Ozeanoak inoiz baino beroago ditugula, egoera ezezagunetara eraman gaitzake El Niño fenomenoak

  • Ozeano globalaren tenperaturak erregistraturiko markarik handiena jo du joan den hilabetean. Aurreko urteekin alderatuz, ezohiko bilakaera nabari da, Ozeano Barean El Niño fenomenoaren baldintzak jartzen ari diren honetan. Adituen arabera, 2024an muturreko tenperaturak ugaritu daitezke, klima beroketa 1,5 graduko mugara helduz. El Niñoren eta beroketa globalaren eraginak gogorrak izan daitezke hainbat herrialderentzat.


2023ko maiatzaren 26an

Urtero, martxoaren bukaeran izan ohi da ozeano globalaren azaleko tenperatura handiena (60° eta -60° latitudeen artean neurtua), hego hemisferioan aurkitzen baitira ur masa handienak –Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barearen hegoaldean nagusiki– eta hango udaren amaieran metatu baitute berotasun gehiena bertako urek. Aurten, halere, bi ezohiko elementu ikus ditzakegu: uren beroketak martxoan gelditu beharrean,  apirilaren 23a arte jarraitu dute tenperatura altuek;  eta orain arte erregistraturiko urterik beroenaren marka (2016koa) nabarmen gaindituta da.

Itsasoari dagokionez, aurtengoa urterik beroena izanen den jakiteko goizegi da, baina momentuz horretara bideratua da, batez ere El Niño deituriko fenomenoa berriz agertzen bada.

Beroketa globalaren 1.5° muga maila datorren El Niño indartsuan ikus dezakegu, eta hori datozen bortz urtetan ikusteko %50eko probabilitatearekin

Ozeano Barearen azaleko tenperatura eta haize erregimenak aldatzen dira modu irregularrean, ”El Niño” hegoaldeko oszilazioa deituriko fenomenoan. Bi fase ditu fenomeno horrek. Batean, “La Niña" izendatua, zeinetan ekialdeko haize indartsuek azaleko urak Ozeano Barearen mendebaldera bultzatzen dituzten, Indonesia aldera. Azaleko ur beroak bertan metatu eta hondoratzen diren bitartean, ekialdean –Ekuador eta Peruko kostetan– sakoneko ur hotzak azalera datozte. Egoera horretan itsas azaleko urak batezbertzekoa baino hotzagoak dira, eta horrek mundu mailako atmosferaren tenperaturan eragina du ere. "El Niño" deituriko bertze fasean, ekialdeko haizeak ahulagoak dira, azaleko urak gutiago mugitzen dira eta ur beroak ekialdean zabaltzen dira. Bi fenomeno horien frekuentzia irregularra da, ez dira beraz aurreikusteko errazak. Azken hamarkadetan, La Niña episodioak urritu dira eta El Niño ugaritu.

El Niño fenomenoak eragin andana ukan dezake

El Niño hegoaldeko oszilazioak atmosfera osoan eragiten du, baina bere eragin gogorrenak Ozeano Bare eta Indiako Ozeanoaren inguruko lurraldeetan gertatzen dira. Ezagutu dugun azken El Niño gertakari indartsua 2014-2016 urteetan garatu zen, eta herrialde kaltetuenak Peru eta Ekuador izan ziren, 40.000 etxe suntsitu zituzten uholdeak tarteko. El Niño gertaeretan uholdeak gerta daitezke Kalifornia edo Uruguai aldean ere, eta eurite handiak Afrikako ekialdean eman daitezke (hori litzateke beharbada eragin positibo bakarra, bertan 2020ko urritik dirauen lehortea arintzeko, alegia). Bertze ondorio potentzialak ez dira onuragarriak: Asia hego-ekialdean –Indonesian bereziki– lehortea; 2022an ezohiko bero uhinak jotako Indian berriro lehortea 2024ko udan; gosez jotako Madagaskarren eta Lesothon ere lehortea eta beroa; Sahel eskualdean eta Australian lehortea ere bai; eta Brasilen bero uhinak hegoaldean eta lehortea iparrean. Australia, Brasil eta India zereal esportatzaileak direla eta, gaurko testuinguruan ondorio larriagoak ekar ditzake egoera horrek.

2022an ezohiko bero uhinak jotako Indian berriro lehortea ager daiteke 2024ko udan, baita Sahel eskualdean, Afrika hegoaldean, Indonesian eta Australian
Klimaren beroketa dela eta, egoera ezezagunetarantz

Berotegi efektuaren ondorioz metatzen zaigun beroketaren gehiena –%90 inguru– ozeanoak harrapatzen du, CO2 isurketen %25 harrapatzen duen bezala. Azken urteotan La Niña nagusi zen, eta horren ondorioz berotasun horren zati handi bat Ozeano Barearen mendebaldeko ur sakonetan gorderik zegoen. Hala ere, klimaren beroketa tarteko, berotasun markak gainditu dira planeta osoan 2021ean eta 2022an zehar, La Niña ez zelako nahikoa atmosferaren beroketa arintzeko. Orain, El Niño baldintzak agertzen ari direlarik, muturreko tenperatura gehiago ere ikus dezakegu.

Columbia unibertsitateko James Hansen klimatologoaren arabera, 2024 izanen da ordurarteko urterik beroena, eta El Niño arrunta edo ahula izanik ere, tenperatura markak gaindituko dira. Erresuma Batuko Met Office erakundeko epe luzeko aurreikuspen zerbitzu arduraduna den Adam Scaifen arabera, litekeena da beroketa globalaren 1,5 graduko muga datorren El Niño indartsuan ikustea, eta hori datozen bortz urtetan ikusteko %50eko probabilitatearekin.

Berotegi efektuaren ondorioz metaturiko beroketaren %90 inguru  eta CO2 isurketaren
%25 ozeanoak harrapatzen ditu

Oraindik ezin da jakin heldu zaigun El Niño hori zein mailakoa izanen den, baina 1,5 gradu da hain zuzen 2100erako gainditu behar ez genukeen beroketa muga, hainbat hondamendiren saihesteko (hala nola, koral arrezife gehienen desagerpena, maila handiagoko urakanen sortzea, edota Bangladesh eta Maldibak bezalako lurraldeen itsasperatzea). Mende bukaerako finkatu zen mugara mende laurdena betetzean iristea seinale txarra litzateke. Pennsylvania unibertsitateko Michael Mann klimatologoak dio El Niño eta La Niña fenomenoek lur azalean duten eragin laburrari ez geniokela arreta gehiegi jarri behar, gehiago kezkatu beharko gintuzkelako ozeanoaren beroketa jarraituak.

Klima larrialdiaz hobe ohartzeko baliagarriak izan lirateke El Niño baten ezohiko ondorioak? Europaren hego-mendebaldean 2022ko udak etorkizuneko klimaren ukitua izan zuen: tenperatura markak gaindituta Aturritik Ebroraino, suteak, ur eskasiak, neguan zehar iraun duen lehortea, lurpeko ur geruzak ezohiko mailatan utziz eta laborantza ekoizpena mehatxatuz. Panorama horrek arazoaren kontzientzia zorroztu du pertsona askorengan, dudarik gabe. Baina hori aski ote da? Funtsean, hori ote da arazoa?

 Indian izandako lehorte handi guziak El Niño gertakizun bati lotuak dira. 2024an lehortea berriz pairatzea gogorra litzateke, jakinik 2022ko bero uhinaren kalteak oraindik presente dituztela. Iturria: Wikimedia


Jean-Baptiste Fressoz energia eta ingurunearen historialariak oroitarazten digu "azken urte hori ingurunearen arazoaz jabetu garen urtea izan da” bezalako esaldiak historian zehar hainbat aldiz erranak izan direla eta ideia hori gehiegitan aldarrikatu dela benetan baliagarria izateko. Bere ustez, ingurunearen eta klimaren krisia ez dira ematen kontzientzia eskasarengatik, baizik eta eraldatu behar den eredu ekonomikoarengatik. COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu erreportajearen bidez ARGIAk azaldu bezala, tokiko ekimenak horretarako funtsezkoak dira, beroketa efektuko gasen isurketak murrizteaz gain, klima aldaketari aurre egiteko tokian tokiko baldintzak eta erresilientzia sortzen dituztelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2025-04-09
Bikote perfektua

Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]


2025-04-02 | Nicolas Goñi
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?

Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]


Aztarnak

Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]


Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


Fernando Valladares:
“Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko”

Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]


Eredu inspiratzaileak martxan jartzera animatu ditu Antzuolako ikasleak Fenando Valladares biologoak

Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Monte Perdidokoa galzorian dauden glaziarren artean sartu dute

Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.  


2025eko urtarrila, mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena

Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen. 


Muturreko beroak 2,3 milioi hildako eragingo lituzke Europan mende bukaerarako

Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.


Greenpeace-k Guggenheim museoan Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-02-03 | Nicolas Goñi
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]


Eguneraketa berriak daude