“Masajistak baino gehiago, morroiak izaten gara askotan”

  • Tadej Pogacar non, han izaten da Joseba Elgezabal. Izar esloveniarraren masaje-emailea da, baina ez hori bakarrik: maletazain eta aholkulari lana ere egiten dio askorentzat munduko ziklistarik onena denari. Oso gertutik zaintzen du, garai batean gautxoriekin egiten zuen legez, atezain aritu baitzen dantzalekuetan. Gozatu egiten du masajeak emanez; aldiz, ez dio inbidiarik ematen ziklisten bizimoduak. Ardenetako Hirukoa hasi baino apur bat lehenago elkarrizketatu genuen Elgezabal; tamalez, Liège-Bastogne-Liège klasikoan erori eta eskumuturrean bi haustura sufritu zituen Pogacarrek.

Lasterketak bukatu bezain pronto, han agertzen da Elgezabal, motxila handi bat bizkarrean, eta jan-edanak prest. Irudian Tadej Pogacar du alboan, Frantziako Tourreko maillot horia soinean. / Argazkia: Joseba Elgezabalek utzia.
Lasterketak bukatu bezain pronto, han agertzen da Elgezabal, motxila handi bat bizkarrean, eta jan-edanak prest. Irudian Tadej Pogacar du alboan, Frantziako Tourreko maillot horia soinean. / Argazkia: Joseba Elgezabalek utzia.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lanean, munduari bira ematen diozu.

Hala da. Aurten egutegi arinagoa dut: txandaka ariko naiz, astebete kanpoan, astebete etxean. Urtarriletik urrira, batez beste 220 egun inguru igarotzen ditut kanpoan. Egun asko dira. Ume txiki bat dut, eta aurten gogorragoa izango da etxetik kanpo ibiltzea. Dena den, nire burua ez dut estudio batean ikusten. Dudan lana ikaragarri gustatzen zait.

Ez da nolanahikoa: munduko txirrindularitza talderik onenetako batean zabiltza.

Caja Ruralen hasi nuen bidea masajista profesional gisa, eta sekulako eskola izan zen niretzat. Bidea eginez joan naiz, mailarik gorenera iristeko. Momentu txarrak ditudanean, burua altxatzeak asko laguntzen dit. “Joseba, begira non eta norekin ari zaren lanean”, esaten dut nire artean. Hemen egoteko egin beharreko guztiak merezi du.

Hasieratik garbi izan zenuen txirrindularitzaren munduan aritu nahi zenuela?

Umetatik oso presente izan dut bizikleta. Aita txirrindularitza zale amorratua izan da. Marino Lejarreta zuen idolotzat. Kutsatu egin zidan zaletasuna, eta bost urterekin txirrindularitza eskolan hasi nintzen. Amateur mailara arte iraun nuen. Bitxia da, baina begitan hartu nuen bizikleta. Nekatuta eta nazkatu samar bukatu nuen. Atezain moduan lan egiten hasi nintzen dantzalekuetan, eta zazpi-zortzi urtez aritu nintzen. Bizikletaz erabat ahaztu nintzen.

Eta nolaz erabaki zenuen atezain lana utzi eta masaje emaile izateko ikasten hastea?

Pixkanaka ziklismoarekin konektatzen hasi nintzen berriro. Bizikletan ibiltzeari eta lasterketak ikusteari ekin nion. Profesionalki aukeraren bat izan nezakeela pentsatu nuen, eta Bilbon kirol-masajeari loturiko ikasketak egiten hasi nintzen. 2005 eta 2007 artean izan zen. Gero, Seguros Bilbao taldean aritzeko aukera eman zidan Xabier Artetxek.

Futbolean ere egin zenuen proba.

Seguros Bilbao taldean bi urtez aritu nintzen. Ondoren, Athleticen harrobian zebilen lagun batek han proba egiteko aholkatu zidan. Gauzak zer diren, atezain izan nintzen garaian ezagutu nuen lagun hura. Lezaman hiru urte eman nituen, oso esperientzia aberasgarria izan zen.

"Batzuetan harrotu egiten da Pogacar, eta hor nago ni, oinak lurrean izan ditzan. Hau burbuila bat besterik ez dela esaten diot".

Zenbaterainoko garrantzia du masajeak kirolean? Zer onura dakar?

Funtsezkoa da, bai fisikoki, baita mentalki ere. Txirrindulariaren atsedena askoz hobea da bi orduz ohatilan etzanda eta hizketan egon ondoren. Giharrak erlaxatu egiten dira, korapiloak askatu eta odola mugitu egiten duzulako. Baina masajearen onura hortik harago doa. Eragin handia du ziklisten aldartean. Errutina bat bihurtzen da haientzat, eta falta bada, berehala igartzen dute.

Inbidiarik ematen dizu txirrindularien bizimoduak?

Ez. Oso-oso gogorra da. Elikadura zaindu, etxekoengandik urrun egon, gogor entrenatu, presioa kudeatu… Hori guztia jasateko prest egon behar duzu. Taldeko txirrindulariak ondo ikusten ditut. Presio psikologikoari eusteko gai ez direnek ez dute luzaro irauten.

Masaje emaileak psikologo ere bihurtzen zarete batzuetan?

Hori mito bat dela uste dut. Lehen hala izan zitekeen, baina orain, mugikorrak tarteko, barrua askatuta iristen dira masajera. Tadejek, adibidez, masajean gozatu egin nahi izaten du: musika pixka bat, elkarrizketa atsegina… Txokolate pixka bat, alegia. Psikologo lana, inork egitekotan, haren ingurukoek egiten dute, familiak-eta. Batzuetan izaten ditugu elkarrizketa sakonak, batez ere lasterketen aurretik. Erlaxatuago egoten da. Behin lehian hasita, ordea, arreta guztia hor jartzen du.  

Musika zuk hautatzen duzu, edo ziklistek?

Ziklistek. Pogacarri rapa gustatzen zaio, baita 1980ko hamarkadako rocka ere. Besteek reggaetoia entzun ohi dute.

Ziklistaren nortasuna eta lasterketaren nolakotasuna aintzat hartu beharreko aldagaiak al dira?

Ziklista nolakoa den, masajea giro batean edo bestean ematen da. Tadej, adibidez, oso hiztuna da, eta musika entzutea gustatzen zaio. Horrez gain, emaitzek eragin handia dute txirrindularien aldartean, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Baina masajea, bere horretan, ez da aldatzen. Berdin dio etapa laua ala menditsua izan. Ordutegiak baldintzatzen gaitu gehien. Tourrean, adibidez, nahiko berandu iritsi ohi gara hotelera, eta presaka aritu behar dugu.

Txirrindularien giharrak ukitze hutsa aski zaizu bakoitza zer sasoitan dagoen jakiteko?

Pogacarrekin bost urte daramat lanean, eta horixe gertatzen zait. Badakit noiz dagoen indartsu eta noiz ez. Ezin dit gezurrik esan: lehen momentutik dakit nola dagoen. Tarte batez lehiatu gabe egon bada, berehala nabaritzen diot. Gero, giharrak asko sendotzen zaizkio etapak kateatu ahala.

Argazkia: Eñaut Agirrebengoa

Aldi berean iritsi zineten UAE taldera, 2019an, eta hezur eta mami bihurtu zarete geroztik.

Bere itzal bihurtu naiz, berak hala eskatzen duelako. Bikote ia perfektua osatzen dugu. Oso ondo konpontzen gara elkarrekin. Tentsio handia izaten da lasterketaren ostean, eta helmugara iristen denean, arreta handiz jokatu behar dut. Ezin da hutsik egin. Itxurak garrantzi handia du txirrindularitzan, eta keinu bakoitza neurtu behar da. Bere gustuko janaria eta edaria ere prest izaten ditut. Beste zeregin batzuk ere baditut: arropak garbitu, maletez arduratu… Masajistak baino gehiago, morroiak izaten gara askotan; txirrindularien atzetik gabiltza beti. Nik ondo daramat, oso estimatua sentitzen bainaiz talde barruan.

Bestelakoan, nolakoa da Pogacar bezalako izar handi batekin lan egitea?

Oso erraza. Bere errutina eta ohiturei neurria hartzen diezunean, dena nahieran ateratzen da. Pribilegio handia da. Hemen jarraitzea eta ahalik eta Tour gehien irabaztea dut helburu.

Nolakoa da Pogacar aurrez aurreko harremanean? Kanpotik ikusita, mutil atsegina dirudi.

Tipo normal bat da. Ez du izartxoa balitz bezala jokatzen, bat gehiago da taldean. Aldatu da, egia da. Garaipenak, ospea, dirua… Ez du erraza izan behar hori guztia kudeatzeak. Mundu guztia zure oinetan daukazu, eta burua behar den tokian eduki ezean, itxuraldatu egin zaitezke. Familiak eta managerrak asko laguntzen diote Tadeji, baita nik ere. Gaztea da, eta batzuetan harrotu egiten da. Halakoetan, oinak lurrean izaten laguntzen diot. “Hau ez da mundu erreala, burbuila bat baino ez da, mundua beste aldean dago”, esan ohi diot.

Eta jaramon egiten dizu?

Bai. Ni kontrapuntu bezala hartzen nau. Denek olatua egiten diote,  baina ni ez naiz halakoa: gustatzen ez zaidan zerbait ikustean esan egiten diot. Adibidez, Paris-Nizan kamerari irribarre egin zion Vingegaard atzean utzi aurretik. Horrelakorik ez egiteko esan nion. “Agian ez nuen egin behar”, aitortu zidan.

Doan tokira doala, irabazi egiten du ia beti. Non du muga?

Batek daki. Beste maila batean dago. Fisikoki onena da, baina garbi daukat: aldea buruak egiten du. Kolpe gogorra hartu zuen iaz Tourrean; bada, lurretik altxatu, eta lasterketak irabazteari berrekin zion berehala. Nik lasai ikusi nuen Tourra galtzean, baina barrenean saminduta zegoen. Orain, askoz arriskutsuagoa eta indartsuagoa da, fisikoki nahiz mentalki. Nire ustez, hanka sartu zuela sentitzen du, eta ematen dizkiogun aholkuei kasu gehiago egiten die.

Bere lorpenetatik zer ehuneko dagokizu zuri?

Gutxi,%5-edo.

Oso gazterik loratu da. Ibilbide laburragoa izatea ekar dezake horrek?

Ziurrenik bai. Ez dut Tadej 35 urterekin lehiatzen ikusten. Ez litzateke ariko dirua irabazte hutsagatik. Berari bizitzaz disfrutatzea eta irabaztea gustatzen zaio. Bizikleta oso maila altuan utziko du.

Zenbat urtean eutsi diezaioke orain duen mailari?

Ez dakit. Beste lauzpabost urtez? Lesioak, erorikoak eta eritasunak ere kontuan hartu behar dira, eta ea mentalki zenbat urtez ibil daitekeen hainbesteko presioarekin.

Eta zer egin dezake beste lau edo bost urte horietan?

Dena irabazi. Baina jomuga Tourra da. Dena eman eta kentzen dizu. Monumentuak [bost klasiko nagusiak] ere oso erronka polita dira.

Euskal Herrian jokatuko dira aurtengo Tourreko lehen hiru etapak. Ea Pogacarrek toki onean uzten zaituen etxekoen aurrean…

Horretaz hizketan aritu ginen iazko Tourrean. “Etxetik 1 zenbakidun dortsalarekin atera nahi dut”, esan nion. Tamalez, ez da posible izango, ezin izan zuelako irabazi. Baina oso egun politak izango dira, dudarik gabe. Hemengo ibilbideak asko gustatzen zaizkio, eta beti du atsegin Euskal Herrira etortzea. Paisaiak, jendearen izaera… Esloveniaren antzekoa dela iruditzen zaio.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2023-10-26 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Frantziako Tourrean “ez garela ez frantsesak ez espainiarrak” erakustera dei egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.


Mila ertzain inguru manifestatu dira Gasteizen, eta esan dute ez dutela Tourra saboteatuko

Jaurlaritzaren arabera, jarrera "estu", "irrealista" eta "arduragabea" dute protestan ari diren ertzainek. Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu zien ostiralean sailaren arduradun Josu Erkorekak, sindikatuak mahaitik altxatu eta gobernuari... [+]


2023-06-23 | Jon Torner Zabala
“Euskara ezinbestekoa Itzuli Handian”, Tourra Baionara heltzean euskarari leku egiteko hitzarmena

Bilbo, Gasteiz eta Donostia zeharkatu ostean, uztailaren 3an Baionara helduko da Frantziako Tourra. Lasterketak duen oihartzunaren jakitun, hitzarmena sinatu dute Baionako eta Tourraren antolatzaile Amaury Sport enpresako ordezkariek, "euskara balioan ezarri, hedatu eta... [+]


Frantziako Tourrean “murgiltzeko esperientzia”: tirolina erraldoia, “food-truck”-a eta herri kirolak

Ekainaren 29an egingo da Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, Bilbon. "Fan Park" handia jarriko dute erakundeek.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Frantziako Tourra Hego Euskal Herrian: 1.700 ertzain eta lau orduko zirkulazio mozketak lasterketa aurretik

“Grand Départ Pays Basque 2023” dela eta, Eusko Jaurlaritzak inoiz izan den “segurtasun-operatibo” handienetako bat aurkeztu du ekainaren 5ean. Txapelketak udako irteera operazioarekin bat egingo du, aireportuak eta trafikoa oztopatuz.


2023-05-25 | Euskal Irratiak
Frantziako Tourra kari, Euskal Herria mundura ekimena abiatu du Gure Eskuk

Frantziako itzuliak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Gure Eskuk, 'Euskal Herria mundura' izeneko ekimenarekin. Tourreko lehen hiru etapak osoki Euskal Herritik pasako direla baliatuta, "inoiz egin den ikurrinik erraldoiena" zabalduko dute, eta 4.000... [+]


Eguneraketa berriak daude