“Kontalari aunitz dago Euskal Herrian, eta entzule eskas”

  • Errenterian elkartu ginen, Lekuona Fabrikan, ipuin kontalari saioa baitzuen Amaia Elizagoien Varelak. Saioak, ordea, etenik ez zuela izan iruditu zitzaidan, trebetasun handiz astintzen baitu mihia baztandarrak. Ipuin kontalari izateko apustua egin zuen, ahozko transmisioaren garrantziaz jabeturik. Plazaz plaza eta gelaz gela ibiltzen da usu, eta ipuin kontalari izateak dakarren anonimotasuna atsegin du. “Zer kontatzen den garrantzitsua da, baina nola kontatzen den are gehiago zenbait kasutan”, erran digu.

Argazkia: Irantzu Pastor
Argazkia: Irantzu Pastor

Sorkuntzaz bizi zarela esan daiteke?
Bai, zorionez hartu ahal izan dudan hautua da. Jakina ez dela erraza, baina horren aldeko apustua egitea ausardia handiko ekintza izan zait. Urratsa eman ostean, norberak bere lekua topatu eta eraikitzea besterik da. Ibilian-ibilian eraikitzen da.

Zer sortzen duzu?
Nire kontaketak bidaia kolektiboa izan daitezen saiatzen naiz. Haurrak eta helduak nirekin eramaten ditut kontatzen ari naizen bitartean. Historiako pertsonaien bizitza zein ekintzetan murgiltzeko ahalegina egiten dut, entzuleak nirekin batera bidaia dezan. Musika eta hitzari esker, herdoilduta dugun irudimena abiaraztea da helburua. Irudiaren mundu honetan, irudimena alboratua dugu, eta ipuin kontaketak berreskuratzeko balio dezan nahi nuke.

Askori kosta egiten zaizue artista izaera aitortzea zeuen buruari.
Kontalariaren ofizioak badu gainera ezaugarri berezi bat: plazaz plaza egon arren, oso ezezagunak gara. Musikan goi mailan ari den lagun bat dut, eta biok sorkuntzatik bizi arren, errealitate oso ezberdina dugu. Geurea oso intimoa dela uste dut, bertsolari, aktore edota musikarien egoerarekin konpara ezina. Horrek badu bere alde positiboa, jakina. Sorkuntzarako aukera ematen didan proposamen gehienak hartzen ditut, ez baitakit bihar nola egonen naizen, lanik izanen ote dudan. Hori du artistaren bizitzak.

Zer behar du ipuin kontalariak?
Esango nuke kontalari on bati igarri egin behar zaiola hizkuntza menperatzen duela. Igarri egin behar zaio egunerokoan erabiltzen duen hizkuntza dela. Euskaldun gisa gainera, pentsatzen dut gure ipuinek badutela herritarrak sustraitzeko zerbait, ez dakit izendatzen. Magikoa da. Kokatu egiten gaituzte, hemengoak garela gogorarazi eta sentiarazi. Espazioaren bidez, pertsonaia eta hauen errutinen bidez… Publikoa ere kokatu behar du ipuin kontalariak, eta une eta leku horretako saioa bertara egokitu. Gauza gehiago ere behar direla esango nuke, baina hauek dira gutxienekoak.

Ipuin bera, beti modu berean kontatzen denean...
Kolonbiako kontalari batek erraten zuen ipuin bat behin eta berriz modu berean kontatzen denean ipuin hori hil egiten duzula. Berpiztu dezakezu, baina egokiena da urte pare batez gordetzea. Eskerrak eman zurekin egin duen bideagatik eta pausatzen utzi. Litekeena da, epe bat pasa ostean gustu handiz berreskuratzea.

Kontalariak ipuinean sartuta egon behar du, pertsonaiekin kontaktuan egon, pertsona bizi. Modu automatikoan aritzeak kontakizunari funtsa kentzen dio.

"Kontalari on bati igarri egin behar zaio hizkuntza menperatzen duela; Igarri egin behar zaio egunerokoan erabiltzen duen hizkuntza dela". Argazkia: Irantzu Pastor

Aktoretik ere baduzue?
Korronte eta iritzi asko daude honen inguruan; nire ustez, pittin bat bai. Gorputzarekin aritzea atsegin dut, laguntzen duela esango nuke. Eta hizkuntzalaritzatik ere zerbait badudala uste dut. Gure kasuan euskara hizkuntza gutxitua dela kontutan harturik, sinonimoak ere erabiltzen ditut, eta bata bestearen gibelean zerrendatzen ditut haurrek hiztegia elikatu dezaten. Gauzak ikasteko gaitasun handia dute haurrek.

Haurrekin ez ezik, helduekin ere aritzen zara.
Bai, usu haurrekin lotzen dira ipuinak, baina ez da hala. 1970 ingurura arte, aitzin askoz ere ohikoagoa zen Euskal Herrian helduen arteko ipuin kontaketak, eta erraten da garai batean etxeko sukaldea zela ipuin kontalarien gune nagusia. Familian lan errepikakorrak egiten ari zirenean aritzen omen ziren. Umerik egonen zen tartean, baina helduak helduentzat aritzen ziren. Gutxika hezkuntzan sartzen hasi ziren, eta geroztik lotzen da haurrekin ipuinak kontatzea. Baina harago doa, edo joan beharko luke bederen: denok eskertzen dugu ipuinen bidaian sartzea. Helduok aukera eman behar diogu geure buruari ipuin batekin hunkitzeko, negar ala irri egiteko.

Zer behar du entzule on batek?
Entzuten jakin. Aunitzetan 45 edota 60 minutu inguruko saioak izaten dira, eta nabari da nork daukan ohitura eta nork ez. Helduen kasuan eskertzekoa izaten da sakelakorik ez ateratzea, adibidez. Esango nuke entzuten ikasi egin behar dugula, izan haur zein heldu. Euskarak hori behar duela esango nuke, adierazi eta entzuna izan. Horretan ere eragin dezakete hezkuntza zentroek, eta irakasle bat ere izan daiteke ipuin kontalaria, jakina. Borobilean jarri, liburua hartu eta aurrera. Egunetik egunera hobeki eginen du, ziur. Eta ipuina bakarrik ez, gertakari bat, bezperako eguna… Dena delakoa konta daiteke, kontua aritzea baita.

Etxeko ipuin kontalariaz, zer esan?
Edozerk balio duela, pantailak albo batera uztearen erronka gaindituta. Zenbat etxetan ikusten ote da bakoitza pantaila baten aurrean egotearen irudia, elkarrekin solasean aritu ordez? Hitz egitean, kontatzean transmititu egiten da. Emozioak, jakintza, ohiturak… Denetarik. Ez dezagun hori galdu.

Kontalari aunitz dago Euskal Herrian, entzule eskas gaude agian. Eta hori dugu eraldatzeko gaur egun. Dena oso azkar doa irudiaren mundu honetan, eta hitza motela da. Baina moteltasuna ederra da.

Oronoztik mundura, kontu kontari

Txiki izateak ematen duen abantailan sinesten du Elizagoienek. Gauza baten gehiketa eta bestearen kenketa eginez, Oronozen bizitzearen aldeko apustua egin du. “Gure inguruan aunitzek etxe oso handiak egin zituzten, aunitz maizterrak izan zirelako garai batean, eta sos apur bat ukaten hasi orduko familiarendako etxe handi bana egiten hasi ziren. Aita horietako bat da. Etxebizitzaren egoera ikusirik, gurasoen etxearen gainean nire bizilekua egitea erabaki nuen”. Eraiki duen bizilekuaren epelean, Baztango txokoan sortzen du ipuin kontalariak guretzako emaria.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipuin kontalariak
Dorleta Kortazar Alkoz, isilduen ahotsa
“Ipuinek aukeratzen gaituzte kontalariak, eta ez guk ipuinak”

Kortazarrek argi du bera izan arren ipuin kontalaria, entzulea dela bidaiaria. Entzulea da fantasiaren munduan sartzen dena eta hasieran ez bezala ateratzen dena. “Nik publikoa aretotik ezberdin ateratzeko asmoz kontatzen dut. Nik neuk horrela maite dut ateratzea... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


2022-05-25 | Estitxu Eizagirre
Ekainak 4 Ziburuko III. Euskal Liburu eta Diskoen Azoka
Egun bat Euskararen Errepublikan

Ekainaren 4an euskal kulturak hartuko du Ziburuko plaza. Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolaturik, hirugarrenez egingo da Euskal Liburu eta Diskoen Azoka. Bertaratzen diren herritarrek etxeratuko dute aurtengo udarako irakurgai edo entzungai gustukorik, jai-giroan murgilduta:... [+]


2021-12-24 | Reyes Ilintxeta
Amaia Elizagoien. Ameli, ipuinen jostune
“Ipuinek irakaspen bat ematen dizute, irakaspenik emateko desiorik gabe”

Tradizio zaharreko ipuinak, kanpotik ekarritakoak eta han eta hemen entzun eta irakurritakoak dira batez ere Amaia Elizagoien Ameli baztandar gazteak egungo errealitateari josten dizkionak, hitzez eta musikaz.


Haydee Arteaga eta ahozkotasuna

Joan den maiatzean hil da Habanan 105 urterekin Haydée Arteaga ahozko narratzaile kubatarra, “La Señora de los Cuentos”  ezizena zuena.


Eguneraketa berriak daude