Martxoaren 25ean izandako gas negargarri eta granada erauntsia gogoan atxikiko dute Sainte-Solineko pentzeetan baturiko 30.000 ekologistek: bi orenez 5.000 granada eta 200 kolpatu –horietan 40 larriki, eta bizia eta heriotzaren artean bi–. Laborantza industrialaren alde eta ingurumenaren kaltetara eraikitzekoa duten uraska erraldoi baten aurka bilduak ziren. Protestaren oinarrian dagoen Lurraren Altxamenduak deitu mugimenduaz poliziak eraman ikerketa plazaratu berri du Mediapart-ek. "Abilezia", "perfektuki jositako komunikazioa" ala "liluratzeko gaitasuna"... hots, loreak, besterik ez. Argi da: eraginkorra eta iraultzailea den mugimendu berri hori trabagarria zaio gobernuari. Hortik, Sainte-Solineko neurrigabeko errepresioa eta mugimendua desegiteko erabaki politikoa.
Lurraren Altxamenduak [izeneko kolektiboak] sormenerako, antolaketarako, eragiteko eta mobilizatzeko duen gaitasunari esker, baita lekuko borrokei oihartzun nazionala eta mediatikoa emateko duen ahalmena dela eta, badirudi ekologiaren aldeko kontestazio erradikalaren eragile nagusi gisa kokatu dezakegula”. Pentsatu dezakegu lore horiek mugimendu hau gustuko duen batek luzaturikoak direla. Baina ez. Esaldi hori Frantziako Estatuaren Informazio Zerbitzuen barne mailako txosten batetik ateratakoa da.
Reporterre komunikabideak eskuratu ahal izan du poliziek eraman ikerketaren ondorioak biltzen dituen iazko azaroko dokumentu ofizial hori. Txosten horretatik ondorio argia atera daiteke: benetako mehatxutzat du Frantziako Estatuak bi urte besterik ez dituen kolektibo gazte hori. Mugimenduaren indar-guneen zerrenda luzea kausitu daiteke Poliziak osaturiko txostenean: “abilezia”, “adimena”, “perfektuki jositako komunikazioa”, “liluratzeko gaitasuna”, eta beste.
Duela urte eta erdi idatzitako txosten hori elementu garrantzitsua dugu martxoaren 25ean Saint-Soline herrixkan antolatu protestari emandako erantzun errepresibo bortitza analizatzeko. Egun horretan 30.000 lagun bertaratu ziren eremu horretan egitekoa duten megabassine edo uraska erraldoiaren aurka. Laborantza industrialaren mesedetara eta ekosistemaren kaltetara bideraturiko megaproiektu horien aurkako mugimendua garatuz doa azken urteetan Frantziako Estatuan, justuki Lurraren Altxamenduak, baita Confédération Paysanne laborarien sindikatuak eta Bassine Non Merci (Uraskak, ez milesker) taldeek antolaturik.
Baserri munduaren eta urbanoaren topaleku interesgarria izaten ari da uraska erraldoien zein bestelako makroproiektuen aurkako mugimendua –aitzineko asteburuan, adibidez, 8.000 lagun batu ziren A69 autopistaren aurka–. Hots, mugimenduak funtzionatzen du, pausoz pauso geroz eta jendetsuagoa bihurtzen ari da, eta horrelakorik ez du nahi Estatuak. Baina, berez, jende-masak ez du Estatua kezkatzen –erretreten kontra karrikan batu milioika herritarren parean daukan mespretxua dugu horren isla–. Txostenean irakurri dezakegunez, ondokoa zaio arriskutsua: “Lurraren Altxamenduak-ek ‘armagabetze’ terminoarekin ederki lortu du eko-sabotajearen onarpena orain artean desobedientzia zibilean zirenen partetik. (...) Borroka ekologistaren baitako adar erradikalaren eta bide gogorragoen garapena lortu dute, Overtonen leihoa lekuz aldatuz: lehen aldietan erradikalegiak ziren ekintza batzuei ohiturik, ez dira gehiago hain bortitz ikusten”. Sainte-Solinen poliziek bideraturiko indarkeriaren erabilpena “gehiegizkoa” izan zela salatu zuen bertan ikuskari gisa egondako Giza Eskubideen Ligak. Ofizialki “gerrako arma” gisa sailkaturikoak erabili zituzten 3.200 poliziek; bi orduz 5.000 granada jaurtikirik; berrehun bat manifestari kolpaturik –horietan 40 larriki eta bi koman sartuak–. Parean, ere 40 bat polizia zauritu ziren, baina bi aldeetako zauri eta indarkerien artean alde handia zela inork ez luke ukatuko.
“Lurraren Altxamenduak sareak ederki lortu du borroka ekologistaren baitako adar erradikalaren eta bide gogorren garapena” Frantziako Poliziaren txostena
Orduz geroztik, Mediapart komunikabidea dabil biharamunen jarraipena egiten, bertan egon zirenen berri hartzen eta Mégabassines, la guerre de l’eau (“Uraska erraldoiak, uraren gerra”) etiketaren pean bildutako artikulu multzoa kezkagarria da. Besteak beste, Je pensais qu´il allait mourir entre mes mains (“Pentsatzen nuen esku artean hilko zitzaidala”) testigantza, iragan astean komatik ateratako baina oraindik biziaren eta heriotzaren artean segitzen duen Serge izeneko aktibistari laguntza bideratu zionarena.
Legearen arabera, airean zartatu beharreko granada buru gainean zartatu zitzaion, babesteko zeukan kaskoa mila puskatan xehatuz. Granada jaso eta tanpez erori zen, odola ateratzen zitzaiola sudur, belarri eta ahotik eta begiak goruntza itzulita zituela. Kontatzen du nola zebiltzan granada eta gas negargarri uharraren erdian, sokorria bideratu nahian baina ezinean –ondoko egunetan argituko zen, telefono grabaketa batzuei esker, bertara ez etortzeko manua zutela sokorriek eta suhiltzaileek–. Reporterre komunikabidea ere ibili da testigantzak biltzen, eta Les traumatisés de Sainte-Soline (“Sainte-Solineko traumatizatuak”) artikuluan zehazten du egunaren biharamunetan “30-50” dei jaso zituztela antolatzaileek “estuasun psikologiko urgenteen harira”. Orduz geroztik, manifestari anitzek dituzte flashback-ak, estres post-traumatikoak, bapateko negarraldiak, eta bestelako gaizki izateak.
Ondokoa irakurri dezakegu Lurraren Altxamenduak-ek protestaren biharamunean plazaraturiko agirian: “Gas negargarriak, granadak, blindatuak eta bestelako armategi militarrak espero genituen, baina ez genuen horrelako erauntsirik espero. (...) Rémi Fraissen heriotza gogoan ukan arren [2014an zendu zen, Frantzia hegoaldeko Sivens urtegiaren aurka egindako manifestazioan granada bat jasota], hein horretako hiltzeko nahikariari aurre egiteko ez ginen prestatuak. Ozka berri bat gainditu dute”. Autokritika eta analisi politikoa juntatzen dituen idatzi mamitsua da A ceux et celles qui ont marché à Sainte-Soline (“Sainte-Solineko martxan egondakoei”) idatzia.
Granada eta gas negargarrien artean itota, inork ez zekien arma berri bat esperimentatzen zebilela Polizia: produktu ikusezin batez osaturiko kanikak igortzen dituen EMF100 fusila. Ikusezin hori, alta, poliziek ikus dezakete laser-izpiekin.
Harriduraz hartu zuen poliziaren jarrera Le Monde edota Radio France komunikabideentzat dabilen Clément B. kazetari independenteak Saint-Solinetik –lanetik– etxeratzean: kontrol batean gelditu, paperak galdetu, “substantzia kriminalistikoen” behaketa eginen ziotenaren abisua jaso, UV lanpara batekin jantzien gainetik joan-jinak jasan, eta bapatean polizietako baten poza, margo baten marka agertu zitzaiolako esku gainean. “Harroturik ziren, ‘positiboa da!’ zioen batek”, kontatzen du kazetariak. 28 ordu pasa zituen polizia-etxean, galdekaturik, UV lanparari esker bakarrik ikusi daitekeen marka horrek frogatzen zielako bertan egon zela.
Sainte-Solinen inork ez zekien Poliziak arma berri bat esperimentatzen zuela: produktu ikusezin batez osaturiko kanikak dituen EMF100 fusila
Mugimendua desegiteko xedea plazaratu zuen Barne ministro Gerard Darmaninek Saint-Solineko manifestazioaren ondoko egunetan, “ekoterroristatzat” joz manifestariak. Baina badirudi abisuak mugimendua indartu besterik ez duela egin: “Lurraren Altxamenduak mugimendua ezin daiteke desegin, anitza delako eta bizirik dagoelako. Mugimendu bat ezin daiteke desegin, ezin daiteke matxinada bat desegin”, izan zen kolektiboaren erantzuna eta orduz geroztik alde guzietatik dituzte elkartasun mezuak –97.000 herritarrek izenpetu dute “Lurraren Altxamenduak gara” agiria eta dozenaka talde berri sartu dira sarera.
Ekintza eta bideak "berrasmatzeko" beharra azaldu dute Sainte-Soline biharamunetan idatzitako testuan, beti ere Poliziaren eta Estatuaren errepresioaren parean duten oinarrizko helburua oroitaraziz: "Orduz geroztik, ez da egun bat iragan urari buruzko aipamenik gabe, uraren eskasteari edo kutsatzeari buruzko erreportajerik gabe. Erronka erreala da, geroz eta gehiago gara gaiaz sentsible eta matxinadaren alde ere geroz eta gehiago gara. Uraren aldeko bataila hor dugu, hil ala bizikoa dugu borroka hori, segi dezagun, antolatu gaitezen".
Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]
A69 autobidearen aurkako mugimenduaren topagune eta borroka gune izan da Okzitaniako Tolosa eta Castres hirien arteko lurraldea ekainaren 7tik 9ra. Dozenaka kolektiboren deiari erantzunez, 6.000 lagun batu dira bertan eta Frantziako Estatuko Barne ministro Gérard... [+]
Lurraren aldeko mugimenduak pilpilean dira munduan: borroka moldez eta helburuz anitzak dira, eta Ipar Euskal Herrian indar handia hartu dute, besteak beste, laborantza lurren salerosketa espekulatiboak geldiarazteko laborariek zein hiritarrek batera burutu dituzten okupazioek... [+]
Gérard Darmanin Frantziako Barne Ministroak martxoan plazaratu zuen mugimendu ekologista erradikala ilegalizatzeko prozedura, eta poliziaren “indarkeria basatia estaltzeko asmoz” hartutako erabakia izan zen mugimenduarentzat. Ostegunean, Frantziako Estatu... [+]
Asteartean Frantziako Gobernuak lurraren defentsaren aldeko kolektiboa desegitea erabaki du, eta horren aurka Baionako hainbat lagun mobilizatu dira “oinarrizko askatasunen eta demokraziaren kontrako eraso larria” salatzeko.
"Lafarge eta bere konplizeak [hormigoiaren sektorea] haien baitarik ez dira geldituko, geldituko dira horretara behartuz gero", zioen Lurraren Altxamenduak sareak iazko abenduan egindako ekintza azaltzeko orduan. Mundu mailako lehen hormigoi eta zementu ekoizlea da... [+]
Duela astebete hamabost ekintzaile ekologista atxilotu zituen Poliziak, Frantziako zuzendaritzaorde antiterroristaren aginduz. Horietarik bi euskal herritarrak ziren, baiones bat eta hendaiar bat, biak Tolosan bizi direnak.
Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotua zen ekainaren 5eko sarekada. Kargurik eta kontrol judizialik gabe aske utzi dituzte atxilotu guziak.
Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotuak dira atxiloketak. Gutienez hamabost lagun atxilotu ditu Poliziak astelehenean, tartean hendaiar bat eta baionar bat. Sarekada salatzeko elkarretaratzea eginen dute asteazken arratsalde... [+]
Martxoaren 25eko protesta jendetsuaren ondotik plazaratu du erabakia Gérard Darmanin Frantziako Barne ministroak. Bertan sekulako errepresioa pairatu zuten manifestariek, 200 kolpatu eraginez – bi koman daudenak oraindik martxoaren 30 honetan–. Poliziaren... [+]
Asteburuan elkartu ziren 30.000 lagun Frantziako Sainte-Solinen, laborantza industrialaren mesedetara eraikitzekoa duten uraska erraldoiaren aurka. Poliziaren errepresio bortitzak 200 kolpatu eragin ditu eta horien artean bik oraindik biziaren eta heriotzaren artean segitzen... [+]
Lurzoruan, erreketan eta euri uharretan pilaturiko urak laborantza intentsiboko bakar batzuei bideratzeko makroproiektuak dira uraska erraldoiak. Bakar batzuk daude martxan, beste andana dago bidean eta guztira milako bat izanen dira hemendik gutxira Frantziako landa eremuetan... [+]