Guatemalarra da Paolina Albani. 33 urte ditu, eta 2021etik Prensa Comunitaria hedabide digitalean kolaboratzen du. Buru-belarri dabil nazioarteko Mining Secrets azterlanarekin: 8 milioi dokumentuko filtrazio bati esker, herrialdeko lakurik handiena kutsatu zuen meatzaritza enpresa errusiarrak eta gobernuak egindako basakeriak argitaratu dituzte. Mugarik Gabe GKEren bidez kasua kontatzera etorri da Euskal Herrira.
Prensa Comunitaria komunitateari ahotsa emateko sortu zela esaten duzue, ordura arte jatorrizko herriek ez zutelako ahotsik hedabideetan.
Oro har, Guatemalan kazetaritza ez da egiten ikuspegi komunitariotik. Gurea komunitarioa da, komunitateko bertako norbaitek egiten duelako. Prensa Comunitarian dokumentatzen hasi ziren estraktibismoaren inguruko guztia. Hortik abiatuta, proiektuak garapena izan du gauza politikoagoak egitera, baina beti begirada jarrita herri indigenetan, emakumeetan eta komunitate anitzetan. Orain irekitzen ari dira espazio batzuk horri buruz eztabaidatzeko, baina oso gutxi.
Nola ikusten duzu Guatemalako egoera mediatikoa?
Nahiko konplexua da. Egunerokotasuneko albisteen kontsumoa badago, baina ikerketa kazetaritza falta da, eta beharrezkoa da demokrazia hain ahula den herrialdeetan.
Jendea ez dago informatuta, hein batean, ikerketako eta kalitatezko kazetaritza eskura edukitzea garestia delako. Bestalde, uste dut apatia dagoela; herritar asko nazkatuta dago ustelkeriaz, eta nahiago dute ez jakin gobernuak euren bizkarrera egiten duena. Ez dakite nola bideratu gobernuaren lapurretak eta zigorgabetasunak eragiten dieten ondoeza, eraldatzailea izan dadin. Badago mobilizatzen den jendea, baina ezin dute ia ezer aldatzea lortu. Uste dut falta zaigula jendarte gisa gehiago batzea, presio handiagoa egiteko.
Irismen handiagoa duten medioak korporazioen menpe daude, eta jabeek kontrolatzen dute argitaratzen dena. Gobernuarekin lotura dute, eta ziurrenik ez duzu ia inoiz ikusiko ustelkeriari buruzko notizia inportanterik, edo komunitateetan hiltzen dituzten herritarrei buruzkorik.
Mining Secrets nazioarteko ikerketa taldearen parte zara. Duela urtebete atera zenituzten argitara filtrazioak, eta oraindik lanean diharduzue. Zer ikertu duzue Solway meatze enpresari buruz?
Kronologikoki kontatu behar da. 1961ean ferronikela [altzairu herdoilezina egiteko erabilia, besteren artean] ustiatzen hasi ziren Izabal departamenduko El Estor herriko meategian, maia q’eqchi’ komunitatean. Guatemalako gerra [1960-1996] hasieran egindako kontratua zen, testuinguru oso jakin batean, baina nahi bezala ustiatzen jarraitu dute gaur arte, zigorgabetasun osoarekin. Solway enpresa errusiarra 2011n sartu zen jokoan, ordura arteko konpainia kanadarrak erosi zituztenean. Horien iritsierarekin gauzak iluntzen hasi ziren. Lurraldeko maia q’eqchi’ komunitatea aurka ari zitzaien, eta lurren defendatzaileek eskatu zieten handik joateko, baina ez zieten kasurik egiten.
"Filtrazioetan baieztatzen da harreman ekonomikoa duela meatzeak Guatemalako hainbat gobernurekin"
2017ko apirilean eztanda egin zuen guztiak: Izabal lakuko ura zikinduta agertu zen –Guatemalako handiena eta komunitateak dependentzia duena, arrantzaleak direlako–. Orban kirasduna zen, burdin usainekoa bezala, eta ura laranja gorrixka kolorekoa zen, oso ohikoa hango lurretan, burdin eta nikel asko baitute. Bizi osoa bertan eman duten eta lurraldea oso ondo ezagutzen duten arrantzaleek salatu zuten meatzea izan zela lakua kutsatu zuena. Hurrengo egunetan arrainak hilda agertu ziren, baita manatiak eta kaimanak ere.
Komunitatearen erantzuna animaliak hildakoan handitu zen.
Bai, are gehiago larritu ziren, eta erabaki zuten antolatzea: manifestazioak egin zituzten El Estorreko udaletxearen parean, meategia ixtea eskatzeko. Meatzerako sarbidea ere okupatu zuten herritarrek, presioa egiteko, baina tragedian amaitu zen. Polizia ailegatu zen, eta liskar horretan Carlos Maas arrantzalea hil zuten. Ez zen edozein polizia zibil, baizik eta indar bereziak, armatuak eta babestuak.
Prensa Comunitaria konturatu zen hor zerbait handiagoa zegoela, botere egitura bat. Segurtasun publikoko indarrek kanpoko enpresak defendatzen dituzte, era baketsuan manifestatzen ari den jendea babestu beharrean.
Salatu duzue informatzeagatik kriminalizatu zaituztetela.
2017tik aurrera. Horietako bat izan zen Carlos Choc kidea, maia q’eqchi’ komunitatekoa. Hilketa eta hurrengo egunetako manifestarien jazarpena kontatu zuen. Meategiak horiei denei salaketa jarri zien, eta delitu larriak egotzi zizkieten: delituak egitera bultzatzea, meategiko langileak atxikitzea... Kriminalizatuta daude ordutik.
2019an, Prensa Comunitariak ikerketa bat zabaldu zuen, herritarren testigantzetan oinarritua. Ikerketa hori 2021ean Mining Secrets bihurtu zen, meatzeko 8 milioi dokumenturen filtrazioarekin. Balio izan du ziurtatzeko ordura arte salatutakoa: meategia dela kutsatzen eta kriminalizatzen ari dena.
Zein zen kriminalizatzeko modua?
Filtrazioan topatu ditugu zenbait estrategia legal eta komunikatibo. Komunitateko liderren izenak zikintzeko kanpainak egin zituzten, eta komunikabideetan ateratzen ziren, meatzearen alde zeudenetan. Erreportajeak erosten zituzten arrantzaleak kriminalizatzeko, errua eurei botatzeko.
Enpresak beste baliabide batzuen laguntza zuen, hala nola Poliziarena eta Estatuarena. Estatuak hainbatetan salbuespen-egoera ezarri zuen lurraldean, esku hartze militarrak egin ahal izateko, eta jendea sakabanatzeko.
El Estor komunitateko lurraren defendatzaileek diote jazarriak daudela.
Baliabide naturalen defentsan borrokan ari ziren lider indigenak zelatatzen ari zirela frogatu dugu, argazkiak aurkitu ditugu, jarraipen txostenak... Gerran erabiltzen zen inteligentzia-lanaren antzekoa egiten ari zirela egiaztatu dugu. Aurkitu genuen inteligentzia-txosten handi horiek egiten ari zirenak Guatemalako armadako militar erretiratuak zirela. Hori zati txiki bat besterik ez da. Jendea beldurtzeko eta meategia bakean uzteko ankerkeria ugari ere egin zituzten: uztak erre, meatzearenak zirela esanez herritarrak euren lurretatik bota...
Zein da ikerketak eman duen informaziorik azpimarragarriena?
Garrantzitsuena da filtrazioetan baieztatzen dela meatzeak harreman ekonomikoa duela Guatemalako hainbat gobernurekin. Batetik, 2021ean, filtrazioa atera aurretik, Ministerio Publikoa presidentea [Alejandro Giammattei] ikertzen ari zen eroskeriagatik, ezkutuan dirua jaso zuelako enpresari errusiar eta kazakhstandarren partetik, herrialdeko itsas porturik handienetako baten kontrola hartzearen truke. Bestetik, txostenetan frogatuta dago meategi enpresak estatuari eskatzen ziola salbuespen-egoera ezartzeko, eta halaxe egiten zutela horiek. Konexioa argia da.
Zein izan da ikerketaren erantzuna? Zer eragin du Guatemalan?
Guatemalan ez du izan hainbestekoa. Haserrea egon zen, baina, esan bezala, jendea jada gogaituta dago. Oposizioko diputatu talde batek lege proposamen bat egin zuen, meatzeei inpostuak igotzeko %40ra –egun %1a da derrigorra– eta meategi batzuk eteteko, besteak beste. Ez zuten lortu kongresuan aurrera ateratzerik, beraz, ez zuen inolako eraginik izan.
Nazioartean bai, inpaktu handiagoa nabaritu genuen. Bitarteko enpresen bidez ferronikela –altzairu herdoilgaitz bihurtzeko– Solwayri erosten ari ziren nazioarteko zenbait enpresa, Ikea eta Siemens, adibidez, exijitzen hasi ziren ikerketak egiteko. Enpresa batzuek erabaki zuten kontratuak moztea.
Beste enpresari batzuk lurraldera joan ziren, meategiaren erresistentziako kideekin hitz egitera, Solwayk ematen ez zizkion erantzunak argitzera. Gaurdaino, badakigu ez dela gauza handirik pasa, baina 2022ko azaroan AEBetako Altxor Publikoko Departamentuak zigortu egin zituen hiru enpresa, meategiarekin lotura zutelako. Kontu korronteak izoztu zizkieten, eta eragina izan zuen lurraldean, ekoizpena txikitzen hasi baitziren, jendea kaleratzen...
Beraz, Mining Secrets ondorio positiboa izaten ari da?
Horrela badirudi baietz, izugarrizko lorpena dela AEBek erantzun izana. Baina badakigu meategia lanean ari dela lurraldean geratzeko; enpresaren izena aldatzen dute zigor ekonomikoak eragin ez diezaion. Badirudi meategia ixten ari direla, baina heldu zaigun informazioaren arabera, El Estorreko beste toki batera lekualdatu dira, eta legez kanpo ustiatzen segitzen dute.
Enpresa ohituta dago nahi duena lortzera, eta organizazio kriminal gisa jokatzen ari da, narkotrafikoan bezalaxe: burua harrapatzen dutenean organizazioa ez da hiltzen, buru berri bat sortzen da. Horrela izaten jarraituko du beti, errentagarria delako.
Enpresa transnazionalek gobernuaren eta militarren babesa dute, gobernuan edonor egonda ere. Sistema oso baten parte da? Zer irabazten du Guatemalako oligarkiak horrekin?
Hitzarmen ekonomiko errentagarriak dituzte, eta oligarkia ere eroskeriaren parte da; sistema horren funtzionamendurako pieza inportantea da. Ez da kasualitatea meategien zergak %1ean jarraitzea, norbaitek egon behar du atzean zeozer jasotzen, ehuneko hain lotsagarri horrek indarrean segitzeko. Diruaren ezkutuko banaketa dago, eta elite politikoarekin egindako tratu horiek ere laguntzen dute betikotzen sistema hau: neurrigabeko erauzketa. Meatzeen Legeak aldatu gabe dirau, horrela izatea nahi duen lobby bat dagoelako atzean.
Pentsatzen dut lurraldeko jendearentzat ikerketa errekonozimendua dela, egiaztatzen delako eurak esaten ari zirena. Nola hartu dute?
Gogobeteta, berretsi direlako urte hauetan guztietan egin dituzten salaketak, baina, aldi berean, uste dut ez dutela lasaitasun sentsaziorik izan, arazoak hor dirauelako. Erresistentziako kideen auzoak eta etxeak zelatatzen dituzten autoak ikusten dituzte oraindik. Izua ez da joan.
Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.
Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]
Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.
Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]
Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.
Bernardo Arévalo de Leónen alderdiak botoen %58 lortu du, eta Sandra Torres eskuindarra gainditu du. Jazarpen politikoaren gainetik lortu dute irabaztea progresistek.
Mendebaldeko multinazional batek “hirugarren mundutzat” hartzen duen lurralde bateko aberastasun naturalak ustiatzen ditu masiboki. Enpresarentzat dirutza, han bizi direnentzat kutsadura eta askotariko arazoak. Zenbat aldiz entzun dugu istorio hau? Oraingoan ordea,... [+]
Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]
35 urteko ibilbidea duen Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearen eskutik etorri zen Guatemalako Prensa Comunitariako kazetari Paolina Albani Euskal Herrira. ARGIAk egin zion elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio ARGIAri Solway multinazionalak... [+]
Ustelkeria kasuak argira ekarri izanagatik ezaguna da José Rubén Zamora. Siglo Veintiuno, El Periodico eta Nuestro Diario komunikabideen sortzailea da. Iazko uztailean sartu zuten preso, Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta... [+]
Martxoaren 8an legearen alde bozkatu zuten, baina presio sozialaren ondorioz martxoaren 15ean artxibatzea erabaki dute. Abortatzeagatik kartzela zigorrak handitu eta eskoletan sexu-aniztasuna irakastea debekatu nahi zuten.
Guatemalatik Euskal Herrirako bidaia egin du Edgar de León abokatu maiak, Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundearen “Bizitza jokoan” kanpainaren harira. Sorterriko errealitatearen berri emateko hitzorduz jositako agendan tokia egin digu, eta lurraren eta... [+]