“Intentsitatea estrategia feminista gisa erabili beharko genuke”

  • 2012an elDiario.es egunkari digitalaren sortzaileetako bat izan zen Ana Requena (Madril, Espainia, 1984). 2014an, gerora zenbait sari jaso dituen Micromachismos bloga sortu zuen eta 2018az geroztik hedabide horretako genero erredaktore burua da. Madrilgo Malasaña auzoaren erdigunean hitzartu gaitu, argitaratu berri duen Intensas (Roca, 2023) liburuaz eta kazetaritza feministaz solastatzeko.

Argazkiak: David F. Sabadell.

Goazen abiapuntura. Noiz eta nola murgildu zinen zu feminismoan?

Ttikia nintzenetik interesa sentitu nuen feminismoarekin. Naif-a irudituko zaio bati baino gehiagori, baina hala izan da. Oroitzen naiz, adibidez, Barbie-ak errefusatzen nituela, amatxik bat oparitu zidan eta nik Mierda izena jarri nion. Edo, 7-8 urte nituenean, nire anaia jaio zenean, drogerian saltzaileak mutila edo neska zen galdetu zigun behin, fardel arrosa edo urdinak emateko; nik neska zela erantzun nion, amorrua ematen zidalako neska edo mutila izateagatik kolore bat inposatzea. Gauzak bertze modu batera egin behar ziren uste osoa nuen. Horretaz aparte, nire kontzientzia feministan eragina izan zuen nire amak lan egin izana tratu txarrak jasan zituzten emakumeentzat Albaceten ireki zuten lehenengo harrera zentroan, 1990eko hamarkadan. Ordura arte ezezaguna zen errealitate hori gertutik ezagutu nuen 6 urte nituenean.

Eta kazetaritza nola sartu zen zure bizitzan?

Feminismoarekin bezala; bi pultsioak irmoki sentitu izan ditut betidanik. Irakurtzea eta idaztea gustuko nituen, nerabezaroan eguneroko bat idazten hasi nintzen, egunkaria irakurtzen nuen eta munduan gertatzen zenaren berri izan nahi nuen. Kazetaritza nire bokazioa zela argi izan dut betidanik, mundua aldatzeko lanabes gisa.

20 urte zenituenean zapaldu zenuen lehendabiziko erredakzioa. 18 urte pasa dira, oraindik ere uste duzu kazetaritzak mundua aldatzeko balio duela?

Batzuetan inozoa naizela pentsatzen dut, baina idealismo hori mantentzen dut oraindik, bai. Urte hauetan guztietan gauza itsusi anitz ikusi ditut, baina ezagutu dut mundua eraldatzeko kazetari askoren konpromiso irmoa ere. Ezagutu ditut uste osoa dutenak kazetaritza ezinbertzekoa dela, pertsonak, pentsamoldeak eta gizarte imajinarioa eraldatzeko. Eta, noski, kazetaritzak mundua aldatu dezakeela baieztatzeak ez du erran nahi beti lortzen duenik, baina argi dut profesional anitzek abiapuntu horretatik egiten dutela lan. Nik, behintzat, hortik egiten dut lan.

Intensas liburua argitaratu berri duzu Roca argitaletxearen eskutik. Zer bilatzen zenuen liburu horrekin?

Intentsitatea bizitza motore gisa aldarrikatu nahi izan dut. Sarri negatiboki sentiaratzen gaituzte intentsa, baina intentsitateak balio badu gurutzatu nahi ez ditugun mugak jartzeko, orduan, agian, estrategia feminista gisa erabili beharko genuke, hain zuzen ere, inposatzen dizkiguten muga horiek hausteko. Azken finean, ustezko intentsitate horrek ahalbidetzen digu nahi dugunarekin eta nahi ez dugunarekin kontaktuan egotea, amorruarekin, haserrearekin, desioarekin… eta horrekin guztiarekin kontaktuan egoteak gauza onak bakarrik dakartza. Gertatzen dena da gure gizartean asaldatzailea izan daitekeela; norberarentzat, mandatutik eta estereotipotik kanpo dauden tokietara eramaten gaituelako intentsitateak, eta baita ingurukoentzat ere, noski, ez baitaude ohituta gu mugetatik kanpo ikustera.

Argazkia: David F. Sabadell.

Gogoratzen duzu noiz sentiarazi zintuzten intentsa lehen aldiz?

Tira, ez dakit. Oroitzen dudana da feminismoa aldarrikatzeagatik kontrako erreakzioak jasotzen nituela nerabezaroan. Ez nire familian, baizik eta eskolan edo institutuan. Feminista nintzela erraten nuenean, adibidez, lagun anitzek, eta baita irakasleek ere, desegokia nintzela sentiarazten zidaten. Egia erran, borroka horretan bakarrik sentitu nintzen. Horregatik, orain feminismoa kritikatzen denean, merkantilizatzen ari delako, nik ez dut ulertzen: noski, argi dut garrantzitsua dela mugimenduaren oinarria mantentzea, sistema beti saiatzen delako gorakadan dagoen mugimendu hau subsumitzen. Baina ni ikaragarri pozten naiz feminismoa aldarrikatzen duten neskak ikusten ditudanean kaletik. Horrek erran nahi baitu dagoeneko ez dituztela baztertzen eta babestuak sentitzen direla aldarrikapen horretan.

Intentsa sentiarazi ninduten aurrerago, seguruenik, lan eremuan; feminista izateagatik jendeak sarri zalantzan jarri baititu ez bakarrik nire ideiak, baita kazetari izanik neure burua feminista gisa aldarrikatzea ere. Eta, noski, intentsa sentiarazi naute gizonekin izan ditudan harremanetan, batez ere.

"Kazetaritza feministaren lorpena izan da agenda mediatikoan isilarazita zeuden hamaika gai azaleratzea"

Lana aipatu duzula, elDiario.es-eko kazetari eta genero erredaktore burua zaren heinean, zure lana da, bertzeak bertze, patriarkatuak gustukoak ez dituen gauzak azaleratzea. Nola eragiten du gure lanak intentsitate horretan?

Korrontearen kontra goazen heinean, nabarmenagoa da gure intentsitatea. Azken finean, genero ikuspegiarekin kazetaritza egiten dugunean, kazetaritza egiteko hainbat dinamika zalantzan jartzen dugu. Inertzien kontra lan egiten dugu, hamarkada anitzetan ezarri diren dinamiken kontra. Eta lan hori egitea zaila da anitzetan.

Zergatik da zaila?

Hasteko, hamarkada gehiegitan inposatu den kazetaritza ereduaren kontra joaten garenean ohikoa delako gure lana zalantzan jartzea, eta hori nekagarria da. Izan ere, gure lana zalantzan jartzen duten bitartean, barneko eta kanpoko jazarpena sufritzen baititugu. Eta garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea feminismoarekin, berdintasunarekin edo generoarekin zerikusia duten gaietan lanean ari garen kazetariok irainak eta eraso pertsonalak jasotzen ditugula behin eta berriro… Horregatik, liburuan intentsitate hori aldarrikatzen dut, aurrera jarraitzea ahalbidetzen digulako.

Lehendabiziko kapituluan intentsa sentiarazi zaituzten hainbat egoera aipatzen dituzu. Adibidez, lan bilera batean, sutsuki solastatzen zarenean, kazetari gizon batek “horrela arrazoia galtzen duzula” erraten dizunean.

