Lagun baten laguna zelako ezagutu nuen Anaís Córdova-Páez, eta sorpresen kaxa bat dela ohartu naiz pixkana-pixkana. Banekien bideoak egiten zituela, eta proiekzio- eta musika-jartzaile gisa deskubritu nuen gero, gau oso batez dantza eginarazi baitzigun Feminxst Projection Party kolektiboaren eskutik. Ekologoa zela eta Galapagoetan lau urte eman zituela jakin bezain pronto, argi ikusi nuen elkarrizketa bat egin nahi niola. Hona emaitza.
Sortzaile, ekoizle eta kuradore gisa, generoa, ekologia, autonomia eta plazera lantzen ditu, begirada dekolonial batetik. Zaintza jartzen du erdigunean, filmen ekoizpeneko eta emanaldietako sorkuntza-prozesuei erronka eginez. Hegoalde globaleko artista eta kolektiboekin lankidetzan aritu da, eta Lubricas (2016) film laburra eta Amazonia+Covid (2020) seriea zuzendu ditu. Ekoizle gisa lan egiten du Zinegoak jaialdian, eta Kroaziako UNSEEN jaialdiko kuradorea da. Lunádigas proiektuko kidea da: horretarako ahalmena izanda haurrik ez izatea erabaki duten pertsonen kolektiboa.
Bideografoa eta ekologoa zara. Nola iritsi zinen bidegurutze horretara?
Kontrastez betetako herrialde batean jaio nintzen. Quitokoa naiz, Ekuadorreko hiri handi bat, baina inguruan mendiak eta natura ditu. Ordu eta erdiko tartean ekosistema batetik guztiz bestelako batera pasa zaitezke. Eta uste dut horrek eragina duela Ekuadorren bizi garen pertsonon gainean, munduaren ikuskerari dagokionez. Niri behintzat ez zait inoiz iruditu mundua gauza bakar bat denik. Adierazpen ugariko leku bat dela uste dut.
Oker ez banaiz, Galapagoetan hasi zinen bideoak egiten.
Ekologia aplikatua eta Argazkilaritza ikasi nituen, eta Galapagoetan tesia egiten ari nintzela ekin nion bideoak egiteari. Hango inurri natiboekin lan egiten nuen, klima-aldaketak uhartedian izandako eragina aztertzen zuen proiektu baten barruan. Inurriak ez dira uste izaten dugun modukoak, espezie bakoitzak bere ekologia du. Orduan, inurrien identitatea ezagutzen baduzu, ekosistemaren egoera ere ezagutuko duzu; adierazle gisa balio dute. Eta han nengoen ni, inurriekin lanean eta erabateko bakardadean, eta halako batean zentro zientifiko batetik esan zidaten: aizu, zuk zinema ere egiten duzu, eta…
Eta geratu egin zinen.
Bai, tesia egitera joan eta lau urte geratu nintzen azkenean, ez da gutxi. Itsas Dortoka proiektuan lan egiten nuen, eta zientzia-dibulgazioko bideoak egiten nituen Galapagos Science Center-entzat. Zentro hori bi unibertsitatek bideratzen dute: San Francisco de Quitoko unibertsitateak –han egiten nituen ikasketak– eta Ipar Karolinako Chapel Hill-ek.
Han izandako esperientziaren harira zer nabarmenduko zenuke?
Orain eta hemen bizi dugun munduaz oso bestelakoa da. Galapagoetako alderdi soziala oso konplexua da. Batetik, eliza ebanjelikoek indar handia dute, eta, horregatik, emakume askok ezin dute prakarik jantzi, soilik gonak. Bestalde, talka handia dago espazio sozialaren eta kontserbaziora bideratzen den dirutzaren artean.
Eta jende asko ibiliko da joan-etorrian.
Jakintzaren estraktibismoa oso nabarmena da han. Atzerriko zientzialari asko joaten dira, datuak bildu, eta alde egiten dute berriro. AEBetakoak, Ingalaterrakoak, Alemaniakoak eta Australiakoak izaten dira bereziki, zientzia-turismo oso garestia da eta. Eta gero hango komunitateari ez zaio ezertxo ere geratzen.
Alderdi komunitario horri erreparatzen zioten egitasmoetan aritu zinen zu.
Lehenik, ikerketa zientifikoei buruzko bideo dokumentalak gaztelaniaz ere egin genituen, ingelesaz aparte. Emanaldiak antolatzen genituen ostiralero kultur-zentro batean, filmak erakusteko. Bestalde, lagun batek eta biok igeriketa-ikastaroak ematen genizkien bertako emakumeei. Oso dibertigarria zen. Lagunak haien haurrak zaindu bitartean, nik igeri egiten erakusten nien.
Deigarria da igeri egiten ez jakitea.
Igeri egiteak gauza asko dakartza berekin, zeinak galarazita baitaude emakumeentzat sistema patriarkaletan. Zure gorputzarekin zaude, eta pazientzia behar da inori igeri egiten erakusteko. Han nengoela, hori zen nire aktibismoa, ezin bainuen esan feminista nintzenik, eta are gutxiago lesbiana.
Militantzia feminista oso garrantzitsua baita zure ibilbidean. Kontinentera itzultzean buru-belarri sartu zinen horretan.
Abortu legal, seguru eta doakoaren aldeko mugimenduan aritzen nintzen, despenalizazioaren alde, ez baita gauza bera legeztapena eta despenalizazioa. Argentinan, 2018-2019an, legeztapena lortu zuten, baina abortuagatik emakumeak eta haien laguntzaileak kriminalizatzen segitzen badute, eta abortua oraindik hitz txartzat jotzen bada, horrek despenalizazioarekin du zerikusia. Borroka ez da amaitzen, eta Espainiako Estatuan ere ez da amaitu.
Jakintzaren estraktibismoa oso nabarmena da Galapagosen. Atzerriko zientzialari asko joaten dira, datuak bildu, eta alde egiten dute berriro. AEBetakoak, Ingalaterrakoak, Alemaniakoak eta Australiakoak izaten dira bereziki, zientzia-turismo oso garestia da eta
Nola dago egoera Ekuadorren?
Duela bi urte despenalizatu zuten bortxaketa-kasuetan, baina oso gutxitan betetzen da. 2012tik ari ginen hori lortzeko borrokan. Beraz, duela urte batzuk, abortuan laguntzeko sare bat sortu genuen hainbaten artean. Latinoamerika osoan dago sare hori, eta gure estatu propioa garela esan nahi du. Laguntza feministaren ideia hortik sortu zen, abortuan lagundu dugunok sortu dugu kontzeptu politiko hori, baina, era berean, loturak ditu, baita ere, feminizidio-kasuetako eskubideen aldeko borrokarekin eta justizia feministaren irudikapenarekin.
Zer da zehazki laguntza feminista?
Ekuadorreko Ambato hirian Vanessa hil zuten, feminizidio-kasu bat izan zen, eta orduan Justicia para Vanessa sortu genuen. Vanessak 33-34 urte zituen erail zutenean, eta alaba bat zeukan, Rafa. Hil zuen gizona ez zen bere bikotekidea; ondorioz, hasieran haren erailketa ez zen hartu feminizidioaren tipologia juridikoaren barruan. Luze borrokatu ginen Vanessaren heriotza feminizidio gisa har zedin. Horren harira, gogoeta asko egin genuen: zer esan nahi duen laguntzeak, zer esan nahi duen egoteak, eta egotea ez dela ekintza asistentzialista bat, ez nago hemen pena ematen didazulako, sentipen judu-kristau bat sentitzen dudalako, ez dator hortik; kontua da, ez baldin banago, ez ditudala gauzak aldatuko, eta egongo naizela zeren nire ahizpa hiltzen badute ni ere hil nazakete bihar. Ez da bestearengatik egiten den borroka bat bakarrik, zure bizitzarengatik ere bada.
Zinemaren arlora etorrita, 2018an programatzaile moduan hasi zinen La Orquídea jaialdian; Ekuadorreko jaialdi handi bat da.
Latinoamerikan astinaldi handiak gertatu ziren, eta mugimendu feministak ere indar handia hartu zuen VivasNosQueremos eta NiUnaMenos mugimenduak tarteko. Horren harira, erregistratzeko eta ekoizteko premia zegoen, eta, beste kide batzuekin batera, martxei buruzko komunikazioaren ardura hartu nuen. Bideoak eta performanceak egiten genituen, besteak beste. Ekoizpen kolektibo asko neuzkan, eta halako batean galdetu zidaten ea programatzaile aritu nahi nuen Ekuador hegoaldeko jaialdi batean. Noski, esan nuen. Genero-zinemaren saila programatu nuen, eta sekulakoa izan zen.
Kontatuko?
Chavela Vargasi buruzko dokumentala jarri genuen, eta ederra izan zen. Proiekzioa, berez, espazio ireki batean egitekoak ginen, baina Chavela lesbiana eta alkoholikoa zenez, udalerriak zentsuratu egin zuen ekitaldia. Orduan, antzoki batean egin genuen, 300 pertsona sartzen ziren, eta gogoan dut gau hartan oso urduri nengoela; zera pentsatzen nuen: “Wow, filma jartzea lortu dugu, espero dut jendea etortzea”. Eta bat-batean aretoa goraino bete zen, 50-60 urte inguruko andreak etorri ziren, lagunartean, eta Chavelaren kantuak abesten zituzten denek. Ni negarrez, esanez sinestezina zela, eta une hartan gehiago egiten ari ginela LGBTIfobiaren aurka antolatutako hitzaldi guztietan baino.
Ondoren, EQUIS jaialdia antolatzen hasi zineten.
Orquídean ondo moldatu nintzenez, beste jaialdi batzuetatik deitu zidaten, eta horrela ezagutu nituen Equis jaialdiaren beste bi zuzendariak. Zinema feministako jaialdi bat da EQUIS, eta bosgarren edizioa du aurten. Aldi berean, bideoklipak egiten hasi nintzen rap-abeslari feministekin eta lan asko egin nuen Amazoniako mugimendu indigenarekin. Ohartu nintzen gogoko nuela zinema sentsorialitatearen espazio gisa, sentsazioak eta narratibak esploratzeko leku gisa, non irudikatu ezin litezkeen gauzak sartzen baitira.
Eta hortik Euskal Herrira. 2021-2022 ikasturtean komisariotza-masterra egin zenuen Donostiako Elias Kerejeta zine-eskolan.
Etorri aurretik beste master bat egin nuen Ekuadorren, Simon Bolivar Unibertsitate Andetarrean, kultur ikasketei, arteei eta bisualitateei buruzkoa, ikuspegi dekolonialetik. Baina gauza praktikoago bat nahi nuen. Donostiako zine-eskolan jostailu guztiak dauzkate, nahi adina kamera eta laborategi, eta horrek esploratzeko aukera ematen dizu. Nik argazki analogikoa egina nuen, eta orain film analogikoak egin nahi nituen. Munduan ez dago toki asko halakorik egin dezakezunik. Eta kimikoen kontua ere hor dago. Latinoamerikan laborategi bakarra dago, Brasilen, bestela Europara bidali behar duzu materiala, digitalizatzera, eta oso garestia da. Beraz, hona iritsi nintzenean, laborategira sartu nintzen esperimentatzera.
Komunitate bat ere sortu duzue.
Lagun bikainak egin ditut eskolan, lankidetzan jarduteko gogoz egon gara denok, eta ez nahitaez eskolaren egituragatik, baizik eta jendea esperimentazio-nahi horretatik hurbiltzen zelako zinemara. Beste batzuek ez dute horrela bizi, eta ondo dago, baina eskolako kide askok halako leku material batetik esploratu nahi dute zinema, eta ikuspegi hori oso ederra da, nahiz eta oso zaila den oraintxe bertan ikuspuntu horretatik aritzea. Izan ere, zinema leku elitista da, onartzen dut. Pribilegio handia dut, Donostiara master bat egitera etorri ahal izan dudalako. Lehenik, master bat egiteagatik, bigarrenik Donostian, eta, azkenik, zinemaren arloan. Baina Ekuadorrera noan aldiro, eta materialen bat digitalizatu nahi badute, ekarri egiten dut.
Duela gutxi egon zara han, ezta?
Bai, gauza mordo bat ekarri nuen.
Eta grabatzen ere aritu zinen.
