Hil gaitzazue

  • 2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien harira, baina baita iraganean afganiar gehien hartu dituen herrialdea izan arren ere, Pakistanek ez dauka errefuxiatuen afera kudeatzeko legislaziorik ezta haien asilo eskubidea bermatuko duen legerik ere. Human Rights Watch erakundeak salatu duenez, nahiz eta Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak (UNHCR) bertan egoitza iraunkorra duen eta eskumena badagokio ere, Islamabadeko Gobernuak organismo horren esku-hartzea oztopatu besterik ez du egiten, eta 2007az geroztik ez dio errefuxiatu estatusa aitortu Afganistandik iritsitako herritar bakar bati. Milioika pertsona, familia bereko hiru belaunaldi kasu askotan, linbo legalean bizi dira.

Pakistango Prentsaren Klub Nazionalaren egoitzaren aurreko belazea zazpi hilabeteko etenik gabeko protestaren lekuko izan zen. Igone Mariezkurrena

Argazki guztiak: Igone Mariezkurrena

"Kill us!”. Hil gaitzazue, alegia. Hitz bi aldarri hartuta, sei hilabetez, 4.700 afganiarrek etenik gabeko elkarretaratzea egin zuten Pakistango Prentsaren Klub Nazionalaren egoitzaren aurrean, Islamabaden. Talibanak Kabulen sartzearekin batera beren herrialdea atzean utzi eta sei hilabetera hasi zuten protesta, Islamabadeko Gobernuak errefuxiatu izaera aitor ziezaien exijitzeko. Irakasleak, giza-eskubideen aldeko aktibistak, kazetariak, soldaduak eta funtzionarioak ziren gehienak. “Gure bizitzak arriskuan daude, baina ez gaituzue babesten, ezin dugu lanik egin, gure seme-alabek ezin dute ikasi, ez gaituzue ikusi nahi… Zer geratzen zaigu, bada? Hil gaitzazue!”, zioten eskuz idatzitako pankartek.

“2022ko apirilean ezarri genituen karpak –dio Mohammad Jan Ahmadyk–, eta urte erdiz hementxe segitu genuen gau eta egun, baina hona ez zen ordezkari instituzionalik edo politikaririk hurbildu”, kexu da. Sasoi hartan bizitoki izan zuten belardia zapaldu dugun une berean ilundu zaio gogoa: “Hedabide bakar batek ere ez zuen erreportaririk bidali, eta ziur naiz atzerrira ez zitzaizuela gure berririk iritsi”. Ahmady kazetaria da, Silk Road astekariaren editorea izan zen Afganistanen bizi izan zen artean, eta oraindik ere telelanean segitzen du, talibanek eta ISIS-KP taldeek (Khorasan Probintziako Estatu Islamikoa) hazara gutxiengo etnikoaren aurka egindako sarraskiak argitara ekartzea baita bere gogo bizia.

Kanpaleku antolatua aspaldi desegin zuten arren, beste aterabiderik ez duten afganiar familia zenbaitek bertan bizitzen segitzen dute.

“Gure herriaren aurkako jazarpena XIX. mendean hasi zen, eta orduz geroztik bazterkeria sistematikoa, estortsioa, bahiketak, torturak, exekuzio sumarisimoak eta hilketak nozitu ditugu Afganistanen”, dio. Talibanek boterea berreskuratu aurreko hilabeteetan, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) halako hogeitik gora atentatu erregistratu zituen, 150 hildako baino gehiago, eta ehunka zauritu. “Orain han ez dago nazioarteko lekukorik –gehitu du Ahmadyk–, eta gure anaia-arreben aurkako erasoak inoiz baino gordinagoak dira”. Silk Road-ek maiatzean argitaratu zuen Silent Crime erreportajeak jasotzen duenez, ISIS-KP-k 310 lagun hil ditu Kabul eta Kandahar hirietan, eta talibanek, babestuko zituztela zin egin zuten arren, hamarnaka hazara erail dituzte Daykundi probintzian, eta 25.000 pertsonari lurrak kendu dizkiete eta lekualdatzera behartu dituzte.

Ez AEBek, ez Afganistan inbaditu osteko trantsizio administrazioek, 2004-2021 aroan Errepublika Islamiarra gobernatu zuen presidentetza bakar batek ere ez du batzorde berezirik abiatu hazara xiiten aurkako genozidioa ikertzeko. Haienganako axolagabekeria erabatekoa dela sentitzen du Ahmadyk: “Eta ez pentsa Pakistanen seguru gaudenik, hemen ere asko baitira Islamaren muturreko interpretazioa egiten duten suniak”. Gainera, aurrejuzgu etnikoengatik  diskriminatzen dituztela dio. Eurentzako irtenbide bakarra hirugarren herrialde batek hartzea dela uste du.

“Pakistango Polizia jendea atxilotzen hasi zenean, elkarretaratzea bertan behera utzi genuen –azpimarratu du Mohammad Zamanek–, gure segurtasuna lehenetsi genuen”. NBEren azpi-organismo batentzat lan egin zuen Zamanek Afganistango Takhar probintzian, eta hilabete gutxiren buruan bere familia halako bizi-baldintzetan ikustea atsekabegarria izan zela aitor du: “Hemen ez genuen urik, herritarrek ematen zigutena jaten genuen, komun publikoetara edota meskitetara jo beste aukerarik ez genuen, eta osasun arazoak izan genituen higiene faltagatik, baina duin eutsi genion gure aldarriari”. Ia egunero agenteak zokomiran ibiltzen zirela gogoratu du, “kriminalen antzera” begiratzen zietela. “Batzuetan, inongo agindu judizialik gabe jendea atzeman, komisariara eraman eta ordu luzez atxikitzen zituzten”. Galdeketa horietan, hitzezko tratua bortxazkoa izaten zela dio Zamanek, “bereziki emakumeen aurka”, eta mehatxu egiten zietela. Giltzapean zeuden zazpi protestari askatzearen truke desegin zuten kanpalekua, 2022ko urriaren 15ean.  

Mohammad Zaman (Takhar, Afganistan, 1973). Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoaren (OHCHR) barruko Alliance of Civil Society and Human Rights Institutions erakundearen buru Afganistango Takhar probintzian.

“NBEk saldu egin gaitu eta eurengandik jada ez dut ezer espero, baina Mendebaldeko herritarrei esan nahi dizuet: zuen gobernariek konfiantza eta kolaborazioa eskatu ziguten haien programa ustez demokratikoa Afganistanen inplementatzeko, eta guk gure onena eman genuen. Zuen erakundeekin aritu ginen eskuz esku gure bizitza arriskatuz, batzuk NATOren fronteetara ere batu ziren, askori gaztaroa joan zaie horretan, ez dira gutxi familia-burua talibanen eskuetan galdu dutenak… eta orain zer? Atzean utzi gaituzte! Talibanak bonba eta beldur kolpez iritsi dira boterera, eta nazioarteko komunitatea proiektu horren konplize dela ikusten ari gara. Izan ere, Afganistanen harrapatuta dauden gure seme eta bilobak bahitzen ari dira, madrassetan (eskola islamiarrak) burua jan eta etorkizuneko terrorista suizida bilakatzeko”.

 

Adila Akhtari (Kabul, Afganistan, 1972) Irakaslea eta Afganistango Youth Power Organization erakundeko kidea.

“Hemen ez daukat lan egiteko baimenik, ezin dut irakasten segitu, eta gure seme-alabak deprimituta daude ezin dutelako eskoletara joan. Aurrezkiak hartuta ihes egin genuen, baina agortzen ari zaizkigu eta Pakistanen ez daukagu diru-sarrerarik. Nire senarrak Europako Batasunaren Afganistanerako Polizia Misioarekin (EUPOL European Union Police Mission in Afghanistan) kolaboratu zuen talibanen aurka, eta azken horiek 2016ko azaroan garbitu zuten tiroz. Ez nuen inoiz kalte-ordainik jaso, ez eta inoren deirik edo dolumin-mezurik ere. Ez zidan inork galdetu zer moduz nengoen, nola sentitzen nintzen, ezer behar ote nuen. Nire moduan senarra galdu duten ehunka edo beharbada milaka alargun daude Afganistanen, askok ez daukate jatekorik  eta umeak gosez hiltzen ari zaizkie”.

 

Zohra Jan Wahedi Akhtari (Kabul, Afganistan, 1984) Emakumeen eskubideen aldeko aktibista. Afghan Women’s Political Participation Network eta Afghan Women’s Movement erakundeetako kidea.

“Egunak eman genituen Torkham-eko pasabidean, mugan zain, pasaportea eta gure aktibismoa frogatzen zuten dokumentuak aldean eraman arren oso zaila izan baitzen zeharkatzea. Trafikatzaileak hantxe zeuden, Pakistango Poliziarekin nahastuta, eta ahal izan zuten familiek kide bakoitzeko 2.500 dolar estatubatuar ordaindu zieten pasatzen uztearen truke. Enbaxadek ere ustelkeriaz jokatzen dute Islamabaden, eta eroskeria onartzen dute: 1.000 dolar asilo politikoa eskuratzeko prozesua bizkortzeko. Dena dela, asilo programa horiek oso mugatuak dira; Espainiak, adibidez, 6.000 zenbaki besterik ez zituen igorri. Egunero 3.000 errupiatik gora (9,60€) xahutzen ditut enbaxada batera eta bestera hots egiten, nire eskaeren egoera zertan den jakiteko. Gure kabuz ari gara, UNHCR-k ez digu ezertan lagundu”.

