“Desazkunde” kontzeptuak zergatik du oraindik hain onarpen guti? 

Mundu mugatu batean ezin da hazkunde mugagaberik izan", hori da desazkundearen mezu nagusia, 1970eko hamarkadan modu egituratuagoan teorizatu zenetik. Gure ekoizpen sistema eta bizimoduak iraunkorrak izan daitezen, baliabide naturalen ustiapena eta ingurumenari egindako kalteak murriztu behar dira, jasangarritasun mailara itzuli arte. Desazkundeak bi iturri nagusi ditu: modelizatzaileak eta ekologia politikoaren teorialariak. Lehen multzoan sar genitzake Nicholas Georgescu-Roegen, 1971n argitaratu duen The Entropy Law and the Economic Process ("Entropiaren Legea eta Prozesu Ekonomikoa") lanarekin, edota Erromako Klubak 1972an bultzaturiko "Hazkundearen Mugak" txostenaren egile nagusia den Dennis Meadows. Ildo honetakoek muga fisikoak dituzte irizpide, eta hortik ondorioztatzen dituzte maila globalean egin beharreko hautuak ekoizpen moduei dagokienez, arlo soziala asko landu gabe.

Ekologia politikoaren multzoa, berriz, anitzagoa da, eta arazoa kuantitatiboki aztertzeaz haratago politikoki aztertzen du. Simone Weil, Hannah Arendt eta Günther Anders filosofoek gaia jorratu zuten, desazkundea bera aipatzen ez bazuten ere: industriaren garapena azkartzearen testuinguruan, lanaren eta ekoizpenaren esanahia zalantzan jartzen zuten, ingurumenean ez bakarrik baita gizakian eta gizartean ere zituzten albo kalteak analisatuz. Horiez gain, desazkundearen bigarren ildo honen izen aipatuenen artean daude André Gorz, Jacques Ellul, Ivan Illich edota Tim Jackson. Pentsamendu ezberdinak garatu arren, neurritasuna ardatz izanen duen gizartea helburu amankomuntzat dute. Gizakiaren duintasuna eta askatasuna aberastasunean baino beharrak zehazteko eta beharrei erantzuteko autonomian dautzala diote.

Gure askatasunak balio du kontuan hartzen baditu planetaren muga fisikoak, ekosistemen konplexutasuna, gizakien hauskortasun osagarria eta kooperazioaren eskakizunak
Desazkundea tabu, baina hazkunde berdea posible?

Desazkundea 1970eko hamarkadan modu sakonagoan teorizatzen hasi ziren, eta mende erdi geroago argi dago ez duela arrakasta handirik izan. Antonio Turielek ARGIAren 2825. alean eskainitako elkarrizketan dioen gisara, hitza bera oraindik tabua da. "Hazkundearen Mugak" txostena atera ondoren, egileei malthusianistak omen zirela leporatu zitzaien, hots populazioa murriztearen aldekoak. Kritika hori fede txarrekoa bazen ere  –populazioak murrizketa bortitzik ez pairatzeko aholkuak ematen zituztelako–, aitortu behar zaio muga bat: kontsumo mailaren aldakortasuna ez zen kontuan hartzen beren modelizazioetan; horregatik aberastasun arrakalaren eragina ez zen agertzen baliabideen agortzean; eta berdin kutsadura pairatzeari dagokionez, ez ziren ageri aberastasun asimetriak. Bertze hitzetan erranda, dimentsio soziala eskas zen lan hartan.

Halere, dimentsio soziala erdian jartzen zuten desazkundearen pentsalariak bazterrekoak izan dira beti, eredu ekonomiko nagusiaren ikuspegitik serioski ez hartzeko utopistak. Desazkundea tabu izatearen arrazoi nagusi bat izan daitezke zorra eta interesak, hazkundera behartzen dutenak, horren ezean krisi ekonomikoak sortzen baitira. Horrek bertze arazo handi bat sortzen du: mundu mailan Barne Produktu Gordina (BPG) praktikan oso lotua zaiola erregai fosilen erabilpenari. Beraz hazkundeak klima aldaketa larritzen du.

Desazkundearen aldarria 2014ko irailean Alemaniako Leipzig hirian desazkundearen aldeko manifestaldia, bertan antolaturiko konferentzia baten karietara. Argazkia: Wikimedia Commons

Azken hiru hamarkadetan, "garapen iraunkorra" aldarrikatzen da NBEko hainbat ekitalditan, eta azken urteotan "hazkunde berdea" aipatzen da BPGa erregai fosilen erabileratik deslotzeari dagokionez. Deslotze hori sektore zehatz batzutan lortzen bada ere, Carbone 4 kontsultaren arabera, klima larrialdiari erantzuteko bortz arau bete behar ditu: izan behar da "absolutua" –BPG eta ingurumenari eragindako albo-kalteak kontrako norabideetara joan behar dira –, "totala" – berotegi efektuko gas isurketa guzietatik deslotu behar da BPGa–, "mundu mailakoa", "iraunkorra" eta "azkarra" –kalte batzuk ez baitute atzera biderik, bi graduko beroketa maila bezala–. Betebehar horiek guziak betetzeko hipotesien egiantzekotasuna oso zalantzazkoa da Carbone 4ren arabera. Ez da beraz hain argi zein den utopikoena: desazkundea ala hazkunde berdea.

Gizakiaren duintasuna eta askatasuna, aberastasunean baino beharrak zehazteko eta beharrei erantzuteko autonomian datzala diote desazkundearen teorialari nagusiek
Eredu ekonomikoak aldatu, berreskuratzeak saihestu

Karbono kontuez gain, estatu baten BPGa erabiltzen da ere zerga mailak ezartzeko eta estatuaren aurrekontu ezberdinak (hezkuntza, osasuna, kultura...) zehazteko. Gaur arte ez da bertze modurik aurkitu, nahiz eta proposamen egituratuak egon. Tim Jacksonek 2007an argitaratu Prosperity Without Growth: Economics for a Finite Planet (“Hazkunderik Gabeko Oparotasuna: Planeta Mugatu baterako Ekononia”) liburuan aurkezten du bere "makroekonomia ekologikoaren" proposamena. Azken horrek hiru ardatz nagusi ditu: enpresaren helburuak aldatu, etekinak maximizatzetik gizartearen "ongi bizitzeko gaitasunerako" erabilgarriak diren zerbitzuetara; inbertsioaren berritzea etorkizuneko oparotasunera bideratua izan dadin; eta gizarteak behar dituen inbertsioak ahalbideratzeko, diru-sorkuntza burujabetza aldatu, banku pribatuen esku bakarrik izan ez dadin.

Tim Jacksonen Prosperity without growth ("Hazkunderik gabeko oparotasuna") ikerketaren azala. Iturria: Sustainable Development Commission of the United Kingdom

Fede txarreko kritikak, eredu ekonomiko hegemonikoa eta balizko hazkunde berdeaz gain, desazkundeak badu orain bertze etsai bat: eskuin muturrak berreskuratzeko arriskua. Deigarria da Alain De Benoist Frantziako eskuin muturreko teorialariak 2007an desazkundeari buruzko liburu bat idatzi zuela. Ez da gertakari bakana, egituratzen ari den mugimendu baten oinarrietariko bat baizik Antoine Dubiau ikertzailearen arabera (ikus Faxismoa berdetu eta ekologia ikuspegi faxistarekin aztertzen duen gaitza da ekofaxismoa, ARGIA 2783).

Ekofaxismoari aurre egiteko, Dubiauren iritziz, desazkundearen ikuspegi sozialista batera itzuli behar da. Geneviève Azam ikertzaileak azpimarratzen du natura aipatzea ez dela darwinismo sozialaren alde aritzea, baizik eta gure askatasunak balio duela baldin eta kontuan hartzen baditu planetaren muga fisikoak, gizarteak bermatzen dituzten ekosistemen konplexutasuna, gizakien hauskortasun osagarria eta kooperazioaren eskakizunak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desazkundea
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
“Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute”

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2022-02-17 | Antonio Turiel
Iraunkortasun-krisia: gure etxea, gure pitzadurak

Antonio Turiel (Leon, Espainia, 1970) ingeniaria itzal handiko aditua da energia-krisia, iraunkortasuna eta desazkundeari lotutako gaietan (ARGIAk 2015ean elkarrizketatu zuen). Berrikitan bere The Oil Crash blogean argitaratu du urtarrilaren 15ean a Vall d'en Bas (Katalunia)... [+]


2018-08-24 | ARGIA
Desazkundeaz nazioarteko biltzarra burutzen ari dira Suediako Malmö hirian

“Garai nahasietako elkarrizketak” darama titulu Suediako Malmö hirian abuztuaren 21etik 25era burutzen ari diren Desazkundeari buruzko biltzarrak,  Desazkundea Ikerketzeko Institutuak antolatuta.


2016-12-23 | Unai Brea
Joan Martinez Alier. Ekonomia aztertzen ekologiaren betaurrekoekin
“Ekonomia ortodoxoak suntsiketari ‘ekoizpen’ esaten dio”

Bartzelonan jaio zen Joan Martinez Alier, 1939an. Bertako Unibertsitate Autonomoan ekonomia katedraduna da, baita Ecología política aldizkariko zuzendaria ere. Ekologia politikoaren eta ekonomia ekologikoaren arloetan erreferente ezinbestekoa da Martinez Alier... [+]


Serge Mongeau. Gutxiagorekin urosago
"Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du"

Egunerokoa soiltasunarekin errimatzen dabil Serge Mongeau (Montreal, Quebec; 1937). Jestu pertsonal hori mugimendu zabal bilakarazteko xedez, La simplicité volontaire (Nahizko soiltasuna) izenburuko liburua argitaratu zuen 1984an. Ordutik, herritarrak hautu horretara... [+]


Eguneraketa berriak daude