“Argazkiekin ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean”

  • Gabrielle Duplantier argazkilariarekin elkartu gara Baionan, Aturri bazterreko terraza batean. Esku artean erakusketarik ala liburu berririk ez duela, elkarrizketa zertaz izango den galdetu dio kazetariari, zehaztuz gainera argazki guti egiten duen bizi fase batean dela. Espazio "huts" horretaz baliatu gara soa zabaltzeko eta luze eta zabal aritzeko bere sorkuntzaz. 45 urte dituen artistak ibilbide luzea duelako argazkilaritzan. Eta ohargabean lortu du leku bat egiten mundu horretan: "Oraindik ez dut ulertzen nola heldu naizen honaino. Guztia bat zetorren ondorioztatzeko ez nuela lortuko". Bideaz eta biziaz hitz egin dugu. 


2023ko abuztuaren 29an
Gabrielle Duplantier, elkarrizketatua. Autoerretratua.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure argazkiak nola deskribatuko zenituzke ezagutzen ez dituen irakurleari?

Nola deskribatuko nituzke… Gehienak zuri-beltzean diren argazkiak dira; kolorearekin ere lan egin dut, baina zuri-beltzari dedikatu natzaio, irudimenari dagokionez anitzez gehiago betetzen nauelako, eta materiari begira ere, pertsonalki, biziki interesgarria zaidalako. Kutsu femeninoa dutela erranen nuke, eta gure begiekin ikusten dugunetik doi bat aldaratuak dira. Ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean, gehiago nabil sentsazioak eta irudimena harrapatu nahian. Nire argazkiek lotura gehiago dute irudimenarekin, ametsarekin, fantasmarekin.

Eta zure begirada? Zerk egiten du argazki-makina hartuko duzula ala kliskagailua sakatuko duzula?

Aldakorra da, ez da legerik. Argazkilaritzarekilako harremana aldatu zait denborarekin. Gustatzen zait hastapenez hitz egitea, puruagoa izanik interesgarriagoa delako. Zinez diot premia bat zela: aurpegiek sekulako jakin-mina pizten zidaten; bisaiek, begiradek, emozioek, begiratuak ez diren aurpegietan pasatzen diren zerek... Natura ere beti izan zait inspirazio iturri biziki handia, hiria baino gehiago. Eta naturarekin batera natura alde batera ala bestera eramaten duen argia bera. Hastapenetan zeru kargatuek, ilunek, euritsuek erakartzen ninduten, orain izugarri gustuko ditut eguraldi ederrak, eguzkiak ondorioztaturiko itzalak… Funtsean eta galderari erantzuteko, dirdira bat agertzen denean: bat-batean begirada, burmuina eta bihotzaren arteko konexio bat daukagu eta dirdira horren laudatze bat da argazkia.

"Bat-batean begirada, burmuina eta bihotzaren arteko konexio bat daukagu eta dirdira horren laudatze bat da argazkia"

Begirada aldatu zaizu, zu zeu aldatu zarelako?

Bistan da. Aldatzen gara, biziarekilako harremana aldatzen zaigu, espazioaren eta gorputzaren arteko harremana aldatzen zaigu, eta nola ez, argazkilaritzarekin dugun harremana ere aldatzen zaigu. Begirada zabaltzea eta beste ertz batzuk arakatzea interesgarria da argazkilaritzan. Ate berriak irekitzera behartzen dut neure burua. Hori diot, eta alta errepikatzen naizenaren irudikapena dut. Hor dira ere ikusi ditugun argazkiak, hunki gaituztenak: influentziak. Nahitara ez dut inoiz gehiegi begiratu besteen argazkiei. Baina badakit batzuk izan direla hastapenean, zinezko bultzada eman didatenak, bururatuko ez zitzaidan lekuetan egoteko gogoa piztu didatenak.

Influentzia gehiegi ez, zurea zuretik eta zurean kausitzeko. Argazkilaritza eskola ere horregatik errefusatu zenuen.

Argazki-eskola bat pagatu nahi izan zidaten, beti nintzelako argazki-makina esku artean, ez nuen besterik buruan. Ez nuen onartu, argazkiak eragindako poztasun purua eta askatasuna kenduko zizkidanaren beldur handia nuelako. Garaian arte fakultatean nintzela, biziki gustuko nuen pintatzea, baina zergatik hori eta zergatik hura, beti azalpenak eman edo entzun beharraren bortxaz erabat disgustua eragin zidaten.

Argazki anitz hartzen dituen argazkilaria zara?

Dependitzen du, baina bai, ikaragarriki egin ditzaket. Hala ere, erran nezake lehen baino gutiago egiten ditudala, zehatzagoa izaten entseatzen naizela, analogikoan ari naizelako eta kliskagailua zapatzen dudan aldi oro 50 zentimo edo direlako airatzen [irria]. Arrazoi ekonomiko hori ere hor da, baina aitortzen dut erabat ahanzten dudala transzenditzen nauen zerbaitekin parez pare kausituz gero.

Transzendentzia.

Ez dakit hitz zuzena den…

Mantentzen dugu?

Mantentzen dugu.

Zerk zaitu, bisualki edo emozionalki, liluratzen? Liluragarri hori maiz kausitzen duzu?

Garai hauetan ez sobera! [Irria]. Funtsean, ez nabil argazki anitz egiten, justuki liluragarria atzemateko zailtasunak ditudalako. Horregatik, noiztenka banoa, urruti, liluragarri hori leku ezezagunetan atzeman nahian. Hala ere, oraindik atzeman ditzaket nire egunerokoan liluratzen nauten gauza ttipiak. Nagusiki jendeetan kausitzen ditut, edo argian. Haurrek ere liluratzen naute, duten askatasunak, ezaxolakeriak, dakartenari buruz duten kontzientzia-ezak. Hunkitzen nau beren bizitasunak. Maiz besteen begiradaz futitzen diren izaki ttipiak dira, biziarekiko lotura osoa dutenak eta inspiragarri zaizkit.

Bakardade giroa ere sentitzen da zure argazkietan, bakardadearen alde baregarria.

Baliteke. Ez da kontzientea edo bilatua, baina egia da, nire subjektuak bakartzeko beharra sentitzen dudala. Gustatzen zait arreta entitate bakarrean jartzea, energien biderkatzea saihesten entseatzen naiz. Horregatik bakardadeari oihartzun egiten diote nire argazkiek. Dena dela, ni ere biziki bakartia izanik, pentsatzen dut zeozer adierazten duela.

Laborategiko lana gustuko duzu?

Biziki gustuko dut. Denborarekin aldatuz joan da hori ere. Hastapenetan, dena laborategian egiten nuen, orain negatiboak numerizatzen ditut eta laborategian egoten naiz, baina modu hutsalagoan. Arrazoi ekonomiko eta materialengatik, baita denboraren parametroagatik ere. Baina bai, laborategiko momentua biziki azkarra da: musika gora-gora jarri eta nirea den denbora-espazio batean kausitzen naiz, argazkiarekin fusioan naiz, erabat kontzentraturik, oso berezia den zerbait atzeman nahian. Biziki azkarra da.

Potretak dira zure argazki anitz. Denboran segitzen dituzu pertsona horiek?

Bai. Berez ez da proiektu bat edo aitzinetik prestatua den zerbait, baina bai, pertsona batzuk aspalditik hartzen ditut argazkitan. Nahiko magikoa iduritzen zait gainera.

Argazkia: Gabrielle Duplantier

Haurtzaroak eragina badu garen horretan. Landetako oihan batean iragan duzu zurea, guraso artistez inguraturik, bi anaien ondoan.

Haurtzaroko etxean berriz kokatzen nabil orain. Saiatzen naiz betidanik okupaturiko espazio horiek gaurko begiradatik begiratzen, gaurkoak balio balu bezala, eta ez atzokoak. Hor ez dizut erantzuten galderari, lekuaz ari natzaizu. Zer oroitzen dudan? Guraso askeak, herriko besteen izaeratik arras urrun zirenak. Aita marrazkilaria zen, langile amorratua, mundu fantasmatiko biziki aberatsa zuena, baina ez zena mintzo. Ama, berriz, beti mintzo zen, biziki espirituala zen. Ohiz kanpokoak ziren, eta modu biziki askean hezi gintuzten. Horrek ez du erran nahi artista izateko gogoa hauspotu zigutenik. Hirurak bide artistikoari lotzen ginela ikustearekin “ez hori egin!” erran zigun aitak. Marrazkilari izanik eraman zuen familia aitzina eta bazekien zertaz ari zen. Diruz, ez ginen aberats, baina aberastasun anitz bazen familia horretan. Halere, bidea ez zigun moztu, baina argi utzi ziguten konplikatua izanen zela, lan anitz suposatuko zuela. Egia da: urteak eman ditu, ez da erraza izan, nekagarria izan da, baina azkenean, merezi izan du.

Gaur egun bada argazkilaritzan ezaguna den izena Gabrielle Duplantierrena.

Bai, eta oraindik zailtasunak ditut sinesteko! Argazkilaritzan norbait bihurtu naiz horren anbiziorik ukan gabe. Argazkiak egin ditut, behar hori nuelako. Inoiz ez diot egiteari utzi, eta alta ez zen irabazia, behin baino gehiagotan kikildu nahi izan nautelako. Guztia bat zetorren ondorioztatzeko ez nuela lortuko. Ez nuen estrategiarik, itsuki aitzinatu naiz, luzaturiko eskuei lotu natzaie, irekitzen zizkidaten bideak hartu ditut, poliki-poliki egin da, honaino heldu arte. Ez naiz oportunista izan, eta ez zait hitz egokia iduritzen, baina hori, herabea naiz. Gaur egun oraino ez zait erraza. Workshop bat eskaini beharko dut laster Italian, eta banabil pentsaketa zer dudan transmititzeko. Oraindik ez dut ulertzen nola heldu naizen honaino. Baina, biziki kontent naiz. Eta harro.

Urte guzti horietako artxiboak nola dituzu?

Guztia ez da interesgarria, hiru laurdenak ez dira batere interesgarriak. Argazki batzuk ez dakit zergatik egin ditudan. Azkenean balio didate argitzeko zerk ez didan balio. Orain intuizio batzuk ditut huts egindako argazki horiei esker [irria]. Baina oraindik tronpatzen naiz, ateratzea pentsatzen ez nuen argazkia izan daiteke ona. Oraindik harritzen nau argazkilaritzak, eta eskerrak.

Nola sailkatuak dituzu?

Kronologikoki, eta bakar batzuk gaika, demagun, bidaia berezi batzuk. Baina, gaizki zaintzen ditut, apal batean ditut, ez ditut babestuak… Normalean, kutxa gotor batean egon beharko lirateke, suaz babesteko edo.

Hori nuen gogoan.

Bai nik ere gogoan dut. Baina zer egin behar dut? [irria] Sute bat baldin bada… Agur Ben Hur.

Begiratzen dituzu noiztenka?

Batzuetan esplorazio berri batean sartzen naiz, begiratzeko ez ote naizen zerbaiten ondotik pasa. Batzuetan emankorra da, besteetan ez. Gertatu daiteke zeozer eraldaturik duen argazki bat kausitzea. Sekulakoa da gertatzen denean, beraz balio du. Begirada aldatzen den heinean, atzerapenarekin begiratu beharra diegu irudiei, begirada berri horrekin begiratzeko. Bukaezina da. Ia jasanezina [irria].

Azken liburua 2018an argitaratu zenuen, Terres Basses izena jarrita.

Volta ondoren lau urte pasa zirela plazaratu genuen Terres Basses. Editorearekin beste bat lantzen gabiltza, 2024 urterako. Badu bi urte nahi duela, baina denbora gehiagoren beharra nuen nik. Orain prest nago, zeozer proposatu dezaket. Baina irudi anitz-anitz ditut, oraindik ez dut argi.

Nola eramaten duzu liburua sortzeko prozesua?

Oinarrian argazkiak ditut. Egunerokoan ateratzen ditut, inolako aurreikuspenik gabe. Ondotik guztiak elkartu eta zeozer azaleratzen da: ipuin bat. Editorearekin kolaboratzen dut, ikusten duena azaltzen uzten diot. Volta-rekin ez, baina Terres Basses-ekin berak kausitu zuen irudiek kontatzen zutena. 2018az geroztik argazkiak metatzen nabil. Gai berak izanda ere, editoreak dio zeozer berri dagoela: argi berri bat, iraganean ez zegoen lasaitasun bat... Titularra atzeman nahian nabil. Hainbat proposatu dizkiot editoreari baina errefusatu dizkit. Uste dut proposamen berri dudala, baina ez nago oraindik erabat segur. Testu bat ezarri ala ez, horrekin gabiltza ere. Berak nahi du, nik ez dut ariketa gogoko, baina agian neure burua bortxatu eta egingo dut. Ageriko da.

Ikusten duen aldaketa ikusten duzu?

Ez nuen ikusia, baina erran eta sinesten dut. Pertsonalki ezagutzen gara, elkar segitzen gara bizian, eta ikusten duke bizia baretu zaidala. Eta egia da: argazkietan ageri da.

"Argazki-eskola egitea ez nuen onartu, argazkiak eragindako poztasun purua eta askatasuna kenduko zizkidanaren beldur handia nuelako"

Ama hil zitzaizun. Dolua egiten zebiltzala argira ateratako liburua da Terres Basses.

Bai. Heriotza bortitza ukan zuen, nolazpait infernua zeharkatu zuen. Nire amaz biziki-biziki-biziki hurbil nintzen. Nire gida espirituala zen, nire laguna, nire ama, nire binomioa, nire ahizpa. Guztia batera. Pertsonak bideratzeko gaitasun handia zuen, norbanakoon dudak, galderak eta sufrimenduak ulertzen zituen. Amarekin hitz egin eta indartsu eta irrifartsu banindoan nirera. Bere heriotza eta gero, nire existentziari begira jarri nintzaion, eta desastrea izan zen: bikotekidea utzi nuen, bi lagun minekin haserretu nintzen, traizionatu ninduen beste tipo batekin jarri nintzen, ustez eta zeruak bidalitakoa zela..! Pentsa emazu, nire liburuan ere da traidore hori! [irria] Hots, zurrunbilo sakon batean nintzen.Terres Basses liburuak berriz errotzen lagundu ninduen: David [Fourré] editorearekin izandako harremana, ateratako argazkien bidez biziari, besteei baita zorionari ere berriz konektatu izana. Nonbait argazkiek frogatu zidaten beti bizirik nintzela, desioa ez zitzaidala desagertu. Editoreak liburu bat plazaratzeko mamia ikusi izanak konfiantza eman zidan, baita poza ere. Ikusiz, nire argazkiak nire biziari lotuak direla, garai horretako argazkiak gertakizun horri eta ondorioztaturiko bizi berriari lotuak dira.

Eritasunak eraman zuen zure ama?

Bai, eritasun ikaragarri batek.

Desagertuz zihoan gorputz hori argazkitan hartu zenuen?

Ez. Ez, hori ezin dut. Argazkiari dagokionez, muga anitz ditut. Ez dut gogorik (...)

...

Ez. Nire argazkiak gogorapenak dira, ez dira testigantzak.

Zuk Terres Basses liburua, anaiek Low Lands abestia. Guztia amaren joate horretatik sortua.
Biziki hurbila dudan aitaren kusi Alain Duplantierrekin batera sortu dugu Low Lands abestiaren klipa. Amari dedikaturiko omenaldia da. Abestiaren izenburua frantsesera itzuli eta liburuari jarri nion, hain zaidalako formula justua iduritzen: Terres Basses [lur baxuak]. Kliparen grabaketan zehar harturiko irudi batzuk badira liburuan. Nolazpait eskuz esku doaz bi sorkuntzak.

Gojira [bere bi anaien musika taldea, mundu mailan ezaguna] aipatzen bukatzen dugu. Elkarrizketetan maiz zureaz hitz egiten hasi eta anaien edo aitaren sorkuntzaz hitz egiten bukatzen duzu. Pisua zaizu?

Nola izango zait pisua? Nire anaiez biziki hurbila naiz, haietaz biziki harro naiz. Gojira hastapenetik segitu dut, klipetan parte hartu dut, argazkitan atera ditut, istorio hori nire abentura ere da pixka bat. Aldi berean, egia da lotuak izanda ere, bakoitzak dugula gure bidea, gure nortasuna, gure sorkuntza eta bereizte hori inportantea dela.

Zure argazkien istorioak kausitu ditzakegu liburu batzuen azaletan, Eider Rodriguez-en Un corazón demasiado grande obran adibidez. Gustuko duzu topaketa hori?

Bai! Ez dira kolaborazioak, baina egia da aldi oro anitz hunkitzen nautela. Arras gustuko dut nire argazkien erabilpen hori. Aspaldian dut liburuen azalean egoteko suertea eta aldi oro harrotasun handi bat da. Gustatzen zait pentsatzea nire argazkiek norbaiten irudimena sintetizatzeko gaitasuna izan dezaketela.

Bukatzeko… liburuaz gain zer opa diezazukegu?

Nire etxearen eraikuntzarekin bukatzea? Ez hori ezin da erran [irria]. Ez dakit. Zer opa diezadakezue? Uros izatea, egun oro alaitasun pixka bat topatzea, eta desira bistatik ez galtzea.

Argazkia: Gabrielle Duplantier

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


‘Denbora geldirik dagoen lekua’: Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


Isabel Azkarateren lana, tabkle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


2023-08-01 | Alfons Rodríguez
Klima larrialdi globala iruditan
Urtze Aroa

Alfons Rodríguezek hogei urte daramatza mundu osoan klima larrialdiaren ondorioak argazkitan jasotzen, The Melting Age (Urtze Aroa) proiektuaren barruan. Zuri beltzeko irudiokin, zerbait egin beharraz ohartarazi nahi du argazkilariak.


2023-06-01 | ARGIA
ARGIAko argazkilari kolaboratzaileen sarean parte hartu nahi duzu?

Argazkilarien kolaborazioa oso garrantzitsua izan da beti kazetaritzan, eta ARGIAk sare sendoa osatu nahi du Euskal Herri osoan zehar, han eta hemen egiten ditugun elkarrizketa eta erreportajeetarako. Argazkilari kolaboratzaile gehiagoren bila gabiltza.

 


Pelikula pusketez osatutako irudiak

Artea eta adierazpen artistikoak beti joan dira jendartea baino pauso bat aurrerago. Horregatik, badaude esaten dutenak emakume argazkilari baten lana legitimatzeko eta asimilatzeko ehun urte pasa behar direla, hori baita historiak –sistema patriarkalak– emakume... [+]


‘Francis’ hil eta berrogeita hiru urtera

Zuk beranduxeago irakurriko baduzu ere, irakurle, ekainaren 10 batean idazten ari naiz lerrook. Francis trabesti homosexuala Antonio Caba poliziak tiroz hil eta berrogeita hiru urtera, justuki. LGTBIfobiaren Kontrako Eguna den maiatzaren 17a, Francisen oroimena, eta sexu... [+]


2022-06-14 | Jon Torner Zabala
Iñaki Azanza, txirrindularitza argazkitan
“Ziklismoaren bidez herri baten historia konta daiteke”

Iñaki Azanza ordiziarra 1978an joan zen lehenbizikoz Frantziako Tourra ikustera. Zenbat milaka argazki atera ote ditu ordutik! Pasioz bizi du txirrindularitza. Agian horregatik, mina eragiten dio hemen inguruko lasterketen patuak. “Etxeko karrerak zaindu egin behar... [+]


2022-06-10 | Sustatu
Napalmak erre zuen neskatoa: 50 urte bete ditu argazkiak

Artikulu hau ilustratzen duen argazkia duela 50 urte egin zen. 1972ko ekainaren 8an, AEBetako undar armatuak Trang Bang herria bonbardatu zuten napalm bonbekin. Nekazari herri hartako biktimen artetik, haur multzo batek ihesean irten zuen, eta herri kanpoan zeuden... [+]


Eguneraketa berriak daude