 

Mohammad Jan Ahmady (Ghor, Afganistan, 1990) Silk Road astekari afganiarraren editorea eta hazara etniako kidea.

“Talibanek boterea hartu zutenean, ‘akabatu beharreko’ 1.500 afganiarren zerrenda osatu zuten, muga guztietara bidali zuten eta Barne ministro berriak Twitter bidez zabaldu zuen pertsona horiek labanaz hiltzeko deialdia. Berriki bi akabatu dituzte era horretan Karatxin eta Peshawarren. Hazara garenoi sartu-irtenak debekatzeko agindua ere igorri zuten eta, hortaz, ahal izan genuen moduan, aurpegiak estalita, ihes egin genuen. Afganistango enbaxada bizi-bizirik dago Islamabaden, talibanak hemen ere badaude; konplize ugari dituzte Pakistanen, besteak beste, egungo erregimenean postua duten askok Peshawarko Unibertsitatean (Pakistanen) ikasi zutelako. Bikotekidea eta biok, iritsi ginenetik, hiru aldiz lekualdatu gara; gure hazpegiengatik erraz identifika gaitzakete eta hilko gaituzten beldur gara”.

 

Oraindik elkarren berri izaten saiatzen direla azaldu du Zamanek, baina nork bere biziraupena bermatzearekin nahikoa lan dutela. Batzuk, “zorionekoak”, Pakistanen dauzkaten senitartekoei esker aurrera egiten ari dira. Beste familia batzuk partekatutako etxeetan pilatuta bizi dira, “eta besterik ez dutenek, bada, parke honetan segitzen dute –hasperen egin du–, eskean aritzen dira edo benefizentziak laguntzen ditu”. Protesta antolatua bai, baina afganiarren aurkako jazarpena ez da eten. Iragan ekainaren 5ean, Poliziak 175 lagun atzeman zituen Islamabaden. Bezperan, Frantzian oporretan zela, Pakistango Armadako Bajwa jeneralari afganiar errefuxiatu bat hurbildu zitzaion kalean, eta era baketsuan baina irmo gaitzetsi zuen Pakistango Ejertzitoak afganiar iheslariekiko duen jokabideagatik eta giza-eskubideak urratzeagatik. Bideoa birala egin zen, eta hurrengo egunean heldu ziren atxiloketak. Ondorengo asteetan eta lerro hauek idatzi bitarte, beste 500 pertsona giltzapetu dituzte. Erreportaje honetarako elkarrizketetan itzultzaile Fatima Atif aritu zen, Human Rights Commission of Pakistan (HRCP) erakundeko kidea, eta, bere hitzetan, azkenaldiko atxiloketa horiek burutu dituzten gizonek ez zuten kotxe ofizialik eta kale-jantzian zeuden.

“Gure militantzia dela-eta talibanek jomugan gaituztela frogatu dugun arren, Pakistango Gobernuak ez gaitu errefuxiatutzat hartu –ahotsa urratu egiten zaio Adila Akhtariri–. UNHCR-k ez gaitu erregistratu, ezta ofizialki asilo eskatzaile izaera emango ligukeen dokumentazioa izapidetu ere!”. Halakorik gabe, giza-eskubide oinarrizkoenak (lana, hezkuntza, etxebizitza eta osasuna) ukatu dizkietela dio, “beldurrik gabe bizitzeko eskubiderik ere ez omen daukagu”. Izan ere, 2022ko abenduaren 31z geroztik deportazio mehatxupean daude. Pakistango Gobernuak hori ezarri zuen muga-data moduan, eta aurrerantzean paperik gabeko iheslariren bat atzemanez gero berehala Afganistanera itzularazteko agindua eman zuen. Foreigners Act 2016 legeak hiru eta hamar urte arteko kartzela-zigorra aurreikusten du kasu horietarako. Society for Human Rights and Prisoners’ Aid (SHARP) erakundearen zuzendari Muhammad Mudassar-i galdetuta, 700.000 “iritsi berri” (2021eko abuztu ostekoak) ei daude egoera horretan.
Adila Bigarren Hezkuntzako irakaslea zen Kabulen, eta Zohra Jan ahizparekin batera ihes egin zuen, duela ia bi urte.

“Enbaxadetako langileek baino ez zuten lortu hegazkinen bat hartzea –argitu du azken horrek–, irudi haiek mundu osora zabaldu ziren –eta telebista-kateek bigarren urteurrenerako berreskuratuko dituzte–, baina gehien-gehienok autoz edo oinez egin genuen mugara arteko distantzia”. Bide “gogorra” izan zen, eta itxaronaldi luzea, harik eta muga zeharkatu eta buruko 750 US dolar mando ordainduta 60 egunerako turista bisatua erostea lortu zuten arte. “Pakistango Barne Ministerioa, ustelkeriaz, gure etsipenarekin aberasten ari da”, salatu du. Esperientzia “oso bakartia” izaten ari dela gehitu du, Islamabaden ordezkaritza diplomatikoa duten herrialdeetako presidente, lehen ministro eta kanpo arazoetarako ministroei idazten jardun direla, enbaxadetara deitu dutela asilo eskaera egiteko elkarrizketak lotu nahian, baina ez dutela erantzunik jaso. “Bisatua aspaldi iraungi zitzaigun, baina berritzeko Afganistanen enbaxadara edota Durand Lerrora (mugara) joan beharko genuke, eta arriskutsuegia da”.  

Kabul ibaiaren kanal batek zeharkatzen du Bara auzunea.

Errefuxiatu 'zaharrak'
1893an Britainiar Raj-ak Abdul Rahman Khan amir edo errege afganiarrarekin negoziatu eta Durand Lerroa ezarri zuen, India iparraldearen gaineko kontrola indartzeko asmoz. Orduz geroztik, horixe izan da, de facto, Pakistan eta Afganistan arteko muga. Iparraldeko pashtun familiek eta Balutxistangoek ez diote, ordea, zilegitasunik aitortzen: mugaren bi aldeetan bizi diren tribuak banandu dituela salatzen dute, eta historikoki merkataritzarako edota abeltzaintzarako baliatu izan dituzten pasabideak itxi dituztela. Komunitate horien diru-iturriak ito dituztela diote baina, aldi berean, opioaren eta gizakien salerosketa elikatzen dituela mugak. Izan ere, Pakistango Gobernua 1.100 kilometro luze den lubakia zulatzen hasi zen 2013an, “terroristen joan-etorriak” eteteko aitzakiapean eta AEBek lagunduta, eta honezkero %98 hesitu dute. Aldiz, urte hauetan guztietan, gobernu afganiar bakar batek ere ez du nazioarteko muga ofizialtzat onartu, ezta egungo talibanen erregimenak ere.

Edozein kasutan, 1979an, Durand Lerro hori bera izan zen Afganistandik Pakistanerako lehenengo migrazio uholde handiaren lekuko. Saurgo altxamenduaren ostean, Sobietar Batasunak (SESB) babestutako Afganistango Errepublika Demokratikoaren eta AEBek armaz hornitu zituen mujahidinen arteko gerra piztu zenean, 400.000 afganiarrek egin zuten ihes Pakistanera eta, 1988an, SESB-en tropek atzera egin zutenerako, bost milioi ziren mugaren beste aldera lekualdatutakoak, betiere UNHCR-k darabiltzan datuen arabera.

Gerra hartatik eta ondorengo gatazka zibiletatik Pakistanera ihes egin zuten afganiarrei UNHCR-k prima facie errekonozitu zien errefuxiatu estatusa. Baina, 1999tik aurrera, Musharrafen gobernu militarrak irizpidea zorroztu eta soilik mujahidin talde bateko kide zirela froga zezaketen haiei aitortu zien halakorik.

Dena dela, 2006ra arte, errefuxiatuek ez zuten dokumentazio ofizialik edukitzeko obligaziorik izan; 2006-2007 urte bitartean gertatu baitzen lehendabiziko erregularizazio-saio handia: Gobernuak, UNHCR-ren laguntzaz, ia 1,4 milioi PoR agiri (Proof of Registration, erregistro ziurtagiria) igorri zituen. Lehenak eta azkenak.

Bigarren erregularizazio saioa 2017an izan zen, baina kasu horretan Mugako Estatu eta Eskualdeen Ministerioarena (SAFRON) eta probintzia bakoitzeko Afganiar Errefuxiatuentzako Mandataritzena (CAR) izan zen ACC (Afghan Citizen Card) txartelak igortzeko eskumena. Urte luzez bertan bizi izandakoei eta haien ondorengoei aitortu zizkieten. Gaur egun, 840.000 lagunek dute.

Batzuk zein besteak ‘errefuxiatu zaharrak’ dira kaleko hizkeran, eta gehienak behinola kanpamentu izandako leku berean bizi dira; urteen poderioz herri bilakatu baitira. Peshawar hiriko Bara auzunea da horietako bat, bertako biztanleen %95 afganiarrak dira. Mugatik 50 kilometro eskasera dago, ipar-mendebaldean, eta Kabul ibaiaren hainbat kanalek zeharkatzen dute. Merkatua ia 24 orduz bizi da, zaratatsu; sonatua da barazki eta fruitu, arrain nahiz okel, artisautza zein txinatar produktuak erosten ahal direlako bertan. Mansoor Ullah-k burkak eta jilbab-ak (gorputz osoa estaltzen duten soinekoak) saltzen ditu: “Pakistanen soilik marroiak edo berdeak ekoizten dituzte. Zeru urdin kolorekoak afganiarrak dira, Durand Lerroan erosten ditut”. Mendi arteko salerosketa puntutik ikusten duena besterik ez du ezagutzen herrialde horretaz, baina afganiarra da, Peshawarren jaio zen arren: “21 urte ditut eta ez naiz sekula han izan, baina afganiar hiritar txartela (ACC) eta afganiar pasaportea dauzkat, nire gurasoek bezala”.

Mansoor Pakistanen jaio zen baina afganiarra da. Mugan erosten dituen burkak saltzen ditu Barako azokan. Erosle gehienak ere afganiarrak dira.

Negozioa ez da Mansoor-ena, ordea. “Lan egin dezakete, baina ezin dute inolako jabetzarik eduki –zehaztu du HRCP erakundeko Fatima Atifek–; ‘errefuxiatu zaharren’ txartelek oso oinarrizko estaldura legala aitortzen diete-eta: eskola publikoetara eta osasun-etxeetara sarbidea dute, baina ezer ez da doan eta ez dute laguntza ekonomikorik”. Hala ere, deportaziotik babestuta daude, “eta horrek –dio Mansoor-ek– lasai bizitzeko balio digu”. Emakume pakistandar batekin batuz gero hiritar eskubide osoak bereganatuko lituzkeela esaten du, “baina oso zaila da, ez dute gurekin ezkondu nahi”.

Samina duela 35-40 urte iritsi zen Pakistanera, ez dauka garbi, hilabete gutxiko umea zen artean. Hilekoa lehenengoz jaitsi zitzaionean ezkondu zuten, “14-15 urterekin”, eta gerora bost seme-alaba eduki ditu. Beste hainbat familiarekin batera, Harvichand izeneko inguruan bizi dira, jurta modukoetan, argindarrik eta urik gabe, Peshawar hiritik 20 bat kilometrora. “Niri ez atera argazkirik, senarra hor zehar dabil eta ez zaio gustatzen. Umeei bai, egiezu erretratua”, ohartarazi dit. Abeltzainak dira, ahuntzek eta bufaloek ematen dieten esnetik eta okeletik bizi dira. Barazki gutxi batzuk ere hazten dituzte eta, soberakinekin, azokara joaten dira. “Oihalak brodatzen ditugunean, horiek ere saltzen ditugu –gehitu du–, baina soilik senarrak lagunduta mugitu gaitezke hemendik”. Beste diru-iturririk ez dute eta, ondorioz, ez dituzte haurrak eskolaratu: “Garestiegia da. Lur hauen jabeari ordaindu behar diogu hemen kanpatzearen truke, eta ez daukagu diru gehiago. Ospitalera soilik erditzera joan izan naiz –dio–, hori ere oso garestia da”.

Saminaren seme-alabak, jurta moduko etxe barruan. Eskolaratu gabe, abeltzain-lanetan laguntzen dute txiki-txikitatik. 

Bere seme-alaben etorkizuna nolakoa irudikatzen duen galdetu eta isilik geratu da tarte batez. “Nik ez nituen hainbeste eduki nahi, baina ezin dugu erabaki”. Eta jarraitu du: “7-8 urte betetzen dituztenean, agian, etxalderen batean lanean hasiko dira mutikoak, baina ez daukagu dokumentaziorik... Bestela, etxean lagunduko dute. Senarrak gure alabak ezkonduko ditu eta…”. Ez dira gutxi, Saminaren antzera, inon erroldatu gabe eta betikotu den linbo legalean bizi diren afganiar iheslari ‘zaharrak’. Halako 775.000 daude Pakistanen, UNHCR-ren estimazioen arabera; bi milioitik gora izan litezke, SHARP-en aburuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


2024-09-04 | Reyes Ilintxeta
Isa Egiguren
“Libiako kostazainen eta mafiakoen artean ez dago alde handirik”

Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]


Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


Eguneraketa berriak daude