Gobernuan egungo egoera errepikatzeko aukera handia dago Nafarroan

  • Ezin iragarlearena egin, baina denak adierazten du Nafarroako Legebiltzarrean bloke nagusien emaitzak antzerakoak izango direla datorren maiatzaren 28an, eta, beraz, gobernuari begira, oraingoaren antzeko egoera errepika daitekeela. Bestelakoa da Iruñeko Udalaren itxura, non emaitzek hainbat ate ireki ditzaketen.

María Chivite lehendakaria ezkerrean, eta haren eskuinean Elma Saiz, Iruñeko Udalerako PNSren alkategaia, eta EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz aurrekontuen negoziazioan. (Argazkia: Idoia Zabaleta / FOKU)

2023ko maiatzaren 09an - 10:50
Azken eguneraketa: 2023-05-11 16:04:21

Azken legealdi honetan, EH Bilduk lehenbizikoz sostengatu du PSNren gobernu bat. María Chivite lehendakari, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk osatu dute Nafarroako Gobernua, hurrenez hurren 8, 4 eta kontseilari batekin. Izquierda-Ezkerraren ordezkari bakarrak gobernuaren alde egin zuen inbestiduran, baina ez zen hartan sartu.

Gobernuak bere alderdien 22 parlamentarien sostengua izan badu ere –50etik–, ezinbestekoa izan du EH Bilduren 7 eserlekuen babesa, bai inbestidurarako, bai gobernuaren aurrekontuak aurrera ateratzeko. Eta datorren legealdian ere hala izan daitekeela dirudi. ETAren garaian legebiltzarreko bazterrean utzi zutena, gobernagarritasunaren giltza bihurtu da egun. Chivitek argi utzi du: emaitzek ematen badute oraingoaren gisako gobernua nahiko luke, eta EH Bilduk ere formula egokitzat jo du, bere aburuz horrek jarraitzen duelako UPN bazterreratzen eta higatzen.

Inkesta gehienen arabera, Nafarroako Legebiltzarrean UPNk irabaziko du 12-15 parlamentarirekin, baina eskuinak ez du nahiko boto lortuko bakarrik gobernatzeko. PSN izango bide da bigarren 10-11rekin, eta lehia handia legoke Geroa Bai (9) eta EH Bilduren artean (8). PPrena ez dago batere garbi, 3-6 eserleku lortuko bailituzke. Nafarroa Zurekin koalizioak (Ahal Dugu, Ezker Batua, Batzarre eta berdeak) 3 bat izango omen ditu eta Vox legebiltzarrera sartuko litzateke 1-2 eserlekurekin.

Javier Esparza (UPN), María Chivite (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu), Javier García (PP), Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa) eta Maite Nosti (Vox) aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko lehendakaritzara. Horietatik bik dute batez ere lehendakari izateko aukera, Javier Esparzak eta María Chivitek, nahiz eta ezin den baztertu Uxue Barkos ere, aurreko legealdian bera izan baitzen lehendakari. Inkestetan denetik egon ohi da, baina orain arte egin diren gehienetan, ez da jausi handirik iragartzen bloke nagusietan eta haien barne oreketan.

Berez, Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeak UPNk irabaziko ditu aise, azken lau hamarkadetan gehienetan egin duen gisan, baina historiako bere emaitza txarrenetakoa eskura dezake, aurreko legealdian Nafarroako eskuina batu zuen Navarra Suma orain zakarrontzira bota duelako: “Boto gehiago lortuko ditugu banatuta elkartuta baino”, esan zuen Esparzak.

UPNren erabakiak kirioak dantzan jarri zituen lehendik ere Adanero-Sayas haize zakarrak gogor astintzen zuen eskuinean. Esparzak legealdi osoa pasatu du esaten PSN EH Bilduren eskuetan dagoela, eta hara non, hauteskunde aurrekanpainan berak irentsi behar izan du gisa bereko gozokia PPko koordinatzaile Elias Bendodoren ahotik: “PSOEren eskuetan bakarrik ez, UPN EH Bilduren eskuetan dago”. Labanak arin ari dira dantzan airean, baina inork ez du zalantzarik hauteskunde biharamunean laster helduko direla adostasunera, 25 parlamentari eskuratzen badituzte. Baina, haien kalterako, inkesta bakarrak ere ez du halako aukerarik ematen, ezta Voxen balizko 1-2 eserlekuekin ere. Azken urteetan ohikoa da UPNren eta PPren arteko batu-banatu joko hori, eta horietako azkenean, 2011n, PPk 4 eserleku bereganatu zituen ondoren zulo beltz batek irentsi zuen Javier Cerverarekin. UPN-PP lehian Nafarroan beti gailendu da samur UPN, baina oraingoan arrakala asko handitu da alderdiaren barruan. Ikusiko dugu haien esparru soziologikoan berdin gertatzen den.

Volkswagen eta beste

Pandemia izan bada agur dioskun legealdiaren ezaugarri nagusia, klima aldaketa eta horrek ekonomiaren garapenean izango duen eragina gero eta izarragoa izango da aurrera begira. Datu askok adierazten dute, aukera handiak daudela egoera ekonomikoa eta soziala asko hondatzeko, eta gero eta ahots gehiagok diote garapena jadanik ezin dela hazkunde klabean planteatu. Baina, egia esan, eremu instituzionalean inork gutxik astintzen du desazkundearen bandera. Nafarroako Gobernuak, gainerako gehienak bezala, orain arte bederen ihes egin dio balizko egoera gogor horri aurrez aurre begiratzeari, eta ohiko politika desarrollistek gidatzen dute bere jarduna.

Automozioa eta zehazki Volkswagen hasi dira nozitzen zakarraldiaren ondorioak, eta auto salmentaren beherakadari so eginda, gaitza dirudi esatea etorkizuna iragana bezain oparoa izango denik. Ateratzen den gobernu berriak, besteak beste, gai arantzatsu horri heldu beharko dio. Chivitek Next Generation funtsak izan ditu lagungarri ekonomia akuilatzeko, baina hori Europar Batasunaren txanponaren alde bat da, bestea iragan hamarraldian ondo ezagutu genuen austeritatearena da, eta hori ere astinduko ei du EBk berandu baino lehen.

Iruñeko Udala: Ibarrola edo Asiron alkate, berriz PSNren esku

Joseba Asironek gidatu zuen EH Bilduk, Geroa Baik eta Aranzadik Iruñeko Udalera ekarri zuten iraultza txikia. Enrique Maya (Navarra Suma) gehiengo osotik eserleku batera gelditu zen 2019ko maiatzean (13 zinegotzi). Baina egiazki, Mayaren alternatiba PSNk zapuztu zuen, Maite Esporrinen “agur Asiron” entzutetsu harekin.

Joera nagusia inkestetan honakoa da: UPN (9-10), EH Bildu (7-8), PSN (4-5), Geroa Bai (2-3), Nafarroa Zurekin (1-2) eta PP (1-2). PSNk izango du berriz gobernagarritasunaren giltza, eta dagoeneko iragarri du sozialistek euren burua bozkatuko dutela. Egoera horretan, Joseba Asironek ia ezinezkoa luke ostera ere errepikatzea.

Bai, 2015ean gertatu zen, baina Ahal Duguren eta haren orbitaren indarraldi betean, Aranzadik 3 zinegotzi lortu zituen eta Ezker Batuak 1. Errepika daiteke berriz halakorik, beste zinegotzi banaketa batekin izanik ere? Ez da erraz irudikatzen. Batera etorrita ere, ezker esparru hori ez dator orduko hauspoarekin. Geroa Baik 5 eta EH Bilduk beste 5 lortu zituzten 2015ean, baina 2019an emaitza hori 5-7 bihurtu zen ezkerreko koalizioaren alde. Asiron boladak gogor jo zuen eta Geroa Bai 5etik 3ra eraman zuen. Ez dirudi Koldo Martinezek egoera hori irauliko duenik.

Eta gero daude eskuinaren emaitzak: 2010ean inoizko txarrenak lortu zituen, eta horrek ere erraztu zuen PSNrik gabeko udal gobernua. Baina gainerako guztietan,  eskuin espainiarra (UPN-PP-CDN...) beti 11 eta 16 zinegotzi artean ibili izan da Iruñeko Udalean, eta 1979tik gaurdaino lortutako batez besteko zinegotzi kopurua 13 da. Hau da, estatistikoki, ia beti gehiengo osotik boto batera.

Dena den, politika aldakorra da eta PSNk ere mugimenduak egin ditu Iruñeko Udalean, Maite Esporrin kendu eta Elma Saiz alkategaitzara ekarrita. Oraingoz zaila dirudi PSN EH Bildu alkatetzan sostengatzen ikustea, besteak beste, badakielako EH Bilduk bai ala bai emango diola gobernua, UPNk hartu ez dezan; eta batez ere,  Sarasate pasealekuak baino Ferrazek agintzen duelako PSN-n. Eskuina oso indartsua da Nafarroan, ezin uka, baina gehienetan gobernatu du PSNk nahi izan duelako.

ETAren aroak erraztu zuen hori, nekez irudika baitzitekeen ETA PSOEko zinegotziak hiltzen eta PSEko edo PSNko zinegotziak HBrekin edo Batasunarekin gobernatzen. Baina aldatu da egoera eta politikan ateak ireki-itxi ari dira sarri. Aldizkari honetan bertan, Aranguren bailarako Manolo Romero alkate independenteak bere proposamena luzatzen du UPN bazterreratzeko: PSNk urtebete egin dezala alkatetzan eta EH Bilduk hiru, beti ere Asiron aurretik geldituz gero, jakina. Akordiorik ezean, UPNko Cristina Ibarrola izango da Iruñeko alkate berria.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan “iruzur saiakera zantzuak” salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Unai Hualde da berriz Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria

Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.


Bastidako alkategaiak dimisioa eman du Araba Buru Batzarrak ez diolako utzi hautagaitza aurkezten

Eduardo Barinagak uko egin dio zinegotzi akta jasotzeari, ABBk emandako aginduarekin bat ez datorrelako. EAJk hautagaitza aurkeztu ezean, PPk lortuko du alkatetza Arabar Errioxako herrian. Hori da PPk jarritako baldintzetako bat Gasteizen EH Bildu alboratu eta PSE-EAJ gobernu... [+]


Aulki dantza hasi da: zein dira larunbatean udalak osatzeko alderdien arteko azken mugimenduak?

Larunbat honetan Hego Euskal Herriko udalak osatuko dira, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren. Udalerri batzuetan ez dago zalantzarik zeinek hartuko duen aginte makila, baina beste batzuetan indar orekak ez daude garbi eta alderdiek mugimenduak hasi dituzte hautagaiak... [+]


2023-06-14 | ARGIA
Voxen zerrendetan joandako PPko zinegotziaren babesa behar du EAJk Kuartangon alkatetza kentzeko EH Bilduri

EH Bilduk irabazi ditu Kuartangoko Udalerako hauteskundeak, baina EAJrentzat izango da alkatetza, PPrekin hitzartua baitu. PPtik hautatu zuten zinegotziak, baina, postuari uko egin dio arrazoi pertsonalengatik, eta bere ordezkoa –PPko zerrendan bigarrena– Juan Pablo... [+]


2023-06-13 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Demokraziaren festa

Hauteskundeetara deituak izan dira azken egunotan espainiar hiritarrak, juntetxe, parlamentu edota udaletxeetako partaideak hautatzera, erakunde horiek berriztatzera, eta hor ari dira orain guztiak, analisietan, kalkuluetan, noren esku eroriko boterea, norekin lortuko aliantzak,... [+]


EAJk eta PSEk akordioa itxi dute “ahal den leku guztietan” instituzioak beren artean banatzeko

EAJ eta PSE-EE alderdiek gobernagarritasun ituna berretsi dute. Horrela, akordioari esker EH Bildu lehen indar geratu den leku ugaritan elkarrekin gobernatzeko aukera izango dute. Gasteizko Udalean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta beste hainbat udaletan, beraz, egoera argitzen... [+]


ANALISIA
Koldo Martinez Iruñeko alkate?

Gobernagarritasunerako hainbat aukera utzi dute iragan igandeko hauteskundeek Nafarroan, baina haien osaketarako bidea korapilatsua da, eta Espainiako hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratzeak are eta gehiago korapilatu du prozesua.


EH Bilduk ez du Iruñeko alkatetzatik kanpo utziko duen “hirugarren biderik” onartuko

Hautesleen % 27 ordezkatzen dute eta “hiriko lehen indar aurrerakoia” izanik ordezkaritza printzipio demokratikoari helduko diotela adierazi du Iruñeko EH Bilduko alkategai Joseba Asironek.


2023-05-31 | Aingeru Epaltza
Boto eskea, zortzi hizkuntzatan

Sua eta mina piztu dizkigu PSNren hauteskunde kartel eleaniztunak. "Barrenak behar dira Nafarroan 2023. urtean botoa zortzi hizkuntzatan eskatzeko, euskara baztertuta. Putakumeak. Urdeak. Ezta itxura egiteko ere".

Halako purrustadak irakurri dira egun hauetan Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude