Munduko mapako eremurik beroenetako batean jaio eta hazi zen Gilad Sade (1986): Haifan, Israelen jaio zen, eta Hebronen eta Jerusalemen hazi. Alegia, gatazka geopolitikoak gurutzatu du bere bizia hasieratik bertatik. Ama ezkongabe baten seme, Israelgo Kach talde terrorista ultraeskuindarraren inguruko komunitatean hezi zuten, eta bertako buruzagiek eta bere ingurukoek sinetsarazi zioten bere aita palestinarra zela eta Kachek ama eta biak erreskatatu zituela gehiegikeriazko harreman horretatik. Antolakundearen barruan izen sonatu bihurtu zen Sade, Itamar Ben Gvir egungo Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroaren kide izan zen. Urteetako historial kriminala josi ostean, antolakundea utzi zuen, eta publiko egin zuen haurrak erabiltzen zituztela ekintza kriminaletarako. Orain, kazetaria da nazioarteko zenbait gatazkatan, baina ez jaioterrian; mehatxatuta dago eta ezin da Israelera itzuli. Berlindik erantzun die ARGIAren galderei.
Lehenik eta behin, zein da zure egoera momentu honetan? Israelera bueltatu zaitezke ala mehatxatuta zaude?
2009an utzi nuen antolakundea, eta orduan hasi nintzen bisitari taldeekin espedizioak egiten: Israelen eta inguruko herrialdeetan egiten nituen. Urteak behar izan nituen bizitza berregiteko eta erreputazioa berreskuratzeko, ez baineukan hezkuntza ofizialik, eta nerabezaroa Poliziarekin iskanbilatan pasatu bainuen. Lan handia egin behar izan nuen nire ametsa bete eta espedizio buru eta kazetari bihurtzeko. Ez nituen irabazi guztiak kazetaritzatik ateratzen, ez baita dirua irabazteko oso era ona; jendeak kazetaritza egiten du horretan sinesten duelako. Baina orain ezin ditut horrelako txangoak antolatu, ez dudalako esaten uneoro non nagoen. Izan ere, badakit eskuin muturreko jendeak nahi duela espedizio bat harrapatu eta nirekin duten arazoa “konpondu”.
Eskuin muturrak mehatxatu nauenez, ez dut esaten non nagoen, ez daukat bizileku finko bat, baditudalako arrazoiak sinesteko nire bila etortzen saiatuko direla. Nire aurkako kanpainak egin dituzte, nire erreputazioa suntsitzeko asmoz, eta eskuin muturreko aktibistei ulertzera emateko zer egin behar duten ni ikusten banaute. Itamar Ben Gvir berak nire aurkako zenbait kanpaina jarri ditu martxan, gobernuaren immunitatea baliatuta, eta esan du talde anti-semitikoek ordaindutako aktibista bat naizela eta milioika euro irabazten ditudala horrela: gainera, dio nire kazetaritza iturriei ordaindu egiten diedala istorio faltsuak kontatu ditzaten. Beraien ametsik gaiztoena naiz, beraien ekintzak argitara ekartzen jarraitzen dudalako, eta ni suntsitzeko ahaleginetan ari dira.
Nolatan sartu zinen horrelako antolakunde batean?
Bizitzako gorabeherek eraman ninduten Israelgo eskuin muturreko komunitaterik muturreneko batean haztera, Kach antolakunde terroristarekin estuki lotuta zegoena. Bitxikeria gisa: AEBek egun berean izendatu zituzten talde terrorista mugimendu hau eta ETA, 1997an.
Beste askoren kasuan ez bezala, nik ez nuen erabaki horretara sartzea, gaztetatik adoktrinatu eta manipulatu ninduten, nire egoeran erraza baitzen hori. Amona, errefuxiatu izandakoa, ez zegoen pozik ni ama ezkongabe baten semea izatearekin, eta Kahane rabinoarekin hitz egin zezan eskatu zion amari. Rabino hura, ordea, Kach mugimenduaren buruzagietako bat zen, eta, beste buruzagi batzuekin batera, aukera paregabea ikusi zuten hor. Nire ama manipulatu zuten: ni adopzioan emateko eskatu zioten, uste zutelako ez ninduela erlijioan heziko. Horrela bukatu genuen komunitate horretan, amak ez bainiduen abandonatu.
Etxetik jaso zenuen, baina ez zintuzten beraietako bat bezala tratatzen, ezta?
Ez. Beraiek uste zuten nirekin nahi zutena egin zezaketela ama ezkongabe baten semea izanik. Ez ninduten gizaki gisa tratatzen, beraientzat tresna bat nintzen. Gogoan dut Ben Givrrek nahi zuela nazioarteko komunitatearen aurkako ekintza bat egin eta NBEko base batean sarrarazi ninduela. Ez zitzaion axola ekintza horretan bizia galtzen banuen. Garai hartan uste nuen erdi palestinarra nintzela, eta esaten zidaten beraiek barik ezingo nuela ganorazko bizitza izan. Horregatik zen erraza beraientzat nik horrelako gauzak egitea; uste dute palestinarrak ez direla gizakiak, erdi gizaki bezala dira, eta ni hori nintzen. Baina baita judutarra ere, eta hori zen gizaki gorena izatea. Orduan, nik uste nuen erdia baino ez nintzela.
Oso zaila izan zen hori bizitzea. Poliziarekin istiluak zeudenean ni nintzen lehena, ekintzak egin behar zirenean (pintaketak edo palestinarren autoak apurtzea) hantxe nengoen ni beti, erakutsi nahi nien beraiek bestekoa nintzela, ez zitzaidan axola arriskua. Ben Givrrek ematen zizkigun aginduak, berak ez zuen inoiz ezer egiten, gu bidaltzen gintuen. 14 urte nituenean, nire lagunik onenak hil ziren Jerusalemen izandako bonba eraso batean.
Nola hartu zenuen antolakundea uzteko erabakia?
Neure burua gorrotatzen hazi eta gero, 20 urte inguru izango nituen antolakundea utzi eta beraiengandik urruntzeko indarra batu nuenean. Zaila da uste izatea erdi gizaki goren eta erdi azpigizaki zarela, gatazka hori barruan sentitzen nuen. Antolakundea utzi eta gero, konturatu nintzen manipulatu egin nindutela, ez naizela erdi palestinarra, istorio hori jendeak asmatu zuela antolakunderako kanpaina bat egiteko, dirua lortzeko. Orduan ulertu nuen beren boterea erabili zutela nire ama isilarazteko eta istorio hori argitara ez ateratzeko.
Baina, azkenean, neure buruari beste bide bat aurkitu nion. Nire bizitza asko aldatu da, asko bidaiatu dut; baina, era berean, oraindik ere nire aurka ari dira. Zer egin dezaket nik? Ezin dut nire herrira itzuli, eta benetan maite dut.
Nolakoa izan zen antolakundea uzteko prozesua?
Lehen erasoen helburua niri gizatasuna kentzea zen, batzuetan baita eraso fisiko saiakerak ere; esaten zidaten ez nuela ezer balio, eta niri buruzko gezurrak zabaldu zituzten. Esaten zidaten ez nuela aukerarik bizitza normala izateko. Eta uste dut horretarako arrazoiak zituztela. Lehenik eta behin, beraietako askok nigan ikusten zuten mugimenduko etorkizuneko buruzagia. Ez dut harrotasunez esaten, eta damutzen naiz egindako guztiaz, baina jende askok ninduen gustuko. Adibidez, kartzelan nengoenean, kanpoaldean protestak egiten zituzten ni animatzeko.
Beraz, denbora luzez aritu ziren niri sinetsarazten ez nuela ezer balio antolakundetik kanpora. Eta, era batean, horri ere egin behar izan nion aurre: ez neukan hezkuntza ofizialik, 13 urte bete nituenerako kartzelan nengoen, historial arrazista eta kriminal luzearekin, kalean borrokan. Gainera, antolakundetik kanpoko gizarteak ez ninduen onartzen, nire iraganagatik. Ez zen erraza izan beraiengandik kanpora bidea egitea. Eta beraientzat ere ez zen erraza ni handik joatea, bazekitelako informazio ugari nuela beraiei buruz eta hori ezagutarazi nezakeela.
Era berean, antolakundea utzi nahi zuten pertsonentzako aterpe bihurtu nintzen. Gertatzen zen jendea bere lagunekin niri buruz txarto berbetan aritzea, baina gero gauez niri deitzea eta esatea bizimodu hori utzi nahi zutela eta ez zekitela nola. Esaten zidaten ez zutela nahi ni bihurtu.
Noiz eman zenuen saltoa zure istorioa publiko egiteko?
Antolakundea utzi eta denbora batera Ilan Mizrahir dokumental egileari idatzi nion, nire bizitza berregiteko laguntza eskatzeko. Lagun egin ginen eta proposatu nion nire prozesuari buruzko film bat sortzea. Nire asmoa zen antolakundea uzten duten gazteek egin beharreko bide gogorra ikusaraztea. Horretarako, eskuin muturreko ekintza batera joan zen Mizrahi, eta bertan eman zuten nire txikitako bideo bat. 1990 inguruan grabatu zuten bideo hori, dirua lortzeko, nik 3 urte nituen han eta antolakundearen buruzagia zen rabinoaren besoetan agertzen nintzen. Berak zioen palestinarren herrixka batetik erreskatatu nindutela. Hortik aurrera, hasi nintzen ikertzen bideo horren nondik norakoak, eta film bat egiten bukatu zuen Mizrahik, Best Unkept Secret izenekoa. Filma estreinatzearekin batera, nire aurkako kanpaina bat abiatu zuten, eta Israel utzi behar izan nuen, ez bainintzen seguru sentitzen. Beldur ziren jende gehiagok berba egingo zuela, eta kide ohien aurka hasi ziren, publikoki berba egin ez zezaten.
Inongoa ez izateak ardaztu du zure bizitza. Kurdu judutarren familia batetik zatoz, eta eskuin muturreko familia israeldar batean hezi zintuzten.
Amaren familia Irakeko Kurdistanetik heldu zen. Nire Kurdistaneko familiak herrialdea utzi behar izan zuen, Irakeko Gobernuko kideak etorri zitzaizkien etxera eta handik alde egin behar zutela esan zieten; hori ala hil egingo zituzten. Israelgo errefuxiatu kanpalekuetan ibili ziren, leku batean finkatu ziren arte. Eskuin muturraren manipulazioen ondorioz, beldurra nuen amari nire aitaren inguruan galdetzeko, baina onartu nuenean erdi palestinarra izatea ez dela txarra, amari galdetu nion eta berak esan zidan ez dela palestinarra; alegia, urte askoan esandako gezurrak ziren, eta neronek ere sinetsi nituen. Aita 2019an ezagutu nuen, eta oraindik harremanetan gaude.
Antolakundea uztearekin batera hasi zinen istorioak kontatzen, kazetaritza eta espedizioak prestatzen. Zergatik?
Espedizioak egitearen arrazoia zen istorio bat kontatu nezakeela, eta hori da egin nahi dudana; txikitatik hori izan da nire ametsa. Orain, argazkilaria naiz, baina baita irrati esataria; multimedia kazetaria, oro har. Istorio konplexuak nahi ditut kontatu, kontatu ez direnak. Israeldar aldizkarietan, esaterako, Euskal Herriari buruz dagoen informazio bakarra da jatekoari edo ETAri buruzkoa. Ez dute berba egiten kulturari edo herrialdearen konplexutasunari buruz, eta hori da ez dutelako eremua ezagutzen. Hedabideak horren bila ari dira, ez dute nahi kontatu benetan zer gertatzen den. Ni kazetari lanetan ari naiz istorioak idazteko ezagutzen ditugunetatik harago. Nire webgunean diot: “Hemen nago helmuga ezezagun eta ahaztuen, abenturen eta jende ikaragarriaren istorioak jasotzeko”.
Europan zaude egun, nola ikusten da bertan Israelgo egoera?
Uste dut Europan ikuspegi bikoitza dutela munduko gatazken inguruan ari garenean, eta Israel eta Palestinako gatazkaren inguruan oso irudi okerra dago; eta normala da, fake new ugari dago horren inguruan. Hammasek edo Kachek ez dute gizartearen gehiengoa ordezkatzen: muturrekoak dira, eta terroristak, hauteskundeetan beren planak ezkutatzen badituzte ere. Kachen, esaterako, askok ez dute sinesten Israelen, Judean sinesten dute, erresuman, baina ez dute publikoki esaten. Orokorkeriekin hitz egiten da gatazkaren inguruan, eta hori Euskal Herrian ere gertatu da: oso zabalduta dago euskal herritarrak terroristak direla, baina gehienak indarkeriaren aurka daude. Errazena da jendea horrela markatzea. Baina, ez, israeldar eta palestinar gehienak ez dira fundamentalistak.
Horretaz gain, askotan esaten dute Israel lurralde okupatua dela eta ez daukala existitzeko eskubiderik, baina hori dioenak ez daki ezer historiaz. Israelgo eta Palestinako buruzagiek lan asko daukate egiteko bi herriei justizia banatzeko. Gazako egoera ez da ona eta hori konpondu behar da; baina gatazkaren errua soilik Israeli botatzea ez dago ondo. Beste herrialde askotan bezala, Israelen badago zer aldatu, eta behar dugu konponbide bat gatazkarentzat; izan ere, nahi edo nahi ez, denok bizi gara hemen. Errealitatea onartzen dugunean konponbidetik hurbilago egongo gara. Erlijioan oinarritutako estatuen kontu hori oso antzinakoa da.
Askotan esan duzu Israel tranpa bat dela, ez soilik palestinarrentzat, baizik eta ezberdin pentsatzen duen edonorentzat ere.
Egungo gobernuak, fundamentalista eta eskuin muturreko jendez beteak, Israel korapilo arriskutsu bihurtu du palestinarrentzat eta ezberdin pentsatu dezakeen edonorentzat. Netanyahuk esan berri du guardia zibil moduko bat sortuko dutela Ben Givrren agindupean, armak izango dituzten hogei bat zibil. Hori ikusten dudanean ulertzen dut eskuin muturrarentzako milizia pertsonal bat izango dela, armak eta boterea izango dituztela edonoren aurka erabiltzeko. Egoera horrela, herrialdea arriskutsu bihurtzen ari da beraiekin bat ez datorren edonorentzat, baina ez dut uste herrialdea bere horretan horrelakoa denik; espero dut gobernu hau boteretik kentzea ahal bezain pronto.
"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]
Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]
Mundu osoa dago Siriara begira, Israel tartean, zeinak bere presentzia handitu nahi duen. Bitartean, kartzeletan zeuden presoak askatu egin dituzte Bashar al Assad-en gobernuaren aurka egin duten matxinoek, eta milaka errefuxiatu herrialdera itzultzen ari dira.
Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]
Jean-Noël Barrot ministroaren telefono pertsonala hackeatu dute, honek Signal aplikazioko mezu zifratu bat ireki ondoren. Gai Numerikoen –digitalen– ministro ere izan zen Barrot, eta gisa honetako amarruen aurkako lege proiektu bat ere sustatu zuen.
Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]
Abenduaren 5ean erakundeak argitaratutako txostenak Israel genozidioa egiten ari dela salatu du. Erakundeak nahikoa elementu aurkitu ditu Israelek palestinarren aurkako genozidioa egin duela eta egiten jarraitzen duela ondorioztatzeko.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko eta Gazan sarraskiarekin jarraitzeko helburuz sinatu du menia Israelek, Benjamin Netanyahuk onartu duenez, baita Hamas Hezbollahtik aldentzeko ere. Israelen aliatuen tropek "ziurtatuko" dute akordioa betetzen... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]