“Kazetaritzari ez zaio sekula literatur baliorik eman”

  • ARGIAren egitekoen zerrendan tik bat gehiago. Duela kasik hamabost urte bururatutako ideiari forma ematea kosta da, baina eman zaio, eta inprentatik irtetear behar du dagoeneko. Euskal prentsak 1869tik 2000ra ekarritako zenbait kronika gogoangarriren bilduma egin du Koldo Izagirrek (Altza-Pasaia, 1953). “Harribitxiak” dira, historia ulertzeko gako, besteren artean Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak euskaraz ere kontatu zirenen adierazle. Oro har, behin baino publikatu ez diren kronikak berrargitaratu ditu ARGIAk Zaldi bat ihes garrezko zelaian liburuan. Kazetaritza testuak izan arren, literatura dute oinarrian.

"Irudigileek sekulako garrantzia izan dute kazetaritzan; irudiz interpretatu ohi dute aktualitatea. Inork ez du esango artelanak ez direnik". (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Kazetaritza testu guztien edo gehienen gisara, kronikak ere bizi laburra izan ohi du. Egun jakin bateko alean argitaratu eta hemerotekan sartzen dira.
Kazetaritzak duen gaitza da hori. Egunerokoa, egunerokoa, egunerokoa... eta ez dago denborarik. Ez dago etorkizunik, ez iraganik. Beti da unean unekoa, edo bezperakoa baina aktuala, etengabe.

Azken finean, kazetariaren lana ez da literaturatzat hartzen, eta kazetariak berak ere ez du horrela ikusten bere burua. Eta bai, literatura da. Hor daukagu arazoa.

J. B. Bilbao Batxi-ren idazkiak jaso zenituen Hau mundu arrano hau liburuan, Iñigo Aranbarrirekin batera. Honela zenioten kontrazalean Batxi-ri buruz: “Berrehun kronikaren egile katalogatu gabea. Idazletasuna ukatzen zaion marinela”. Orain, esadazu, “marinela” beharrean, esan genezake “kazetaria”?
Adibide bat jarriko dizut, neronek ere kontu hau ulertzeko erabiltzen dudana. Irudigileek sekulako garrantzia izan dute kazetaritzan; irudiz interpretatu ohi dute aktualitatea. Ikusi aspaldiko Argiako argazkiak, ikusi oraingo lanak hedabideetan, Iñaki Martiarena Mattin-enak, Eider Eibarrenak, Olariagarenak, Zaldiero-renak eta beste askorenak. Inork ez du esango artelanak ez direnik.

Eta kazetaritza testuekin, aldiz...
Hain daukagu barneratuta egiten duzuen horrek biharamunean ez duela balio...

Ezerezean geratzen da?
Liburua eta literatura nahasten ditugu, literatura liburuetan bakarrik azaltzen dela uste dugu. Orain, liburu honekin, literatura bihurtuko zarete (barre egiten du). Niretzat, kazetaritza, literaturaren genero bat da.

Liburuei ematen diegu zilegitasuna? Obsesioa dugu liburuak egitearekin?
Hala dirudi, obsesioa dugula. Liburu gutxi eduki izan ditugu historikoki eta horretan jarrita gaude. Baina agerkari asko izan ditugu, eta hor ere literatura daukagu. Horri ez zaio erreparatzen.

"Baliabide literario bat onartzen du kronikak, eta ikuspen plastiko bat ematen digu irakurleoi"

Astirik eza aipatu duzu lehen. Ez ote da gertatzen kazetariak ez duela astirik bere testuak literatura mailara igotzeko?
Zergatik igo behar ditu? Kazetaritza beheragoko mailan dago ala? Idazleok kazetaritza egin genezakeela uste duzu? Bi genero dira. Kazetaria idazlea da. Egunero idazten du gainera. Batzuetan ondo eta bestetan ez hain ondo, idazleok bezalaxe.

Bilduma honetan ez duzu hautatu Batxiren ezer, Lizardirenik ere ez...
Gehiago jo dugu komunikabideetan soilik argitaratu diren horietara, ezagunak ez diren testuetara. Sekulako materiala dago, eta uste dut dena dagoela irakurtzeko. Ahozko literatura izan balitz, hobeto gordeko genituzke seguruenik.

Zergatik?
Batetik, Antonio Zavalak sortu eta elikatutako Auspoa saila daukagulako kontsultagarri. Bestetik, kantuak bertsoa hilezkor bihurtzen duelako. Kantariek jakin izan zuten altxor hori baliatzen. Hori da ahozkotasunaren abantaila, transmititu egiten dela. Idazleok, ordea, zokoratua daukagu geure aurrekoen lana. Historiarik ez bagenu bezala.

Baliorik ez zaiela ematen iraganeko argitalpenei...
Kazetaritzaren balio soziala aitortu izan da, baina gutxitan eman zaio literatur balioa. Lizardi, Kirikiño, Etxepare medikua... Zenbat gehiago? Ez da bakarrik kroniken kasua, berdin gertatzen da oro har artikuluekin, eztabaidekin, editorialekin...

Literatura gehiago ala gutxiago, baina aipatu didazu, Zaldi bat ihes garrezko zelaian (2023, ARGIA) liburura ekarritako kronikak “literatura ugarikoak” direla.
Saia gaitezen kronika definitzen. Izan daiteke fikziorik gabeko ipuin bat, baina izan daiteke kazetaria protagonista duen erreportajea ere. Hor ageri da nortasuna, kazetariak kontatzeko duen trebetasuna. Zenbat kronika, hainbat estilo. Gure literaturaren generorik aberatsenetakoa.

Historia ezagutzeko beste modu bat ere bada, ezta?
Kronika hauei esker ezagutuko dugu, besteak beste, zenbat gerra bizi izan ditugun gurean: 1936koa, Algeriakoa, Bigarren Mundu Gerra, Lehenengoa... Eta atzerago jo ez dugulako –liburuko kronikarik zaharrena 1869koa da–. Bai, historia ulertzeko material bat da, besteak beste.

Banaka hartuta, irakurterrazak ez ezik, oso kronika interesgarriak dira garaian kokatu eta ordukoa ezagutzeko.
Bada Julene Azpeitiaren mini-kronika bat... Amabirgina baten erromeria Andaluzian. Halako egunean, urtero, baselizatik eliza nagusira daramate. Baina oraingoan komunistak eta sozialistak ere batu dira prozesioan, eta Casa del Pueblo-ra nahi dute eraman, ez eliza nagusira. Mehatxuak, bultzakadak... Eta honela amaitzen da kronika: “Ama Birjinak jo eban eleiza nagusia Kantauri itsasoan galernak harrapatzen duan itsasontzi gaxuak portua joten duan erara”.

Baliabide literario bat onartu du kronikak, eta ikuspen plastiko bat ematen digu irakurleoi. Julene Azpeitiak lekua, garaia eta giro politiko-erlijioso bat erakusten digu era objektiboan, baina inplikazio estilistiko bat kometitzen du amaieran. Irudi horrek, amabirgina-galerna-eliza loturak dimentsio erdi epikoa erdi tragikoa ematen dio gertakari. Indartu egiten du kristau-komunista-sozialisten pasadizoa. 

Badago intentzio bat.
Intentzionalitatea dago eragiteko, eta hori ere literatura da. Erakustaldi linguistikoa ere egiten dute horretara jarri gabe. Generoak nahasten dituzte, margolariek paletan egiten duten bezalaxe.

Ander Arzelus Luzear-en testu bat aipatzearren, 1928koa da, nola kontatzen duen “ekaitz beldurgarriaren” etorrera, Donostiako moilatik beha dela.
Azpigenero asko ditu kronikak. Itsasoa, itsastarrak, marinelak, galernak... Bertsolaritzan asko landu da kronika hori. Kirola zer esanik ez, estropadak, sega apustuak, aizkolarienak, pilota... Krimenak ere bai, bertso sail bikainak dauzkagu, Hamalau heriotzarena, Jose Tejeriarena... Duela egun pare bat, Inazio Mujikarekin hizketan, Luzear-ek zenbat lan dituen eta zeinen ezezaguna den aritu ginen.

Gazte bat nola urkatu zuten ere kontatzen da Legezko herioa izeneko kronikan. Amerikan idatzia dago, 1898ko urtarrilean.
Oso kontakizun berezia da, xehetasun asko ematen ditu. Idazkeragatik, izan liteke ingelesetik euskaratua. Rio de La Platako Eskual Herria aldizkaritik jaso nuen nik. Gorka Bereziartuak komentatu zidan arraroa egiten zitzaiola Los Angeleseko albiste hori Rio de la Platako batean agertzea. Azkenik, Imanol Muruak abisatu zigun Kaliforniako Eskual Herria berriketaria-n azaldu zela lehenik.

Testuak moldatu behar izan dituzu zeozer?
Ez, testuak bere hartan daude. Inprimategiko oker nabarmenak zuzendu eta ortografia geure garaira egokitu, horixe izan da maneatu dugun bakarra. Esaten hasita esan dezadan: Juan Luis Zabalak irakurketa xehea egin zidan, eta ortografian ez ezik, kopiaketan egindako akatsak zuzendu zizkidan. Gorka Bereziartuak hautaketan eta beste detaile askotan lagundu du.

Azterlan galanta egin duzu, eta egin daiteke gehiago ere.
ARGIAk atera zuen duela urte batzuk Zeruko Argia-n egindako elkarrizketez osatutako liburu bat, Pilar Iparragirreren lana izan zen. Horrelako alor asko dago lo. Oraindik Lekarozen egiten zenean, kronika mordoxka argitaratu zuten Txinara misiolari joandakoek bidalitako testuekin. Oso interesgarriak dira. Pentsa.   

"Intentzionalitatea dago eragiteko, eta hori ere literatura da. Generoak nahasten dituzte, margolariek paletan egiten duten bezalaxe"

Ahanzturan galdutako testuak dira.
Bazirenik ere, inork gutxik jakingo zuen. Nahiz eta gaur egun asko erraztu den testuetara iristea. Ez daukagu aitzakiarik horretan.

Literaturaren historia aztertu beharko bagenu, hauek bezalako kazetaritza testuek puska handia hartuko ligukete, ala?
Ez da kronikekin soilik gertatzen. Ipuinak, esaterako, euskal literaturaren historia lanetan oso berandu sartu dira. Urte luzez aztertu da literatura ipuin modernorik ez balego bezala. Mirande, Aresti eta kito. Lehen esandakoa: ez badago liburuan, ez du balio.

ARGIAren aspaldiko zeregina zen lan hau egitea. Liburuaren editore Gorka Bereziartuak kontatzen du hitzaurrean, askoren oroimenean geratu zen hitzaldia eman zenuela ARGIAren 90. urteurrenean, 2009ko urtarrilean.
Hitzaldi “mitikoa”, bai (barre egiten du). Hor sortu zen hasierako ideia... Banekien zer zegoen, zer etorriko zen, eta hasia nengoen testuak bilatzen.

Lana hartu duzu.
Bai, baina lan atsegina da. Pazientzia apur bat baino ez da behar. Eta egia esan, testu interesgarriak ez dira zailak atzematen prosa moralen eta sermoi politikoen artean, erraztu egiten dute lana (barre egiten du).

Izenburua bera, Zaldi bat ihes garrezko zelaian; liburuko testu batetik dator.
Gernikako bonbardaketa kontatzen du Joseba Zubimendik –Gernika erraustean, lekuko nintzen–. Hori ere badaukagu, Gernikako bonbardaketaren dokumenturik zinezkoena. Joseba Zubimendi... kazetari handia, idazle bikaina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-08 | Sustatu
Nola informatzen dira euskal gazteak? Sare sozialekin nagusiki, eta telebistan gero

Ikusiker Ikusentzunezkoen Behategiaren txosten berrienak euskal gazteek informazioaren / albisteen kontsumoan duten interesa aztertu dute. Emaitzak interesgarriak dira; laburbilduta, informazioaren interesa egon badago, eta informazio-iturri fisa, sare sozialak dira gehienen... [+]


Israelek kazetari palestinarrak hiltzeko patroi bat jarraitzen duela erakutsi dute

Kazetarien Babeserako Batzordeak adierazi du 103 kazetari hil dituztela sionistek urriaren 7tik eta 150etik gora zenbatu ditu Gazako Osasun ministerioak. Txosten batek ohartarazi du kasu batzuetan nahita hil zituztela, kazetariak zirela jakinda.


Aske geratu da Julian Assange, AEBekin akordiora iritsita

Erruduntzat joko du bere burua Euskal Herrian gauerdia denean egingo den epaiketan. Erresuma Batuan espetxean egon den denborako –bost urte eta bi hilabete– espetxe zigorra ezarriko diote. Horrela, aske geratuko da.


Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


2024-06-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Benetako espioia ote da ba Ewan Gerxkovitx kazetari estatubatuarra?

Errusiako epaileek leporatzen diote, besteak beste, Armata errusiar tanke modernoenaren ekoizlea den Uralvagonzavod enpresako dokumentu klasifikatuak gainean zeramatzala harrapatu zutela. 20 urteko zigorra jaso dezake. Baina benetako espioia ote zen? Zoritxarrez, ezetz esango... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


Euskalerria Irratiaren izenean kontu faltsu bat sortu dute instagramen, iruzurra egiteko

Sare sozial horretako hainbat erabiltzaileri zozketa bat irabazi dutela dioen mezua bidali diete kontu faltsutik, euskara txukunean idatzita. Mezua jasoz gero, ez klikatu esteka eta ez eman datu korronteari buruzko daturik, iruzur bat da eta. Euskalerria Irratiak kontu hori... [+]


2024-06-06 | Aiaraldea
Atxikimendu kanpaina abian, Amurrioko Udalak dirulaguntza itzuli diezaion Aiaraldea Komunikabideari

Hemen eman ahal zaio atxikimendua manifestuari. Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean, 19:30ean Amurrioko Udaletxearen aurrean. 


Sinadura greban dauden ‘El Diario Vasco’-ko langileek grebara joko dute orain, soldata igoera eskatzeko

Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba dago deituta El Diario Vasco-ko langileen artean, hitzarmen kolektiboa eguneratzeko aurrerapausorik ez delako eman. Gainera, maiatzaren 30az geroztik sinadura greba egiten ari dira kazetariak: “Hori ezkutatzeko enpresak lehentasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude