Presoen suizidioa: zer gertatzen da kartzela barruan?

  • Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia indartzen duen protokolo berria jarri du martxan.

Argazkia: Emiliano Bar Unplash CC-By-SA

Suizidioak osasun publikoko arazo garrantzitsua izaten jarraitzen du oraindik ere, eta mundu osoko lehen heriotza kausa ez naturala da. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 700.000 pertsona inguruk egiten dute bere buruaz beste urtero, eta beste asko saiakeran geratzen dira.

OMEk eta Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Elkarteak suizidioaren prebentziorako argitaratutako txostenaren arabera, bere buruaz beste egiten duten presoen gehiengoa epaiketaren zain dago, gizon gazteak dira (20-25 urte), ezkongabeak, eta oro har, legea lehen aldiz hautsi dutenak eta delitu txikiengatik atxilotuak izan direnak. Normalean, delitu horiek legez kanpoko substantziekin dute zerikusia. Bestalde, lau edo bost urte igaro ondoren beren buruaz beste egiten duten presoak zaharragoak izan ohi dira, 30-35 urte bitartekoak.

Preso dauden pertsonen artean, portaera suizida areagotu egiten da biztanleria orokorrarekin alderatuz gero, faktore askoren eraginez eta kartzelan egoteak dakarren eragin psikologikoagatik. Eragiten du, besteak beste, bikotekidea eta seme-alabak kanpoan izateak, familiaren laguntzarik ez izateak, migratzaile izateak, substantziez abusatzeak, buru-nahasmenduren bat izateak, aurrez bere burua zauritu izanak... Hainbat ikerketaren arabera, substantziez abusatzen dutenen suizidio tasa bigarren handiena da Europan. “Espetxean dauden pertsonek beren buruaz beste egiteko arriskua hamar aldiz handiagoa da, gainerako biztanleekin alderatuta”, Marta Aldanondo Arabako Salhaketako kideak azpimarratu duenez.

Espetxean dauden pertsonek beren buruaz beste egiteko arriskua hamar aldiz handiagoa da, gainerako biztanleekin alderatuta

Presondegiek presoen osasuna eta segurtasuna babesteko erantzukizuna dute, eta hori egin ezean, legearen aurka egin daiteke. Espainiako Konstitzuzioaren 25.2 artikuluak jasotzen duenez, “kondenatuak oinarrizko eskubideak izango ditu; ordaindutako lana izateko eta Gizarte Segurantzaren onura guztiak izateko eskubidea izango du, baita kulturaz gozatzeko eta nortasuna guztiz garatzeko eskubidea ere”. Konstituzioaren arabera, askatasun-gabetze zigorrak birgizarteratzera bideratu behar dira. Oro har, espetxean dauden pertsonek eskubidea dute intimitaterako eta osasun eta segurtasun baldintza onak izateko. Baita eskubide politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak izateko ere.

Suizidioak saihesteko, ikuspegi zabalagoa
Osasun profesional nahikoa ez izatea gero eta arazo handiagoa da azken urteetan. Osasun mentalaren arloan ere, psikologoen urritasunak eragin negatiboa du pazienteen arretan eta zaintzan. Kontuan izan behar da hainbatetan osasun mentala eta suizidioa elkar lotuta doazela. Eta presondegietan lanean ari diren profesionalek baieztatu digutenez, espetxeetan dagoen osasun profesionalen falta gizartean oro har dagoena baino are handiagoa da, horrek dakarren guztiarekin.

Jose Mari Loizaga Hiesaren aurkako batzordeko kideak adierazi du “laguntzarako presoaren” figurak “modu oso garrantzitsuan” laguntzen duela suizidioa prebenitzen. Ziegan bere buruaz beste egiteko arriskuan daudenekin batera zelda berean jartzen diren presoak dira laguntzarako presoak. Loizagaren hitzetan, suizidatzeko arrisku hori duen pertsonak jakin behar du beste preso batekin egongo dela bere burua zauritu ez dezan, eta etengabeko laguntza horrez gain, esku-hartze psikologiko eta psikiatriko baten laguntza izan behar du.

Suizidioei aurre egiteko, ikuspegi zabalagoa behar da, bere buruaz beste egiteko arriskuan dauden presoei arreta emateko neurriak barne hartuko dituena, bai eta arrisku zeinuak antzemateko eta erantzun egokia emateko ere. “Oso zaila da eragoztea preso dagoen pertsona bat erabateko etsipenean ez erortzea, baina gure ingurunea hobetzea baino babes-pilula hoberik ez dago, eta horretarako oinarrizko beharrak estali behar dira”, gaineratu du Loizagak.

Suizidioak saihesteko, bizitzako eta espetxeko egonaldia hobetu behar dira. Loizagak azaldu duenez, ondorengo neurriak lagungarriak izan daitezke: espetxeetan osasun mentaleko langile gehiago izatea, espetxeratuei laguntza emozionala eta soziala emateko jarduerak sustatzea, bizi-baldintzak hobetzea eta gizarteratzeko politikak sustatzea, besteak beste.

Jose Mari Loizaga, Hiesaren aurkako batzordea: "Ingurunea hobetzea baino babes-pilula hoberik ez dago, eta horretarako oinarrizko beharrak estali behar dira"

Bi heriotzen ostean, protokolo-aldaketa
2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen EAEko hiru espetxeen kudeaketa: Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak. Beatriz Artolazabal orduko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zuenez, lanaren ardatz nagusiak “genero-ikuspegia, biktimentzako arreta eta giza eskubideen defentsa” dira. Eta, gainera, gehitu zuen “justizia modernizatzea eta talde ahulenekiko hurbiltasuna” dituztela helburu, baita “presoen gizarteratzea eta laneratzea prestakuntza-ikuspegitik lortzeko bokazioa” ere.

Presoen aldeko Salhaketa elkarteko Marta Aldanondok adierazi du “oso hitz onekin” abiatu zutela eskumena, baina, oraingoz, Jaurlaritzaren kudeaketa zegoenaren jarraipena baino ez dela. Era berean, adierazi du “lan garrantzitsua” egin ahal izan zutela eskumena beren gain hartu baino lehen ere, baina “ez zutela egin”.

Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak protokolo berria jarri du abian, aipatu dugun laguntzarako presoaren figura erdigunean kokatzen duena. Euskal espetxeek prestakuntza ikastaroak emango dizkiete preso horiei, hainbat gaitasun har ditzaten, eta ordainsariak jasoko dituzte. Protokoloak espetxeek 2014. urtean emandako jarraibideak eguneratzen ditu, eta erreferentzia gisa hartzen ditu beren buruaz beste egitea prebenitzeko Zaballako kartzelako programa eta Kataluniako espetxeen protokoloa.

Baina protokolo aldaketa ez da gertatu aste bakar batean bi heriotza izan diren arte; bat Zaballako espetxean, eta bestea Martutenekoan, pasa den martxoan. Hego Euskal Herrian, 2015etik hona hamar preso hil dira.

"Mingarriagoa izan da batzuetan biolentzia instituzionala, heriotza bera baino"

Zuriñe Rodríguez (ezkerrean) eta Ana Álvarezek utzitako irudia da. Maleken heriotzaren astean atera zuten argazkia, “elkar zaintzen”.

Malek preso zegoen Zaballan, 2020ko irailetik. 2023ko otsailaren 28an, bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen eta ez zegoen suizidioaren prebentziorako programan sartuta, horretarako “zantzurik” ez zegoelako, Eusko Jaurlaritzako Bingen Zupiria sailburuaren arabera. Bozeramaileak esan zuen “harriduraz” hartu zuela berria, eta espetxeak informazioa eta “laguntza” emango ziola familiari. Maleken familia diren Zuriñe Rodriguez eta Ana Álvarezek, ordea, euskal administrazioaren laguntza eza, traba burokratikoak eta arrazakeria salatu dituzte.

Bazenekiten Malek egoera latzean zegoela, bisita batean berak hala jakinarazita. Aukera izan al zenuten presondegiko norbaiti abisua pasatzeko?
Ez, baina ez genuen espetxeko inor ohartarazi beharrik, ezin da familiarengan jarri abisuaren erantzukizuna. Horrek eragina izan zezakeen Malekengan, ez zelako bere borondatea errespetatzen. Izan ere, bere egoeraz eta laguntza eskatzeko aukeraz hitz egin genuen berarekin.

Asko dira droga-menpekotasuna sufritzen duten pertsonak espetxean. Maleken kasuan, droga kontsumoa nabarmen igo zuela ziurtatu duzue. Nahiko kontrol al dago espetxeetan droga kontsumoarekin?
Ez, guztiz kontrakoa. Hain zuzen, espetxetik kanpo inoiz kontsumitu ez zituen substantzia batzuk kontsumitzen hasi zen Malek. Presoak kontrolatzeko, espetxeetako langileek droga sartzen dute, eta desintoxikazio programak ere ez dira guztientzat eskuragarri. Zuzendaritzarekin bildu ginenean esan ziguten senideak direla droga sartzearen erantzuleak. Aski da. Pandemian heroina asko sartu zen eta ez zegoen bisitarik.

"Malek-ek ez zuen tratamendu terapeutiko integralik izan. Hilabete eta erdi lehenago suizidio saiakera bat izan zuen, eta agerian geratu zen bere egoera zein zen"

Bertsio ofizialaren arabera, Malekek bere buruaz beste egin zuen, nahiz eta ez zegoen suizidioen aurkako protokoloan, espetxeko zaintzako langileek ez zutelako horretarako arriskurik ikusi. Baina hil aurretik suizidatzeko beste saiakera bat egin zuen. Zerk huts egin du?
Ez zuen tratamendu terapeutiko integralik izan. Hilabete eta erdi lehenago suizidio saiakera bat izan zuen, eta agerian geratu zen bere egoera zein zen. Malek ez zen medikuez fio, tratamendua ez delako beti egokia izaten. Beraz, haiek azaldu beharko dute zerk huts egin duen.

Arazoak izan dituzue Maleken pasaportea eta heriotza agiria eskuratzeko; horiek gabe ezinezkoa zen gorpua Aljeriara bidaltzea. Zer gertatu da?
Pasaportea atxiloketa egunean entregatu zen, eta heriotza egunean ez zitzaigun itzuli. Bistan denez, arduragabekeria dago. Pertsona baten zaintza baduzu, dokumentazioa jasota izan behar duzu. Galdu egin zuten. Gogorra da esatea, baina mingarriagoa izan zen batzuetan biolentzia instituzionala, heriotza bera baino.

Nolakoa izan da euskal administrazioaren tratua prozesu burokratikoan zehar?
Oro har, tratua gizatasunik gabekoa izan da. Sailburuak publikoki esan zuen familiari laguntza emango ziotela, baina familiak jarri behar izan du haiekin harremanetan. Ez digute utzi ehorztetxea aukeratzen, eta hiletarako eta aberriratzeko dirua negoziatzera behartu gaituzte. Gaur egun, ez dugu haien berririk izan. Salatu dugu.

Maleken heriotzaren aste berean, beste preso batek ere bere buruaz beste egin zuen.
Euskal administrazioa arduradun zuzena da, haien zaintzapean daude presoak. Orain gutxi Jaurlaritzak suizidio protokoloa aldatu du, baina horretarako, zenbat heriotza eta zarata mediatiko behar izan da? Horrek agerian uzten du preso dauden pertsonekiko duten interes eskasa.

Babesten al dira presoen eskubideak?
Ez, eta ez bakarrik suizidioari lotuta. Ez dakigu espetxe baten barruan zer gertatzen den, ez dago horren kontrolik, eta ez dakigu eskubideak urratzen diren ala ez. Badira presoen eskubideak zuzenean urratzen dituzten zigorrak, hala nola paseoak galaraztea edo ziegan egun luzez giltzaperatzea.

Nola saihestu daitezke suizidioak?
Prebentzioa da gakoa. Presoen, familien eta espetxeen artean koordinazioa egon behar dela esaten du protokolo berriak, baina horretarako harremana bestelakoa izan beharko litzateke. Senide batek ez du harreman ona izango espetxearekin, horrek senidearen eskubideak zigortzen eta urratzen baditu. Presoak, gainera, intimitaterako eskubidea du eta berak erabakitzen du bere egoera zeinekin partekatu nahi duen eta zeinekin ez. Kontrolaren ordez, arreta psikologiko integrala da behar dena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den seigarren presoa... [+]


“Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du”

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
“Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan”

Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]


2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


Espetxeko azken heriotza “izebergaren punta” besterik ez dela dio Salhaketak

Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]


Preso bat topatu dute hilik berriro ere Zaballa espetxean

Salhaketa Arabak eman du heriotzaren berri. Elkartearen arabera, 47 urteko jatorri hegoamerikarreko gizonezkoa da hildakoa, eta bere burua urkatu du. Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik Arabako espetxean hiltzen den bigarren presoa da.


Amaitutzat eman dute gose greba preso politiko maputxeek, 100 egun igaro ostean

Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Gutxienez 41 emakume hil dira espetxe batean Hondurasen

Presoen arteko liskar batek eragin ditu hilketak, polizia iturrien arabera. Azken urteetan Honduraseko espetxe batean gertatu den ezbehar handienetarikoa da.


Frantziako presondegi guztiek giza-eskubideak urratzen dituzte

Iragan urteko Frantziako Estatuko presondegien bilanak egoera gordina utzi du agerian. Dominique Simonnot txostenaren arduradunak azpimarratu du kartzelak jendez gainezka direla, beren edukieraren %200eraino batzuetan. Gain populakuntza horri lotzen dizkiete baldintza oker... [+]


2023-04-25 | Hala Bedi
Beste zazpi euskal preso politiko gose greban, Garikoitz Etxeberriarekin elkartasunez

Garikoitz Etxeberria Goikoetxea preso lizartzarrak gose greba hasi zuen Zaballako espetxean apirilaren 19an, zelda partekatzera behatu eta uko egin zionean zigor bezala isolamenduan jarri zutela salatzeko. Orain, beste zazpi preso batu dira gose grebara elkartasunez.


Eguneraketa berriak daude