Bai, Super 8 batekin. Nire bizitzatik hitz egin nahi nuen, nitasun batetik, baina ez hainbeste autobiografikotik; unibertsaltasunarekin gurutzatzen diren tokiak nahi nituen, hala nola gentrifikazioa. Leku guztietan aurkitzen gaitu gentrifikazioak, modu batean edo bestean. Nire kasuan, haurtzaroko etxean aurkitu ninduen, amaren etxean, Quitoko kanpoaldean, non etxez betetzen ari baitzen dena. Eta pentsatzen hasi nintzen hiriak landa-eremuan egin duen kolonizazio handiaren esanahiaz. Eta noiz hasiko garen hitz egiten landa-hiria eta hiria-landa harremanaz.
Beste proiekturik baduzu?
Eskolan egin nuena. Endometriosiari eta odolari buruzkoa da, odola hartuz subjektu neurri berean garrantzitsu gisa. Beti aipatzen da Kristoren odola edo minaren odola. Baina nik bere horretan hartu nahi nuen odola. Burdina, likidoa, egiturak.
Material gisa erabili zenuen?
Bai, zilarrezko plakak zituen film batean. Zilarrak eta burdinak erreakzio kimiko bat sortzen dute argiarekin, eta beste erreakzio-mota bat sortzen da orduan. Horrekin filmatu nuen, eta horrela jaio zen Hemática. Eskolan graduatzeko sortu nuen film hori. Nire lanen abiapuntuan beti agertzen da zalantza jartzearen eta zalantzan jarri ahal izatearen ideia, baina ez soilik edukiari dagokionez, baita prozesuan ere; nire ustez prozesua da gakoa. Feminismoak ezer irakatsi badit, horixe irakatsi dit: prozesua garrantzitsuagoa dela emaitza baino.
Amaitu aurretik, postpornoaren inguruan galdetu nahi dizut. Arlo horretako film labur bat egina duzu, Lubricas izenekoa.
Denbora guztian hitz egiten genuen abortuari buruz, indarkeriari buruz, eta halako batean haustura bat gertatu zen: ok, noiz hitz egingo dugu plazerari eta pozari buruz? Orduan, elkartu egin ginen batzuk, eta postpornoari buruz hitz egiten hasi ginen; plazererako irudiak sortu nahi genituen, ordezkatzen gaituztenak eta desira pizten digutenak. Komunitate batek bestelako porno bat egin nahi zuen. Ez genuen pornoa debekatuko, azken batean, abortatzeko eskubideaz hitz egiten genuen, askatasun-, erabaki- eta autonomia-jarrera gisa, beraz erabaki genuen ez genuela ezer debekatuko. Kontrakoa: geure pornoa egingo dugu, ordezkatzen gaituena, era askotako gorputzekin eta plazera erakutsiz.
"Sinestezina da. Eskuadroi horiek polizia gerarazten dute twerk eginez. Eta esango didate gorputza ez dela politikoa?"
Plazera eta gorputza politikotzat hartzea da, azken batean.
Uste dut puntu hori oso presente dagoela espazio latinoamerikarrean: borroka eta festa gertu daude. Festa eta dantza, guretzat, borrokatzearekin lotuta daude, politikarekin lotuta. Emakumeak espazio publikoaz jabetzea egintza politikoa da berez. Zer ari da gertatzen belaunaldi berriekin? Hau da, nire amaren belaunaldikoak ez ziren espazio publikora irteten nire belaunaldikoak irten diren moduan. Latinoamerikako manifestazio askotan twerk-eskuadroiak antolatzen dituzte poliziaren aurka [dantza-mota bat da twerk-a, eta, ipurdia astintzean datza].
Barkatu horrela esaten badizut, baina, twerk-eskuadroiak, a zer fantasia.
Sinestezina da. Eskuadroi horiek polizia gerarazten dute twerk eginez. Eta esango didate gorputza ez dela politikoa? Euskal Herrian ezeren falta sumatzen badut, horixe da. Manifestazioetan… inork ez du ezer esaten. Baina bueno, ondo dago, beste kultura bat da. Kontua da plazeraren eta festaren lekua aldarrikatzen hasi ginela. Dolua kolektibizatzen baduzu, alaitasuna ere kolektibizatu behar duzu. Zeren, hori egin ezean, gorputza nekatu egiten da, eta gorputz batek, nekatuta badago eta ez bada pozik sentitzen, ez du erresistentziarik egingo patriarkatuaren aurka.
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]
Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]
Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]