Txikitatik gustuko izan ditu panpinen etxetxoak Jeru Asurmendi artisauak (Artaxoa, Nafarroa, 1961). Alaba txikia zelarik etxetxo bat oparitu zion, eta garai hartan ez zituenez nahi beste miniaturazko figurak aurkitu, elkarrekin sortzen hasi ziren. Hasieran zaletasuna zena ogibide du gaur egun; bere kabuz ikasi zuen guztia. Etxean dauka lantegia, eta figurak egiteko materialez josita ditu apalak.
Zerk piztu zizun panpinen etxetxoenganako interesa?
Txikia nintzenean, txikleekin batera, kromo txiki batzuk ematen zizkiguten album bat osatzeko. Denetarik zegoen: etxetxoak, sofak... Bilduma egiten hasi nintzen eta horrek panpinen etxetxoetan pentsatzera eraman ninduen. Orduan ez neukan etxetxorik, baina Mikele alaba jaio zenean, galdetu nion ea etxe bat nahi zuen, eta hortik aurrera elkarrekin egiten hasi ginen. Oso trebea da bera ere.
Errazagoa da orain?
Orain aukera gehiago daude, baina lehen oso zaila zen figurak aurkitzea, eta neure kabuz egiten hasi nintzen. Ehuntzen ikasi nuen horrela, oso gazterik.
Nola ikasi duzu?
Batez ere, aldizkariekin. Pila bat ditut, eta figurak egiteko tutorialak dituzte [apaletik hartu eta aldizkariak zabaldu ditu]. Pentsatzen, makinatzen eta aldizkarien laguntzaz sortzen ikasi dut. Horrez gaiz, Madrilera joan nintzen alabarekin, eta han Ingalaterrako emakume bat ezagutu genuen; alabak jakiak egiteko liburu bat erosi zion.
Hasieran zaila zen figurak ongi egitea?
Bai, oso. Kostatzen zitzaidan, eta denetarik botatzen nuen zakarretara. Baina, orain, bota beharrean berreskuratzen saiatzen naiz, eta beste zerbait sortzen dut.
Familiarekin egoteko modu bat ere bazen?
Alaba ondoan jartzen zen, eta poliki-poliki egiten zituen gauzak. Ilobekin ere duela gutxi arte igandero eskulanak egiten ibili naiz.
Nola pasa zen zaletasuna zena lana izatera?
Beti eduki dut soldatapeko beste lan bat, baina langabezian geratu nintzenean ez nekienez zer egin, eta ez nuenez etxean geratu nahi, minbiziaren aurkako elkarte batengana jo nuen. Langabezia kobratu bitartean, figurekin irabazten nuena elkarteari ematen nion. Orduan ikusi nuen lan bat izan zitekeela, ongi ematen zitzaidalako.
Etxetxoekin hasi eta jaiotzak egitera pasa zara. Zergatik?
Etxetxoak eta jaiotzak bateragarriak direnez, biak egiten nituen, baina jaiotzak gehiago saltzen direnez nahiago izan dut horretan jarri arreta. Azken finean, etxeak bildumazaleentzat dira, eta jaiotzak, jende gehiagorentzat.
Nola uztartzen dira biak?
Panpinen etxetxo bat apainduko banu barrutik, jarri nezakeen edozer gauza: apala bat, banku bat... Eta jaiotza bihurtuko nezake. Alabak esaten dit ez egiteko jaiotza ilunak besteen antzera, politagoak direla kolore argiekin.
Zergatik dituzu gustuko hainbeste jaiotzak?
Izugarri gustuko dut nirekin beti Gabonak izatea. Ingurukoek esaten zidaten gurasoak hiltzean ez zitzaizkidala gustatuko Gabonak, baina ez dut zaletasuna galdu.
Nolakoa da zure jaiotza?
Ez daukat jaiotzarik [barre egin du]. Bitxia da, baina lagun batek jaiotza bat eskatu zidan behin, eta txikia atera zitzaidanez, nirea eman nion. Pentsa, alabari ere, Olentzero egin nionerako bost urte pasa ziren. Hasieran, basoan zegoen Olentzero bat sortu nion, baina azoka batean istant batean saldu nuen pieza hura, eta beste bat egin behar izan nion.
Gogoan duzu egin zenuen lehenengo figura?
Agian txakurtxo bat zen, edo laranja batzuk ere izan zitezkeen, ez dakit. Berez, meloi batzuk izan behar ziren, baina ez zitzaidan ongi atera; hala ere ni pozik.
Lehengo azoka zure herrian izan zen, Artaxoan. Berezia izan zen?
Bai, poz-pozik nengoen, eta dena saldu nuen. Herrian denek ezagutzen naute.
Jendeak atzean dagoen lanari behar besteko aitortza ematen dio?
Ez dut uste. Hala ere, emaitzak ez du hil ala biziko garrantzia: zorionez, figuraren aurpegia gaizki atera arren, baditut bezeroak erosten dutenak eta liluratuta daudenak, lan artisaua delako.
Zein da arrakasta gehien duen figura?
Olentzero. Olentzero eserita erostea ongi dago, baina nik basoan, ikatza egiten edo ipuinak kontatzen jartzen dut. Eta jendeak gehien gustuko duena da Olentzero Gabonetako etxetxoa prestatzen.
Figurek ba ahal dute antzekotasunik haien artean?
Denak desberdinak dira. Ez dut nire lanen argazkirik ateratzen, apropos, ez dezadan oinarritzat hartu besteetan egin izan dudana. Bestela, azoka guztietan salduko nituzke lan berdinak, eta horrek ez dauka graziarik.
Zer nolako materialak erabiltzen dituzu?
Erretzeko papera, batez ere tipulak eta baratxuriak egiteko, eta fimoa figurak egiteko ere bai.
Materiala birziklatzen duzu?
Bai, denetarik: puruen kutxak, alezko apaingarriak, egur zatiak eta oihalak, bereziki.
Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat azokatan egon zara, baina orain soilik Nafarroakoetan ibili nahi duzu; zergatik?
62 urte ditut, eta lasaiago ibili eta etxetik gertu bizi nahi dut. Lehen hamar egun egoten nintzen kanpoan, baina orain horrek ez dauka magiarik niretzat.
Nola ikusten duzu lanbidearen egoera? Uste duzu etorkizuna daukala?
Uste dut betirako iraungo duela, eta bestela itxaron dezatela nik erretiroa hartu arte.
Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza miniaturazko figurak egiten; “xarmagarria” eta “pazientzia handiko” emakumea dela dio: “Ez daukat beste erremediorik, nire lanerako pazientzia handia behar da. Askotan emaitza ikustean ez da uste nuena bezain ona, eta ukituak egin behar izaten zaizkie. Horrez gain, hainbat kasutan, ehundu edo bordatu ere egin behar izaten da”. Txikitatik sormen “handikoa” dela gaineratu du: “Esan ohi dut ez naizela zahartuko, beti nagoelako proiektu berriak makinatzen”.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]