“Liburutegira joaten direnen zerbitzura jarri behar dira liburuak, ez alderantziz”

  • Ahaztu liburutegi eredu klasikoak, aurrera eta atzera ibiltzeko espazio murritzeko korridoreak; isilik ibili nahi eta kirriki-karraka lurreko egur zaharrak salatzen zaitu zein apalen artean ari zaren liburuak arakatzen. Liburutegiak liburuetatik harago doazela dio Gonzalo Oyarzún liburuzain txiletarrak ALDEEk euskarara ekarri duen Liburutegi imajinatua. Komunitateak ereiteko lorategia liburuan. Proposamen bat: liburuek erabil dezatela espazio osoaren %30, ez gehiago. Eta sortu topaguneak, komunitatea aberasteko jendearen elkarguneak.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Liburutegia “komunitateak ereiteko lorategia” dela nabarmentzen duzu. Zeure aita lorezaina zela kontatu didazu lehen, eta liburuzaina zara zu. Bien arteko nahasketa da?
Lorategiak diseinatzen zituen nire aitak, paisajista zen. Gauzak landatzearen ideia, moldekatzearena, diseinatzearena... uste dut hortik datorkidala. Liburutegiak, lorategiak bezala, diseinatu egin behar ditugu, bete behar duten funtzioa bete dezaten.

Liburutegiak lorategietan? Lorategiak liburutegietan?
Halako formulak baliatu daitezke, jakina. Eta badaude adibideak, berriki ezagutu dudan Gironakoa (Herrialde Katalanak) esaterako, lorategi baten erdian dago liburutegia. Edo badira ere lorategiak liburutegien barnean. Baina ez diet loreei erreferentziarik egin nahi; esan nahi dudana da liburutegiak izan daitezkeela askotariko herri-komunitateak loratzeko eta hazteko leku perfektua.

Zer da zuretzat liburutegia?
Zentzurik zabalenean esanda, jakintza garatu nahi duen komunitatearen espazioa da. Ez da liburuzainarena, ez artxibategiena, ezta erakundeena ere... Bertara joaten diren herritarrena da, komunitatearena, arreta eta zerbitzua jasotzen duten pertsonena. Guztientzat zabalik dago, eta jendearentzat espazio garrantzitsua eta erreferentea izan behar du. Ez da nahikoa artxibategi gisa funtzionatzearekin.

Liburuak mailegatzetik harago doa, beraz, liburutegiaren funtzioa?
Liburutegia ez da soilik liburuen gordailua, ezta teknologiaren erreferentzia gunea ere, nahiz eta herrialde askotan eta jende askorentzat interneterako sarbide puntu bakarra izan. Ondarearen gordailu izan behar du liburutegiak, eta ondarea ez da soilik apaletan pilatzen. Ondarea, gainera, berregin egiten da etengabe. Pertsonen esku dago, komunitateko jendearen esku.

Herri baten jakintza liburuetan gordetzen dela esan ohi da.
Liburuak baino, liburutegiak dira jakintzaren gordeleku, hala izan beharko lukete. Jakina badagoela jakintza eta ondarea liburuetan eta interneten, asko gainera, eta norberaren eta komunitatearen ezagutzarako oso aberasgarri izan behar dira, baina harago joan behar dugu. Liburutegira joaten direnen zerbitzura jarri behar dira liburuak; orden horretan pentsatu behar dugu, eta ez alderantziz. Komunitateari jakintza emateko modu ugari daude, ez soilik liburuak mailegatuta.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Elkarguneak proposatzen dituzu, espazio sozialak.
Pertsonengan dago jakintza. Gerra bizitu zuen agure baten bizipenetatik asko ikas dezakegu, migratzaile batekin hitz eginda ere bai... Ezagutzak partekatua izan behar du, eta jakintza ahal da liburuetan edo datu-base handietan egon, baina baita pertsonak oinarri dituen liburutegian ere.

Herrialde Katalanetan egon naiz, eta ezagutu dut komunitatean zientzia sortzen oinarritzen den liburutegi bat. Kanariar Irletan, bestalde, Bioleta Espazioa deiturikoa ezagutu dut, genero kontuak ardatz dituena. Beste liburutegi bat Ugandan, duela urte batzuk joan nintzena: xaboia fabrikatzen ikasten dute, eta komunitatearentzat beharrezko diren erremintak sortzen dituzte liburutegiko tailerrean.

"Komunitateari jakintza emateko modu ugari daude, ez soilik liburuak mailegatuta"

Tabakaleran gaude, Donostian, eta aparteko gela batera etorri gara elkarrizketa egitera. Dena den, egia esan, Tabakalera izan daiteke salbuespena liburutegi ereduen artean. Baina galdetu nahiko nizuke: ez da isiltasuna lehenesten liburutegietan?
Helduek, zaharrek, isiltasuna nahi dute, egia da. Eta umeek zarata handia egiten dute, enbarazu egiteraino. Helduak, askotan, liburutegira joaten dira bake bila, isiltasuna topatzera, irakurtzera eta tarteka tailerretan parte hartzera, baita lo egitera ere zenbait herrialdeetan. Haurrek, aldiz, herriko plazaren gisako espazioa nahi dute jolasteko, barre egiteko, korri egiteko... Eta bestalde, tailerretan, ikastaroetan, solastatu egiten dira parte-hartzaileak. Ez dago aparteko zaratarik, baina soinua dago hor ere.

Liburutegiaren parte da hori guztia, eta errespetatu behar da. Ongi pentsatu eta diseinatu behar dira espazioak, ordutegiak eta denborak. Liburutegiek zerbitzuak batu eta aberastu behar dituzte, inoiz ez kendu eta murriztu. Beti egongo da konforme ez dagoen jendea, eta horregatik sortu behar dira mota guztietako liburutegiak. Bakoitzak bere identitatea izango du, bere publikoa.

Udal hauteskundeak izan ditugu duela gutxi Hego Euskal Herrian, eta herriren batean edo bestean, alderdi batzuen proposamenetan entzun ahal izan dugu “liburutegi eta espazio moderno eta garaikideak” sortzeko asmoa. Ez dakit iradokizunik izango zenukeen...
Udalek eta erakundeek bultzatu behar badituzte proiektuak, gaizki irtengo direla esango nuke. Herritar talde txiki baten ekimenez balitz ere, gaizki. Halakoetan, behin sortutakoan, espazio horiek hutsik geratzen dira. Espazio moderno eta garaikideak sortu behar badira, herritarren parte-hartze erabatekoarekin egin behar da. Kalera irten eta jendea entzun.

Eta hori nola egiten da?
Badakigu zeintzuk diren herritarren beharrak? Agian ohartuko ginateke ez dituztela soilik liburuak behar, eta elkargune gehiago behar dituztela, programak, tailerrak, zitak... Elkartzeko aitzakiak. Isiltasunarena aipatu didazu lehen: orain, bogan dago zarata egitea liburutegi batzuetan, orain arte beti isiltasuna lehenetsi delako. Baina zarata nahi al dugu? Galdetu dugu zer nahi dugun?

Dena ez da informazioa jendearen eskura jartzea, libururik onenak, berrienak eta bestelako tresnak eskaintzea. Pertsonen nahiak ezagutu eta ahal den jende gehienaren beharrak asetzen ahalegindu behar dugu.

"Badakigu zeintzuk diren herritarren beharrak? Agian ohartuko ginateke ez dituztela soilik liburuak behar, eta elkargune gehiago nahi dituztela"

Bartzelonako liburutegi sistema gustatu zaizula esan didazu.
Bai, sare indartsua osatu dute eta heltzen da jendearengana, sentsazio hori izan dut. Espainiako legediak laguntzen du horretan, baina jakina, lekuaren arabera asko aldatzen dira gauzak. Borondate kontua da.

Argentinan, komunitatearen liburutegiak daude –“liburutegi popular” gisa ezagunak–, eta murgiltze eredua ona da. Guatemalan, indigenek sortu zituzten liburutegi komunak ezagutu ditut. Gerraostean sortu zituzten, gazteek hezkuntza apur bat jaso zezaten, baina gaur egun tradizioen jakintzaren gordailu handia dira. Esaterako, hainbat tailer eta formulen bitartez, arbasoek josten zuten gisan josten ari dira gaur egun.

Horixe da liburuan aipatzen duzuna: liburutegiek kapital soziala eratzen laguntzen dutela.
Oro har, arazo larria dugu liburutegiak ulertzeko daukagun moduan. Liburutegiak hautematen dira ondasun kulturala gordetzeko eta mantentzeko espazio gisa, autore eta obrak handiak ezagutzeko balio dutelako. Egia da, eta ongi dago, baina funtzio ebidenteagoak ere badituzte. Kapital soziala aberasten dute, esaterako. Loturak egiten dira jendearekin, hortik hasita.

Boli Kostako adibide bat jarriko dut: Grainothèque edo aleen biblioteka gisa ezagutzen den liburutegia, landa-eremuan dagoena. Bazuten informazio-artxibo handia, liburu askorekin, ikerketa-txostenak, datu-base bereziki aberatsa ere bai... Baina apenas erabiltzen zen. Duela urte batzuk, bertara joandako boluntario talde batek, Nazio Batuen eskutik, komunitateari galdegin zion ea zeintzuk ziren haien beharrak. Jatekoarekin zuen zerikusia: haziak behar zituzten, tomate-aleak eskatzen zituzten. Izan ere, haziak aurrez prozesatuak direlako, erabilera bakarrekoak dira; hau da, behin baino ez dute ematen fruitua, eta fruitu horren haziek ez dute beste fruiturik ematen. Hazi jasangarriak behar zituzten, horixe eskatzen zuten.

Haziak mailegatzeko zerbitzua zabaldu zuen liburutegiak, dohainik, eta sistema zen urte batean hainbeste hazi hartzen zituenak hurrengo urtean beste hainbeste itzuli behar zituela, beste baten zerbitzura jartzeko. Horrela, 2018an, hiru tona hazi trukatu ziren.

Kapital soziala ez ezik, kapital ekonomikoa ere bai.
Liburutegiak inbertsioa dira, komunitatea aberasteko aukera, baita ekonomikoki ere. Ugandan xaboia egiten dutela aipatu dut lehen, eta xaboia ez ezik, baratzeak nola landu eta zaindu ere irakasten dute.

Horrez gain, itzul gaitezen oinarrira edo ezagun zaigun horretara: liburuetara. Ikerketa askok baieztatu dute, plazerez irakurtzen duen 16 urteko gazteak, irakurtzen ez duenaren aldean, aukera gehiago dituela etorkizun ekonomiko hobea izateko, besteak beste ezagutza eta abilezia psikosozial handiagoak dituelako. Inbertsioa da, finean.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Baina inbertsio gisa beharrean, gastu moduan ikusten badira, zer?
Bistan da kalte lazgarriak utzi zituela 2008an lehertu zen finantza krisiak. Liburutegi publiko asko itxi ziren, eta horietako asko ez ziren atzera ireki. AEBetan balantzea oso negatiboa izan zen. Ingalaterran 86 liburutegi publiko itxi zituzten, eta batzuk ez ziren itzuli. Afrikako hainbat herrialdetan, aldiz, liburutegiak zabaldu zituzten; horixe izan zen aurkitu zuten soluzioa komunitateko familiei sostengua emateko.

Pandemiaren kalteak ere nozituko ziren.
Pandemiak ere kolpatu du, jakina. Munduko liburutegi guztiek ateak itxi zituzten, baina soluziorik aurkitu zuten han eta hemen. Londres ipar-ekialdeko herrixka bateko langileek, adibidez, telefonoz egin zuten lan. Liburutegiko langileek, erabiltzaile ziren adinekoei etxeetara deitzen zieten zer moduz zeuden galdezka, laguntza eskainiz, baita liburuak etxera eramateko ere. Edo telefonoz irakurtzen zizkieten hainbat pasarte. Liburutegiko arduradun batek 60 orriko liburu bat irakurri zion 101 urteko emakumeari, telefonoz.

Pandemia aurretik ere, adineko pertsona horiek ez ziren liburutegira liburu bila joaten; hitz egitera joaten ziren, konpainia bila, bakarrik zeudelako eta ez zeukatelako norekin solastatu. Izan ere, liburutegia konbertsatzeko espazio bikaina da. Idazketaren aurretik sortu zen ahozkotasuna, eta egunen batean liburu guztiek su hartzen badute ere, ahozkotasuna geldituko zaigu. Balioan jarri behar da.

Adinekoak aipatu dituzu, eta mahai gainean jarri nahiko nituzke gazteak. Gerturatzen dira liburutegietara?
Eskaintzen al zaie zerbitzurik? Nahiko komiki, manga... badituzte? Hip-hop-a dantzatu daiteke liburutegietan? Musika sortu daiteke?

Leporatzen zaie ez dutela irakurtzen.
Helduen logikatik egiten ditugu halako balorazioak. Horixe nahi dugu, jende guztiak irakurtzea. Baina gazteentzat ez da libururik egiten, eta ezer gutxi daukate erakargarria dena. Hori ere planteatu beharko genuke: haur literatura ederra da, erakargarria, liburutegi askotan euren txokoak dituzte gainera, jolasteko lekuak... Baina behin 12 urteak igarota, ezer gutxi topa daiteke. Zergatik ez daukate eskubidea emozioz beteriko liburu erakargarri eta ikusgarriaak irakurtzeko?

"Pandemian, liburuzain batek 60 orriko liburua irakurri zion 101 urteko emakumeari, telefonoz"

Derrigortutako irakurketa eredua sustatzen da. Akaso askoren harremana liburutegiekin horretara mugatzen da, irakasleak agindutako liburuaren bila joatea.
Beti antzinako liburuak irakurtzen dira, gainera; duela hamar, duela hamabost urte argitaratutakoak, edo gehiago. Irakasleek ez dituzte aldatzen, sistemak ez du zerrenda eguneratzen. Jakina aspertuko direla!

Horrez gain, gazteek ez dutela irakurtzen dioten horientzat: Bartzelonako liburutegi batean izan nintzen aurrekoan, inaugurazio ekitaldian lehenbizi, eta handik bi egunera berriz. Komiki-bildumak guztiak hegan joan ziren azkar batean. Ez dute irakurri nahi ala irakurri nahi duten hori gutxiegi ekoizten da?

Gazteentzako elkarguneak ere sortu beharko dira liburutegietan.
Liburutegiak elkargune izan behar du pertsona eta klase guztientzat, eta askotariko espazioak izan behar ditu. Utz diezaiegun gazteei altu hitz egiten, baita musuak ematen ere, eta bikotekidearekin lehen esperientziak garatzen. Artistikoki, politikoki, zientifikoki... adierazteko lekuak behar dituzte. Guztiok behar dugu gure txokoa.

LIBURUTEGIEN HIRU ADIBIDE JARRAIAN

Kibera (Kenya)

Nairobi hiriburuko auzorik handienetakoa eta txiroenetakoa da Kibera. Zazpi tribu aurkari bizi dira auzo berean. Inoiz ez dira eseriko mahai berean; ez diote elkarri bisitarik egingo, eta seme-alabak ez dira lagunak izango eskolan.

Kiberaren erdian liburutegi bat dago; ezohiko espazioa da. Energia elektrikoa eta interneta ditu. Etxean sekula izango ez dituten liburuak eta teknologiak erabil ditzakete.

Liburutegi hori espazio ireki eta segurua da, eta aurkariak diren zazpi tribuetako kideak mahai berean eser daitezke.

Besteak beste, emakume gazteak haurdun geratzea ekiditeko programa eskaintzen dute bertako langileek. Pandemiaren ostea "oso tristea" izan zela dio Oyarzúnek, neska gazte asko haurdun itzuli zirelako konfinamendutik. "Liburutegiak oso garrantzitsuak dira jende askorentzat; askoren bizitzan eragiten dute".

Argazkia: Shofco GKE

Aarhus (Danimarka)

Dokk1 liburutegia komunitatearena da, eta "hazkundea ospatzen dute", literalki esanda. Hurbileko ospitale batean, komunitateko kide bat jaiotzen denean, kanpai handi bat jotzen dute. "Hurbiltasunezko ikuspegi afektiboa" aldarrikatzen dute, kide bakoitza osotasun baten parte dela defendatuta.

Egilea: Archdaily.cl

San Javier La Loma (Kolonbia)

Medellin hiriaren periferian dagoen auzo txiroa da. Auzoko azken mapa ofiziala 1971koa zen. Zaharkitua geratu zen, eta erabat ikusezina eta baztertua zen Medellinen. Auzokideak antolatu egin ziren duela hamarkada bat, eta dagoeneko sarean ere ikusgai dituzte auzoko kaleak, eraikinak eta negozioak, eguneraturik. Orain, haurren hezkuntzan jarria dute fokua.

Hemendik hartua: bppfiliallaloma.wordpress.com

 


ASTEKARIA
2023ko uztailaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


2024-08-09 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-08-09 | Axier Lopez
UPNk eta PSNk ez dute lortu Raimundo el Canastero zentsuratzea Tafallan

UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio... [+]


Desberdina eta berezia

Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.


Aita Santuaren biolinista eta bere estela

Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.


Iraultzaren eta maitasunaren artean

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude