Erregai fosilen agortzeak ekarriko duen mundu arraro eta ezezaguna nolakoa izango den zail da asmatzea. Baina gaur egun jadanik ikus ditzakegu zantzu batzuk Hegoalde Globala deituriko herrialdeetan, beti bezala orain ere pobreenek pasako baitute okerren. Joan den urtetik hondamendi egoeran dagoen Sri Lanka bihurtu da energia krisiaren ispilua.
Ondoko kaleko bidaia agentzian pakete turistikoa erosi eta Asia hego-ekialdeko herrialde exotikoren batera joatea, bizitzan behin egin beharreko zerbait bihurtu da klase ertaineko europar askorentzat. Ez baldin bada ikasketak bukatzerakoan, ezkonbidaian joan zaitezke bikotearekin, eta bestela berrogeiak betetzerakoan koadrilarekin. Iberia edo Qatar Airwayseko hegazkinek eramango zaituzte, diesela upelka dariela ipurdiko zulotik. Baina diesela da juxtu gero eta gehiago falta zaiguna, eta hori ondo dakite azken urteetan turistak jasotzera ohituta zeuden Sri Lankan.
Duela urtebete inguru, 2022ko maiatzean Donostia ingurukoa omen den bikote ezkonberri bat herrialde hartara eztei-bidaian iritsi zenean, gertatzen ari zena ezin sinetsita haietako batek Twitterren kontatu zuen ikusitakoa. Ez da iturri oso konbentzionala, eta irakurlea fidatu daiteke ala ez gure kontalari anonimoak hitzez hitz dioenaz. Baina ileak zutik jartzeko modukoa bada hark Sri Lankan aurkitutako errealitate distopikoa: “47 jarraitzaile ziztrin besterik ez ditut (asko maite zaituztet), eta badakit ez dudala oihartzun askorik izango, baina Sri Lankak bizi duen egoeraz hari hau konpartitu nahi dut zuekin, herrialde horretan nagoelako oraintxe bertan oporretan”. Uste zuenaren kontrara, bere mezuak berehala zabaldu ziren sare sozialetan.
Gobernuak papurrak eskatu behar izan dizkio Nazioarteko Moneta Funtsari –3.000 milioi dolar– estatuarena den Ceylon Petroleum Corporation (CPC) konpainia salbatzeko
Turista harrituaren txioa aipatu zuenetako bat Antonio Turiel fisikari eta ikertzailea izan zen. Hain justu, berak jarri gintuen Sri Lankaren lorratzaren atzetik, duela bi aste ARGIAn egin genion elkarrizketan. Turielen esanetan energiarekin “atzeraldi handia” datorkigu, eta datozen hamarkadetan %80 gutxitu beharko dugu kontsumoa: “Hau jadanik gertatzen ari da, banaketa ez delako homogeneoa; Sri Lankan adibidez askoz gehiago ari dira nabaritzen”, dio fisikariak. Hemen ere, beste gauza gehienetan bezala, desberdintasunak baitaude herrialde pobre eta aberatsen artean.
1948. urtera arte Britainiar Inperioaren kolonia izandakoa, Tamil herriak azken hamarkadatan eramandako borrokagatik egingo zaio ezagun irakurle euskaldunari Indiako azpikontinentearen muturrean dagoen irla hori. Berrikiago, Sri Lankak 2022ko uztailaren 9an egin zuen jauzi munduko hedabide nagusietara, milaka herritarrek Colombo hiriburuan presidentearen egoitza asaltatu zutenean. Hiru egun geroago, Gotabaya Rajapaksa presidenteak ihes egin zuen Maldivatarako abioia hartuta.
Rajapaksa familiak Sri Lankan “erregimen oligarkikoa” zuen ezarria aspalditik. Lurraren Adiskideen Sareko Hemantha Withanage ingurumen aktibista srilankarrak erakunde horretako webgunean botatzen dizkien loreak ez dira nolanahikoak: nepotismoa, ustelkeria, botere gehiegikeria, diru publikoaren lapurreta… Horiek dira rajapaksarrek beren herriari opari utzitako legatua.
Herrialdeak hilabeteak zeramatzan egoera jasanezinean. Pandemia aurretik zetorren zorpetze itogarriaren ondorioz, inportaturiko erregaiaren prezioa izugarri garestitu zen, are gehiago Ukrainako gerra piztu zenean, eta agintariek milaka milioi rupia –hango moneta– inprimatzeko harturiko erabakiak inflazioa leherrarazi zuen.
“Sri Lankako esperientziak irakasgai garrantzitsua dakar: politika neoliberalek edozein herrialde krisira eraman dezaketela”, dio Withanagek bere artikuluan. Gobernuak papurrak eskatu behar izan dizkio Nazioarteko Moneta Funtsari –3.000 milioi dolar– estatuarena den Ceylon Petroleum Corporation (CPC) konpainia salbatzeko, eta gaur egun BlackRock bezalako inbertsio funtsei dago salduta ia irla osoa. Askoren ustez Sri Lanka da erregai fosilen amaierak dakarkigun krisi energetikoaren lehen biktima eta etorkizuneko ispilua.
Hiru familia, hozkailu bakarra
Baina itzul gaitezen 2022ko maiatzeko ametsetako ezkonbidaiara: “Hemen duzue bideo bat jendea ilarak egiten agertzen dena… ilarak zertarako? Erregai depositua betetzeko. Momentu honetan pertsonako 15 litroko muga dute gasolindegian”. Errazionamendu hori ezarri zuen Rajapaksak gasolinaren eskasia hasi zenean.
Baina erregai faltak dena jarri zuen hankaz gora, ez soilik mugikortasuna: “Herrialdeko zentralen gehiengoak erregai fosilekin funtzionatzen du, eta hori erosteko dirurik ez dutenez, jendea hamabi orduko argi mozketak jasaten ari da”, zioen gure txiolariak. Bere mezuak irakurtzen jarraitzea, ikusi nahi ez dugun etorkizun ilun horretan barneratzea bezalakoa da: “Gaur gobernuak erregaiaren prezioa eguneratu du eta 400 rupia balio du orain, atzo baino %30 gehiago”, “Bi militar jarri dituzte gasolindegi guztietan”, “Guk fruta batzuk ordaindu ditzakegu euroak ditugulako, autoktonoei ez zaie burutik ere pasatzen”…
Pasa den astean gobernuak hitzarmena sinatu du Txinako Sinopec petrolio konpainia erraldoiarekin; horren arabera CPC konpainia publikoak dituen estatuaren jabetzako surtidore ugari haren eskuetara pasako dira hogei urtez, erregaiaren finantzazioaren truke
Urtebete geroago munduari ahaztu zaio Sri Lanka nola dagoen, baina kolonizatzaile sarraskijaleei ez. Pasa den astean gobernuak hitzarmena sinatu du Txinako Sinopec petrolio konpainia erraldoiarekin; horren arabera CPC konpainia publikoak dituen estatuaren jabetzako surtidore ugari haren eskuetara pasako dira hogei urtez, erregaiaren finantzazioaren truke.
Ez da hori harturiko erabaki bakarra. Energia Atomikoaren Batzordeak onespena eman dio lehen zentral nuklearra eraikitzeari, “Errusiaren laguntza teknikoarekin”, Sri Lankako Parlamentuaren webgunean irakur daitekeenez. Albiste berean esaten da Saudi Arabia interesaturik dagoela Sri Lankako koko-zuntzarekin, desertuan landatu nahi dituen 10.000 milioi arbolen ongarritarako... “Dibisa kopuru handia lor dezakegu”, esan zuen Parlamentuko diputatu batek. Emeterio Arresek idatzi zuen moduan, ez ote dira alferrik ari Iparragirrek utzitako zaku diruaren bila?
Energia krisia zauri sakonago baten beste katebegi bat da, kapitalismoak arazoak elkar lotzen baititu sarritan. Hori gertatu da Sri Lankan. 2021ean Gobernuak neurri harrigarria iragarri zuen: ongarri kimikoak debekatu zituen. Dirua aurrezteko noski. Baina aurretik kimikoz dopatuta zeuden lurrek nekez eman zuten uztarik bapatean ekologikoan landuta, eta gosea zabaldu da herrialde osoan. Orain atzera egin dute, baina ongarriak izugarri garestitu dira energia krisiaren ondorioz.
Arte telebista kateak Sri Lanka: les affamés de la crise ("Sri Lanka: krisiaren gosetuak") dokumentala eskaini zuen otsailean –gaztelaniaz ere azpidatzita–, Arnaud Guiguitant kazetariaren eskutik. Nazima da protagonistetako bat, Colomboko Maradana auzoko ama: "Bizitza gogorra da Sri Lankan. Kezkatuta nago nire seme-alabengatik, badirudi dena okerrera doala eta ez dakit erresistituko dugun". Berak eta bere seme-alabek beste bi familiekin konpartitu behar izan dute etxea eta hozkailua. Agian etorkizuna gaur da, hiru zatitan banatua.
Gazpromekin zuen kontratua ez du berritu Volodymyr Zelenskyren gobernuak eta, asteazken goizean, Europa ekialdea hornitzeko gasaren fluxua eten du errusiar konpainiak.
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]
Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]
Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]
Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.
Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]
Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.