Polemikatik harago, ezagutu beharreko puntuak

  • Pasa den azarotik, batik bat, hedabideetan asko hitz egin da Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Espainiako Lege Organikoaren gainean. “Soilik baietz da baietz” gisa ezaguna den legeak zarata mediatiko handia piztu du, zarata politikoaren ondorio, gehien bat. Baina informazio argigarriaren ordez, gehiago zabaldu dira uste okerrak eta mezu faltsuak. Horixe diote, behintzat, EHUko Udako Ikastaroetan Justizia Ildo Feministan saioa antolatu dutenek. Zarata eta desinformaziotik urrundu eta hausnarketa sakonagoa egiteko baliatu dute, legea gertutik landu duten legelari, kazetari eta feministen gidaritzapean.

Hizlariek ohartarazi dutenez, orain arte emakumeen eskubideez arduratu ez diren eskuineko sektore erreakzionarioak zigorren murrizketa baliatzen ari dira Espainiako Berdintasun Ministerioaren aurka jotzeko. / Argazkia: Hodei Torres.

Ekainaren 26 eta 27an "Soilik baietz da baietz" legearen bueltan piztutako argi-ilunak landu dituzte Bilboko Bizkaia Aretoan, eta fokua jarri dute hedabideetan eman zaion trataeran, funtsezkoa izan baita jendartean orokortu den legearen aurkako diskurtsoa eraikitzeko, ikastaroko hizlarien esanetan. Legearen funtsa onespenaren ideia izan da, eta sexu eraso eta sexu abusu delituak zaku berean bateratu dituzte, erasoa jasan duten emakumeek "intimidazioa" egon dela frogatu behar ez izateko, besteren artean. Baina zigorren ezusteko murrizketek eragindako asalduraren ondorioz, PSOE eta Podemosen artean desadostasunak handitu eta PSOEk aldebakarrez legea moldatu du berriro. Podemosek eta hainbat talde feministek leporatu diote onespena erdigunetik alboratu izana, eta birbiktimizazioa legera itzularazi izana.

Victoria Rosell magistratu eta Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeria arloko ordezkariak azpimarratu du sistema judiziala oso patriarkala izan dela betidanik, eta lege honekin aurrerapausoak eman direla, nahiz eta itzalean geratu diren, bortxaketagatik kondenatutako gizonei zigorrak murrizten ari zirela-eta sortutako polemikagatik. Rosellek salatu du gezur ugari zabaldu direla hedabideen bidez, eta adierazi du harrituta dagoela nola ez diren legearen alde onak ezagutarazi.

Aurreko legearen aldean hobetu diren hainbat arlo aipatu ditu: kaleko jazarpena jaso da, irudiak hartu eta baimenik gabe zabaltzea babestu da, gobernuaren zaintzapean dauden adin txikikoen babesa handitu da, epaiketa prozesua bizkortu da... "Ez dut inon entzun hori guztia", kritikatu du.

Bortxaketa kasuan, lagin biologikoak

Bi puntu nabarmendu ditu Rosellek: lehena, bortxaketen kasuan mediku forentseak lagin biologikoak hartu beharko dituela aurrerantzean, nahiz eta momentuan emakumeak erabaki ez duela salaketa jarri nahi, lagin horiek gordeko dira uneren batean salatzea erabakitzen badu erabiltzeko. Magistratuaren esanetan aldaketa handia da, orain arte froga faltagatik ezin baitzen delitu hori epaitu. "Emakumeak ez dira zauriekin iritsi behar, hasieratik esaten diegu sinesten diegula, eta lagina hartuko dugula". Bigarrena, beste zigor batzuk gehitu dituztela legean, kartzela zigorrez harago. Esaterako, adin txikikoekin lan egiteko inhabilitazioa, nahiz eta lan boluntarioa izan. "Zerk babesten du gehiago, kartzela zigorrak ala adin txikikoak entrenatzeko inhabilitazioak?", galdegin du.

Victoria Rosell: “Zerk babesten du gehiago, kartzela zigorrak ala adin txikikoak entrenatzeko inhabilitazioak?”

Rosellek ziurtatu du ez direla Berdintasun Ministerioaren "hutsegiteak" izan aurpegiratu zaizkion zenbait "akats". Adibidez, legea "presaka" egitearena: "Bi urte eta erdian prestatu dugu legea, eta pandemiaren eraginez, parte hartze herrikoi eta feminista oso handia izan du". Gainera, defendatu du "aurreikusi ezina" zela gehienezko kartzela zigorren murrizketak eragingo zuela kondenatutakoak kartzelatik ateratzea edota zigorra murriztea, eta legea ez dela zuzen interpretatu. "Nork agintzen du hemen, botere judizialak edo botere legegileak? Zergatik ez da lege berrira moldatu jurisprudentzia osoa? Eta zergatik lege hau jurisprudentzia zaharrera moldatu behar izan da? Epaileek legea ez dute behar bezala aplikatu, kontzienteki. Puntu positiboak ez dituzte aplikatu".

"Ezetz ezetz da" ideiatik "soilik baietz da baietz" baieztapenera igaro nahi izan dute lege berriarekin, eta eskubide eta betebeharren arteko diferentziaren gogoeta egin du magistratuak. "Txikitatik erakutsi zaigu 'ezetz' esan behar dugula; emakumeon betebeharra da hori, eta ulertarazten da gizonek eskubidea dutela behin eta berriz saiatzeko". Desberdinen arteko eskubidea dela dio, eta "soilik baietz da baietz" esaten denean, ordea, berdinen artekoa dela, biek eman behar baitute onespena. Emakumeei zama arintzeko eginiko legea dela azaldu du Rosellek: "Lege hau emakumeen eskubideen defentsarako egin da, baina baita estatuari betebehar batzuk ezartzeko ere. Estatuaren betebeharra da bortxaketak epaitzea eta emakumeekin kolaboratu behar du".

Ikastaroan etengabe errepikatu duten gisan, Espainiako Berdintasun Ministerioko kideek, eta bereziki Irene Monterok, epai gogorra jaso dute legearen harira, eskuineko oposizioaren aldetik ez ezik, herritarren partetik ere bai. Hizlariek ohartarazi dutenez, orain arte emakumeen eskubideez arduratu ez diren eskuineko sektore erreakzionarioak zigorren murrizketa baliatzen ari dira Berdintasun Ministerioaren aurka jotzeko. Dena dela, horrek guztiak merezi izan duen galdetuta, Vitoria Rosellek zera erantzun dio Irantzu Varela moderatzaileari: "Sanferminetan bortxatu zuten andreak jarraitzen du zalantzan ipintzen ea merezi izan dion salaketa jartzea –nahiz eta epaiketa irabazi duen–, prozesua oso gogorra izan delako. Lehengo legearekin salaketa jarriko lukeen galdetuta, ezetz esaten du. Beraz, nik ezin dut zalantzan jarri ea lege berri hau egitea merezi izan digun”.

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA
“Legea ez da ulertu”

Sexu Askatasuna Bermatzeko Lege Integralaren itzalak eta argiak zehaztu dituzte María Naredo legelari eta Berdintasun Ministerioko aholkulariak, Nerea Barjola politilogo eta aktibistak eta Carla Vall i Duran abokatu eta kriminologoak. Nabarmendu dute legearen itzal nagusia dela ulertu ez izana, eta mugimendu feministarentzat porrota izan dela; gainera, mugimenduaren zatiketa handitu dela aipatu dute, eta jendarteak ez duela bere gain hartu auzia, baizik eta emakumeen kontua izango balitz bezala tratatu dela.

