Herri ondarearen zaindariak, elizako agintarien jomugan

  • Herrietako elizen zaintzaz arduratzen ziren emakumeak ziren serorak eta Euskal Herri osoan ezagunak izan ziren, Erdi Arotik XX. mendera arte. Baina bete zuten funtzioa ez zen berdina izan lurralde guztietan, ezta garai guztietan ere. Emakume haiek publikoki nabarmentzen ziren tokiko komunitateetan eta, horregatik ziur aski, Elizako hierarkiak jarraipen zorrotza egin zien. Beren aztarnak presente daude oraindik hainbat herritako paisaian: serorategi etxeak dira horren adibide.

Jatsuko herria XVII. mendean Uztaritzetik bereizi zenean, hango San Sebastian ermita parrokia bihurtu zen, eta ondoan hilerria eta serorarentzako etxea eraiki zituzten, Serorenia deiturikoa.
Jatsuko herria XVII. mendean Uztaritzetik bereizi zenean, hango San Sebastian ermita parrokia bihurtu zen, eta ondoan hilerria eta serorarentzako etxea eraiki zituzten, Serorenia deiturikoa. Argazkia: J. Narbarte / A. Diez

Euskararen erdi eta ekialdeko aldaeretan, serora hitzak elizak zaintzeko ardura zuten emakumeak izendatzen ditu. Hiztegietan XVIII. mendeaz geroztik agertzen da jasota. Mendebaldeko euskalkietan, beata eta sakristana ordainak erabiltzen dira, gazteleratik eratorriak; frantsesez, aldiz, benoîte baliatu izan da.

Baina, gaia sakontzen hasiz gero, errealitate konplexuago bat agertzen zaigu begien aurrean. Herrien antolamendu espazialari, tokiko gizarteetan zeuden botere-harremanei eta genero-rolei lotutako errealitate bat. Eta, hari horri tiraka, ustekabeko aztarnak ere aurkituko ditugu, betiko paisaiari begi berriz begiratuz gero.

Seroren bizimodu autonomoa eta herritarren artean zuten ospea izan ziren, ziur aski, Elizako hierarkiak haien aurka hartutako etengabeko neurrien arrazoi nagusiak

Ospea eta susmoak

Seroren aipamen zaharrenak Erdi Aroaren bukaeran agertzen dira. 1416. urtean, Zumaiako eta Getariako udalek hitzarmena egin zuten Urolako itsasadarraren jabetzaren inguruan. Dokumentu horretan “Santiago izeneko eliza” aipatzen da, izen bereko hareatzan; eta, hari atxikita, “seroren etxetxo bat”. Hurrengo mendeetan, seroren presentzia nabarmena da Euskal Herri luze eta zabalean, toki batetik bestera funtzio eta ezaugarri desberdinak zituzten arren. Lapurdiko kostan, adibidez, Pierre Lancre inkisidoreak 1612an idatziz utzi zuen seroren lanen artean elizetako aldareak atontzea zegoela, oihalak garbituz eta sainduen irudiak prestatuz. Beste iturri batzuek protagonismo handiagoa aitortzen diete: haien esku legoke, besteak beste, elizetako giltzak zaintzea, goizetan ateak ireki eta gauetan ixteko; kulturako behar ziren elementu guztiak hornitzea; ofizioetan apaizei laguntzea; kanpaiak jotzea; edota amoinak biltzea eta egunerokoan elizaren kontuak kudeatzea.

Hortaz, emakume hauek, eraikinen zaindari lanak egiteaz gain, agente sozial garrantzitsuak ziren herri nahiz auzoetako jendeen eta Elizako hierarkiaren arteko harremanetan. Jakina da herri bakoitzeko serora udalek izendatzen zutela tokiko emakumeen artean, gutxienez XVI. mendeaz geroztik. Batzuetan, alargunak edota ospe oneko emazte helduak hautatzen ziren; beste batzuetan, aldiz, ezkongabeak. Herrien jabetzako etxeetan bizi ziren eta, haien mantenua bermatzeko, soldata bat jaso zezaketen, eta amoinekin osatu.

Baztanen serorategiak egurrezko portiko edo harrizko arkupeen gainaldetan eraiki ziren. Berroetakoa da adibide garbi bat: egurrezko egituradun etxe txikia, eraikuntza berriagoen artean harrapaturik. XVII. mendean Maria Hormaetxe bizi izan zen bertan. Argazkia: J. Narbarte / A. Diez

Seroren bizimodu autonomoa eta tokiko komunitateen baitan zuten ospea izan ziren, ziur aski, Elizako hierarkiak haien aurka hartutako etengabeko neurrien arrazoi nagusiak. Adibidez, 1540an Iruñeko elizbarrutian egindako sinodo batek xedatu zuenez, serora ororen izendapena apezpikuak berretsi beharko zuen aurrerantzean, “bere pertsona, bizitza, adina eta jokamoldea aztertu ondoren”. Arau hori aplikatuz, 1626an apezpikuak ebazpena eman zuen, Baztango beren ofizioa bete zezaten debekatuz, “harik eta Iruñera bertaratzen ez diren arte, ikuskatuak eta galdekatuak izateko”. Auziaren espedientean hainbat seroraren deklarazioak daude jasota; lekukoak ere aurkeztu zituzten, “pertsona printzipalak eta ondraduak” zirela zin eginez eta beren bertutea eta debozioa azpimarratuz.

Hiriburuko serorak: hiru mendetako katea

Maria Ibarrarte
1668-1712

Graziana Uhalde
1712-1717

Marion Eskiula
1761-1773

Graziana Beltsusarri
1773-1775

Mariua Lalanne
1775-1785

Maria Ornaletxe
1785-1817

Katalina Irigoien
1817-1847

Dominika Olhagarai
1847-1852

Estefana Oihartzabal
1852-1891

Margarita Baladé
1891-1919

Hernaniko Zikuñaga auzoan dugu beste adibide bat. 1646. urtean, udalbatzak salaketa jarri zuen Iruñeko apezpikuaren aurrean, Josepa Ollo serorak mezan atabaka pasatzen zuelako, bizirauteko sosak biltzeko. Udal agintarien aburuz, ohitura horrek ordena soziala arriskuan jartzen zuen, “bere ondotik beste hainbat etorriko direlako”. Azkenean, serorari bizi arteko errenta bat eman behar izan zioten, bere ofizioa duintasunez burutu zezan.

Ildo berean mintzatu zen Lancre ere; seroren estatus soziala “lizuna eta okerra” zela adierazi ondotik, Baionako apezpikua egoera “zuzentzeko” lanetan zebilela adierazi zuen. Bizkaian, 1617an legez debekatu zen serorek inolako ofizio erlijiosorik gidatzea, hainbat urteko auzi judizial bat abiarazi zen honen ondotik.

Errepresioak Araba eta Bizkaia barne hartzen zituen Calahorrako elizbarrutian jo zuen goia, 1769an emandako Errege Dekretu batek seroren erabateko desagerpena agindu baitzuen. Iruñeko eta Baionako elizbarrutietan, aldiz, seroren fenomenoak iraun egin zuen, gutxi-asko, XX. mendera arte; baina ez ziren arraroak izan haien aurkako salaketak –besteak beste, ezkontzatik kanpoko sexu-harremanak egoztea izan zen ohiko akusazio bat–.

"Catalina de Alcayaga beata de la Madalena", irakur daiteke 1539ko Hondarribiko Udal Artxiboan gordetzen den dokumentu honetan. Serorei buruzko aipamenak etengabeak izango dira Erdi Arotik aurrera.

Serorategi, Seroraene, Seroretxe...

Serorek euskal herri askotako paisaia sozialean izan zuten garrantzia nabarmena da, oraindik ere, han eta hemen beha daitezkeen zenbait aztarna materialetan.

Hilarriak dira horietako bat. Saran, adibidez, honako inskripzioa irakurtzen da serora izandako emakume baten hilarrian: Hau da thomba herri hunec fincatua 1686 urthean ora den seroraren eta içanen direnen iarlecu eta sepultura hautatua. Antzekoak aurkitzen ahal dira Lapurdiko beste herri batzuetan: Getarian, Lehuntzen, Hiriburun eta Senperen, besteak beste.

Ziburuko serora baten antzinako irudia.

Beste aztarna adierazgarri bat seroren bizitoki izandako etxeak dira. Serora hitzaren hedapen eremuetan, aise identifikatzen dira beren toponimoengatik. Aldaerarik hedatuenetakoa Serorategia da; 34 adibide aurkitzen dira Gipuzkoatik Nafarroa Behereraino hedatuta, Bidasoa bailara barne. Bigarren aldaera Seroretxea da; beste 34 adibide zenbatu daitezke, batik bat Gipuzkoan –Bizkaian ere adibide gutxi batzuk badiren arren–. Hirugarren aldaera Seroraenea izeneko etxeek osatzen dute; 22 adibide daude Lapurdin eta Bidasoa bailaran. Gainera, Nafarroako Pirinioen aldean gaztelerazko Casa de la Serora aldaera ere agertzen da han-hemen. Dena den, azpimarratu beharra dago serora hitza eskualde jakin batzuetan baino ez dela erabiltzen eta, ziur aski, serora-etxeak beste hainbat eskualdetan ere egonen direla, beste izen batzuekin agian.

Identifikatutako etxeen artean, asko desagertuta edo oso eraldatuta daude gaur egun. Zenbait kasutan, haien kokapena ahozko iturrien eta argazki zaharren bidez baino ez da zehazten ahal; horixe gertatzen da, adibidez, Zumarragako Antion eta Donamartirin. Beste kasu batzuetan, Orioko San Martin ermitaren kasuan bezala, aurriak bertan daude oraindik.

Dena den, oraindik 71 seroretxeren egiturak kontserbatzen dira Euskal Herriko hainbat lurraldetan sakabanatuta. Oro har, elizaren eta hilerriaren ondoan egoten dira, herri bakoitzaren erdigune erlijiosoa eratuz. Hortaz, seroren etxeak ondare-elementu adierazgarriak izan dira herri hauen antolamendu sozial eta espazialean, nahiz eta egun, beste eraikin monumentalagoen itzalpean ezkutatuta gelditu diren sarri. Haatik, eraikin hauek argibide interesgarriak eskaintzen dituzte espazioa antolatzeko moduari, herri arkitekturari edota genero-harremanen historiari dagokionez.

Ekialdeko euskal kosta: egurrezko etxe txikiak

Ekialdeko euskal kostan aurkitzen diren zenbait serorategik arkitektura berezia partekatzen dute, multzo tipologiko homogeneoa eratuz. Neurri txikiko eraikinak dira. Bi solairu eta ganbara dituzte, egurrezko bilbe-egituraz eginak. Alboetako hormak harrizkoak dira, Lapurdin eta Bidasoa bailaran hedatuta dagoen herri-arkitekturaren moldeei jarraiki.

Hondarribiko Madalena errebalean (arrantzale auzoan) dago adibiderik goiztiarrenetako bat. Udal Artxiboko agiriek 1539an aipatzen dute lehen aldiz Seroraren Etxea, eta Katalina Alkaiaga bizi zen bertan. Eraikina 1589an berreraiki zuten, eliza konpontzeko lanen harira. Donibane Lohizuneko arotz bati agindu zioten egurrezko egitura egitea; horrek azaltzen du, ziur aski, etxeak Lapurdiko serorategiekin duen antza handia.

ARBONA Andereseroraenia deitzen diote serorentzako izan zen herri hartako etxeari. Ekialdeko euskal kostan serorategiek zuten arkitektura bereziarekin bat egiten du honek ere: eraikin oso txikiak, egurrezko bilbez eginak.

Jatsukoa da paralelorik argienetakoa. Herria XVII. mendean bereizi zen Uztaritzetik; San Sebastian ermita parrokia berri gisa berreraiki, eta une horretan gehitu zizkioten hilerria eta Seroraenia etxea.

Arbonan ere, Andereseroraenia XVII. mende hasieran eraiki zuten, eta Maria Lizarraga izan zen bertako lehen serora, 1651n. Agirietan beste hainbat serora aipatzen dira ordutik: Maria Haranburu (1703), Maria Hayet (1774), Maria Olhatza (1808), Joana Laffargue (1851) eta  Maria-Ana Laffargue (1854).

Seroren aipamen zaharrenak Erdi Aroaren bukaeran agertzen dira, eta hurrengo mendeetan haien presentzia nabarmena izan zen Euskal Herri luze eta zabalean

Hiriburuko Seroraenia da beste adibide on bat. 1692ko notariotza-agiri batean jasotzen denez, Maria Salenave izeneko serorarentzat eraiki zuten; hori 1662an hil zela kontuan harturik, etxearen eraikuntza 1640-1660 artean kokatu ohi da. Kasu honetan ere, ia hiru mendez izan ziren seroren izenak ezagutzen ditugu. Nabarmentzekoa da emakume horietako askok urte luzez izan zutela kargua, komunitatean errotutako rol sozial baten adierazgarri.

Baztan: aterpe gaineko etxeak

Herri arkitekturari dagokionez ezaugarri bereziak ditu Baztan bailarak, eta hala gertatzen da serorategien kasuan ere. Elizen atarietako egurrezko portiko edo harrizko arkupeen gainean gainean eraikitako etxeak dira, egurrezkoak zein harrizkoak.
Elbeteko Serorategiak osatzen du adibiderik soilena. Eliza XVI. mendean eraiki zuten, eta baliteke handik gutxira eranstea seroraren etxea ere; 1626an, Joana Azpilikueta zen bertako serora. Egurrezko bilbe-egitura dauka, eta kanpandorrearen inguruan eraikita dago, elizaren hego-mendebaldeko fatxadan aterpe txiki bat eratuz.

Berroetako Serorategia ere egurrezko egituradun etxe txikia da. Kasu horretan ere, XVI. mendeko elizari atxikita dago, atari nagusiaren aurrean aterpea eratuz. 1626an Maria Hormaetxe bizi zen bertan. Egun, eraikin berriagoak ditu bi aldeetan; sakristia eskuinean, eta eskolak ezkerrean. Baliteke jatorrizko serorategia zabalagoa izatea, eta eraikin berri horiek egitean moztu izana.

Amaiurko Serorategia, berriz, Jasokundeko elizaren hegoaldeko fatxadari atxikita dago, aterpe luzea eratuz. Joana Salanova da agiriek aipatzen duten lehen serora, 1626an. Hainbat argazkik argi erakusten dute eraikina egurrezko bilbez eginda zegoela, baina, tamalez, XXI. mende hasieran egindako lanek guztiz desagerrarazi dute jatorrizko egitura hori.

Dena den, Amaiurko egitura galdu den arren, Arizkunen kontserbatzen da beste bat. Kasu honetan ere, Serorategia San Joan elizaren hegoaldeko fatxadari atxikita dago, luzetarako aterpea eratuz. 1626an Estebenia Oharritzena aipatzen da bertako serora gisa; baina egungo eraikina modernoagoa da, zalantzarik gabe. Alde batetik, etxearen egitura sakristiaren gainean bermatuta dago, eta hori 1736an eraiki zuten Joan Bautista Iturralde funtzionario baztandarraren aginduz. Beste aldetik, serorategi azpiko aterpea arkupe luze baten gisara antolatuta dago, eta horrek Baztango baserri handiak gogoratzen ditu, XVIII. mendean eraikitzen zirenen antzeko moldean.

Ondareaz eta memoriaz

Eliza eta hilerriekin batera, serorategiak lehen mailako erreferentzia izan dira aunitz herritako paisaian. Euskal Herri osoan hedatutako fenomenoa izan da, Erdi Arotik hasi eta XX. mendera arte iraun duena.

Eraikin horien presentziak argi erakusten du serorek zer funtzio zuten herritarrek eliz agintariekin zuten botere-harremanen dialektikan; herriek herrietatik hautatutako pertsonak izaki, erreferente sozial gisa ikus daitezke, eta inoiz apaizekiko kontra-pisu gisa ere jokatu ahal izan zuten. Gainera, emakumeen rol sozial garrantzitsu bat ikusarazten zuen adibide urrietakoa ziren, bizimodu neurri batean autonomoarekin gainera. Funtsean, emazte eta etxeko andre gisa emakumeei uzten zitzaien esparru hertsitik kanpo bizi ziren emakumeak ziren eta, ezkongabeen edota alargunen kasuan gertatzen zen bezala, neurri batean zalantzan jartzen zuten ezarritako ordena soziala. Horrek azal litzake, agian, haien gainean etengabe sortzen ziren susmoak eta agintari eklesiastikoek ezarri nahi izan zizkieten mugak; eskualde batzuetan, ia desagerrarazteraino.

Bazkazane herriko San Andres elizako serora izan zen Marie-Louise Cadiou, 1991. urtean zendua. Frantziako Kultura Ministerioak Bazkazaneko eliza eta serorategia monumentu historiko izendatu zituen urte batzuk geroago, eta Cadiou "Euskal Herriko azken andere serora" izan zela dio ondareari buruzko bere webgunean.  Emakume hari buruzko filma laburra egin zuen Gerard Suzartek, 1970eko hamarkadan Pierre Bestiouk grabatutako irudiekin, eta Euskadiko Filmategian gordetzen da gaur egun. Argazkia: 'Azken Andere Serora'

Laburbilduz, emakume hauen figurak hausnarketarako bidea eskaintzen du feminismoaren ikuspegitik ere, iraganeko errealitateen irudi konplexua eta dinamikoa erakusten duen heinean.

Iragan horren aztarnak hor daude, zutik, inoren arretarik jaso gabe, sarri gainbeheran. Inoiz ez da berandu historiako istorio txiki horiek jaso, eta elementu hauei dagokien ondare izaera aitortzeko, iraganeko serora haien izena, izana eta memoria berreskuratzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Homosexualen aurkako Bilboko auzitegia

Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]


2025-03-26 | Axier Lopez
Espainiako Guardia Zibilaren historia bat
Hemendik alde egiteko arrazoiak

Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako... [+]


Koordinakundea eratu dute, Bigarren Mundu Gerran deportatu zituzten euskal herritarrak ezagutarazteko

Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Benetako ninjek ez dute misteriorik

Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta... [+]


Eguneraketa berriak daude