Artista tripa-zorroak

  • XIX. eta XX. mendeen artean, gosearen eta barauaren inguruan jardun zuten borondate handiko gizon eta emakume "adoretsuak" izan ziren. Entretenimenduko profesionalak ogibidez, kristalezko kutxa baten barruan asteak ematen zituzten deus jan gabe, ikusleen gozamenerako eta miresmenerako.

Zale horietako asko, gainera, jatera hurbiltzen ziren kaiolako horma gardenetara, penitentziagilearen amorrua sutzeko asmoz. "Gosearen artistak" izenarekin ezagunak, haien egitekoak zerikusi gutxi zuen aurrekari zituzten anakoretekin, zeintzuk arima arazteko helburuarekin, aszetismoaren jarraitzaile sutsu, argal eta goseti bihurtu ziren.

Animatzaile tripa-zorrien eginkizunak, hain justu, irabazi asmo nabarmena zuen: miresleek sarrera ordaintzen zuten, eta artisten espektakuluak euskarri aproposak bilakatu ziren hainbat produktu iragartzeko; tartean, baraualdian edaten zituzten ur mineral botilen markak. Kasu batzuetan, managerra ere izaten zuten. Artisten inguruan jendetzak bildu ziren, eta haien oihartzuna mundu osora hedatu zen. Europan, batez ere, sekulako arrakasta erdietsi zuten. "Gosearen artisten" sonak bat egin zuen beste espektakulu publiko batzuen eztandarekin, zinemarekin edota operarekin.

Jolly (Siegfried Herz) alemaniarra 44 egunez egon zen ezer jan gabe Berlingo Krokodil jatetxean, 1920ko hamarkadaren amaieran. Garaiko 135.000 marko irabazi zituen; hau da, egungo miloi erdi euro inguru. Ekitaldira 150.000 bat zale bertaratu ziren, goseak eragindako kalteak ikustera. Jardun artistikoa profesionalizatzen aitzindaria Giovanni Succi italiarra izan zen. Bera izan zen ikuskizunari balio publizitarioa erantsi zion lehena, eta 20 urteko ibilbidean 30 barau-ekintza burutu zituen. Artista ausartena eta sonatuena izan zen, betiere ekintza guztiak garbitasun osoz egin baziren, –behin, baina, haragi xerra bat jaten eta xanpaina edaten harrapatu zuten Vienako hotel batean, 25. barau-egunean–. Italiarra ospetsu egin zen, New Yorken ere izan zen, eta 45 eguneko baraualdiaren ondotik, hezur-huts eta tripa-festa ederra egin zuen ikusleen aurrean –ohikoa zen ekintzaren bukaeran tripakada publiko batekin ospatzea–.

Franz Kafkak 1924an idatzitako Ein Hungerkünstler ("Gosearen artista bat") kontakizun ezaguna italiar gosetian oinarritua dagoela esan ohi da. Casimiro argitaletxeak plazaratutako kontakizunaren gaztelaniazko bertsioan, Christian Bank Pedersenen En lo mejor del ayuno ("Baraualdiaren onenean") testua jasotzen da, baita Walter Benjaminen beste idazki bat ere. Bada, Pedersenek ondo baino hobeto islatzen du gosearen artearen zioa: “Gosearen artea pisua galtzean datza, baina gorputzak pisu gehiago galtzen duenean, gehiago irabazten du arteak. Artea ez da galtzen bere obraren argaltasun gero eta handiagoaren ondorioz, artistaren obra, obraren artista bera baita".

Bilbon eta Gasteizen, gosebera
Euskal Herria ere bisitatu zuten gosearen artistek. 1901eko ekainaren 1ean, El Heraldo Alavés egunkariaren arabera, Mr. Garnin-ek Bilboko Olinpia antzokia bisitatu zuen, eta Olabeagako auzokide batek 500 pezetako apustua egin zion omen frantziarrari: baietz hamar egun baino gehiago igaro jan gabe. Artistak apustua onartu zuen.

Egunkari horrek gurean gertatutako beste show gosetu baten berri ere eman zuen. Ohiko formatuaren aldaera xelebreago batez baliatu zen Garnié emakume frantziarra: Gasteizen izan zen hamabi eguneko baraualdia egiteko xedearekin, baina bereizgarri gisa, lur azaletik metro batera lurperatuta igaroko zuen baraualdia. 1922ko abuztuaren  1ean lurperatu zuten Florida Parkean, eta 9an atera zuten zulotik.

Gaur egun ere jarraitzen da praktika horiei buruz idazten. Fernando Gómez Viñas (Cordoba, 1966) idazle, itzultzaile eta marrazkilaria da horietako bat, zeinak Los artistas del hambre (o Los origenes de la performance) ["Gosearen artistak (edo Performancearen jatorria)"] saiakera grafikoa argitaratu berri duen; liburuak gosearen artisten ibilbidearen eta ondarearen errepasoa biltzen du. Gosea arte bihurtu duten hainbat sortzaile eta korronte artistiko garaikide aipatzen ditu bere lanean Gómez Viñasek, aitzindarien eta ondorengoen arteko lotura zuzena agerian uzteko asmoz. Marina Abramovic artista serbiarrak, esaterako, The House with the Ocean View ("Ozeanora begirada duen etxea") ekintza aurkeztu zuen 2003an: hamabi eguneko egonaldia egin zuen etxe batean, isilik eta baraurik, eta ikuslegoaren aurrean.

“Neskatxo liluragarriak”
Helburu artistikoak eta enpresarialak gorabehera, gizakiak hainbat arrazoi izan ditu barau egiteko; halere, gehienetan arrazoi mistikoak eta erlijiosoak izan dira tartean. Hala, Kristo edo Buda barau egiten zuten profetak ziren, eta lurreko imitatzaileak ere agertu ziren, tartean, kristau mitologiako basamortuko aita kristauak. Ezagunak dira ere erlijioei lotutako baraualdi kolektiboak, besteak beste, ramadana eta garizuma.

Aszeta ezagunenetako bat Simeon Estilita izan zen, Luis Buñuel zuzendari aragoiarrak zinemara eraman zuena 1965ean, Simón del Desierto ("Basamortuko Simon"). Bada, Simonek, V. mendean, 37 urte igaro zituen zutabe baten gainean. Aurretik, baina, gosearen artisten antzera aritu zen: ziega batean giltzapetu zen 40 egunez, hamar ogirekin eta urez betetako pitxer batekin, eta atea hormatzeko agindua ere eman zuen, tentaldiari eusteko. Atea irekitzean, ordea, Simon konorterik gabe aurkitu zuten, baina bizirik. Ogirik ez zuen jan bitarte horretan.

Behe Erdi Aroan, halaber, barau egiten zuten lehenengo emakumeak azaldu ziren; garai hartan, hain zuzen, dieta bitxia zabaldu zen andre horien artean: ostiaz baino ez ziren elikatzen, bizitzeko Kristo nahikoa zela sinbolizatzeko asmoz.

Horien artean, nabarmentzekoa da Lidwina holandarra (1380-1433), zeinak, ustez, 28 urte eman zituen Kristoren gorputza soilik jaten. Sasoiko korronte mistiko baten protagonistetako bat izan zen, eta bere garrantzia azpimarragarria da. Izotzean patinatzen zegoela, ezbeharra izan zuen. Ondorioz, bizitza osoa ohean eman zuen. Harrezkeroztik, barau egiten hasi zen, eta ikuskariak ere izan zituen. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten lehen pertsonetako bat izan zen, eta gaixo kronikoen santa ere izendatu zuten. Hori dela eta, Lidwinak sendatzeko aparteko gaitasuna zuela jakin zen; hortaz, bisitak jasotzen hasi zen, gosearen artista bat bailitzan. Ez zuen sarrerarik kobratzen, baina fidelek dirua eta opariak uzten zizkioten, bereziki nobleek.

Kristo imitatzen zuten emakume horien ondorengoak dira fasting girls-ak edo baraua egiten zuten neskak, "neska zoragarriak" bezala ere ezagunak. Etxean sartuta, ezer jan barik, bisitariak hartzen zituzten, eta ostiak eta Kristoren aipamenak alboratuta, haien jardunak espektakulu eta negozio itxura hartu zuen, gosearen artisten manerak erakutsiz. Horien artean, XIX. mendearen erdialdeko Sarah Jacob edo the Welsh fating girl ("baraua egiten zuen neska galestarra"). Bi urtez izan zen mauka eduki gabe, eta familia ez ezik, herria bera ere aberastu zuen, bisitariek utzitako sosa eta eskaintzen ondorioz; herriko geltokian gidariak izaten ziren bisitarien zain, Sarah-ren etxerako bidea erakusteko. Jakina, ezinezkoa da horrenbeste urtez jan barik egotea, beraz, iruzurra agerikoa zen: 11 urteko umeak ezkutuan jaten zuen. Amarrukeria zabaldu zenean, haurra medikuen kontrolpean jarri zuten, baina gurasoen burugogorkeria tarteko, hamaika egun ezer jan gabe igaro ondotik zendu zen. Neskato zoragarrien fenomenoa bikain islatzen du Sebastian Lelio zinegileak zuzendutako The Wonder (2022) ("Mirakulua") filmak, zeina streaming bidezko plataformetan dagoen ikusgai.

Barau egiten zuen azken neskatxa famatua Molie Fancher (1848-1916) Brooklyngo enigma izan zen. Gosearen artisten urrezko garaia abiatuko zuen Henry Tanner-en Gosearen doktorea inspirazio izan zen. Sasoiko baraualdi sonatu horien aurrean, eszeptizismoa nagusitu zen medikuen artean, baina Tanner doktoreak erakutsi nahi zuen posible zela baraualdi luzeak egitea, alegia, gorputz humanoa horretarako prestatuta zegoela egiaztatu nahi zuen. Hori dela eta, bere baraualdi propioa abiatu zuen: 40 egun igaro zituen jan gabe, ura baino ez zuen edan, eta hori guztia publikoaren begien aurrean egin zuen. Horiek horrela, mundu osoko ikusleen begiradak gizenduko zituen espektakulu gosetua martxan jarri zuen.

Jardun goseti horren itzalak gaur arte iraun du. Esaterako, 2003an, David Blaine ilusionista estatubatuarra soka batetik zintzilikatutako plexiglasezko kaiola batean sartu zen 44 egunez. Tarte horretan 25 kilo galdu zituen. Aurretik ere antzeko ikuskizunetan parte hartu zuen, baraurik egin ez zuen arren; besteak beste, 2002an, Vertigo ("Bertigoa") izeneko performancea burutu zuen: New York-eko zutabe batera igo eta 35 orduz bertan paratu zen, XXI. mendeko Simeon Estilita bailitzan.

Haatik, Blainek ez zuen gosearen artistek sortu zuten miresmenaren txintik ere jaso, gaur egungo gizartea eta ordukoa erruz aldatu diren seinale. Fernando Gómez Viñasek bere liburuan honela bildu zuen: “Ikusle batzuk prakak jaitsi, eta ipurdia erakutsi zioten; beste batzuek hanburgesak, arrautzak, golfeko pilotak, garagardo botilak eta pinturaz betetako globoak bota zizkioten, eta disko jartzaile batek musikarekin gortu zuen 24 orduz. Eta kasurik txarrenean, gizon bat atzeman zuten kaiola airean mantentzen zuen soka moztu nahi izan zuelako”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-04-09 | Xalba Ramirez
'Poliorkêtês'
Kerobia, hunkigarristak eta xamurtasunaren aitzakia

Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025

--------------------------------------------------------

Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]


Lore bat izan zen

Asfaltoaren azpian, lorea
Testua: Mónica Rodríguez
Ilustrazioak: Rocío Araya
Itzulpena: Itziar Ultzurrun
A fin de cuentos, 2025

--------------------------------------------------------
Liburu honetara hurbiltzen dena harrituta gera daiteke, liburu... [+]

Hasier Larretxea. Arraioz, homosexualitatea, Madril
“Beharrik gauzak garbi nituela, eta ttiki-ttikitatik garbi jakin nuela zer nahi nuen, zerk erakartzen ninduen”

Larretxeatarren oinordea da, aizkolari, harri-jasotzaile, txinga-eramale eta, oro har, herri-kirolari handien ondokoa. Patxi du aita; Donato, berriz, osaba. Hasier Larretxea, aldiz, da gizarte langile, da idazle, da homosexual. Harro beharko genuke denok.

 


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

ANE LABAKA MAYOZ:
“Ama izatean bizitako zurrunbiloari hitzak jartzen saiatu naiz”

Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

Ekainean 20. urteurrena ospatuko du preso politikoen elkartasunezko Hendaiako futbol 7 txapelketak

Hogeigarren edizioa ekainaren 14an egingo da eta futbol partida, bazkari eta kontzertuz josia egongo da. 20 urtez presoekin elkartasunez lelopean ospatuko dute eguna, eta ekintza "bereziak" iragarri dituzte.


Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

Interview. Urez eta hondarrez
Egileak: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Konpainia: Tentazioa.
Noiz: apirilaren 2an.
Non: Victoria Eugenia Klub Aretoan,... [+]


Eguneraketa berriak daude