Hizlariek ohartarazi dute hedabide hegemonikoek legearen gaineko diskurtso negatiboa zabaldu dutela, eta sektore erreakzionarioek informazio faltsuak hauspotu dituztela. Legearen bueltan sortutako zarata mediatikoa aztertu dute lau kazetari feministek mahai-inguruan. Maider Galardi –Berria FM–, Patricia Reguero –El Salto– eta Isabel Muntané –Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazioa eta Generoa masterreko zuzendaria– jardun dira, June Fernándezen –Pikara Magazine– gidaritzapean, berretsi dute kazetarien lana dela feminismoa gizarteratzea, eta sexu indarkeria tentuz jorratzea; betiere erasoa jasan duen emakumearen ahotsa errespetatuta eta egiturazko arazoa dela adierazita.

Azken bost-hamar urteetan jauzia eman da kazetaritza feministago baterantz, hizlarien esanetan

“Soilik baietz da baietz” legeari medioetan emandako trataera zenbait faktorek baldintzatu dutela dio Galardik: “Ofentsiba antifeminista handitzen ari da, eta testuinguru horretan, hedabideek erabaki dute pedagogia egin beharrean eztabaida zentratzea zigorren murrizketan”. Muntanék gehitu du kontuan izan behar direla kazetarien prekaritatea eta formazio feminista eza, haien jokabidea ulertzeko: “Oso zaila da gaia testuinguruan kokatzen duen informazio ona argitaratzea egoera horretan, sentsazionalismora jo ohi da, diru gehiago ematen duelako”. Galardiren bidetik, uste du “gorroto diskurtsoak” eta “generoaren aurkako diskurtsoak” gizartean arrakasta izaten ari direla, eta kazetariek bilatu dituztela klikak emango dizkieten titular hutsak.

Kazetaritza azkarraren ordez, mamitsuagoa

Horren aurrean, hedabide alternatibo edo independenteen lana balioan jarri du El Saltoko Reguerok. Horren arabera, nahiago izan dute azkartasuna baino sakontasuna eta testuinguraketa lehenetsi. Reguerok jakinarazi du azaroan, zigor murrizketen auziak eztanda egin zuenean, berak astebete pasa behar izan zuela gertatzen ari zena ulertzeko. “Neuk ulertzen ez banuen, ezin nuen kontatu. Berandu erreakzionatu genuen, baina uste dut egokiena zela, hausnarketarako denbora luzeagoa behar genuelako”. Halere, jakitun da “berandu” iriste horrek eragingo diela jende gutxiagok irakurtzea, ordurako gainerako medio gehienetan ariko baitira gaiaz hizketan.

Muntanék argi dauka hori dela egin beharko litzakeen kazetaritza, eta ez hedabide konbentzionalek egiten duten kazetaritza azkarra. “Denok egin beharko genituzke hausnarketa, analisia, feministei ahotsa eman... eta horrela jendearen konfiantza irabazten duzu, eskertu egiten dutelako Pikara edo antzekoetan egindako artikulu sakonagoak irakurtzea, erremintak ematen dizkielako”. Mahai-inguruko lau hizlariak bat datoz: azken bost-hamar urteetan jauzia eman da kazetaritza feministago baterantz, eta hedabide alternatiboek soilik lantzen zutena orain hegemonikoetara ere zabaldu da.

Maider Galardi: “Ofentsiba antifeminista handitzen ari da, eta testuinguru horretan, hedabideek erabaki dute pedagogia egin beharrean eztabaida zentratzea zigorren murrizketan”

Reguerok proposatzen du legearen trataera azarotik hona begiratu beharrean, atzerago botatzeko begirada. “2018an lege proposamena zegoen, sanferminetako talde bortxaketaren harira altxatutako ahotsen ondorioz. Ordutik ari gara hedabideetan sexu indarkeriari buruz hitz egiten”. Gogorarazi du azken bost urteetan hainbat auziri buruz hitz egin dela komunikabideetan: talde bortxaketak, kaleko jazarpena, sexu jazarpena, biktimaren sinesgarritasuna... Kazetari honen esanetan, era egokian ala ez, baina agenda mediatikoan egon dira gaiok: “Aukera izan dugu sexu indarkeriari buruz zabal hitz egiteko, eta soilik kale ilunetan gertatzen den ustea deuseztatzeko”. Reguerok espero du urte batzuren buruan gai izatea ikusteko orain lortzen ari dela sexu indarkeriari buruz hitz egitea genero indarkeriaren aterkiaren baitan, “duela hamar urte soilik bikote harremanetakoari buruz hitz egiten baikenuen”.

Baina zein da hedabideetan sexu erasoen berri emateko erarik egokiena? Eta birbiktimizaziorik eragiten ez duena? Isabel Muntanék hiru urteko lanketa egin zuen sexu erasoren bat gainditu zuen hainbat emakumerekin, eta gomendio gida bat osatu zuen, 2016 inguruan. Ohartarazi duenez, izugarri eragiten die emakume horiei hedabideetan eurei buruz argitaratzen dena irakurtzeak, eta haien eskakizun nagusietako bat da ez definitzea biktima soil gisa. Alegia, eraso egin zietenean biktima zirela, baina ez dela betirako, hori baino gehiago direla. Nerea Barjolak dioen moduan, biktima gisa islatu ordez, sexu erasoa gainditu duen pertsona gisa islatzea lagungarria da.

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA

Azaldu dutenez, erreparaziorako modu egokia da eurei autoritatea ematea, euren testigantzei aditu batenari bezainbesteko garrantzia ematea. Adibidea jarri du June Fernandezek: “Sanferminetako taldeko sexu erasoan informazio gehien eman zuena Nagore Laffageren ama izan zen, Asun Casasola. Nabarmendu zuen sexu erasoa jasan zuenari leporatzen ari zitzaiola erresistentzia nahikorik jarri ez izana, baina bere alaba hil zutela erasotzaileari aurka egiteagatik, hain zuzen. Erreparatzailea da feminizidioen familiei ere ahotsa ematea”. Halaber, gomendatu du Patricia Simonek Pilar del Alamori –30 urtez gizonarengadik indarkeria matxista jasan zuen militante feministari– Pikaran eginiko elkarrizketa ikustea, Simonek izandako jarrera “eredugarria” delako.

Ez dago ‘ustezko’ erasorik

Sexu erasoa nola kontatzen den, biktimaren testigantza zalantzan jartzeko arriskua dagoela gogorarazi dute hizlariek. Baina epai irmorik ezean, posible zaio bortxatzaile deitu sexu erasoa egotzi dioten gizonari? Legeak dioenaren arabera, “ustezko” bortxatzaile gisa azaldu behar da. Maider Galardik, ordea, Maria Gorosarri EHUko irakaslearen gogoeta ekarri du: “Presuntitisari buruz mintzatzen da. Berak dio lapur bat balitz ez genukeela ‘ustezko’ hitza hainbeste erabiliko”. Galardik beste formula batzuk proposatzen ditu hori saihesteko, “bortxaketa egozten dioten gizona”, kasu.

Bide beretik, Muntanék nabarmendu du ez dela inoiz erabili behar “ustezko bortxaketa” formula, iradokitzen baita salatzailearen hitza ez dela sinesgarria. “Ni emakumeen ahotsarekin lerratzen naiz, eta ez dut ‘ustezkorik’ erabiliko”. Azken ohartarazpen bat ere egin die Muntanék kazetariei, sexualitateari eta bortxaketari lotuta: “Hedabideetan sexu erasoei buruz hitz egiten denean askotan ‘onespenik gabeko sexua’ erabiltzen da. Akats oso larria da. Sexu harremanak beti onartutakoak dira; bortxaketa botere ariketa da, ez sexualitateari lotutako zerbait”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
“Mina albo batera utzi nahi dugu, kapitalismoarentzat ez delako errentagarria”

Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]


Eraso matxista bat salatu dute Amurrion

Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


Uma Ulazia
“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]


Instagrameko ‘Denuncias Euskal Herria’ kontuak sexu erasoen ia 500 testigantza jaso ditu azarotik

Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa asteartean hasiko da

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


Eguneraketa berriak daude