeek harmailak utzi eta frontoiaren erdigunea hartu zuten.


Naroa Iturain, pilota epailea
“Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako”

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


Emakumezko esku pilotari profesionalen lehen kluba sortu dute

“Ados Pilota” emakumezko eskuzko pilotari profesionalen lehen kluba aurkeztu dute Leitzan. Lan baldintzak hobetzea eta txapelketa gehiago jokatzea dituzte helburu. Lehen txapelketa antolatu dute Ekainaren 4rako. 


Emakume pilotariak
Loraldiari neurria hartu nahian

Bat-batean frontoian eta telebistan emakumeak esku-pilotan jokatzen ikusten hasi gara. Emakume pilotariak oso pozik daude lehen lerrora jauzi egin dutelako, nahiz eta gogorarazi nahi duten itzalean makina bat urtez jokatu dutela, bai eskuz bai palaz. Munduko txapeldunak ere... [+]


2019-07-15 | Ttipi Ttapa
Iera Agirrek eta Oihana Orbegozok irabazi dute sanferminetako emakumeen Master Cup pilota txapelketa

22-21 irabazi zieten Jaka eta Ruiz de Larramendiri eta hemezortzi urtez beheitikoan, Agorreta eta Bergara nagusitu ziren. Sekulako ikuskizuna eta giroa bizitu zuten larunbatean Labriten, Laboral Kutxa Emakume Master Cupen San Ferminetako finalekin.


Emakume Pilotarien Elkartea sortu dute, emakumeen pilota-mundua erregulatu eta bultzatzeko

Hainbat modalitatetako 80 pilotari baino gehiago barnebiltzen ditu elkarteak, eta haien helburu nagusia emakumeen pilota bultzatzea, egituratzea eta arautzea da. Azkoitiko Oteiza pilotalekuan egin dute aurkezpena larunbatean.


Eguneraketa berriak daude