Arazoa da legitimizatua dagoela gizon bat sutsuki solastea. Nolabait hezi gaituzte gisa horretako gizonak ikustera, eta guk normalizatu dugu, baita ere, lidergoa irmotasunez gauzatzen dutenean. Aldiz, guri aurpegiratzen digute irmoki solasten garenean gure formek arrazoia kentzen omen digutela. Funtsean, estrategia erabat erraza da, komentario horiekin guri arrazoia kentzea bilatzen dutelako, argudiatu beharrik gabe. Gure formak baliorik gabe uzten dituzte, gu zuzenean baliogabetzeko. Eta hori gertatzen da alor profesionalean, politikoan zein pertsonalean.

Sarritan pasa zaizu hori?

Bai, batzuetan sentitu dut nire proposamenak gutxietsi direla. Eta uste dut horrek zerikusia duela honekin: kazetari feministok ikusten gaituztela irizpide profesionalak galtzen dituzten aktibista moduan. Hainbat kazetarik uste du gure lanean ez dugula kalitatezko eduki profesional egokia ematen.

Baina bateraezina da kazetari feminista eta zorrotza izatea?

Inola ere ez. Kazetaritza feminista egiteak esplizitu egiten du abiapuntu bat; itxuraz neutrala den baina errealitatean ez den balio sistema batean bizi garela. Horregatik, nire kazetari lanaren erronka da neutralitate faltsu hori aintzat hartzea. Salatu ahal izatea balio sistemak desberdintasun anitz eragiten duela, diskriminazioa eta indarkeria, bertzeak bertze, eta horren kontra joan behar dugula. Eta, noski, hori bateragarria da kazetari zorrotza izan eta egiazkotasun zein sinesgarritasun irizpideak aplikatzearekin.

Arazoa ez ote da gure zorroztasuna deserosoa dela gizartearentzat?

Noski, gutaz espero dutena da kazetaritza inertziarekin jarraitzea eta inposatu zaigun diskrezio mandatuari fidel izatea, joaten garen tokira joaten garela, gure eginkizuna baita inguruaren ongizatea bermatzea. Baina, bat-batean, emakume batek inertzia horri kontra egin eta gauzak modu desberdinean egin daitezkeela aldarrikatzen duenean, deserosoa da. Horregatik, gure lanak ezinegona, haustura eta nahasmena eragiten du.

"Ohikoa da kazetari feministon lana zalantzan jartzea, nekagarria da"

Zailtasunak zailtasun, kazetaritza feministaren konpromisoak gauza positibo anitz ere ekarri ditu. elDiario.es-en inflexio puntua izan diren ikerketa anitz kaleratu duzue. Nola bizi duzu?

Gogobetetzen nau, eta zalantzarik gabe, hori da egiten dudana egiten jarraitzeko arrazoi nagusia. Agenda mediatikoan eta gizartean orain arte isilarazita zeuden hamaika gai azaleratu ditugu eta hori kazetaritza feministaren lorpena da, dudarik gabe.

Nola ikusten duzu kazetaritza feministaren osasuna gaur egun?

Eragin orokortua badago, indarkeria obstetrikoa edo eguneroko matxismoa, adibidez, ideologia desberdineko hedabideetan presente daude. Gero, hedabide bakoitzak gaiak lantzen ditu bere posiziotik eta energia eta baliabideak modu batean edo bertzean erabilita. Horren arabera, ikus daiteke hedabide batek genero ikuspegiarekin kazetaritza egiteko konpromisoa duen edo ez.

Badira hainbat komunikabide hobeki egiteko apustua egin dutenak eta esfortzu hori agerian dago; bertze batzuk agian ez dute hainbertze egin, baina nolabait agenda mediatikoak bizi izan duen eraldaketaren eragina izan dute. Eta, azkenik, badira bertze hainbat komunikabide edo webgune, nolabait izendatzeagatik, kontran jokatzen dutenak; titular bat edo bertze jartzeagatik haserretuko direnen klik sumindua bilatzen dutenak, bertzerik gabe.

Hamarkada anitzetan isilarazita egon diren ikerketak argitaratu dituzue berriki, gehiegizko zesareak edo azafaten kontua datozkit burura. Interesak al daude horrelako gaiak ezkutatzeko?

Aipatzen dituzunak bezala, badira azaleratzeko zailak izaten diren ikerketak, bai, baina gehien frustratzen dutenak dira argitaratzen ez ditugun ikerketak. Hori enkistatuta gelditzen da eta garrantzitsua iruditzen zait bistaratzea, lan anitzen atzetik borroka ikaragarria dagoelako. Eta arriskuak, salaketa mehatxuak batetik edo hainbat iturrik solasteko beldurra izatea…

Argazkia: David F. Sabadell.

Politikaz eta feminismoaz galdetu nahiko nizuke. Zer deritzozu Espainiako Berdintasun Ministerioak azken legealdian egin duen lanari?

Uste dut azken legealdietan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla berdintasunari dagokionez. Uste dut azken gobernu progresistetan Berdintasun Ministerioa ezinbertzekoa izan dela Espainiako Estatuko zaintza sisteman politika publikoak, lotsaz bada ere, zabaltzeko. Sexu Askatasunaren Legeak paradigma aldaketa garrantzitsua eragin du, kontu penalaz haratago, hala nola hainbertze solastu ez diren krisi zentroei dagokionez edo froga biologikoen zainketarekin, adibidez. Baina, nire ustez tristeena da Berdintasun Ministerioaren jarraipena etorriko den gobernuaren araberakoa izatea.

"Irene Montero Sumar koaliziotik kanpo gelditu izanak ez du zerikusirik feminismoarekin, baizik eta gatazka politiko
eta partidista batekin"

Ministerioak trebetasunak eta akatsak izan ditu, noski. Baina, badirudi hutsegite ttikiena ere ezin zaiola onartu. Ni ez nago ados, inolaz ere, egin duten guztiarekin, ezta euren politika guztiak defendatzeko erabili dituzten argudiaketa guztiekin ere. Badira hainbat gai defendatzen ez ditudanak, bertze anitz bai. Baina, guztiaren gainetik, ikuspuntu feminista duen Berdintasun Ministerio bat egotea aldarrikatzen dut.

Mugimendu feministaren hainbat sektoretatik gogor kritikatu dute Irene Monteroren ekarpena.

Berdintasun Ministerioaren kontrako erasoaren zati handi bat abiatu da feminismoa modu desberdinean ulertzen duten kideen eskutik. Euren ikusmoldea feminismoa ulertzeko modu bakarra dela uste dute. Eta pentsatzen baduzu botere instituzional feminista soilik egon daitekeela zure ikusmolde bera dutenen eskuetan... bertze edozein bide zentzugabekeria gisa ulertzen dute. Tamalgarria da, polarizazio horrek lantzen ari ziren politiken inguruko elkarrizketa edo eztabaidarako aukera ebatsi duelako. Giroa hain lokaztuta zegoen, bazirudiela toki batean zinela edo bertzean zinela, eta nik ñabarduretan sinisten dut. Azken urteetako tristurarik handiena izan da, nire ustez, espazio erreal guti egon dela elkarrizketa produktiborako.

Zer deritzozu Irene Monteroren betoaz?

Irene Montero Sumar koaliziotik kanpo gelditu izanak ez du zerikusirik feminismoarekin, baizik eta gatazka politiko eta partidista batekin. Eta larria iruditzen zait orain ondorioztatzea Monterok akatsak egin izana dela eskuin muturraren eta antifeminismoaren gorakadaren arrazoia. Testuinguru askozaz konplexuagoa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Uma Ulazia
“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]


Instagrameko ‘Denuncias Euskal Herria’ kontuak sexu erasoen ia 500 testigantza jaso ditu azarotik

Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa asteartean hasiko da

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.

 


Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | June Fernández
Saioa Baleztena eta Nel Santacruz
“Frustrazioa eragin dezake bularra ematearen onurak azpimarratzen dituen diskurtsoak”

Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea  erabakitzen... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude