Ginekologoarengana joateko hamaika traba

  • Hainbat gaztek ginekologoarekin duten lehen harremana korapilatsua izan ohi da. Euren bizipenak eta kezkak kontatu dizkigute Aroa Sotelok (Bilbo, 1998), Ainhoa Labairuk (Bilbo, 1998), Naiara Martinek (Mar del Plata, Argentina, 1990) eta Uxue Reyk (Iruñea, 1997). Lehenago artatzeko premia azpimarratu eta gizonezko medikuen hoztasuna salatu dute. Kritikatu dute erabiltzaileengan jartzen dela artatzeko ardura osoa.

“Errazagoa” izanen litzateke ginekologoaren kontsultara joatea, lehenagotik heziketa eta informazio gehiago izanez gero. Ilustrazioa: Paula Estévez.

Karrikatik doazen gazte batzuk ginekologoaren inguruan solasean ari dira. Kontsultara joateko deitu diote bati, eta kezkatuta, harrituta eta apur bat beldurtuta dirudi. “Zuek joan zarete?”, galdetu die urduri. Batek baietz erantzun, eta galdezka hasi da: “Noiz joan zinen? Nolakoa izan zen? Zer egin zizuten? Mina ematen du?”. Esperientziak konpartitzen hasi dira denak.

Duela gutxi eskatu zuen ginekologoak azterketa egiteko lehen hitzordua Aroa Sotelok. Familia medikura jo zuen, baina ordua hartzeko zailtasunak izan zituen: “Esan zidan: ‘Baina ba al duzu arrazoirik?’. Esan nion ez naizela inoiz joan, badela azterketa egiteko garaia”. Medikuak erantzun zion “pisuzko arrazoi bat” behar zuela. Hala ere, hitzordua eskatzeko laguntza eskaini zion: “Ikusi zuen historialean jartzen zuela txikitan hilekoagatik mina neukala, eta galdetu zidan ea orain minik neukan. Baietz esan nionez, esan zidan bide horretatik lortu nezakeela hitzordua”.

Medikuaren laguntza eskertu du Sotelok: “Uste dut eragina izan duela medikua emakumea izateak”. Salatu du osasun sistemak ez diola ginekologiaren auziari erreparatzen: “Ez diete garrantzirik ematen gure osasunari eta arazoei, eta badirudi zeozer gertatu behar zaigula guri kasu egiteko”. Aste Santuan eskatu zuenez hitzordua, eta medikua oporretan zegoenez, zailtasunak izan zituen: “Ez zuten ordezkorik jarri, horrek esan nahi du ez dagoela jenderik gu entzuteko. Badirudi minagatik hiltzen egon behar garela kasu egin diezaguten”.

Ginekologoarengana joateak beldurra ematen dio Sotelori: “Ezezaguna da eta prozedura oso inbaditzailea izan daiteke”

Ez da lehenago ginekologoarenera joan, beldurra ematen diolako: “Ezezaguna da eta prozedura oso inbaditzailea izan daiteke”. Horrez gain, uste du ginekologoaren arabera oso desberdina izan daitekeela esperientzia: “Espero dut emakumea izatea. Ziur gizon profesionalak daudela, baina beldurra ematen dit lotsatuta edo behartuta sentitzeak”. Osasunerako beharrezkoa den arren, “oso intimoa” dela dio.

“Errazagoa” izanen litzateke ginekologoaren kontsultara joatea, lehenagotik heziketa eta informazio gehiago izanez gero: “Txikitatik hitz egingo bagenu, lotsa gutxiago izango genuke”. Horrekin batera, salatu du begirada zisheterotik artatzen dela: “Egia ez izan arren, asumitzen dute emakumea naizela, eta nire bikotekidea gizona, eta hortaz, kondoia erabiltzen dugula”.

Indarkeria ginekologikoa

Ainhoa Labairu 16 urterekin joan zen lehenbiziko aldiz ginekologoarengana. Salatu du medikuak gehiegikeriaz jokatu zuela, eta “oso erasokorra” izan zela. Horregatik, ez du berriz itzuli nahi: “Erreparo handia ematen dit, eta larritzen naiz”. Esperientzia gogorra izan zenez, ez du benetako izena eman nahi.

Betidanik hileko irregularrak izan arren, uda batean “etengabe” odolusten ari zelako joan zen amarekin familia medikura. Kezkatu zirenez, ginekologoarenera bidali zuten. Kontsultan bi pertsona zeuden: gizon “serio” zahar bat betaurrekoekin –ginekologoa–, eta 40 urte inguruko emakume bat –erizaina–. Ez zioten azaldu zer egingo zuten: “Ikusi nuen zilarrezko makil moduko bat atera zutela, nahiko luzea, eta ginekologoak erizainari esan ziola bestea pasatzeko, handiagoa zirudiena. Abisatu barik makila sartu zidan, izugarria izan zen”. Mina baino, “deserosotasuna” eta “sorpresa” sentitu zituela esan du.

Ostean, deus esan gabe medikuak eskua sartu zion baginan: “Gogoan dut esku bat barruan zeukala, eta bestea kanpoan, eta umetokiaren gainean kolpeak ematen hasi zela. Ikaragarrizko mina eta deserosotasuna sentitu nituen”. Etzanda zegoelarik erizainak eskua ematen zion, eta lagundu nahian lasaitzeko gauzak esaten zizkion: “Sentitu nuen pena ematen niola, esaten zidan: ‘Lasai, mina ematen du?’”. Gizona aldiz berera zegoela salatu du: “Erizaina ni zaintzen ari zen, eta tipoa, deus esan barik, nahi zuena ukitzen”.

Labairuk dio testuingurua “oso hotza” eta “zurruna” zela: “Emozio puntu bat ere adierazten ez zuen gizon aseptiko bat neukan aurrean”

Hileko irregularrak zituela esan, eta antisorgailu hormonalak errezetatu zizkion: “Uste dut bidali zizkidala ez zuelako deus ikusten. Gelatik atera ginenean amak esan zidan ez nituela hartuko, eta errezeta apurtu zuen”.

Labairuk uste du esperientzia bestelakoa izan zitekeela ama alboan egon izan balitz, eta prozedura azalduz gero: “16 urte nituen, eta ez nekien zer egingo zidaten. Gainera, eskua atera zuen, eta ondoan jesarri ginen, deus gertatu ez balitz bezala”. Argi ikusi zuen maskulinitatearen irudi “guztiz zurruna”: “Zergatik erizainak erakutsi behar ditu laguntzeko prestutasuna eta zaintza, eta ezin du ginekologoak hori eskaini?”.

Gaineratu du testuingurua “oso hotza” eta “zurruna” zela: “Emozio puntu bat ere adierazten ez zuen gizon aseptiko bat neukan aurrean”. Horregatik, berriz joatearen beldur da: “Badakit desberdin jokatuko nukeela, baina beldurra emango lidake nor tokatuko litzaidakeen pentsatzeak”.

Hitzordua eskatzeko trabak

Naiara Martin aurten joan da lehenengo aldiz ginekologoarenera. Ez du benetako izena eman nahi emakume transexuala delako, eta transfobiaren beldur delako. Tailandian egin zuen ebakuntza, Nafarroan hamar urteko itxaron zerrenda dagoelako. Zirujauak esan zion beharrezkoa zela jarraipena egitea dena ongi dagoela ziurtatzeko: “Gutun batekin etorri nintzen, eta bertan argi eta garbi jartzen zuen ginekologo batek artatu behar ninduela”.

Transbidera jo zuen hitzordua eskatzeko, transexualen, transgeneroen eta intersexualen Nafarroako arreta zerbitzura: “Esan zidaten ez nuela ginekologorik behar, umetokiko minbizia dugunaren zantzuak ikusten ditugunean edo errebisioetarako soilik joaten delako jendea”. Gutuna erakutsi arren, esan zioten lehenik endokrinoarekin hitz egin behar zuela, eta hark esanen ziola nork artatuko zuen: urologoak, ginekologoak edo zirujau plastikoak.

Bitartean, Lizarrako osasun etxera jo zuen, eta segituan jarri zuten itxaron zerrendan. Hilabetera deitu zuten. Nabarmendu du arreta “zentzuzkoa”, “zintzoa” eta “hurbila” izan zela: “Ez zeukaten esperientziarik horrelako ebakuntzak dituzten emakume transekin, baina emakume zis eta mutil transekin bai”. Deus egin baino lehen, zer egingo zuen azaldu zion, eta dena ongi zegoenez hiru hilabete barru berriz joateko esan zion: “Edozein arazo izanez gero berriz deitzeko esan zidan”.

Martinek uste du “zorteduna” dela, hitzordua azkar lotu duelako: “Bilbon bizi den lagun batek zauri bat dauka baginan, eta bost hilabete barru eman diote hitzordua”

Medikura joan baino lehen jarrera transfoboak pairatzeak kezkatzen zuen, ostera, “oso ongi” sentitu zela nabarmendu du: “Uste nuen herrian mentalitate itxiagoa izan zezaketela, eta baztertua sentitu ahal nintzela, baina orain badakit berriz itzuli naitekeela”.

Transbiden, aldiz, endokrinoarenera bidali zuten: “Ez zenez ginekologian aditua, eskularruak jantzi, eta pixka bat begiratu ninduen kanpotik”. Ostean, ez zuten deitu ginekologoak artatzeko. Transbidek ginekologo espezializatua duen arren, esan zioten ezin zuela artatu, erretiroa hartzeko zorian dagoelako: “Ez da nire ardura ginekologorik ez egotea, haiek bermatu behar dute pertsona bat gu artatzeko”.

Kontent da erreferentziazko ginekologo bat lortu duelako, familia medikuaren bitartez. Hala ere, uste du “zorteduna” dela, ezohikoa delako hitzordua lotzea: “Bilbon bizi den lagun batek zauri bat dauka baginan, eta bost hilabete barru eman diote hitzordua”. Martinek ere salatu du erabiltzaileengan jartzen dela artatzeko ardura: “Tematiak izan behar gara behar dugun arreta jasotzeko”.

‘Pisuzko arrazoien’ beharra

Uxue Reyk ere bat egin du eskatzen tematu beharrarekin: “Badirudi mesedez-arren eskatu behar ditugula probak. Ez dakit zenbatero komeni den egitea, baina behintzat eskatzen duenak ez dezala sentitu behar baino gehiago eskatzen ari dela”. Uste du horrek eragin dezakeela gutxiago joatea.

Ginekologo pribatuan zein publikoan ibili da Rey, eta bi lehen aldi deskribatzen ditu. 14 urterekin bata: “Senide batek arazo ginekologiko larri bat izan zuen duela 40 urte inguru, ez zutelako garaiz atzeman. Neuk ere izatearen beldur zenez, konfiantzazko mediku batengana eraman ninduen”. Ginekologo pribatu batek artatu zuen: “Ez inola ere mesfidati garelako publikoarekin, baizik eta kasu horretarako pertsona horrengana jo nahi zuelako senideak”.Nahiko “lausoa” du egun hori, baina uste du ez zizkiotela azalpen asko eman: “Eta emanez gero, ez nituen ulertu”. Sexu harremanak izaten zituen galdetu zioten, proba modu batean edo bestean egiteko. Bisita “arrotza” egin zitzaion: “Oso gizon heldua zen, pentsa, oroitzen naiz gorbataren koloreez”.

Reyk salatu du “kontrolik eza handia” dagoela: “Norberaren erabakiaren esku geratzen da ginekologoarenera joatea”

Sei urte geroago, azterketa bat egiteko garaia zela pentsatu zuen: “Amak animatu ninduen, bazekielako ordurako sexu harremanak izanda nituela beste pertsonekin”. Familia medikuarekin hitz egin zuen, baina soilik erizainarekin eman zioten ordua: “‘Zergatik nahi duzu?’, galdetu zidan medikuak. Eta nik esan nion azterketa egin nahi nuela. ‘Baina zerbait gertatzen zaizu?’, esan zidan. Zer da zerbait izatea? Oinaze bat? Kezkaren bat?”.

Azkenik, berriki, lehenengo zitologia egin du Andraizen, Sexu eta Ugalketa Osasunerako Nafarroako Arreta Zentroan: “Erreferentziazko leku bat da niretzat”. Reyren adinkideek ez dute oraindik zitologiarik egin, eta uste du berak egin izana “kasualitatea” dela: “25 urte betetzeko bi hilabete falta zirenean ginekologoarengana joan nintzen oinaze bat neukalako. Han nengoenez, esan zidaten dena egingo zidatela”.

Salatu du “kontrolik eza handia” dagoela: “Norberaren erabakiaren esku geratzen da ginekologoarenera joatea”. Lehenago joatea beharrezkoa dela uste badu ere, azpimarratu du “idealena” ez dela pribatutik joatea: “Osasun sistema publikoak bermatu beharko luke arreta”.

"Neska gazteetan giza papilomak eragindako infekzioen intzidentzia nahiko altua da, baina birusaren ezabatze-tasa askoz handiagoa da", Marta Ruiz, ginekologoa. Argazkia: Yakobchuk Olena / Getty Images / iStockphoto.
Prebentziorako zitologia 25 urtetik gorakoentzat

Zergatik egiten da zitologia 25 urterekin? Zergatik ez lehenago? Zein proba eskatu daitezke? Galdera horiei erantzun diete Marta Ruiz ginekologoak eta Itziar Ayensa erizainak. Andraizen egiten dute lan biek.

Zitologiaren helburua prebentzioa da; umetoki lepoko minbiziari lotutako infekzioak edo patologiak atzematea. Hau da, xedea ez da jada minbizia duten pertsonak detektatzea; baizik eta sintomarik ez dutenak, baina lesio aitzindariren bat izan dezaketenak eta denborarekin umetokiko minbizia izateko arriskua dutenak hautematea.

Umetoki-lepoko patologia lotuta dago giza papilomaren birusarekin, sexu-transmisiozko infekzioa dena. Horregatik, zitologia soilik egiten dute beste norbaitekin harreman sexualak dituztenekin. Ruizek azaldu du 25 urtetik beherako umetokiko minbiziaren intzidentzia “oso arraroa” dela.

Zitologia bidez detektatzen dute birusa, eta Ruizen arabera, emakume gazteen kasuan askotan detektatzen dituzte asaldura zitologikoak edo alterazio “txiki” eta iragankorrak: “Neska gazteen artean, giza papilomak eragindako infekzioen intzidentzia nahiko altua da, baina haien immunitate sistemak hobeto erantzuten du, eta birusaren ezabatze-tasa askoz handiagoa da”.

Ohartarazi du kaltegarria izan daitekeela lehenago egitea: “Kostu ekonomiko handia, beharrezkoa ez den tratamendua, sistema immunologikoa ahultzea eta ondorio psikologikokoak eragin ditzake”.

Erizaintzan egiten dituzte zitologia eta infekzioak detektatzeko kultiboak, eta horretan aritzen da Ayensa: “Arazorik badago, ginekologoarengana bidaltzen ditugu”. Edozein proba egin baino lehen dena azaltzen diete: “Poliki goaz, ematen dugun urrats bakoitza azaltzen; hala nola esaten diegu espekulua sartuko diegula eta ez dela mingarria”. Helburua da pazienteak “lasai” egotea, eta ez izatea desatsegina: “Posizioarengatik, beti izango da pixka bat desatsegina, baina saiatuko gara ahalik eta atseginena egiten”.

Nafarroan ez dago uteroa duten pertsonentzako baheketa automatikorik; hau da, ez zaie deitzen 25 urte betetzen dituztenean. Hortaz, behaketa eskatzeko bi modu daudela aipatu ditu Ruizek: “Behaketa oportunista da; hau da, soilik deitzen diegu beste arrazoi batzuengatik etorri direnei, dagoeneko sisteman daudelako. Beste aukera bat da haiek deitzea eta ordua eskatzea”. Hortaz, ginekologoan inoiz egon ez direnen kasuan, haiengan jartzen dute deitzeko ardura. Dena dela, Nafarroan sistema aldatzen ari dira, eta populazioaren araberako baheketa egiten ari dira; momentuz 25 urtetik gorakoentzat da. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere 25 urtetik gorakoei bideratzen zaie proba egitera sistema publikoan.

Zitologiaz gain, bestelako errebisioak ere egiten dituzte Andraizen; Ruizek goraipatu du Sexu eta Ugalketa Osasunerako Arreta Zentroek ateak zabalik dituztela edozein zalantza edo kezka argitzeko: “Berdin dio 25 urte bete ez badituzu, printzipioz guztiak daude eskuragarri osasun heziketarako, sexu hezkuntzarako, sexualitaterako, sexu transmisioko infekzioekin zerikusia duen edozein alderditarako eta antisorgailuen gairako”.

Nabarmendu du hezitzaileak ere badaudela, eta haien lana oso garrantzitsua dela: “Ez dago itxaron zerrendarik, eta edonorekin joan zaitezke; hala nola lagunekin, bakarrik, edo bikotekidearekin”. Sexu eta Ugalketa Osasunerako Arreta Zentroetara joateko deia egin die gazteei.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ginekologia
Bizkaiko emaginen greba eguna astelehenean, Osakidetzaren udako murrizketak salatzeko

Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuak deitu du greba, eta udako murrizketek eragindako lan karga arintzeko neurririk ez hartzea leporatu dio Osakidetzari.


Umetoki lepoko minbizia garaiz hautemateko auto-harraldia sustatzen ari da Osasunbidea

Urtarriletik hona ia 13.500 pertsonek egin dute proba Nafarroan, eta proba egin dutenen %95ak etxean egin du.


Eguneraketa berriak daude