Ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentziaz eta sarean euskarazko edukia sortzeko beharraz mintzatu dira Iruñean. EITBk Primeran plataforma proposatu du hutsa betetzeko. Plataformako eduki guztia euskaraz azpidatzita egonen da, eta parte bat bikoiztuta. Eragile batzuk temati agertu dira proposamenaren aurrean.
Zeintzuk dira euskararen egoera eta erronkak ikus-entzunezkoetan? Nolakoa da eskaintza? Nolakoa behar luke? Zer ekarriko lioke Euskal Herriari euskarazko streaming plataforma batek? Galdera horiei eta beste askori erantzuten saiatu dira euskalgintzako zenbait eragile eta hedabideetako kide Iruñeko Kondestablearen Jauregian, joan den maiatzaren 4an. Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak antolatutako jardunaldien xedea da gazteak euskarara hurbiltzeko bideez hausnartzea.
Lehenik, Miren Mindegia kazetariak gidatuta, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz egitasmoko kideak eta Urtzi Urkizu Berriako kazetariak hartu zuten hitza. Euskarazko ikus-entzunezkoen egungo egoera eta erronkak aztertu zituzten, eta Aginagaldek nabarmendu zuen “izugarrizko” iraultza eman dela pantailetan, eta ondorioz, euskaraz edukia kontsumitzeko moduak aldatu direla. “Egunero batez beste hamalau ordu pasatzen dituzte gazteek pantaila aurrean: zazpi ordu interneten, bi ordu eta erdi sare sozialetan, hiru ordu eta erdi telebistan eta ordu bat bideo-jokoetan”, azpimarratu zuen. Kezkaz adierazi zuen gizartea pantailei begira bizi delako: “Zoritxarrez, edukiaren gehiengoa euskara ez den beste hizkuntzetan dago”.
Beste datu bat ere nabarmendu zuen: 1990. urtean, EAEko haurren %78k ikusten zituen marrazki bizidunak euskaraz; gaur egun, aldiz, %0,2ak. “Kontuan hartu behar dugu gaur egun kate pila bat daudela, baina hala ere, adierazgarria da”, esan zuen. Gaineratu zuen, Euskal Herriko zinemetan urtean eskaintzen diren filmen %1 baino ez dela euskaraz, eta streaming plataformetako euskarazko eskaintza ez dela %0,1era iristen. “Euskarazko streaming plataforma bat behar dugu”, esan zuen Aginagaldeak.
Bat egin zuen horrekin Urkizuk, eta “denetarik” eta ahalik eta eskaintzarik “zabalena” izan beharko lukeela adierazi zuen: “Sortzaile txikientzako erreferentziazkoa izan behar du, euskaldunek beraiena dela senti dezaten”.
Euskarazko streaming-a erdigunean
Beste hausnarketa bati heldu zioten Unai Iparragirre EITBko zuzendariak, Xabier Alkiza Bieuseko bikoiztaileak, Gaizka Aranguren Napar elkarteko lehendakariak, Eki Pagoaga Kanaldudeko zuzendaritza taldeko kideak eta Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak. “Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek?”, galderari erantzuten saiatu ziren, Miren Mindegiak gidatuta.
EITBren Primeran plataformaren aurkezpen bideoa erakusteko probestu zuen lehenengo tartea Iparragirrek. “Ikus-entzunezko edukirik ez duen herri batek ez dauka kontakizunik”, dio proiektuaren leloak. Bat egin zuten ideia horrekin besteek.
“Euskal Herriko kontakizunaren atea izan behar du Primeranek, eta horretarako sarea behar dugu. Horregatik, Tokikomekin elkarlanean egin dugu bidea”, azaldu zuen Iparragirrek. Horrez gain, beste bidelagun batzuk izan dituzte, eta Iparragirreren arabera “onurragarria” da plataformarentzat, bidelagunentzat eta kontsumitzaileentzat, edukia “aberasten” duelako. Aurrera begira ere, beste sare batzuk sortu nahi dituzte: “Bidelagunen bigarren txanda egingo dugu, eta horien artean Kanaldude dago”. Aliantzez gain, kontsumitzaileen iritzia jakin nahi dutela adierazi zuen, batez ere gazteena.
Eduki guztiak jatorrizko hizkuntzan jarriko dituzte, euskarazko azpidatziekin, eta horietako batzuk bikoiztu egingo dituzte. Horrez gain, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ikusteko aukera egonen da. “Badakigu nola bizi diren kanpoan dauden euskaldunak, eta beraientzat ere izatea nahi dugu”, esan zuen Iparragirrek.
Arangurenek azpimarratu zuen euskaldunentzat eta euskararentzat tresna “eraginkorra” iruditzen zaiola, erreferentziazko plataforma bat behar delako, eta Primeranek hutsune hori bete dezakeelako: “Sarbide bat izan behar du, euskal edukirako leiho bat”. Hala ere, pixka bat temati agertu zen: “Mesedez ez dezala Euskal Herriko ikuspegia galdu, batzuetan galtzen duzuelako”.
Alkizak ere interesa adierazi zuen, eta “eredu” izan daitekeela esan zuen, baina zalantzati agertu zen: “Beldur naiz; espero dut beste plataformetan eskaintzen duten eduki bera ez izatea”.
Edukiaren duintasuna ere izan zuten hizpide, eta kalitateak duen garrantzia azpimarratu zuten. Arantzabalek esan zuen zabalkundean ere indarra jarri behar dela: “Edukia egiten onak izan gara, baina zabaltzen ez horrenbeste”.
Plataforma anitza izan beharko lukeela nabarmendu zuten denek, eta Pagoak gehitu zuen “pluralagoa” izan beharko lukeela: “Euskara batuaz gain, beste euskalkiek lekuren bat aurkitu beharko lukete; hori da Euskal Herriaren aberastasuna”. Horrez gain, edukia jasotzeko eta zabaltzeko zailtasunak dituztela azaldu zuen: “Mugak oztopo handiak jartzen dizkigu”.
EITB-ren konpromisoa zalantzan
Eztabaidarako tartea ere egon zen jardunaldietan, eta desadostasuna sortu zen entzule baten eta Iparragirren artean. Entzuleak kezka agertu zuen EITBk euskararekiko duen konpromisoarekin. “Azken hamar urteetan EITBn eman diren nazioarteko pelikulak espainolez izan dira; horrek ere eragina izango du Primeranen?”, galdetu zuen.
“Ez dakit lehen zer egiten zen euskal telebistan, nik bi urte daramatzadalako, baina azken urteetan ikusi duguna da filmak telebista publikora iristen direnerako dagoeneko denek ikusi dituztela gazteleraz. Egin ditugun esperimentuengatik uste dugu hori ez dela diru publikoa erabiltzeko modurik onena”, erantzun zuen EITBko zuzendariak. Gaineratu zuen “eraginkorrena” euskarazko produkzioa ekoiztea dela: “Euskarazko sektoreari bultzada ematen dio, eta audientziak esaten digu hori kontsumitu nahi duela jendeak”. Horren ostean, eztabaida moztu, eta beste galderei eman zieten paso.
Ostean, sareko euskara sortzaileekin aliantzarik egiteko asmorik ote duten galdetu zieten, eta Arantzabalek esan zuen aztertu beharreko zerbait dela: “Egia da gazteek denbora asko pasatzen dutela kanal horietan, eta interesgarria izango litzateke bide horretatik erakartzea”. Horretan geratu zen eztabaida.
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.
Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]
Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]