“Lehen saltzen zenaren hamarrena saltzen da egun”

  • Antonio eta Marino Goñi izan ziren erretiroa hartzen lehenak 2011n, eta hirugarren anaiaren txanda heldu da 2023ko irailean. Hiruren artean ia 300 lan argitaratu dituzte 32 urteotan, tartean, ibilbide oparoa egin duten taldeen lehen diskoak: Berri Txarrak, Ken Zazpi eta Zea Mays. Apustu handiak egin dituzte, besteak beste Tijuana in Blue eta Hemendik At argitara eramanda. Ekainaren amaieran eten du Patxi Goñik lokalaren alokairu kontratua, eta dena husteko azken txanpan zela bildu gara berarekin; hainbeste kaxaren artean dokumentu, kartel eta disko historikoak topatu ditugu.

"Dena aldatzen da etengabe: garaiak, formak, estiloak... Ezer ez da egonkorra. Horregatik, ez gara inoiz ezertara mugatu". (Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY SA)

Nekatu zara?
Apur bat bai. Ezetz esan beharko nuke, baina hala da. Hainbeste urte daramatzazunean oso zaila da txistea eta gogoa edukitzen jarraitzea. Tarteka talde batekin flipatzen duzu eta ilusioari eusten diozu berriz, baina oro har, bai, oso zaila da, eta nekatu naiz.

Kontzertuetara joaten jarraitzen duzu?
Ez, aspaldian ezer gutxi. El Drogas-en 40. urteurreneko kontzertua ikustera joan nintzen ekainean, Iruñean izanik gainera, nahitaez joan beharreko zita zen. Bestela ez naiz joaten. Iristen zaizkit komentario batzuk handik eta hemendik, eta horrela jarraitzen dut talde batzuen pista, ahal dena.

Eta zergatik? Zer dago horren atzean?
Izugarrizko nagia. Aurrekoan, justu hemen alboan, Arrosadiako auzoko jaietan jotzen zuen Tatxers-ek. Poteo apur bat, afaria genuen, taldeak gauerdian hasten ziren, Tatxers hasterako goizaldeko hiruak-edo izango ziren... eta nik hori ja ez dut aguantatzen. Oso zaila egiten zait. Hara eta hona aritu gara urte mordoan, gautxori moduan sarri, baina orain, etxean nagoela, zama moduko bat sentitzen dut. Hauxe da dagoena.

Musika asko entzundakoa zara.
Lan honetan hasi aurretik ere asko entzundakoa nintzen, eta zer esanik ez hau muntatu genuenean. Orain ere jarraitzen dut entzuten, nire kasa. Egungoa baino garai okerragoa pasatu nuen duela bi edo hiru urte: ezin nuen gehiago, ezin nion erritmoari eutsi, saturazioa oso handia zen. Sekulako nagia neukan gauza berriak entzuten jartzeko. Baina heldu nion berriz, ez dakit nola, berrartu nuen, eta behar nuen.

Oso lan monotono eta sedentarioa ez da izango.
Goizetan, hona heltzean, korreoa ireki, deiak erantzun, iristen zitzaizkidan gauzak begiratu, salmentak kudeatu, paketeak egin, garraiorako paperak... Tramite lan horiek beti zeuden egiteko, eta behin hori eginda hasten nintzen musika entzuteko lanean, talde berriak topatu eta talde ezagunen pista jarraitzera. Goizeko hamaikak edo izan ohi ziren, kafea hartu eta horretan jarri. Jakina, urteko garaiaren arabera oso aldakorra da zeregina.

Nafarroako Gobernuaren Musika Artxiboari emango dizkiote urteotako mila maketa, kontzertuetako kartelak, argitaratu dituzten lanen agerpenak prentsan... (Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY SA)

Ekainean egiten ari gara elkarrizketa. Uda garai ona izango da gauzak merkaturatzeko, ezta?
Uda aurretik egitea hobe litzateke, jendeari denbora eman behar zaio-eta. Momentu honetarako, produktu guztiek kalean behar lukete. Udaberrian publikatuko bagenu talde baten diskoa, elkarrizketak eta erreportajeak kudeatzen eta egiten ariko ginateke garai honetan.

Diskoa kaleratu osteko lana ere handia da, beraz.
Udaberriro pare bat disko egiten genituen, ez da inoiz gure filosofia izan ahalik eta gehien egitea. Nahiago izan dugu disko gutxiago egin baina ahalik eta landuenak izatea.

Musika entzun eta taldeak ezagutzea izan da zeure zereginetako bat, gero, pentsatzen dut, haiekin kontaktuan jartzeko. Alderantziz ere gertatuko zitzaizun, haiek zugana jotzea.
Eboluzioa izan du. Honetan hasi ginenean, Balerdi Balerdi taldean jotzen genuenez, jende guztia ezagutzen genuen, oholtza mundu guztiarekin partekatzen genuelako. Skalariak horrela ezagutu genuen, eta Urtz ere bai, Baztanen. Lekarozen irakasle zen gure lagun batek proposatu zigun Urtz-en maketa entzuteko, eta bide batez haiekin jai batzuetan oholtza partekatzeko. Lehenbizi geuk jo genuen, eta gero haiek. Benetan diotsut, sekulako zoramena izan zen haien emanaldia, zeinen onak ziren zuzenekoan, erabat giro baztandarra. Grabatzera etortzeko proposatu genien, eta haiek baietz, harrituta, lehenbiziko aldia zelako eskaintzen zietela.

Eta behin oholtzak utzita, zailagoa da pista jarraitzea?
Zirkuitua galtzen duzu, eta taldeak ezagutzeko modua aldatu egiten da. Kontzertuak ikustera joanda asko ikasten da, jakina, baina bestela handik eta hemendik iruzkinak heltzen zaizkizu, konfiantzazko jendeak deitu egiten zaitu, eta taldeengana iristen zara askotan taldeek eurek proposatu dizutelako. Gero, talde horiekin orduak pasatzean, beste talde eta musikarien berri ere ematen dizute, eta proposamenak egin ere bai. Soinu teknikariekin ere tratu ona izan dugu eta informazio asko eduki ohi dute guretzat interesgarria dena.

Zer behar du talde batek zuen arreta deitzeko?
Oro har, Marinok eta biok hiru osagarri aipatzen genituen: originaltasuna, indarra eta letrak onak izatea. Hiru osagarri horiek hartuta, konbinatzen jakin behar da, abila izan.

Talde nafar askorekin egin duzue lan.
Geure lurraldea delako, hori izan da abiapuntua. Hemen mugitu izan gara beti, eta jendea ezagututa, dena eskuragarriago izan dugu. Gu bezalako diskoetxe txiki batek ez dauka besterik: ez zara Bizkaiko beste puntara joango talde ezezagunak entzutera. Edo bai, baina beti izango da zailagoa. Agian orain errazagoa da.

Musikan eman dira aldaketak, estilo berriagoak sartuta, eta Euskal Rock Erradikalaren garaia atzean geratu da. Nola bizitu duzue? Suposatu dizue aldaketarik?
Ez dugu izan inoiz estilo definiturik, askotan hitz egin dugu gure artean, agian gure estilo definitu bakarra zela taldea gustatu behar zitzaigula, zuzeneko onarekin, letra, karisma... Dena aldatzen da etengabe. Garaiak, formak eta estiloak aldatzen dira; ezer ez da egonkorra. Horregatik ez gara inoiz ezertara mugatu.

Ekainean eten du lokalaren alokairua. Huste lanetan zela egin dugu hitzordua berarekin. (Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY SA)

Estilo ugariko taldeekin egin duzue lan.
Jo, bai. Urtz hardrock amerikarraren estilokoa zen, Los Ganglios tecno-punk moduko zerbait, oso originala...

Tijuana in Blue...
Eta Kojon Prieto y Los Huajolotes. Txingote batzuk ziren, barrez lehertzekoak. Ez zekiten ezer jotzen, baina jendeari gustatzen zitzaizkion. Zuzeneko horiek... Jendea zoratu egiten zen.

Tijuana eta Potato-ren diskoa entzuten duzu gaur egun eta flipatzekoa da, harrigarria, lata hutsak errenkadan jarrita nola sortzen zuten musika. Oso garai punk-a zen, “lau gauzekin musika egin dezaket” teoria hura. Letra horiek ere izugarriak ziren, sekulako txistea zeukaten.

Eta nola ahaztu: Hemendik At.
Hilabeteak pasa zituen haien maketak Marinoren apalean, ez baitzuen hain argi ikusten hura argitaratzeko aukera. Oso arraroa egiten zitzaion, erreparoa ematen zion, bertigoa-edo. Hegoko haizeak eman zion egun batean atera zuen hortik, berak ere ez daki ongi zergatik, eta urteko bildumetako batean sartu zuen Goazen abestia, inork ezagutzen ez zuena, eta Koma, Berri Txarrak eta Skalariak-ekin konbinatu zuen. Zalaparta apur bat sortu zuen jakina, iritzi kontrajarriak zeuden. Jaietako txosnetan ez zen oso ongi etorria izan, eta begira non amaitu duen, non mantentzen den.

Gerora, rock-ari oso lotuta, berrikuntzetako bat izan ziren Kerobiaren piano doinuak.
Beraiei ez zaie gustatzen esatea, baina garaiko pop doinuak ziren haienak, Coldplay-en tankerakoak, pop ingelesa. Baina ez ziren kopia bat. Pertsonalitate handiko taldea zen hastapenetatik, eta bereziki onak ziren. Maketa eman ziguten entzuteko, eta flipatu genuen. Lehen diskoa dezente zabaldu zen, eta salto ikaragarria eman zuten gero bigarrenarekin, Rose Escargot diskoarekin.

Beste garai baten parte ziren?
Mende aldaketarekin sumatu den zerbait izan da beste belaunaldi bat zetorrela, musikaz gehiago zekiena. Prestakuntza akademiko handiagoa, kulturalki eta musikalki askoz ere jantziagoak... Musika oso maila altuan jotzen zuen jendea ezagutzera eman zen, baina jakina, horrek ez du esan nahi Tijuana in Blue-koek baino txiste gehiago daukatenik. Txistea eduki behar da, grazia, publikoarengana heltzeko talentua.

Nafarroa aipatu dugu, baina Bizkaira ere jo zenuten. Mende berriaren hasiera horretakoa da Zea Mays.
Beste hainbat talderekin batera atea ireki zioten mendeari. Oso onak ziren, indartsuak. Ken Zazpi-k ere sekulako talentua zuen lehen egunetik, eta asko saldu zuten, guretzat itzela izan zen. Egia da Exkixu-tik zetozela, karrera eginda, bere horretan ezagunak zirela beraz, baina tiradari eutsi zioten, hasieratik publikoarekin konektatuta.

Zuentzat ere itzela izango zen bestea: Berri Txarrak.
Igoera mailakatuagoa izan zuten hauek, pixkanaka joan ziren, eta gero bai, lehertu zuten eta garai bat markatu, jakina.

Garaiak aldatu dira kontsumoan ere.
CDrik ez da saltzen gaur egun. Oso-oso talde garrantzitsuak soilik egin ditzake disko eta poster tirada handiak, eta salduko du bera delako, baina gero ziur ez zaiola erabilerarik emango.

Mende aldaketarekin sumatu den zerbait izan da beste belaunaldi bat zetorrela, musikaz gehiago zekiena. Prestakuntza akademiko handiagoa, kulturalki eta musikalki askoz ere jantziagoak...

Berri Txarrak-en modukoekin garai onak bizituko zenituzten.
Txarrak ere bai urte askoan; erdi-pentsionista moduan egondakoak gara (barre egin du). Hastea kostatu zitzaigun duela 32 urte, eta ondo funtzionatzen hasi ginen behin Urtz eta Los Huajolotes-ekin. Jaitsi ginen, berriz igo Ken Zazpiren garaian, eta gero Berri Txarrak-ekin izan zuen segida. Marea-ren disko bat ere egin genuen hain ezagunak ez zirenean; horiekin bai egin genituela zifra handiak.

Zeri diozu zifra handiak?
Lehen, 10.000 disko saltzen genituen disko on batekin, eta Marea-rena 25.000ra iritsi zen uste dut. Gaur egun, 2.000 saltzea asko da. Eta 2.000 disko saldu beharko lirateke errentagarria izateko. Lehen saltzen zenaren hamarrena saltzen da gaur egun. Baina badiotsut: dena ez da dirua. Plazer handia da disko on bat egin duzunaren sentsazioa izatea, lanarekin gustura gelditzea; disko batekin irabazten duzuna inbertsioa da galerak izango dituen beste batentzat.

2008ko krisiaren ondorioz, taldeen kontratazioetan zentratu zineten.
Egoerari buelta emateko irtenbidea zela iruditu zitzaigun. Marino anaiak bere bizkar hartu zituen Kerobia, Lendakaris Muertos eta beste hainbat talde, eta haiekin egin zituen birak Espainiako Estatuan.

Eta gero etorri zen pirateriaren garaia. Hura ere pasatu zenuten.
2008an krisiak lehertu zuenerako, guk bageneramatzan bost bat urte pirateriaren krisia jasaten. Ez genion amaierarik ikusten. 2010, 2011... Horixe izan zen CDaren heriotzaren iragarpena.

Egia esan, zorionez, AEBetako multinazional bat etorri zen Euskal Herrira, musika digitalizatzeko banaketa-enpresa bat zen, eta hemengo zigilu handi eta ezagunak eraman zituen. Haiekin kontratua egin eta argia ikusten hasi ginen. Mespretxuz begiratzen bagenion ere, laguntza handia izan zitzaigun, urtez urte gure zifrek gorantz egin baitute. Ea zenbat denbora irauten duen, mundua oso azkar aldatzen baita.

Diskoak ez saltzera ere ohitu behar.
Garai gogorrak pasatakoak gara. Bizitzeko falta zitzaiguna pandemia zen, eta hori ere gainditu dugu. Hain modernoa den “erresilientzia” terminoa erabiltzen da sarri; ba hori, moldagarriagoak ezin garela izan.

Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY SA

Ixtea tokatzen zaizue orain. Kaxa eta kaxa artean gaude, hankaz gora daukazue guztia. Lan franko dago hemen.
Ez dakizu honek ze nagia ematen didan (barre egiten du). Bidelagun izan ditugun taldeei haiena dena itzultzen ari gara, haien eskura jarriko baititugu master lan guztiak. Ez genekien zer egin, ez dakigu zer egiten den halakoetan, eta haien eskuetan jartzea erabaki dugu, justuena dela iruditzen zaigu.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren Musika Artxiboari emango dizkiogu urteotako mila maketa, kontzertuetako kartelak, argitaratu ditugun lanen agerpenak prentsan... Aukera hori aztertu du Marinok eta esku zabalik hartuko gaituztela esan digute. Beraz, bikain. Jendeak, zaletuek edota ikerlariek ikusi eta aztertu nahi badute, hortxe izango dute.

Zergatik ez duzue zigilua beste norbaiten eskuetan utzi?
Logikoena litzateke, bai. Eduki genuen eskaintza bat, baina ez gintuen gehiegi konbentzitu. Izan ere, erabaki hori hartuz gero, zigiluak bere identitatea galdu zezakeela iruditu zitzaigun, beste mota bateko taldeak argitaratzen has zitekeelako, eta Gor-ekin lan egin izan duten taldeak ez liratekeela gustura egongo. Aritu gara jende dezenterekin hizketan, eta aurkitu genuen pertsona bat aproposa izan zitekeena. Astebete hartu zuen pentsatzeko, baina lan gehiegi zela iritzita, uko egin zion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Desberdina eta berezia

Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.


Aita Santuaren biolinista eta bere estela

Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.


Iraultzaren eta maitasunaren artean

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


Inaugurazio erromantiko-berantiarra

Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.


2024-07-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


2024-07-30 | Sustatu
Ruper Ordorika, 2024ko Abadia Saria

Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko sortu zen Abadia saria. Irailaren 12an Hendaian egingo da ekitaldia, Abadia Jauregian hain zuzen, eta sari... [+]


2024-07-24 | Xalba Ramirez
Lagun onekin, orduak labur

Punka. Punka bueltan da, edo hobe esanda, ez da inoiz joan. Lekitxotik (eta ez Lekeitiotik) datoz Zikinekoak, Mendeku Diskak-ekin argitaratu berri duten Bala Galdua Zure Buru Galduan elegantearekin. 

“Eixu Zeuk” filosofia. Hori da oinarria eta helburua... [+]


2024-07-24 | Julen Azpitarte
Free jazz
Beltzetan beltzena

1959. urtea mugarri izan zen jazzaren bilakaeran: Miles Davisek A Kind Of Blue grabatu zuen martxoan eta apirilean; disko horretan parte hartu zuen John Coltranek Giant Steps plazaratu zuen maiatzean; eta, azkenik, Ornette Colemanek The Shape Of Jazz To Come argitaratu zuen,... [+]


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-10 | Iker Barandiaran
Zero biderkatuta, auskalo emaitza!

Lau elementuren arteko baturak ez du beti lau ematen; gehienetan hori baino gehiago. Eta zer esanik ez, hainbat proiektutan ibili eta auskalo nola eta zergatik elkartu ziren hauek: Atxe, Led Infierno, Osoron eta Txerra. Aurrekariengatik uste genuen punka egingo zutela, baina... [+]


Bederatzigarrena eta azkena

Viena, 1824ko maiatzaren 7a. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia estreinatu zen. Konpositore alemaniarrak bukatu zuen azken sinfonia izan zen, baina, asmoari erreparatuta, lehena izan zela ere esan liteke. Beethovenek 1799 eta 1800 urteetan idatzi zuen 1. sinfonia;... [+]


Eguneraketa berriak daude