Senegalgo iraultzaren argi-ilunak

  • Protestak kalean, Polizia oldartuta, oposizioko burua bortxaketagatik salatua, gero atzera egin eta delitu arinagoagatik salatua; orain, gazteak galbidean jartzeagatik zigortua, etxean atxilotuta. Bitartean, kalean, zazpiehun atxilotu inguru eta gutxienez hogei hildako. Ustelkeriaren eta kolonialismoaren aurkako garrasiak, panafrikanismoaren aldeko aldarriak.

Ousmane Sonko oposizio buruaren aurkako zigorrak berriro piztu zituen protestak ekainean. / Argazkia: Zohra Bensemra, Reuters.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Non, eta Afrikako herrialderik “demokratikoenetako” eta “egonkorrenetako” batean; Senegalen. Non, eta Europako bazkide komertzialik handienetako batean. Ousmane Sonko oposizio buruaren zigorrak piztu ditu protestak herrialdean, baina hori baino askoz gehiago dira: Macky Sall presidentearen eta bere sistema “ustelaren” aurka ari dira herritarrak.

Senegalen bi bando daude, parez pare borrokan: “Boterea utzi nahi ez duen kasta bat dago, eta, bere aurrean, askatasuna eta aurrerapenak nahi dituen gazteria bat”. Saiba Bayo politologo senegaldarrak deskribatu digu egoera. Egoera “kezkagarria” dela dio, “kale itsu batean” dagoela. Kaleetan protestan ari dira egungo presidentea eta bere sistema boteretik kentzeko, Sallek bere hirugarren agintaldirako hautagaitza aurkeztuko zuen mamua baitzegoen herrialdean, Sallek berak hauspotua. Hilabetez agerraldirik egin barik egon ostean, uztailaren 3an agertu zen presidentea eta aukera hori baztertu zuen: aipagarria da Senegalgo konstituzioak debekatu egiten duela hiru legegintzalditan aurkeztea, baina Sallek bere erabaki gisa saldu du.

Pauso horrek asko lasaitu ditzake kaleetako iskanbilak, baina arazoaren bigarren zatia konpontzeke dago oraindik: Sonkok, jaso berri duen epaiarekin –bi urteko kartzela zigorra eta 31.000 dolar inguruko isuna–, debekatuta luke 2024ko hauteskunde presidentzialetara aurkeztea, inhabilitazio politikoa medio. “Sonkoren etorkizun politikoa zalantzan dago, suposatzen delako ezin dela aurkeztu. Eta, momentu honetan, bera da hautagai serioena”, dio Bayok. Herrialdean horrelako altxamenduak ohikoak badira ere, oraingoa ezberdina da. Bayok egoera aztertu du: “Senegalgo presidente guztiek egin behar izan diete aurre herri altxamenduei, baina oraingoetan oposizioko liderrak gazteen babes osoa du; eta, era berean, haserrea dago gizartean herrialdearen kudeaketa politiko eta ekonomikoagatik”. Bien bitartean, Sonkok etxeko atxiloalditik borrokarako deia zabaldu die bere jarraitzaileei.

Sistemaren aurka, barrutik

Senegalgo gatazka pertsonalismoz bete da, hori uste du Bayok, baita Sonkorengan dagoela sistema iraultzeko pisu guztia ere. Baina beste edonor ere izan zitekeen, hain da handia haserrea: “Ez du hainbeste axola Sonko edo beste norbait izatea liderra, edonor izan zitekeen”. Izan ere, Ousmane Sonko ez da borrokalari bat, ez da gobernua eraistera heldutako gerrillari bat; Senegalgo Gobernuko funtzionario ohi bat da, ogasun ikuskari bat. Lanpostu horretan zegoela, ordea, gobernuaren eta herrialdeko elite ekonomikoaren ustelkeria salatu zuen. “Senegalen dauden enpresa handien gehiegikeriak salatu zituen, ez soilik multinazionalenak; eta kritikatu zituen botere ekonomiko europar zein senegaldarren abusuak”, azaldu du Marra Juniorrek, Bilbon bizi den Senegalgo diasporako kideak. Xalaat ak Xelli (Pentsatu eta ekin) pentsamendu taldea osatu du Juniorrek diasporako hainbat pertsonarekin.

Marra Junior Bilbon bizi da, eta Xalaat ak Xelli (Pentsatu eta ekin) pentsamendu taldea osatu du diasporako hainbat pertsonarekin. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA.

Hortxe hasi zen Sonkoren ibilbide politikoa, baita zigor ibilbidea ere. 2017an diputatu bihurtu zen, eta handik bi urtera hirugarren indar bilakatu zen. Ustelkeria kasuak aireratzeak bere alde egin zuen, Juniorren ustez: “Sonko ‘herritarren’ alde posizionatu zen, eta diskurtsoa garatu zuen. Senegalek eta Afrikak behar duten liderra da; baina baita politikara lengoaia berri bat ekarri duena ere: herrialdea eraldatzeko itxaropen mezu bat helarazteko gai da”.

2021ean, ordea, emakume bat bortxatzea eta heriotza mehatxuak egitea egotzi zizkioten. Prozesu judiziala “irregularra” izan dela dio Bayok, eta Sonkoren erruan edo errugabetasunean baino, prozesuaren nondik-norakoetan jarri du fokua. “Prozesu judiziala irregularitatez beteta dago. Instrukzio fasean froga asko baztertu zituzten”. Bestalde, leporatu dioten delitua ez zegoen Poliziaren txostenean. Gainera, gehitu du epaiketa bera Sonko barik egin dutela. “Epaiketa Sonko bertan egon barik egin dute, eta hori babesteko erabili dute tresna bat, aurkitu ezin duten epaituaren kasuan erabiltzen dutena; baina Sonko bere etxean zegoen, poliziaz inguratuta. Nola esan daiteke bera non dagoen ez dakitela indar polizialak etxeko atean baditu?”.

Prozesu horri gehitu zitzaion parlamentuko kideek immunitate parlamentarioa kentzea Sonkori, epaitu eta kartzelaratu ahal izan zezaten. Lehen protestak orduan piztu ziren, hamar lagun hil zituzten liskarretan, eta seiehundik gora zauritu zituzten. Horrela bada, ezin daiteke esan aurtengo ekainean hasi denik Senegalgo krisia, arnasa luzeko kontua baita; baina aurten, jada sententzia kalean dela, asko baldintzatu dezake etorkizuna, 2024ko hauteskunde presidentzialen atarian.

Emakumeen gorputza oholtza politiko

Sonkoren izen ona ala txarra eta gobernuaren ustelkeria ala ustelkeria eza eztabaida publikoan eta fokupean dauden bitartean, badago oholtzatik kanpo geratu den, eta, era berean, oholtza bera den eremurik: emakumeen gorputza, edo, kasu honetan, Sonkoren salatzailearena. “Momentu honetan, herrialde osoa dago bi gizon boteretsuren kapritxoen artean katigatuta, eta bitartean Adji Sarren gorputza (salatzailea) boxeo zaku baten gisan ari dira astintzen bi bandoen artean”, Senegalgo Sare Feministak azaldu du komunikatu batean. ARGIA beraiekin harremanetan jarri da, eta sinatzaileetako batekin elkarrizketa hasi du, baina egoera konplexuegia eta sentikorregia izanik, bertan behera geratu da elkarrizketa.

Marra Junior: “Senegalen enpresa frantses asko dagoenez, hedabideek ez dute Senegalgo egoera negatiborik ematen, enpresak bertatik joan ez daitezen”

Epaia atzera pausotzat jo dute sare feministako kideek: “Edonondik begiratuta ere, epai hori kolpe gogor bat da Senegalgo emakumeen eskubideentzat”. Komunikatuan, sareak zalantzan jartzen du oposizioko mugimenduek aho handiz dioten bertsioa; dena gezurra dela, alegia. Sonko salatu duen emakumea masaje denda bateko langilea da, edo zen, hobeto esanda; salaketaren ostean dendaren jabeak Sonkoren kartzela zigor bera eta denda ixteko agindua jaso baititu. Sareko kideek zehaztu dute bortxaketa baino beste delitu arinago bat epaitzeak ez duela esan nahi bortxaketa egon ez denik, baizik eta “erakunde sexistak dituen sistema juridiko batean” bortxaketa frogatzea oso zaila dela; are, diote herrialdean ia ez dela gizonik zigortzen bortxaketagatik.

Komunikatuan gehitu dute salatzailea sinesten dutenek zera diotela: Sonkoren alde egin zuela bere izen onak, eta bere inozentziaren alde jokatu dutela epaitegietan. Baina dendaren jabea ere zigortzeak erakusten du, komunikatuan diotenez, sexu konnotazioak dituzten zerbitzuak ere eskaintzen zituztela. Kasu mediatiko horrek zaildu egingo du, beren ustez, sexu indarkeriaren biktimak diren emakumeek indarkeria horiek salatzea, kasu honen eragina ikusita. Gainera, gehitu dute Adji Sarr Sonko salatzeko manipulatu dutela esateak estereotipo sexistak indartzen dituela, eta biktimak infantilizatzen dituela, ulertarazten baitute ez direla gai beren kabuz sexu eraso bat identifikatzeko.

Neokolonialismoa bizirik

Macky Sall Senegalgo sistemaren aurpegia da, independentzia garaitik eta aurreko garaietatik datorren sistemarena: koloniala. “Administrazioa koloniala da, ez da tokian tokiko gobernantzarako pentsatua. Ez daukate inongo interesik herrialde kolonizatuen garapen ekonomikoa lortzeko, esplotazioa baino ez dute nahi”, dio Bayok. Sall status quoa da, eta status quo hori ondo datorkio Europari, espolioa jarraitzeko bidea baita. “Senegalek Frantziarekin dituen akordioak kolonialak dira, hori argi. Frantzia lehen bezeroa eta hornitzailea da, Senegalgo edozein enpresa pribatizatzekotan Frantziak lehentasuna du. Akordio kolonial bat dago”.

Saiba Bayo politologoak kritikatu du Sonkoren epaiketa "irregularra" izan dela. / Argazkia: Saiba Bayok utzia.

Frantziak kontrolatzen ditu Senegalgo multinazional nagusiak, herrialdeko zerbitzu nagusiak: “Frantziak kontrolatzen du Senegalgo portua, Mendebaldeko Afrikako garrantzitsuenetako bat”. Eta portu horri lotuta daude Europako kontratu nagusiak. Izan ere, Senegalen negozioak dituzten europar enpresa gehienak arrantza sektorekoak dira; Euskal Herriko arrantza-ontziak ere badira Senegalgo kostaldeetan. Kontratu horiek, ordea, “gehiegizkoak” direla salatu dute oposizioko mugimenduetako kideek, eta herrialdeko etorkizuna baldintzatzen dutela. Honela dio Juniorrek: “Gazteak herrialdetik alde egitera bultzatzen dituzte. Egoera horrek kondenatu egiten du Senegalgo gazteria, lanik ez dutelako eta migrazio bide arriskutsuak hartu behar dituztelako Europara”.

Izan ere, Senegalgo ekonomia ia osoa arrantza tradizionalean oinarritzen da, eta BPGan indar handia du: batez beste 415 milioi euro ekartzen dizkio herrialdeari, eta 600.000 lanpostu sortu. Baina Europako Batasunak herrialde sozioekin dituen kontratuek ahalbidetzen dute arrantza esplotazioko enpresa multinazionalek Afrikako kostaldean lan egitea. Azken kontratuen arabera, Europako 42 arrantzontzik dute baimena han egoteko, bost urtean 10.000 tona arrain hartzeko.

Saiba Bayo: “Presidente guztiek egin behar izan diete aurre herri altxamenduei, baina oraingoetan oposizioko liderrak gazteen babes osoa du”

Baina ekonomikoki soilik ez, geoestrategikoki ere garrantzitsua da Senegal Europarentzat. “Terrorismoaren eta migrazioaren aurka, Senegal herrialde estrategikoetako bat da: geografikoki eta diplomatikoki. Bertan daude, frantses gobernutik, lehen enbaxadak; kooperazioaren begiradatik ere, Afrikan dauden antolakunde askok bertan daukate egoitza”, dio Bayok. Erakunde horiek behar dute, ezinbestean, herrialde egonkor eta lasaia. Eta hori da, hain zuzen ere, Senegalek sortu duen irudia. “Egoera horrek eragiten du lasaitasun irudian, garapen bidean dagoen herrialdearen irudian. Hori zen, hain zuzen ere, Sallen kanpaina”, dio Bayok.

Irudia faltsua dela dio Bayok, eta horretaz konturatzeko bertako egoera ezagutu besterik ez dela egin behar. Herri altxamenduak ohikoak direla dio, herritarren egoera okertzen ari dela eta gobernuaren eta herritarren arteko arrakala gero eta handiagoa dela: “Senegalen milaka lagun daude pobrezian, ez daukate elikagairik, ospitaleak eta eskolak ez daude baldintza onetan, umeak zaurgarritasun egoeran daude. Horren gainean dago gobernuko kideen bizi maila gero eta altuagoa, sekulako arrakala dago herriaren eta gobernuaren artean”.

Zentsura eta autozentsura

Protesta eta iskanbila betean dago sartuta herrialdea, baina horien inguruan apenas jasotzen den informaziorik eta irudirik herrialdean zein nazioartean. Eta hori lotuta dago, Junior eta Bayoren hitzetan, herrialdeko irudi “egonkorrari”. “Europako hedabideei, baina batez ere frantsesei, asko interesatzen zaie Senegalgo egoera nola tratatzen den. Senegalen enpresa frantses asko dagoenez, hedabideek ez dute Senegalgo egoera negatiborik ematen, enpresak bertatik joan ez daitezen. Ez dute nahi fluxu ekonomikoa moztu, Senegal inbertsioetarako leku ona dela erakutsi nahi dute”, dio Juniorrek.

Senegalgo Sare Feministak salatu du botereko bi bandoak “boxeo zaku” gisa astintzen ari direla oposizio burua sexu erasoagatik salatu zuen emakumea

Bi aukera dituzte hedabide eta kazetariek: autozentsura ezartzea ala zentsura jasateko arriskua hartzea. “Hedabide gehienek ez dute gaiaren inguruan berba egiten, gobernuak dirulaguntzak ematen dizkietelako, baita kazetari independenteei ere, eta badakitelako zer suposatuko lukeen. Edo gobernuaren alde daude hedabideak edo lizentzia galtzeko mehatxua daukate. Horrela, bertan behera utzi diote seinalea kate nagusietako bati”, azaldu du Bayok.

Sare sozialak bihurtu dira, beraz, beren komunikaziorako bide bakar. Herrialdeari buruzko informazioa, ia bere osotasunean, sare sozialetatik jasotzen dute diasporan daudenek, baita nazioarteko hedabideek ere; izan ere, kazetariak kartzelaratu eta seinaleak moztu dituzte gobernutik. Baina gobernua horren jakitun da eta, horregatik, Interneteko konexioa moztu du.

Sonko oposizioko liderraren aldeko manifestariek eta Poliziak liskarrak izan dituzte. / Argazkia: Zohra Bensemra, Reuters.
Deserritik borrokan

Egoera horrela, deserria are deserriago bihurtzen da maiz. Herrialdearen hamabosgarren eskualdetik –horrela deitzen diote diasporari–, informazioa zabaltzen ari dira, ulertzen baitute beren betebeharra dela han gertatzen denaren berri ematea hemen eta horren aurka altxatzea. “Gure betebeharra da ahal dugun informazio guztia helaraztea nazioarteko hedabideei, izan ere, herrialdeko hedabide alternatiboen eta diasporako biztanleen lanagatik ez balitz, agian, ez litzateke publiko egingo egungo egoera”, dio Juniorrek. Bere eta bere taldearen gain hartu dute Mally Sack presidentearen delituen kontaketa, Nazioarteko Zigor Gortera eramateko, eta baita atxilotutakoen eta desagertutakoen kontaketa zehatza egitea ere.

Gauza bera egin du Bayok ere: “Nik ere txiolari bihurtu behar izan dut, eta ni bezala senegaldar diasporako kide askok egin behar izan dute, kazetarien partez. Kazetarien egoera oso konplexua da, eta, horregatik, guk arriskua hartzen dugu gure familiako kideek emandako informazioa argitaratzeko. Posizionatu behar dugu”, dio Bayok.

Marra Junior: “Sonko oposizioko burua ‘herritarren’ alde posizionatu zen, eta diskurtsoa garatu zuen. Senegalek eta Afrikak behar duten liderra da”

Mobilizazioetarako deia ere egin dute Junior kide den Xalaat ak Xelli taldetik, Bilbon eta Iruñean, eta jasotako erantzunak pozik utzi ditu antolatzaileak. “Senegalgo diasporako komunitatea oso lasaia da, pasiboa. Horrek zerikusia du hemen bizi dugun egoera prekarioarekin. Baina, egoera ikusita, jende askoren artean piztu da borrokarako grina. Jende askok erantzun zuen, hemen sekula aurretik mobilizatu gabeko jendea mobilizazioetan izan zen”, azaldu du Juniorrek.

Euskal herritarrengandik ere erantzun positiboa jaso dutela dio Juniorrek, baita mobilizazioan izan ziren hedabide eta alderdi politikoen partetik ere, beraiekin harremanetan jartzea lortu zutelako, eta hurrengo helbururako ere ateak ireki zizkielako: “Uste dugu Euskal Herrian dagoen Senegalgo errepresentazio hori erakundeetara ere heldu behar dela eta erakundeek honi ere erantzun behar diotela”.

Bilbon eta Iruñean ere mobilizazioak egin dituzte Senegalgo presidentearen aurka. / Argazkia: Ekinklik.

Etorkizuna ez du ez zehatza ez argia Senegalgo herriak, hori dio Bayok, eta aldaketa, Sonkoren eskutik baletor ere, ez da egun batetik besterakoa izango: sistema osoa du aldatzeko, hori besterik ez. “Klase politikoaren blokeak desegin behar dira, botere judiziala guztiz erreformatu behar da. Sistema guztiz infektatuta dago, sustraiak aldatu behar zaizkio arbolari. Sistemaren aurkako borrokan dabiltza orain, eta gero azpisistemaren aurka egin behar da: funtzionarioak, epaileak eta beste asko status quoaren aldaketaren aurka altxatuko dira”. Bayok argi du, protestak bezala, gobernua eta herrialdearen etorkizuna ere gazteen esku daudela, beraiek daukate sistema eraldatzeko giltza: “Prozesua ez da izango gure belaunaldikoen eskutik, hau lortuko dutenak gaur egun hogeinaka urte dituztenak dira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Senegal
Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


63 pertsona hil dira Cabo Verdeko kostaldean, hilabete baina gehiagoz Espainiako Estatura iritsi nahian zebiltzala

Ontzia uztailaren 10ean abiatu zen Fass Boyetik (Senegaldik) eta guztira 101 pertsona zeuden bertan, Senegalgo Gobernuak azaldu duenez. “Itsasoko heriotza hauek ohikoak dira, izan Atlantikoan izan Mediterraneoan, eta bizi hobe bat lortzeko helburua duten ehundaka pertsonen... [+]


2023-06-06 | Leire Artola Arin
Senegalgo Gobernuaren errepresioa salatu dute Iruñean eta Bilbon astearterako manifestazioa deitu dute

Fleming doktorearen plazatik abiatuko da manifestazioa 17:00etan. Macky Sall presidentearen "diktadura" bertan behera uzteko eskatuko dute, besteak beste, azken asteetan areagotutako errepresioari erantzunez. Gutxienez 12 gazte hil eta 500 atxilotu ditu gobernuak,... [+]


2023-03-03 | Gedar
Migratzaile senegaldarrak hegazkinez deportatzeari ekin dio berriz ere Espainiako Barne Ministerioak

Azken bi asteetan bi hegazkin irten dira Madrildik Senegalera, gutxienez 36 senegaldar migratzaile inguru erbesteratzeko. Pandemia hasi aurretik ere hegazkin bidezko deportazioak egiten zituen Senegalera Barne Ministerioak; ezagutzen den azkeneko aldia 2018an izan zen. 2020ko... [+]


Turkian lurrikarak ‘low cost’ hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Musika elektronikoa, 4.000 hiztuneko menik hizkuntza salbatzen saiatzeko

Beni Fadi da bere izen artistikoa, Senegal hego-ekialdekoa da eta menik hizkuntzan musika elektronikoa egiten hasi da. Duela hogei urteko datuen arabera, 3.375 lagunek hitz egiten dute hizkuntza hau, ordutik ez da berriro zenbatu eta desagertzeko zori-zorian dago. "Zerbait... [+]


Net Hurbil: Waoundé idorra urrun joandakoen sosak berdatzen du

Waoundé Senegaleko herri txiki bat da, Dakarretik 730 kilometrotara Senegal ibaiaren bazterrean dagoena. Harantz joan zen duela gutxi Frantziako L'Express astekariko Eric Chol. Kazetari honek ezagutzen zituen Frantzian, eta batik bat Paris inguruetan, bizi diren... [+]

2020-11-12 | ARGIA
Azken asteetan, gutxienez 480 senegaldarrek galdu dute bizia Kanariar Uharteetara bidean

Heriotza eta desagerketa horiek aurrean, dolu eguna ari dira antolatzen Senegalen azaroaren 13rako.


“Ez dago memoriaren zaborra ezkuta dezakeen alfonbrarik”

Amerika eta Afrikako bake-eta memoria historikoaren prozesuetan adituak diren bost lagun bildu dituzte Paz con Dignidad elkarteak, Foro Sozialak eta EHUk. Herrialde oso anitzetako errealitateak izan dituzte hizketagai, eta elkarren artean desberdintasunak nabariak badira ere,... [+]


2019-07-09 | Pako Sudupe
Pape Niang senegaldarra gure artean

Zenbat aldiz pentsatu ote dugu –nik behintzat bai–, kale-saltzaile afrikarrak kalean, manta zabalduta, edo tabernan edo nonahi jendeari salgai merkeak eskaintzen ikusita, edota plastikozko poltsa handia arrastaka daramatela: zenbatez hobeto izango zuten gizajo horiek... [+]


2019-06-03 | ARGIA
“Pape Niang. Hasiera berri bat” liburuaren aurkezpena, Bilbon eta Trintxerpen

Senegaldik Bilbora Pape Niang-ek egindako bidaia eta migrazio prozesuari lotuta protagonistak bizitako barne-bidaia kontatzen ditu Pape Niang. Hasiera berri bat liburuak, “Inor ez da ilegala” proiektuaren baitan sortua. Liburua Bilboko Bira kultur gunean aurkeztuko... [+]


Eguneraketa berriak daude