Marmotaren eguna, esnatu eta elefanteak hor jarraitzen zuen… esaerak agortzen dira Bizkaian hauteskundeek zer ekar dezaketen aurreikusteko. Enegarren aldiz, ezusteko handirik ezean, aldaketa esanguratsurik ez da gertatuko Euskal Herriko gune demografiko eta ekonomikorik handienean. EAJ garaile izango da aginte gune garrantzitsu ia guztietan. Zalantza bakarra da ea jeltzaleek bakarrik gobernatuko duten ala sozialisten makulu eskertua non baliatu beharko duten.
Bizkaiko Batzar Nagusien aginte makilaren hurrengo jabea ez dago ezbaian. Aldatuko den bakarra da lau urtez helduko duen eskua. Zortzi urtez ahaldun nagusi izan ostean, EAJren alderik neoliberaletan neoliberalenaren ordezkari Unai Rementeria mundakarrak lekua utziko –ez dakigu nahita ala behartuta– dio, bera bezala, alderdiaren hegalpean hazitako Elixabete Etxanobe otxandioarrari. Jeltzaleen ohiko kurrikuluma du: ohiko habian formatu zen, Deustuko unibertsitatean Zuzenbidea ikasita, handik Durangora funtzionario gisa, harik eta alderdiak erakunde publikoetara bideratu arte. Aurrena Otxandion zinegotzi, 2013an Eusko Jaurlaritzara pasa eta hainbat kargu bete ditu. 2021ean Herri Administrazioko eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua izendatu zuten Bizkaiko Foru Aldundian bere karreraren hurrengo pausurako prestatzeko: lehen ahaldun nagusi emakumezkoa izango da.
Baina, curriculumak curriculum eta Etxanoberekiko errespetu osoz, jakina da EAJk Bizkaian aurkezten duena aurkeztuta ere, hauteskundeak irabazteko aukera ia guztiak izango dituela. Azken hamarkadetan, alternatiba sendo errealik ez delako egituratu –2016ko Espainiako hauteskundeetan Ahal Duguk lortutako ameskeria salbu: EAEn, Bizkaian eta ia Bilbon irabazi zuen–. Eta alternatibarik ez da ezkerrek ez dakitelako zer egin kapitalismo espainiarraren araberako bizimodua jaun eta jabe den hiriguneetan. EAJk lideratzen duen eredu hori indartsu dago. Mundu mailako krisi anizkoitzaz berbetan ari bagara ere, erakunde publikoetan kapitalaren aginte-katea bermatzen duten Bizkaiko ordezkarietan ez dirudi horrek ondoriorik duenik. EAJk ondo lotuta ditu matematikak –PSOE eta PP beti prest ditu egiturazko egitasmoak babesteko–, botere ekonomiko eta mediatiko garrantzitsuak haren interesen arabera lerrokatuta ditu eta gainera, azken urteotan lortu du eskumaren botoa gero eta gehiago kontzentratzea haren bueltan. Areago, 2019ko hauteskundeetan EAJk bi batzarkide gehiago lortu zituen, erabateko gehiengotik bakarrera geratu zen.
Sozialistek 2015ean galdu zituzten beren ohiko plaza batzuk, eta gaur arte soilik Portugalete eta Ermuko udalei eutsi diete. Haiek galdutakoa EAJk zakuratu du, noski: 2019an 72 herritan izan zen lehen indarra. EH Bildu da Bizkaiko mapari bestelako kolorea ematen dion indar bakarra. Herrialdeko ekialdean, ordea. 2019an 30 herritan izan zen lehen indarra. Orduko aldaketa esanguratsu bakarra ezkerrarentzat izan zen EAJk bere ohiko plaza handi bi galdu izana. Galdakaon eta Durangon –biak ia 30.000 biztanlerekin– bigarren indarra izan zen EH Bildu, eta alkatetzak lortu zituen. Bietan EAJ eta PSE izatezko bikotea gailendu zuen, Durangon Herriaren Eskubidea hautagaitzaren babesari esker, eta Galdakaon Ahal Duguren eta bi hautagaitza independenteren botoei esker. Aurten ere bi herriotan emaitza estua izango da bi blokeen artean.
Ahal Duguren etorrerak ez du aldaketa esanguratsurik ekarri botere instituzionalaren partiketaren mapara. 2019an Araban eta Gipuzkoan batzarkideen erdiak galdu zituen, baina Bizkaian mantendu egin zen. “Zerua asaltatzera” zetorrena urte gutxian PSOEren eskailera eustera pasatu da. Eta PP? Ez dago, eta inor ez dago haren zain. Nahikoa lan du etengabeko jaitsierari amaiera jartzen.
Bilboren eta haren inguruko kolore bakarra
EH Bilduren Bilboko hautagai Maria del Rio Peredak ondo dioenez, “Euskal Herria eraldatu nahi badugu, Bilbo eraldatu behar dugu”. Horri gehitu beharko genizkioke Bilbo inguruan dauden herri/hiri industrial ohiak –barka nazatela Getxoko Neguri zerrendan sartzeagatik–, batzuek Bilbo Handia deitzen duten bilbokeria hori. Bilbo, Barakaldo, Getxo, Santurtzi, Portugalete, Basauri, Leioa, Sestao eta Erandion 780.000 bat lagun bizi dira: Bizkaiaren bi herenak, eta Euskal Herriaren laurdena kilometro gutxi batzuetan.
Ekuazioak sinplea dirudi: gero eta jende gehiago, orduan eta sistemaren araberako bizimodu gehiago. Eta egun hegemonikoa den sistema politiko, ekonomiko eta kulturalak jarrera erreakzionarioagoetara lerratzen jarraitzen duenez, emaitza agerikoa da: Bilbon eta Ezkerraldeko, Uribe Kostako, Meatzaldeko eta Bilboaldeko hiri nagusietan eskuineko politikak jaun eta jabe dira aspaldi, nahiz eta urte luzez, Ezkerraldean bereziki, sozialista, obrero eta espainolez jantzita agertu. Eta ezkerrak, aldiz, oso urrun daude agintetik.
Planetan bizi dugun krisialdi anizkoitza zonalde horietan islatzen da gordintasun osoz: langile klasearen bizi baldintzen etengabeko narriadura; aberastasunaren eta boterearen metaketa enpresa handien, bankuen eta multinazionalen eskuetan; naturan bizirik utzi dituzten gune bakanen txikitze sistematikoa gutxi batzuen onurarako; produktu gehienen prezioen neurrigabeko igoera; etxebizitzaren prezioaren eta espekulazioaren kontrolik gabeko hazkundea; prekarietatea bizimodu gisa; bizitzaren maila guztietan gailentzen ari diren hautu indibidualistak; euskaraz bizitzeko ezintasuna 40 urtetako ofizialtasunaren ondoren; zerbitzu publikoen hondatzea osasun-sistema buru dela...
Badaezpada, ohar bat: “Gero eta egoera okerragoa, orduan eta hobeto ezkerrarentzat” dioen ekuazio zaharkituak soilik esan nahi du okerrago gaudela. Baina gehiengoa langile, ikasle, pentsiodun… prekarioa duen zonalde batean ezkerrak beharko luke aldaketarako motorra hurbilago, prestuago izan. Ezker abertzaleko militante ezagun, preso politiko ohi, Eusko Legebiltzarreko kide eta orain Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagai Iker Casanovak azpimarratu duenez, “herritarrak babestea helburu duen diskurtso sozialak Ezkerraldeko herritar gehienen beharrizanekin bat egiten du”.
Maria Del Rio koaliziokideari ere ez zaio arrazoirik falta esan duenean “Bilbo askoz feministagoa, ekologistagoa, solidarioagoa, ezkertiarragoa, anitzagoa, irekiagoa eta euskaldunagoa dela bere Udal Gobernua baino”. Hala da, baina, tamalez, historiak erakutsi digunez, ez da nahikoa. Horregatik, berbarako, EH Bilduk 2019an Barakaldon zinegotzi bat eta 1.000 boza galdu zituen, eta Juan Mari Aburto jeltzalea Bilbon gehiengo osoa lortzeko zinegotzi bakarrera geratu zen. Aurten berriz aurkeztuko da populismo punitiboaren ikur bilbotarra.
Casanovak, halere, hauteskundeotan EH Bilduren hobekuntza handia iragarri du eta haren muina Ezkerraldean kokatu du: “Ezkerraldeko gehiengoa Euskal Herria Bildurena izan daiteke. Hauteskunde hauetan jauzi handia egingo dugu, eta hori, funtsean, Ezkerraldean izango dugun hazkunde handian oinarrituko da”. Eta bai, pazientzia, konstantzia eta itxaropena beti izan dira ezinbestekoak ezkerrarentzat, baina nago Bizkaian, gehiengoaren, langile klasearen, bizitzetan eraldaketa lortzeko hori baino gehiago beharko dela.
Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.
EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]
Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.
Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.
Eduardo Barinagak uko egin dio zinegotzi akta jasotzeari, ABBk emandako aginduarekin bat ez datorrelako. EAJk hautagaitza aurkeztu ezean, PPk lortuko du alkatetza Arabar Errioxako herrian. Hori da PPk jarritako baldintzetako bat Gasteizen EH Bildu alboratu eta PSE-EAJ gobernu... [+]
Larunbat honetan Hego Euskal Herriko udalak osatuko dira, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren. Udalerri batzuetan ez dago zalantzarik zeinek hartuko duen aginte makila, baina beste batzuetan indar orekak ez daude garbi eta alderdiek mugimenduak hasi dituzte hautagaiak... [+]
EH Bilduk irabazi ditu Kuartangoko Udalerako hauteskundeak, baina EAJrentzat izango da alkatetza, PPrekin hitzartua baitu. PPtik hautatu zuten zinegotziak, baina, postuari uko egin dio arrazoi pertsonalengatik, eta bere ordezkoa –PPko zerrendan bigarrena– Juan Pablo... [+]
Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]
Hauteskundeetara deituak izan dira azken egunotan espainiar hiritarrak, juntetxe, parlamentu edota udaletxeetako partaideak hautatzera, erakunde horiek berriztatzera, eta hor ari dira orain guztiak, analisietan, kalkuluetan, noren esku eroriko boterea, norekin lortuko aliantzak,... [+]
EAJ eta PSE-EE alderdiek gobernagarritasun ituna berretsi dute. Horrela, akordioari esker EH Bildu lehen indar geratu den leku ugaritan elkarrekin gobernatzeko aukera izango dute. Gasteizko Udalean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta beste hainbat udaletan, beraz, egoera argitzen... [+]
Gobernagarritasunerako hainbat aukera utzi dute iragan igandeko hauteskundeek Nafarroan, baina haien osaketarako bidea korapilatsua da, eta Espainiako hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratzeak are eta gehiago korapilatu du prozesua.
Hautesleen % 27 ordezkatzen dute eta “hiriko lehen indar aurrerakoia” izanik ordezkaritza printzipio demokratikoari helduko diotela adierazi du Iruñeko EH Bilduko alkategai Joseba Asironek.
Sua eta mina piztu dizkigu PSNren hauteskunde kartel eleaniztunak. "Barrenak behar dira Nafarroan 2023. urtean botoa zortzi hizkuntzatan eskatzeko, euskara baztertuta. Putakumeak. Urdeak. Ezta itxura egiteko ere".
Halako purrustadak irakurri dira egun hauetan Euskal... [+]