Tresna bat da kirola. Nola, noiz eta zertarako erabiltzen den, ona ala txarra izan daiteke. Osasuntsua edo arriskutsua. Lasaigarria edo itogarria. Mesede egin diezaioke haurren garapen integralari, baina oztopo ere bihur daiteke prozesu horretan. Gozamen iturri eta bizibide dute eliteko atletek; ordea, buruhauste ugari eragin diezaieke, lesioen, presioaren eta norbere barne mundua ulertzeko baliabide faltaren ondorioz. Horrez guztiaz luze eta zabal hausnartu dute goi-mailako hainbat kirolarik Villabonako Gurea antzokian, Behar Zana pilota elkarteak bere 77. urteurrenaren harira antolatu duen hitzaldian.
Fisikoki sasoi betean egotea da errendimenduko kirolarien helburua. Gorputza dute lanabes, eta berau lantzeko entrenamendu eta elikadura plan zorrotzak jarraitzen dituzte. Maiz, ordea, bazter uzten dute atalik garrantzitsuena: burua. Pertsona bakoitzak mataza emozional eta psikologiko konplexu bat du bere baitan, eta korapiloa erabat nahastu daiteke eliteko kirolaren exijentziaren ondorioz. Bada, buru-oreka galduta, oso zaila da partidak, lasterketak edo lehiaketak irabaztea; eta guztiz ezinezkoa kirolaz gozatzea.
Azkenaldian, osasun mentala saihestu beharreko gaien tiraderatik atera dute puntako kirolari askok, eta mahai gainean jarri zuen Behar Zana pilota elkarteak joan zen ekainaren 1ean. Euskal Herriko kiroleko zazpi erreferente elkartu zituen mahaiaren bueltan: Iker Irribarria eta Axier Arteaga pilotari profesional ohiak, Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’ herri kirolaria, Hassan Ait Chau mendi korrikalaria, Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria, Mikel Nieve txirrindulari ohia eta Iraitz Arrospide atleta. EHUko irakasle eta ikerlari Oidui Usabiaga ere batu zitzaien, kirol hastapenean espezializazio goiztiarrak dituen arriskuez mintzatzeko. Jon Eskudero kazetaria aritu zen aurkezle eta moderatzaile lanetan.
“Emaitza onak lortzean, ilusioz eta gogotsu sentitzen nintzen. Baina gauza asko zeuden ezkutuan. Lesio bat izan nuen gero, eta presio handia izan arren, ez nintzen horren jakitun”. Iraitz Arrospide, mendi korrikalaria.
Presiopean jarduten dute sarri kirolariek, eta horri buruzkoak izan ziren hizlarien lehen hausnarketak. Irribarriak 19 urterekin lortu zuen buruz-buruko lehen txapela, eta hortik aurrera, estu hartu zuen presioak. “Txapela oso goiz irabazi nuen, eta oraindik ez nuen tresnarik nire burua lasai edukitzeko. Ekonomikoki eta kirol arloan garaipen oso ona izan zen, baina egunerokotasunean, zama izugarria nabaritu nuen”. Haren inguruan sortutako espektatibek ito egin zuten Irribarria. Gisasola ere “txapelak irabazitakoan” hasi zen presioa nabaritzen. Zentzu horretan, ez dio mesederik egin Jose Antonio Gisasola ‘Zelai’ harrijasotzailearen alaba izateak. “Hasieran ez nuen erakutsi beharrik noren alaba naizen, baina hori aldatuz joan zen irabazi ahala. Presioa sentiarazten dit aitak: irabazi beharra dagoela esaten dit. Lehiaketak bizitzeko bi modu ezberdin ditugu”.
Kirol zuzendari gisa “erabaki zailak” hartu behar izaten ditu Garbiñe Etxeberriak. Ez du samurra behar, adibidez, jokalariei irteerako atea irekitzeak. “Batzuetan jokalariak asko atsekabetzen dira taldean jarraituko ez dutela esaten diezunean, eta gogorra da, negoziaketa batean ados jartzen ez zarenean bezala”. “Buruko min gutxiago” izan zuen futbolari garaietan. Ez omen zuen herstura psikologikorik sentitu. Hassan Ait Chaouk eta Mikel Nievek ere egonkortasun mentalari eutsi ahal izan diote. Kanpotik jasotako presioaren ordez, norberak bere buruari jarritakoa nabaritu izan dute. “Ni oso lasaia naiz, baina lehiakide batzuek ezin dute urduritasuna kudeatu. Egoerak gainezka egiten die batzuetan: irteeran agertu, baina alde egiten dute gero”, azaldu zuen Ait Chauk.
“Seme-alabak etxera iritsi, eta partidan zer egin duten galdetzen diegu, zer moduz pasa duten galdetu beharrean. Egiten duzuna egiten duzula, gozatzeak izan beharko luke lehentasuna”. Hassan Ait Chaou, mendi korrikalaria.
Axier Arteaga, adibidez, guztiz urduri aritu zen kantxan bere ibilbidea gainbehera hasi zenean. “Finalik garrantzitsuenak oso lasai jokatu nituen, baina behera egiten hastean, sekulako presioa nabaritu nuen. Ez nintzen nitaz espero zena betetzen ari”. Bakoitzaren izaerak baldintzatzen omen du, hein handi batean, presioaren hautematea. “Egoera beraren aurrean, kirolari bat motibatu egin daiteke, eta beste bat nahigabetu edo urduritu”. Presioa kudeatu ahal izateko, identifikatu egin behar da lehenik, eta Arteagari kosta egin zitzaion arazoaz ohartzea. “Ez dakizu zergatik sentitzen zaren horrela. Are gehiago, ez zara kontziente presio horretaz guztiaz”. Antzeko esperientzia izan du Iraitz Arrospidek. “Emaitza onak lortzean, ilusioz eta gogotsu sentitzen nintzen. Baina gauza asko zeuden ezkutuan. Lesio bat izan nuen gero, eta presio handia izan arren, ez nintzen horren jakitun”.
Zer egin, hura izan: norbere identitatea bakoitzaren lanbidearekin nahastu daiteke, eta joera hori are nabariagoa da goreneko kirolarien artean. Hala laburtu zuen Irribarriak: “Kirolariak 24 orduz dira kirolari”. Funtsean, direna, beren jardunak eta, are, lortzen dituzten emaitzek definitzen dutela sinesteko arriskua dute. Horregatik, porrotak amildegiaren ertzean jar ditzake. Baliotsu sentitzeko, irabazi beharra dago ezinbestean. Izu laborria eragiten du kaskarkeriak. Beldurra da, hain justu, kirolariek presio gisa nabaritzen dutena, Arteagak azaldu zuenez. “Arreta gaizki atera daitekeen horretan jartzen duzu, eta pentsatzen hasten zara, ea zer gertatuko den galtzen baduzu, baliotsua izango zaren edo ez, zer pentsatuko duten besteek…”. Balioespena kanpotik jasotzeko beharrak are gehiago okertzen du egoera. “Beldur handia eragin dezake etxekoentzat baliotsu izango ez zarela edo enpresak gutxietsi egingo zaituela pentsatzeak”.
“Ez irabaztea aukera bat dela ikasi eta barneratu behar dugu. Partidak berdindu eta galdu ere egin daitezke, eta txapelketak talde bakarrak irabazten ditu”. Garbiñe Etxeberria, Realeko kirol zuzendaria.
Irribarriaren hitzetan, “bakarrik gelditzeko sentimendu bat” izaten da huts egin ondotik. “Horrek ikaratzen ninduen gehien, partidak edo porrotak berak baino gehiago”. Gisasola, berriz, “sufritzeko beldurrez” izaten da plazara irten aurretik. “Badakit sufritu egin behar dudala, eta nik ez dut sufritu nahi. Bizpahiru minutuko probak izaten dira, baina hasi arte, ezezkoan egoten naiz. Gero, beldur izaten zara ea harria jausiko zaizun. Mamu askori egin behar diozu aurre”. Kate ikusezin horiek apurtzeko, gakoa “galtzen ikastea” dela uste du herri kirolariak. Arteagak, bere aldetik, introspekzioa proposatu zuen irtenbide bezala. “Lehenik, beldurra aztertu behar duzu. Behin jatorriaz jabetuta, beldurra onartzea da hurrengo urratsa”. Bat dator Irribarria: “Norberak beldurra onartzen duenean, beldur horrek indar gehiena galdu egiten du”.
Kirol batzuetan dena ez da zuri edo beltz, irabazi edo galdu. Txirrindularitzan, kasurako, badira aintzat hartzen diren beste aldagai batzuk, emaitza soilez harago. Ondo daki hori Mikel Nievek. “Orokorrean, zure lana ontzat jotzen da ihesaldian edo lanean fin aritu bazara. Eta hamargarren iristea emaitza ona izan daiteke. Gainera, egun txarra izan arren, biharamunean beste aukera bat duzu, eta hortaz, gauzak lasaiago har ditzakezu”. Irribarriarentzat, hedatuago egon beharko luke ikusmolde horrek. “Pilotan, partida txar bat egin eta kanpora zoaz”. Atletismoan, berriz, “denboraren baitan egoteak” dakar zailtasuna, Arrospidek azaldu zuenez. “Erlojuari begira gaude beti. Lasterketa bakoitza erlojupeko baten modukoa da, eta egunik onena izan behar duzu zure markarik onena lortzeko. Gainera, bakarkako kirola da, eta ezin zara ezkutatu. Lanketa mental handia eskatzen du”.
“Lanean egunero zortzi orduz aritzen garen bezala, kirolak ere bere arriskuak ditu. Eta nabarmena da osasun mentaleko arazoak izaten direla kirol espezializazioa goiztiarra denean”. Oidui Usabiaga, EHUko irakaslea.
Ikertzaile ikuspegitik, Oidui Usabiagari iruditzen zaio kirol guztiak daudela presioaren eraginak kutsaturik. “Lehiaketarekin dago lotua hori. Halere, desberdintasunak daude talde kirolen eta bakarkako kirolen artean. Biolentziak eta liskarrak modu ezberdinean bizi dira batean eta bestean. Baina lehiaketa kirola bada, beti dago presioa”. Eta zer esanik ez, oinekin eta baloi baten jiran jokatzen bada. Izan ere, emaitzen menpeko kirolik badago, hori futbola da. “Beste mundu bat da hau”, esan zuen Etxeberriak. “Pentsa Mourinhok zer eredu eman zuen aurrekoan, zilarrezko domina kolkotik kendu, eta zaleei oparitu zienean. Ez irabaztea aukera bat dela ikasi eta barneratu behar dugu. Partidak berdindu eta galdu ere egin daitezke, eta txapelketak talde bakarrak irabazten ditu”.
Ait Chauren ustez, balio kontua da. “Beste batzuk zu baino hobeto badaude, eta emaitza hobea lortu badute, zoriondu egin behar dituzu, eta kito. Lehiakorrak gara, baina balio batzuk ezin dira inoiz galdu: adibidez, errespetua eta laguntasuna”. Burua altxatu, eta begirada norbere kolkotik eta emaitzetatik aldentzea eskatzen du horrek.
Gizartean nola, hala gertatzen da kirolean ere: lehiakortasun suntsikorrak balio eraikitzaileak deuseztatzen ditu. “Sistema kapitalista honetan, gora iritsi eta arrakasta izatea da balio duen gauza bakarra. Ahalegintzea ez da aski. Kirolari eta pertsona gisa hobetzea ere ez”, esan zuen Arteagak. Ikuskera hori umetatik txertatzen zaie kirolariei. Hala iruditzen zaio Ait Chauri: “Seme-alabak etxera iritsi, eta partidan zer egin duten galdetzen diegu, zer moduz pasa duten galdetu beharrean. Egiten duzuna egiten duzula, gozatzeak izan beharko luke lehentasuna”. Hausnarketa horri ñabardura gehitu zion Usabiagak: “Zer da, baina, gozamena haurrentzat? Hori zehaztea da kontua. Ondoren, zertan ari diren eta zer nahi duten ikusi behar dute. Baina hori beranduago etorri beharko litzateke. Umetan esaten badizu kirol jakin batean espezializatu nahi duela, nik ez nioke utziko”.
“Badakit plazan sufritu egin behar dudala, eta nik ez dut sufritu nahi. Ezezkoan izaten naiz hasi arte. Gero, beldur izaten zara ea harria jausiko zaizun. Mamu askori egin behar diezu aurre”. Karmele Gisasola 'Zelai III.a', herri kirolaria
Haurrak kirol bakarrera bideratzeak dakartzan ondorioak ikertu ditu Usabiagak, eta joera hori kaltegarritzat jotzen duen ebidentzia ugari topatu. Haren esanetan, kirol jakin batean denbora asko igarotzean, testuingurua lehiakorra bihurtzen da ezinbestean, espektatibei bide emanez, eta horrek guztiak “izugarrizko estres egoerak” sortzen ditu umeen artean. “Hamahiru urtez azpiko adin tartea ari gara aztertzen. Errendimendura iristeko espezializazioa behar da, eta espezializazioak beti ekartzen ditu arrisku gehiago. Lanean egunero zortzi orduz aritzeak bere arriskuak dituen bezala, kirolean ere antzera gertatzen da. Eta nabarmena da osasun mentaleko arazoak izaten direla kirol espezializazioa goiztiarra denean”.
Unea iritsita, ordea, kirol bat edo beste aukeratu behar da. Uste horretakoa da Etxeberria. “Momentua iritsita, apustu bat egin behar da. Eta hortik aurrera, ahalik eta gehien hobetu, kontuan izanik jende guztiak ez duela gozatzen kirolean, edo ez dela ona”. Usabiagaren erantzuna: “Bai, norbaitek errendimendurako bidea egin nahi badu, eskubide osoa du. Kontua da noiz hasten zaren, eta zenbat entrenatuz. Nazioartean, pediatrek ere esaten dute: hamahiru urtez azpitik espezializaziorik ez”. Gizarteak, baina, geroz eta kirolari gazteagoak nahi ditu elitean. “Zortzi urteko seme-alabak fabrikan lanean jartzen ez ditugun bezala, ezin ditugu jarri astean hogei orduz kirol berbera egiten. Izan ere, arrisku itzela dago sekula gaindituko ez diren lesioak izateko”.
“Ni bederatzi urterekin hasi nintzen ziklismoan, baina beste kirol askorekin bateratu nuen. Adin bat arte, denetarik egiten eta kirolaz gozatzen erakutsi behar zaie umeei”. Mikel Nieve, txirrindularia.
Alternatiba gisa, “espezializazio berantiarra” proposatzen du Usabiagak, osasunerako ez ezik, errendimendurako ere onuragarria delako. “Maila berbera lor dezakezu kirol batean nerabezaroaren ondoren espezializatzen bazara. Gainera, lesioak izateko arriskua gutxitzen duzu. Hortaz, hobe da beranduago hastea”. Ondo iruditzen zaio Nieveri. “Ni bederatzi urterekin hasi nintzen ziklismoan, baina beste kirol askorekin bateratu nuen. Adin bat arte, denetarik egiten eta kirolaz gozatzen erakutsi behar zaie umeei”. Zentzu horretan, Gipuzkoako “multikirol eredua” goratu zuen Etxeberriak. “Kirol bat baino gehiago egitera behartzen dituzte haurrak, eta hori babes handia da, guraso askori gustatzen ez zaien arren”. “Guraso gehienak zentzudunak dira, baina ez denak, eta instituzioek gainetik egon behar dute marra gorriak jartzerakoan”, gaineratu zuen EHUko ikertzaileak.
Etxeberriarentzat, “prozesuaz gozatzea” da garrantzitsuena, eta horretarako, “baliabide guztiak” eskaintzen dituzte Realean. “Hezkuntzako irakasleak dituzte, eta psikologoak ere bai, talde kohesioa, errespetua eta emozioen kontrola lantzeko. Hori ezin da toki guztietan aurkitu”. Herri kiroletan, “geroz eta jarrera irekiagoa” somatzen du Gisasolak arlo mentalari dagokionez. “Normalagoa da orain “psikologora noa” entzutea. Etxean lege zaharrekoak dira. Esaten dute beren garaian guztia zela gogorragoa, eta aurrera egin zutela. Ordea, nik laguntza behar badut, behar dut, eta kito”.
“Euskal gizartean oraindik eta traba gehiago daude osasun mentala normalizatzeko, oso tradizionala delako. Eta hemengo kirolak euskal tradizioaren parte direnez, are atzeratuago daude”. Axier Arteaga, pilotaria.
Irribarriaren arabera, pilotan oraindik ez da normalizatu buru osasunaz hitz egitea. “Laguntza eskatu nuen nik, eta jendaurrean onartzen lehenengoetako bat izan nintzen. Jendeak arraroa banintz bezala begiratzen zidan. Etxean ere bai”. Gurasoen “herentzia emozionalaz” mintzatu zen pilotari ohia. “Beste garai batzuk ziren, gizartea beste modu batean zegoen antolatuta, eta dena exijentzia zen. Soka hori eten beharra dago”. Atzera begiratuta, “gauzak oso ezberdin” egingo zituen. “Hasteko, lehenago eskatuko nuen laguntza”. Barrura begiratzeko gonbita egin zuen. “Ez dugu guretzako batere denborarik hartzen. Nik meditatu egiten dut, dezente, eta irakurri ere bai. Hobetzen eta bizitzari zentzua bilatzen saiatzen naiz”. “Lagunarte on bat edukitzeak ere asko laguntzen du”, gaineratu zuen Gisasolak.
Arteaga coach lanetan dabil gaur egun, eta irakurketa kritikoa egin zuen hark ere. “Gizartean geroz eta gehiago hitz egiten da osasun mentalaz; hein batean, kirolari esker. Alabaina, kirolari askok ez dute esan nahi coach batekin ari direla lan egiten. Euskal gizartean oraindik eta traba gehiago daude, oso tradizionala delako. Eta hemengo kirolak euskal tradizioaren parte direnez, are atzeratuago daude”.
“Ez dugu guretzako batere denborarik hartzen. Nik meditatu egiten dut, dezente, eta irakurri ere bai. Hobetzen eta bizitzari zentzua bilatzen saiatzen naiz”. Iker Irribarria, pilotaria.
Baikorrago mintzatu zen Etxeberria. “Pauso handia egin dugu halako gai bat hona ekartzen. Zerbait aldatzen ari den seinale da. Naturaltasunez jorratu behar dugu”.
Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzera bidean urratsa eman du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Euskadiko Federazioa eskubide osoko kide izatea onartuta. “Lorpen historikoa da”, zioen Euskadikoak pasa den abenduaren 28an, baina zuhurtziaz mintzo zen,... [+]
Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]
Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]
Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]
Otsailaren 7an, Maccabi Tel Aviv taldeak Baskoniaren aurkako partida jokatzeko asmoa du Gasteizen. Palestinarekin Elkartasuna Plataformak salatu du Israelek kultur eta kirol ekimenak palestinarren aurkako krimenak estaltzeko erabiltzen dituela. Aurpegi zuriketaren aurka,... [+]
2002an ikusi zituen lehenengoz hamaika emakume kamiseta zuri-gorriarekin San Mamesen. Bere ametsa egia bihurtzeko aukerak errealak zirela ulertu zuen Garazi Muruak. Athleticeko nesken taldeko kapitaina izatera iritsi zen, baina lesio batek behar baino lehen ekarri dio... [+]
Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]
Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa... [+]
Bizilagunekin plataformak gogor kritikatu du Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izatea, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei... [+]
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina... [+]
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidenteak azaldu du gertaturikoa “argitzeko” eskatu diola Polizia autonomikoari. Zauritutako Amaia Zabarteren familiak klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea erasoa.