“Guraso bakarreko familian jaiotzea diskriminatzailea da epaileen seme-alabak ez diren haurrentzat”

  • Azken hamarkadan familia zuzenbidean lan egin du Aida Casanova abokatuak eta guraso bakarreko familien eskubideen aldarrikapenean erreferente bilakatu da. Espainiako Familia Abokatuen Elkarteko (AEAFA) kidea eta Madres Solteras por Elección (Ama Bakarra Hala Erabakita) Elkarteko kolaboratzailea ere bada Casanova.

“Ez da posible ama batek hamasei asteko baimena edukitzea bakarrik, edoskitzean eta erdiondoan horrek eragiten dituen ondorioekin". (Argazkia: Aida Casanova)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Guraso bakarreko familia batean jaiotzea haurtxoarentzat “diskriminatzailea” omen da Espainian. Zergatik?
Guraso bakarreko familia batean jaiotzea haurrentzako diskriminatzailea da epaileen seme-alabak ez diren haurtxoentzat, bai. 

Zer erran nahi duzu, epaileek eskubide gehiago dituztela?
Bai, hori horrela da 2021eko otsailaren 4an Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hartutako erabakiaren ondorioz. Harrigarria bezain bidegabea. Nik, horregatik, auzitegietako ondorioetan beti gehitzen dut albiste horren inguruko argazki bat, oroitarazteko haurren zaintzarako baimenen pilaketa eskatzen duena epailea balitz, onartuko litzaiokeela. Zentzu horretan, garrantzitsua da kontuan hartzea hainbat erakunde publikotan ere gertatu izan dela, baimenak pilatzeko aukera eman zaiela bertako funtzionarioei, adibidez. Baina kasu honetan larriena da ez garela ari erakunde konkretu baten inguruan, gurasobakarrak diren epaile guztiek baitute baimenak pilatzeko eskubidea.

Zergatik da diskriminatzailea?
Familia batean edo bertzean jaioz gero, haurrek eskubide gehiago edo guttiago dituztelako. Guraso bakarreko familia batean jaioz gero, 16 hilabeteko zaintza bermatzen dute; bi gurasoak dituztenetan, aldiz, 32.

Hala ere, hainbat Auzitegi Nagusik behin baino gehiagotan esku hartu dute guraso bakarreko familien baimenaren pilaketaren alde. Nola uler daiteke?
Baimenen pilaketaren alde agertu zen lehen auzitegi nagusia EAEkoa izan zen, 2020an. Gerora, besteak beste Galizia, Gaztela eta Leon, Balearrak, Extremadura, Aragoi, Madril eta Katalunia ere baimen pilaketaren alde agertu dira.

Baimenen pilaketa ez eskaintzea Nazio Batuen Erakundeak onartu zuen Haurren Eskubideen Konbentzioaren kontra doala uste du batek baino gehiagok. Zer deritzozu?
Ez hori bakarrik, baita mundu mailako eta Europako legegintza konstituzionalaren kontra ere. Hala nola, adinez ttikikoen Babes Juridikoaren Legearen kontra, eta, funtsean, haurtxo guztiek, jaiotzen diren familian jaiota ere, eskubide berdintasuna izatearen kontra. Baita emakumeen aurkako diskriminazioen kontrako Nazioarteko Konbenioaren aurka ere, kontuan hartuta, Espainian dauden familia gurasobakarren %85a emakumeek osatzen dutela.

Argazkia: Aida Casanova

Nola borrokatu daiteke erakundeek sustatzen dituzten desberdintasun horien kontra?
Hasteko, ezinbertzekoa da familien lege bat, guraso bakarreko familiek gainontzeko familiek dituzten eskubide berak izatea bermatzeko. Baina lege hori iristen den bitartean, funtsezkoa da erakunde publikoek eta, batez ere, justizia auzitegiek desberdintasun hori konpentsatzea, gurasobakarrek 32 asteko baimena izatea onartuta. Izan ere, haurtzaroaren eskubideak jokoan daude eta amorrua ematen du, oraindik ere, haur guztiek zaintza eta dedikazio berdina merezi dutela zalantzan jartzen dutela ikustea.

EAEko Auzitegi Nagusia 2020an guraso bakarreko familia baten alde agertu zenean,  Ministerio Fiskalak Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen. Bi urte luzeko tramitearen ondotik, martxoaren 8an ezagutu zen Gorenaren sententzia: bertze behin, baimenak pilatzearen kontra agertu da.
Hasteko, erranen nuke, martxoaren 8an publikatu zutela sententzia emakumeei mezu argi bat bidaltzeko. Espainiako epailetza bereziki matxista dela argi geratzen da. Sententzia horrek ez du genero ikuspegirik ezta haurtzaroaren interes gorenaren ikuspegirik ere, noski. Eta ez diot nik bakarrik, Gorenaren sententzian bertan bozka partikular guztiek hala agertu zuten. Asko esaten du.

Kataluniako Auzitegi Nagusian sententzia bat irabazi duzu oraintsu, guraso bakarreko familia baten baimenak pilatzearen alde. Antza, Gorenaren sententziak ez du saihestu tokian tokiko auzitegien irizpidea.
Pozgarria izan da, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia berriro ere agertu delako familia gurasobakar baten alde. Baina, batez ere, familia mota hauen aldeko lehen sententzia delako, Gorenaren sententzia gogorraren ondotik. Gizarte Segurantzaren Instituzio Nazionalak helegitea aurkeztuko du segur aski, eta Gorenera joan beharko dugu, berriz. Hor ezezkoarekin topo eginen dugu eta Konstituzionalera joan beharko dugu babes eskeko errekurtsoarekin.

Bitartean, Madrilen, onartzear dago Familien Legea. Zertan eragingo du guraso bakarreko familien eskubideetan?
Familia Legeak ez du baimenak pilatzeko aukerarik aurreikusten, baina, Kongresuan zein Senatuan onartzea falta denez, une erabakigarria bizi dugu orain: funtsezkoa da gizartearen presioaren bidez alderdi politikoek legearen zuzenketak aurkeztea.

Zeintzuk dira erronka nagusiak orain, legea hizpide hartuta?
Lege hau bereziki garrantzitsua da, lehen aldiz familiak legislazioaren erdigunean kokatuko direlako. Hori bai, gabezia garrantzitsuak ere baditu. Batetik, jaiotzetiko baimenak, guttienez, sei hilabetekoak izan beharko lirateke guraso bakoitzarentzat. Ez da posible ama batek hamasei asteko baimena edukitzea bakarrik, edoskitzean eta erdiondoan horrek eragiten dituen ondorioekin. Bigarren gabezia da guraso bakarreko familiak eta adopziokoek ezin dituztela baimenak bikoiztu. Eta, azkenik, telelana edo laneko presentzialtasunaren malgutasuna ez duela erregulatzen. Beraz, legea eskasa da familien beharrak asetzeko.

Haurren eskubideak aldarri

“Abokatutzarekin lehen kontaktua ttikia nintzenean izan nuen, zoritxarrez. Gurasoak banatu zirenean ezagutu nituen justizia, abokatua edo epailea hitzak, eta ez dakit, baina ttikia naizenetik argi izan dut abokatua izan nahi nuela. Gerora, unibertsitate garaian, epaitegietara joaten nintzen, pozik, abokatuen lana gertutik jarraitzera. Erronka ikaragarria da familien eskubideen alde borrokatzea, beti pentsatu izan dut nik bizitu nuena hobeki kudeatzeko modua zegoela, alegia, gurasoen banaketa bertze modu batean kudeatu daitekeela, eta, batez ere, haurren eskubideak erdigunean egotea dela garrantzitsuena, hori baita amek eta aitek nahi dutena: haurrekiko errespetu gehiagorekin, eta, posible denean, seme-alabentzako irtenbiderik hoberenak bilatzea behar luke izan gure jomuga".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guraso bakarren eskubideak
Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


Eguneraketa berriak daude