Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek eramandako borroka. Baina Bruselak egindako kalkuluen arabera, Europan zaharkituriko milioika etxetan dugu zain hauts zuria. Neurriok nahikoak izango ote dira datorkigun olatu berriari aurre egiteko?
Bost, lau, hiru, bi, bat... eztanda lehor baten ondoren, behera dator hemezortzi solairuko eraikina, domino fitxekin egindako jostailuzko dorreen antzera. 2005eko otsailaren 27an gaude, Nanteseko irlan, Loira ibai ederretik gertu, eta ingurumarian milaka lagun bildu dira: amiantoaren kontrako borrokaren sinbolo handi bat jausi berri da euren begi aurrean.
Hiru ertzeko izar forma edukitzeagatik Tripode deitua, 1972an eraiki zuten etxetzarra Frantziako Gobernuko Atzerri Ministerioko, Estatistika Institutuko eta Ogasuneko bulegoak jasotzeko. Ordurako amiantoaren arriskuaren berri bazegoen, baina hala ere, suteen kontrako isolatzaile gisa erabili zuen arkitektoak asbestoa –amiantoari deitzeko beste modu bat– eraikinaren sabai guztietan. Denera 350 tona.
Hurrengo urteetan biriketako minbiziak ugaldu ziren langileen artean, eta gaixotasun profesional bezala aitortuak izateko bidegurutze aldapatsua hasi zuten. Esperientzia hori erabakigarria izan da duela gutxi, ekainaren amaieran, Europar Parlamentuak eta Europako Kontseiluak amiantoaren kontra neurri zorrotzagoak adosteko.
Azken azterketa epidemiologikoen arabera 31 lagun hil dira Tripoden amiantoa arnastuta, baina sindikatuek diote askoz gehiago direla
“Alde hortik!”
Hogei urtez ia 1.800 lagunek egin zuten lan Tripoden –horietako asko administrari bezala aritutako emakumeak–, egunero euren mahaiak zikintzen zituen hauts zuriarekin susmo txarrak hartuta. 1980ko hamarkadan sindikatuak eraikinean instalaturik zegoen amiantoaren inguruko informazioa eskatzen hasi ziren: “Entzun genuen asbesto mostrak hartu zirela eta emaitzak jakin nahi genituen”, esan dio Francis Judasek HesaMag aldizkariari. Europako Sindikatuen Institutuak (Etui) argitaratua, amiantoaren inguruko txosten garrantzitsua kaleratu du udaberri honetako zenbakian, eta Tripoderen kasua dakar xehe.
Nantesko amiantoaren inguruko elkarte intersindikaleko delegatua da Judas, eta prozesu hura barrutik bizi izan zuen: “Esan ziguten ez zegoela arriskurik, amianto kopurua estandar seguruen barruan zegoela”, dio. Baina erantzun xalo horrekin konforme ez eta beste toki batzuetan galdezka hasi ziren. Amiantoarekin arazo bera zuten Parisko Jusseiu unibertsitatetik ohartarazi zieten arriskuan zeudela. Halarik ere, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziatik iritsi zitzaien mezurik garbiena: “Alde hortik!”.
1989 urtetik aurrera mobilizazioak azkartu egin zituzten: “Gure estrategia izan zen alarmak piztea, amiantoaren arazoarekin eta batez ere portuko ontzioletako langileen egoerarekin arduratuta zeuden hedabideek kasu egin ziezaguten”. Bai lortu ere! Bruselan Berlaymont eraikin ezagunetik 3.000 funtzionario ebakuatzeak asbestoa zuelako –gero eraberritu egin zuten eta gaur egun Europako Batzordearen egoitza da–, Tripodeko langileen ahalegina hauspotu zuen, eta azkenean gobernuko administrazioek instalazioak abandonatu zituzten 1993an.
Lehen heriotza 1995ean gertatu zen: hamar urtez Tripoden mantentze lanetan aritutako 40 urteko elektrizista bat. Biriketako minbizia. 1999an bigarren heriotza etorri zen, 43 urteko beste gizaseme bat. Honek ere biriketako minbizia. Azken azterketa epidemiologikoaren arabera gutxienez 31 lagun hil dira jadanik Tripoden amiantoa arnastuta, baina sindikatuek diote askoz gehiago direla.
Hemezortzi urte igaro dira 2005ean Tripode eraitsi eta Europar Batasunean amiantoaren erabilera erabat debekatu zela. Tamalez, oraindik aktualitate beteko gaia dugu, amiantoak hor jarraitzen duelako ikusezin, eraikin eta birika askotan.
Zer dira 10.000 zuntz amianto?
Joan den urteko irailaren 28an Europako Batzordeak proposamena plazaratu zuen, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta baimendutako amianto-esposizioaren gehienezko kopurua zentimetro kuboko 0,01era mugatzeko. Hau da, gehienez ere metro kubo batean 10.000 zuntz amianto egotea lantegietan.
Baina Tripodeko azterketa epidemiologikoak erakusten du minbiziarekin hildakoak metro kuboko 3.000 zuntz artean aritu zirela lanean. Francis Judasek ahobizarrik gabe hitz egiten du HesaMag aldizkarian: “Europako Batzordeak proposaturiko mugarekin, arriskua dago Tripodeko esperientzia katastrofikoa errepikatzeko Europa mailan. (…) Metro kuboko hamar mila zuntzeko muga jarrita, milaka langile heriotzara kondenatzen ari gara amiantoagatik”.
Etui institutuko ikerlari Tony Musuk datu zehatzak eman ditu aldizkari berean. 10.000 zuntzeko proposamena egiteko, Substantzia Kimikoen Europako Agentziaren estimazioetan oinarritu da Europako Batzordea. Honen arabera, muga horren barruan amiantoarekin esposizioan egondako 100.000 langiletik 12 soilik hilko lirateke gaixotuta. Baina Musuken ustez agentzia horren estimazioak ez dira fidagarriak eta, Nantesko kasua ikusita, benetan 1.727 lagun hilko liratekeela dio, ehun aldiz gehiago. Sektoreko lobbyak ari omen dira presionatzen langa hain goian uzteko, Les amiantés du Tripode elkartearen esanetan.
Laugarren olatua nabaritzen hasiko gara laster, amiantoarekin inolako lan harremanik izan ez duten herritarrei eragingo diena: “Hurrengo bi hamarkadetan heriotza kopuruak gorantz egingo du”
Sindikatuen eta amiantoaren biktimen salaketen ondotik, pasa den apirilean Véronique Trillet-Lenoir europarlamentariak egindako txosten bat onartu zuten Estrasburgoko ganberan, botoen %84ko babesarekin. Txostenak kontuan hartu du Tripoden egindako azterketa epidemiologikoa, eta beste neurri batzuen artean, muga askoz zorrotzagoa ezarri beharko litzatekeela dio, hamar aldiz txikiagoa ezarri ere: metro kuboko 1.000 zuntz baino ez. Orain Europako Kontseiluarekin adostasunera iritsi dira eta aldaketa onartzeko tramitean dira.
Etxebizitza batean 1,6 kilo amianto
Baina europar erakundeek aitormen askoz kezkagarriagoa egin dute horrekin batera: ez dago amiantoarekiko esposizio maila segururik. Eta kontuan edukita Europar Batasunean (EB) eraikinak birgaitzeko dauden egitasmoak, are urduriago jarri direla dirudi.
Renovation Wave (“Berritze olatua”) planak Europako milioika eraikin efizienteago egin nahi ditu energetikoki 2050. urtera arte, “klima neutraltasun” ditxosozkoa lortzeko. Kalkulatu dutenez 220 milioi eraikin daude Europan 2005ean amiantoaren erabilera debekatu aurrekoak, eta beraz aukera handia dago horietako asko mugitzen hastean mineral kantzerigenoarekin topo egiteko.
Europako Batzordearen enkarguz 2023an argitaraturiko ikerketa batek eskualdeka egin du kalkulu hori: Araban etxebizitza bakoitzeko 1,16 kilogramo amianto omen daude batez beste, Iparraldean 1,6 kilogramo… Baina badira askoz okerrago daudenak, Letoniako toki batzuetan 5,61 kilogramo neurtu dituzte etxebizitzako.
Horrek, noski, nabarmen eragingo die eraikuntzako langileei. Europako Batzordearen arabera 7 milioi lagun egon litezke amianto-esposizio arriskuan, eta iturri berak dioenez, 2031 arte kopuru hori %4 haziko da urtero. Beste datu pare bat, hauek Eurostatek emandakoak: laneko minbizien %78 amiantoak sortzen du, eta 2019an 90.000 lagun hil ziren horren erruz Europan. Halako estatistikak egiteko aukerarik ez duten beste kontinente batzuetan askoz gehiago izango dira, jakina.
Lau olatu eta heriotza tsunami bat
Gauzak horrela, inork ez du zalantzarik amiantoak eragindako asbestosi eta mesotelioma kasuen olatu berri bat datorkigula, aurrekoei gainjartzen ari dena. Tony Musukek HesaMag-en azaltzen duenez, amiantoak lau olatu sortu ditu munduan.
Lehen olatua minerala erauzi zuten meatzarien artean izan zen; bigarrena, amiantoa industriarako erabili edo instalatu zuten langileen artean (elektrizistak, mekanikariak, zurginak…); hirugarren olatua eraikuntzen konponketak eta amiantoa kentzeko lanak egin dituztenak sufritzen hasiak dira; eta azkena, amiantoa duten eraikinen hondatzeak eragingo du, eta biztanle guztiak gaude horren arriskuan gainera.
“Gaur egun ikusten ari garen asbestoaren ondoriozko minbiziak aztertuta, esan dezakegu seguruenik hirugarren olatukoak direla, lehen olatuaren amaierarekin eta bigarrenaren gainbeherarekin konbinaturik”, dio Musuk. Eta iragarpen bat egin du: laugarren olatua nabaritzen hasiko gara laster, amiantoarekin inolako lan harremanik izan ez duten herritarrei mesoteliomak atzemango baitzaizkie. Hala, “hurrengo bi hamarkadetan heriotza kopuruak gorantz jarraituko du”.
Horren osasun kostuak eta drama imajinatzen ditugu, baina kostu ekonomikoak ere eragingo dituzte laneko minbiziek Europan: 230.000 eta 610.000 milioi euro artean –EBko Barne Produktu Gordinaren %1,8 eta %4,5 lirateke, hurrenez hurren–. Agian diruaz hitz egiten hasita hobeto ulertzen da europar erakundeek harturiko erabakia.
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Bi erizainetatik batek lanean eraso sexistak jasaten dituela azalerazi du Erizainen Ordenak joan den urte bukaeran egin ikerketak. 21.000 erizainek ihardetsi dute, sektore pribatu, publiko eta liberaletik. Hauetan 2.500 gizonak dira.
Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]
Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.
Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]
Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]
Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.
Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.
Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]
EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako... [+]
Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.