"Emakume ez da sortzen" zioen 1978an Monique Wittigek, 30 urte lehenago bazterrak irauli zituen Simone de Beauvoiren "emakume ez da sortzen, egin egiten da" esaldia bereganatuz. Jendarteak genero-eraikuntzaren baieztapenaren liseriketa oraindik egiteke zuela, urrats bat aitzinago kokatu zuen berea: sexu kategoriak ere eraikuntzak dira. "Pentsamendu heterozuzena" –Straight Mind– kontzeptu politikoaren teorizatzaileen artean dugu.
Orain dela hogei urte zendu zen, urtarrilaren 3 batez, bihotzekoak jota. Bi hamarkada geroago datoz orduan jaso ez zituen aitortzak, eskertzak eta kontsiderazioak. Bizirik zela, zubi guti eta pareta anitz kausitu zituelako –oztopo gogorrenak lagun feministenak zituen, iraultzarako subjektu gisa irudikatu zituen horienak–.
Denborak arrazoi eman dio –edo denboraldi luze hori behar izan da sexu-eraikuntzaren ideiari lekua egiteko–. Isilduak edota irainduak izandako bere proposamenek aitzina egin dute, teoria feministak bideratuz eta 1990eko hamarkadan garaturiko queer pentsamenduari ere bidea irekiz. Sekula baino gehiago bizirik da Monique Wittigen pentsamendua. LARRUN bideratu diogu, ezezagunegia den hori doi bat ezagunago egiteko.
Monique Wittig (1935-2003). Lesbiana eta feminista. Lesbiana erradikala eta feminista materialista; lesbiana materialista eta feminista erradikala. Pentsalaria eta idazlea; idazlea eta pentsalaria. Esku artean duzun LARRUNaren hezurduraz gogoetatzen dabilen kazetariak ez daki, ordea, zertarik hasi: pentsalariaren hausnarketa iraultzaileen azalpenekin ala literaturan egindako ekarpen apurtzaileen aurkezpenekin. Azkenean, joan-jinak izanen dira, biak eskuz esku zeramatzalako, fikzioa ere bere gogoeta politikoa gorpuzteko lanabes zuelako. Zioen "gerrarako makinatzat" zuela literatura. Bere bataila: sexu-kategorien suntsiketa, eta hortik heteroarauaren –"heterosozializazioaren"– desagerpena. Hitzen botereaz kontziente, idazketa kokapen horretatik bideratzen zuen: "Hizkerak ez du errealitatea islatzen, errealitatea bortizki galkatzen eta hezurmamitzen du".
"Lesbianak ez dira emakumeak" dugu seguruenik Wittigen gogoetak eta ekintzak laburbildu ditzakeen bere esaldirik argiena. 1978an New Yorkeko Barnard College fakultatean eskainitako The Straight Mind konferentzian zabaldu zuen, eta 1980ko otsailean ekarriko zuen lau urte lehenago utzitako sorterri Frantziara, Questions féministes aldizkariaren bitartez, La Pensée Straight izenburupean. Bere liburu ezagunetarikoa osatuko zuen hitzaldi horretatik tiraka: The Straight Mind (1992) [euskaraz ere irakurri dezakeguna: Pentsamendu heterozuzena (Susa, 2017)]. Wittigek dio lesbianak ez direla emakumeak, gizon batekiko harreman sozial espezifikoak duelako "emakume" kategoria bermatzen. Hori horrela, heterosexualitatetik "libratuz", lesbianek emakume kategoria deuseztatzen dutela izan da bere pentsamenduaren muina.
Irakurle, gogoan hartu Le corps lesbien [“Gorputz lesbianoa”] argitaratzen duenean homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendan sartua izateaz gain,
legalki delitu ere
dela Frantziako Estatuan
Generoaren eta sexuaren arteko bereizketa ez zuen onartzen, horrek erran nahi duelako batetik badugula sexu soziala, eraikia eta kulturala –generoa–, deseraiki beharrekoa, eta bestetik, errealitate natural eta biologiko bat –sexua–. Idatzi zientifikoen zein fikziozkoen bidez, naturalizazio hori gezurtatzen aritu izan da, sexu kategoriak anatomiari lotzeak gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizketaren, hierarkizazioaren eta hortik zapalkuntzaren naturalizazioa dakarrelako. Bistan da, sistema erreproduktiboan diren aniztasunak ez ditu zalantzan jartzen, baina, azkenean, digestio-aparatuari begira jarri arreta bezainbeste beharko luke gorputzeko atal horrek. Funtsean, ez dezala guzia bidera eta baldintza.
Hortik tiraka, heterosexualitatea politizatu beharra aldarrikatzen zuen, sistema politiko gisa kokatuz, zeinetan gizonezkoen klaseak emakumezkoena zapaltzen duen. Hots, heterosexualitatea ez dela desira pertsonal soila: "Sexurik ez da. Sexua bada zapaldua eta zapaltzailea badagoenean. Opresioak dakar sexua, ez da alderantzizkoa", irakurri dezakegu Pentsamendu heterozuzena-n. Lesbianak emakumeak ez direla dioen postura hortik bideratzen zuen, klase-zapalkuntza horretatik aske bizitzeko aterabide gisa planteatuz. Zentzu beretik, On ne naît pas femme ("Emakume ez da sortzen") idatzia publikatuko zuen Questions féministes-en, Simone de Beauvoiren esaldi ospetsua –"emakume ez da sortzen, egin egiten da"– berera moldatuz: "Emakume ez da sortzen" eta puntu.
Irakurle, gogoan hartu 1980an garela. Mentalitateak inarrostera etorritako de Beauvoiren esaldiak 30 urte besterik ez dituela eta oraindik bide luzea duela egiteko: antolaketa soziologikoa, ekonomikoa, politikoa zein kulturala generoan oinarrituriko binarismoak bideratzen ditu, eta norberaren baitan zein jende-harremanetan eragin handia du. Horrez gain, Frantziako Estatuan homosexualitatea oraindik buruko gaixotasunen zerrendan sartua da, eta gainera, legalki delitu gisa kontsideratua da. 1981eko ekainaren 12an kenduko zuten gaixotasunen zerrendatik, eta urte berean desagertuko ziren polizia-prefekturetako "pederasta-zerrendak" zeinetan markatuak ziren gayak eta lesbianak. 1982ko abuztuaren 4an homosexualitate-delitua indargabetu zuen François Mitterrand lehendakari sozialistaren gobernuak. Testuinguru horretan errazki irudikatu dezakegu Wittigen analisiek eta proposamenek eragindako ez-ulertuak baita haserreak ere.
Nola ez, berdin-berdin erraza zaigu imajinatzea 1973an publikaturiko Le corps lesbien ("Gorputz lesbianoa") liburua esku artean topatzeak zer nolako harridura, indarra, argibidea eta salbamendua ekarriko zion orduko lesbianari ala gayari. Ondokoa adierazi zuen publikatzerakoan: "Tematikan, hiztegian eta testuran osoki lesbianoa izanen zen liburu bat idatzi nahi nuen; liburu lesbianoa hastetik bururaino, azaletik atzeko orrira arte". Gorputzaren eta sexualitatearen berridazketa kausitzen dugu liburuan, beharturiko heterosexualitateak modelaturiko hitz, ikuspegi, anatomiaz eta istanteetatik urrun.
“Sexurik ez da.
Sexua bada zapaldua eta zapaltzailea badagoenean.
Opresioak dakar sexua, ez da alderantzizkoa”
(Wittig, The Straight Mind)
Horra hemen Pentsamendu heterozuzena liburuko pasarte bat, bere ikuspegia bere hitzetatik jasotzeko: "Nik ezagutzen ditudanetan, lesbiana da sexu-kategorietatik harago (emakume eta gizon) dagoen kontzeptu bakarra, subjektu izendatua (lesbiana) ez baita emakumea, ez ekonomikoki, ez politikoki, ez ideologikoki. Honatx zerk egiten duen emakume bat: gizon batekiko harreman sozial espezifiko batek, joputza deitu dugun harreman batek; eginbehar pertsonal eta fisikoak ez ezik eginbehar ekonomikoak ere ekartzen dituen harreman batek ("bizileku behartua", etxeko lanak, ezkontzako eginbeharrak, haurrak mugarik gabe izatea, eta abar). Lesbianek, heterosexual bihurtzeari edo irauteari uko eginez, ihes egiten diote harreman horri. Gure klasearen desertoreak gara, hala nola esklabo amerikar iheslariak, esklabotasunari ihes egin eta askatzen zirenean. Emakumeontzat, premia absolutua da hori; iraungo badugu, gure indar guztiarekin deuseztatu beharra daukagu emakumeen klasea, zeinaren bidez gizonak emakumeez jabetzen baitira. Hori lortzeko, heterosexualitatea deuseztatu beharra dago, ezinbestean, gizonek emakumeak zapaltzen dituzten sistema sozial bat den aldetik; zapalkuntza hori zuritzeko, sexuen arteko desberdintasunaren doktrina sortzen duen sistema den aldetik".
Ikuspegi materialista zuen eta bera dugu Frantziako Estatuan loraturiko feminismo materialistaren oinarrian. Wittigekin batera, ezin aipatu gabe utzi Christine Delphy, Nicole-Claude Mathieu, Colette Guillaumin, Paola Tabet, Monique Plaza eta Emmanuèle de Lesseps, guziak ikuspegi horren teorizatzaileak. Topatu ditzakegu beraien gogoetak Questions Féministes aldizkariaren artxiboetan. 68ko Maiatzaren biharamunetan, ikuspegi marxista zabaldurik zen Parisko mugimendu sozial ezberdinetan eta beraiek ere hortik begiratzen zioten emakumeen zapalkuntzari eta askapenari.
Elèonore Lipenardek eta Marylène Lieberek idatzitako Théories matérialistes du genre ("Generoaren teoria materialistak") artikulua lagungarria zaigu pentsamendu honen nondik norakoak xehekiago identifikatzeko. Ondoko definizioa dakarte: "Ortodoxia marxistarekin hautsiz (zeinen arabera kapitalismoaren bukaerarekin zapalkuntza mota guzien bukaera daukagun, emakumeek bizitakoa barne), 1970eko hamarkadako planteamendu feminista marxistak eta materialistak erabateko zapalkuntza-sistematzat du patriarkatua. Kapitalismoa eta patriarkatua emakumeen klasea kaltetzen duten antolamendu sozialen oinarrian daude eta horri aurre egin ahal izateko, ezin zaio esparru produktiboari (lana) bakarrik kritika egin. Ikuspegi horrek harremanen ardatzetik bideratzen du bere irakurketa: gizonak eta emakumeak klase bezala kontsideratzen dira, burgesekin eta proletarioekin analogia eginez".
“Wittigek beste zerbait eskaintzen digu:
zeiharka doan irakurketa lesbianoa, politikoa eta literarioa. Haizearen norabidearen kontra doana, ARAUEI eta ohiturei bizkarra erakutsiz”
Emilie Noteris
Bi kokapen horietatik –lesbiana subjektutik eta feminismo materialistatik– mintzo zen Parisen osatu berri zuten MLF Emakumeak Askatzeko Mugimenduaren (Mouvement de Libération des Femmes) asanbladetan. 68ko Maiatzak ekarriko zuen MLFren sorrera, gertakari ezkertiar iraultzaile horren baitako kolektiboetan ez zelako emakume izateagatik jasandako opresioen borrokatzeko lehentasunik.
1970ean osaturiko MLF izan zen Frantzian mugimendu feminista lorarazi zuen eragile nagusia. Pariseko karriketan milaka emakume batzen zituen, Sorbona Unibertsitateko anfiteatroak betetzen zituzten asanbladen kari, eta nola ez, Parisetik haratago zabaldu zuen feminismoa –Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista ezin daiteke ulertu kolektibo hori kontuan hartu gabe–. Baina ezin laudorioetan bakarrik gelditu. Feministoi inbidia eta harrotasuna sortzen dizkiguten argazki zuri-beltzek beraien arteko eztabaidak, desadostasunak eta aharra zalapartatsuak islatzen balituzte, begietako mina ukanen genuke.
MLFren baitako desadostasunei dagokienez, arantza nagusien artean zuten Wittigen irakurketa, mugimendu feministaren subjektua bera –emakumea– zalantzan jartzen zuelako. Gehiengoan ziren feminista heterosexualek ez zuten beraienari hortik begiratzeko jarrera irekirik. Oro har, ez zen lesbianen bizipenentzako, begiradarentzako eta hausnarketentzako lekurik. Emakume zuri, heterosexual eta klase ertain-altukoak ziren gehiengoan eta haien kokapenetik haratago ziren errealitateak borrokan integratzeko epelkerian ziren.
Beste eztabaida nagusia zuten materialisten eta Psychanalise et politique –psychépo laburduraz ezagunagoa– taldekoen artekoa. Antoinette Fouque zenak bideraturikoa zen azken hau, diferentzialismotik, esentzialismotik tiraka osaturikoa: sexuen arteko desberdintasuna aldarrikatzen zuen eta lege patriarkaletik at kokaturiko bestelako emakume subjektu bat osatzeko helburuari segi zebilen. Nola ez, sexu-kategoriaren bukaeraren alde zebilen Wittigen irakurketarekin erabatekoa zen talka.
Lesbiana gisa ez zuten lekurik ez mugimendu feministan, ezta gayak gehiengoan ziren homosexualen kolektiboetan ere. Hori horrela, beraien artean antolatzen hasi ziren aski fite. Les Gouines Rouges –"Bollera Gorriak"– sortu zuten 50 bat bollerek 1971ko udan –izena irain baten berreskurapenetik dator, manifestazio batean MLFaren Le torchon brûle kazeta banatzen zebiltzala, paseatzen zebilen gizon batek ikusi eta "hara! Bollera gorriak!" oharra gora-gora erran izanetik–. Buru-belarri inplikatua zen Wittig, baina hor ere ez zuen espero zuen grina kausitu eta hiru urteren buruan desagertu zen taldea.
Tirabirek gaina harturik, MLF desaktibatu zen 1970eko hamarkada bukaeran eta Wittigek, pertsonalki, PARISETIK eta Frantziatik AEB-etara lekutzea erabaki zuen
Tirabirek gaina harturik, MLF desaktibatu zen zortzi-bederatzi urtetara. Wittigek, pertsonalki, Parisetik eta Frantziatik lekutzea erabaki zuen. Bortitza izan zitzaion feminista heterosexualen eta Psychepo taldekoen jarrera, eta ezin jasana parean zuen oztopoa. Ondokoa irakurri dezakegu Adrienne Rich lesbiana poeta eta teorizatzaile ezagunari igorritako gutun batean: "Adrienne estimatua, [AEBetara] heltzerakoan Parisko bizi politikotik ihes egin nahi nuen. Suntsitua nintzen. (…) Infernura egindako bidai baten pareko izan dira zazpi urte horiek (1968-1975)". Bere burua babesteko eta bere teoriari bidea egin ahal izateko utzi zituen 1976an Paris eta bere mundua. Jasandako min eta oztopoak aipatzen ditu 1963 eta 1985 artean idatzitako ipuinak biltzen dituen Paris-la-politique ("Paris-politik-a") liburuan. 1999an publikatu zuten eta ondokoa erran zion Claire Devarrieux kazetariari: “Parabola bati esker distantzia markatu dezakezu. Talde politiko orotan, edozein dela ere, beti funtzionamendu bera daukagu: ez diogu etsaiari eraso egiten, baizik eta hurbilena dugunari, eta horrek min egiten du, hil dezake. Horren eta horrek jendeetan eragin dezakeenaren parabola badago [liburuan]. Substantzia politiko horretan murgildu naizen aldi oro ametsetaraino sartu izan zait, gillotina ezagutu dut, buruaren mozketa. Afrusa izan da".
Sande Zeig maitalearekin kokatu zen AEBetan, eta han eginen zuten beraien bizia, Frantzian ez bezala, bere pentsamenduarentzako espazioa jasoz. "Utopia lesbiano bat eraikitzeko asmoz, hitzez hitz, kontzeptuz kontzeptu", lau eskuz idatzitako liburua osatu zuten hilabete batzuk lehenago, Greziako kostan pasatako oporraldietan: Brouillon pour un dictionnaire des amantes ["Maitaleen hiztegi batentzako zirriborroa"]. Maletan liburu bakar batzuk harturik elikatu zuten obra –Sir James George Frazier-en The Golden Bough, Helen Diner-en Mothers and Amazons, Saforen poema batzuk eta Biblia–. Idazketa fasea gozamena izan bazitzaien, emaitza, ordea, bestelakoa izan zitzaien. Bien izenpean publikatu beharrean, Monique Wittigen izenean publikatu nahi zuen Grasset argitaletxeak, eta zuri nahi zuten liburuaren gibelaldea beraien onespenik gabeko testu batekin inprimitu zitzaien. Ondokoa idatzi zieten argitaletxekoei: "MWek ez du liburu hori bakarrik idatzi. Guretzat, Amazonak ez dira mitologiaren parte. Lesbianon mundu imajinarioa ez da inbentariatzekoa. Gorputzeko atalen ospakizunerako baldin bazen, liburuz tronpatu zarete. MW ez da bakarrik L´Opoponax-en egilea, bada ere Les Guerrillères-ena et Le Corps lesbien-ena. ‘Literatura femininoa’ izendapena bera dugu gaitzesten".
“Bere garaian emakumeek idatzitako liburu gehiago argitaratzeak ez du erran nahi egoera aldaturik zela: kritika literarioak erreakzionarioa eta maskulinista izaten segitzen zuen”
Guzia iraultzen zuen Wittigen pentsamenduak eta oihartzun guti zuen. Zabalpenerako espazioa jasoz ere, editoreek ez zuten osoki asmatzen bidea. Fede txarrez ez bazen ere, Wittigek hautu politikoz bideraturiko osagai anitzen ondotik pasatzen ziren, azkenean, pentsamendu heteroarautik irakurtzen zutelako.
Bere fikziozko liburuak aztertuz jaso ditzakegu bere helburuak eta tirriak. Wittig liburuaren idazle Emilie Noterisek dio “etengabeko genero nahasketan” zela. Horregatik ez zaio egokia iduritzen Frantzian pasatako garaia sorkuntza literarioari eta AEBetan iragandakoa proposamen politikoari lotzeko joera. Ondokoa nabarmendu du: "Teorikoa eta literarioa ez bereiztea da [Wittigen] erronka politikoa, hori landu du bere obran, modu ausart eta ohargarrian. Bere ideia da argi ukatea testuaren idazketa estiloak eta formak filosofia-mailan dakarrena bezainbeste balio dutela".
Bere iritziz, beharrezkoa da, halaber, Wittigen lana ‘Eleberri Berria’ deitu mugimenduaren baitan kokatzea: "Tradiziotik ‘orga-hatzetara’ pasa ziren idazle horiek, Claude Simonen irudiari segi. Asko gustatzen zait errepide nagusitik istorioaren bazterretara pasatzearen irudi hori. Pertsonaien psikologiaren garapenetik, ondo landutako intrigatik, amaiera eta beste bide erosoetatik aldentzeko nahia bazuten. Literaturaren izaera normatibo eta estandarizatutik aldentzeko nahia. Irakurketa-ibilbide markatuetatik aldentzeko nahia. Wittigek beste zerbait eskaintzen digu: zeiharka doan irakurketa lesbianoa, politikoa eta literarioa. Haizearen norabidearen kontra doana, arauei eta ohiturei bizkarra erakutsiz".
"Emakumezkoen idazkera" zein "idazkera femeninoa" izendapenak iruzurtzat zituen, emakumearen klase zapaldua berresteko bidetzat zituelako. Ondokoa zioen: "Ez dago emakumezkoen literaturarik, ez dago. Literaturan ez ditut emakumeak gizonetatik bereizten. Bat idazlea da, edo ez da. Espazio mental horretan sexua ez da erabakigarria. Askatasun espazio bat izan behar dugu. Hizkuntzak ahalbidetzen du. Sexu-kategoriatik ihes eginen lukeen neutrala eraikitzean dugu bidea". 2010ean publikaturiko Chantier littéraire ("Xantier literarioa") obran dakar literaturari eta hizkerari buruz zuen hausnarketa.
‘Emakumezkoen idazkera’ zein ‘idazkera femeninoa’ izendapenak iruzurtzat zituen Wittigek, emakumearen klase zapaldua berresteko bidetzat zituelako
Erabiltzen dituen estrategia politiko eta literarioen artean, azpimarragarriena genuke izenordainen erabilerarena: "Nire liburu guzien gai eta material dira izenordain pertsonalak eta inpertsonalak. Hitz horien bitartez ezartzen eta kontrolatzen da generoa hizkuntzan, baina, berdin-berdin, [generoaren] erabilpena zalantzan jarri daiteke, baita ezeztatu ere hitz horien bitartean".
29 urte besterik ez zituela, Medicis sari ospetsua ekarri zion 1964ko L´Opoponax bere lehen eleberriak. Haur batzuk ditu protagonista, bereziki neska ttipi bat Catherine Legrand izenekoa. Haurren gogoetak ditugu deskubritzen, beraien mintzairan eta hiztegian sentitzen dugula denboraren/adinaren aitzinamendua. Garaiko kritika literario arras gutik azpimarratu zuten liburuan dagoen maitasun harremana. Egileak berak ohartarazi zuen elkarrizketa batean: "Bi neskato ttipien maitasun-istorioa dago (…) baina lesbianismoaren alde hori erabat isilean atxikia izan da". Obra horretarako on izenordainaren hautaketa horrela azaltzen zuen: "Generorik eta kopururik gabeko izenordain horri esker eman nezakeen izaeren berri, sexu banaketa sozialetik kanpo kokatuz; liburuak irauten dueino erabat deuseztatuz banaketa hori". L´Opoponax "maisulana" da, "miresgarria eta oso garrantzitsua", Marguerite Durasen hitzetan.
1969an plazaraturiko Les Guerrillères obran genero ezeztapenarekin segitu zuen, aldi horretan elles izenordaina orokortuz, azkenean, genero marka ezabatzeraino. Lesbianez osaturiko komunitate baten egunerokoa kontatzen du, beraien legenda, ohitura eta sinesmenei lekua utziz, eta beraien askatasunaren parean dituzten gizonen kontrako borroka armatua deskribatuz. Sexu banaketatik at izanen litzatekeen jendarte bat proposatzen du. Obra hori "utopia" edota "epopeia" gisa sailkatu zuen Wittigek berak. Nonbait, 68ko Maiatzatik atera berri, MLFren osaketarekin espero zuen iraultza proposamena dugu.
Hari bat dugu obren artean eta bere barne-gogoeten bilakaera kausitu dezakegu liburu batetik bestera aitzinatuz. L´Opoponax (1964) –kategorizaziorik gabeko kolektibo bat–; Les Guérrillères (1969), Le Corps lesbien (1973) eta Brouillon pour un dictionnaire des amantes (1975) –bide beretik, lesbianen arteko komunitatearen proposamena–; 1985ean Virgile, non ("Virgile, ez") –sistema patriarkalak emakumezkoei bideratu indarkerien kontakizuna–; eta azkenik, Paris-la-politique (1999) –militantzian, eta zehazkiago feministen artean topaturiko botere-harremanei buruzko irakurketa kritikoa–.
Heterosexualitatea politizatu beharra aldarrikatzen zuen, sistema politiko gisa kokatuz, zeinetan gizonezkoen klaseak emakumezkoena zapaltzen duen. Heterosexualitatea
ez da desira
pertsonal soila
2003ko urtarrilaren 3an zendu zen, 67 urte zituela, bihotzeko batek eramanik. Hogei urte pasa direla, sekula baino gehiago bizirik dugu bere pentsamendua. Orain jasotzen ditu bizirik zela errezibitu ez zituen eskerrak eta errekonozimenduak. Horren erakusleiho dugu Kaliforniako Berkeley eta Suitzako Genevako Unibertsitateek Twenty Years Later ("Hogei urte geroago") nazioarteko kolokioa antolatu izana Wittigen heriotzaren hogeigarren urtemuga kari –ekainaren 27an eta 28an emanen zaie bukaera jardunaldiei Genevatik–.
Kuriositatez Euskaldunon Egunkaria-ren 2003ko urtarrileko hemerotekari begiratu dio kazetariak, baina ez, ez zitzaion lekurik bideratu bere heriotzari –ezta aitzinetik ere, bere hausnarketari–. Baina, euskaldunon isiltasuna ez zen salbuespena izan. Ia hogei urteko berantarekin datoz aitortzak, baita sorterri zuen Frantziako Estatuko esfera literario, unibertsitario eta feministan ere.
Susa-ri eskerrak, 2017az geroztik dugu Wittigen Pentsamendu heterozuzena euskaraz irakurtzeko aukera. Bere gogoetak inoiz baino biziago segitzen duenaren marka dugu ere Eva Perez-Ponsek Lisipe bildumaren baitan plazaratu berri duen Erresistentziarako gorputzak: bollerak –bere iritzia jaso dugu hamargarren orrialdean–. XXI. mende hastapeneko feminismoan, transfeminismoan, queer-ean eta LGBT mugimendu politikoan topatu ditzakegu bere ekarpenak; izan bere horretan –gaurkotasun handia izaten jarraitzen dutelako–, izan beretik loraturiko teorietan –ez-binarismoaren aldeko mugimendua, demagun–.
Wittigek utzitakoaren eta jasotakoaren arteko hozka ulertu ahal izateko, ordungo errealitatean kokatu beharra nabarmentzen du Wittig liburuaren idazle Noterisek: "Bere garaian aurrekoetan baino emakumeek idatzitako liburu gehiago argitaratzeak ez du erran nahi egoera aldatua zela" kritika literarioak erreakzionarioa eta maskulinista izaten segitzen zuen. 'Atsoen idazkera' nabarmendu zuten L´Opoponax aipatzerakoan, Marguerite Durasek trufak eta gutxiesteak jasotzen zituen eta Violette Leduc ‘lizuntzat' zuten. Orduan, pentsa! Lesbianismoa gehiegizkoa zen gizonen eskuetan zen esparru horrentzat".
Parisko Père-Lachaise hilerrian ehortzia da. Gizon ospetsuei (Jim Morrison, Honoré de Balzac, Chopin, Oscar Wild…) lotu ohi dugun kanposantu horretan dugu, besteak beste, Sarah Bernhardt, Colette, Rosa Bonheur eta seguru heteroarauak zokoraturiko edo isilarazitako beste lesbiana batzuen artean ere.
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.