Silicon Valley Bank-en porrotak eragin duen mundu mailako finantza ekaitzaldia hasi besterik ez da egin. 2008ko krisiaren ondotik kontrolpean behar lukeen bankuen sektorea ez dago inolaz ere horrela: shock ostean araututakoa, gero desarautu egiten da berriz... hurrengo hondamendia gertatu arte.
Martxoaren 10ean, AEBetako hamaseigarren finantza erakunde handienak porrot egin zuela entzun genuen gutako askok gosaritan, irratia piztuta genuela. Silicon Valley omen, bankuaren izena. Ez zirudien oso larria, ez da 2008 urtea, ezta Lehman Brothersen leherketa hura ere. Baina egunak eta asteak aurrera joan ahala, ikusi da finantza merkatua zein koldarra den.
Bi egun geroago Signature Bank –kriptotxanponen AEBetako banku handiena– eta First Republic bankuek jarraitu zioten aurrekoaren bideari. Astebeteren buruan krisia Europara iritsi zen eta Credit Suisse 167 urteko bankuak erreskatea eskatu behar izan zion Suitzako banku zentralari. Hortik egun batzuetara, martxoaren 24an, Deutsche Bank Alemaniako finantza konpainia erraldoiak dar-dar egin zuen, bere akzioak %15 amilduta…
Zer da hau? Berriz ere 2008an gaude? Déjà vu gisako bat bizitzen ari garen irudipena du askok, ez arrazoi gabe: “Gauza bat garbi geratu da, Lehman Brothersen kiebratik hamabost urtera, dena berriz gertatu daiteke”, dio Le Monde Diplomatique-ek apirileko zenbakian argitaraturiko Finance, la roue carrée (“Finantza, gurpil karratua”) artikuluan.
Martxoaren erdialdetik bolo-bolo dabilen ikerketa baten arabera, AEBetako 186 banku Silicon Valley Bank-en egoera berean aurkitzeko arriskuan daude
Silicon Valley Bank-en (SVB) hondoratzea Erreserba Federalaren Sistemak azken hilabeteetan abiatutako interes tasen igoera bortitzak eragin du, dirudienez, banku horrek bere aktiboak epe luzeko altxor-bonuetan zituelako inbertiturik eta tasen igoerarekin errentagarritasuna galtzen ari zirela ikusita bezero guztiek haien gordailuak korrika atera zituztelako. Bank run deitzen diote gauza hauetaz dakitenek.
AEBetako Gobernuak suhiltzaile lanak azkar egin ditu ordea. Bankuak laguntzeko finantza programa jarri du martxan, berme gisa bonu publikoak erabilita, eta gordailuak aseguratu dizkie bezeroei, ez bakarrik 250.000 dolar arteko aurrezkiak dituztenei, hortik gorako guztiei ere bai! Suitzan ere erakunde publikoen eskutik etorri da txorrotada: banku nazionalak 100.000 milioi franko suitzar injektatu ditu Credit Suissen, bere lehiakide den UBSrekin fusioa errazteko.
Diru publikoa aberatsak berriz salbatzeko erabiliko da hortaz –zeinek ditu 250.000 dolar baino gehiago bere kontuan?–. Horra déjà vu-aren beste osagai bat. Baina dena ondo dago agintarien esanetan, 2008tik abian jarritako kontrol mekanismoek funtzionatu dute: “Don’t worry, zure diruak seguru daude”, esango dizu Bidenek. “Pas de problème, gure sistema indartsua da”, Lagardek.
Haatik, martxoaren erdialdetik bolo-bolo dabilen txosten batek (pdf) ez du lasai egoteko gogo askorik ematen. Social Science Research Network atarian argitaratua –izen serios horrekin are gogo gutxiago–, ikerketak ohartarazten du AEBetako bankuen aktiboen balioa –daukaten ondasun, berme eta kaudimena– kontabilitate liburuetan agertzen dena baino ia bi bilioi dolar gutxiagokoa izan daitekeela, azken urtean izandako interes tasen igoeragatik. Honen arabera, AEBetako 186 banku SBVren egoera berean aurkitzeko arriskuan daude.
“Finantza krisi estatubatuarraren sakoneko arrazoia agintariek bultzatutako desarautzean bilatu behar da, hain handiak ez diren bankuen gaineko kontrola ahuldu delako”. Hala dio Andreu Missék Alternativas Económicas-eko zuzendariak, Lecciones de una nueva debacle (“Hondamendi berri baten lezioak”) artikuluan. Urte luzez El País egunkariaren ekonomia saileko buru izandakoak oroitarazi du duela bost urte AEBetako Senatuak Dodd-Frank legea “biguntzeko” neurriak hartu zituela. Lege hori 2008ko shock-aren ondoren sortu zen, arauak zorrozteko eta beste finantza hondamendi bat saihesteko. 2018ko eztabaidan, “bankuei gutxiago exijitzearen aldekoen artean Jerome Powell nabarmendu zen, egungo AEBetako Erreserba Federalaren presidentea”, dio kazetari kataluniarrak bere artikuluan.
Baina Powellek eta alderdi errepublikarreko bere burkideek ez ezik, hamazazpi senatari demokratek ere bozkatu zuten Dodd-Frank legea desarautzearen alde. Eta orain jakin dugu erabaki horren atzean bankuen presioa zegoela, tartean SVB eta Signature Bank bankuena.
Trena errailetatik irteten denean
Ikerketa kazetaritzan espezializaturik dagoen The Lever aldizkariak ezagutarazi du AEBetako Senatuaren estoldetan finantza sektoreak egiten duen azpilana erabaki politikoak baldintzatzeko. David Sirota esatari, zutabegile eta zinegileak sortu zuen The Lever duela gutxi, aurretik The Daily Poster deitua. Sirota ezaguna da AEBetako ezkerreko mugimenduetan; besteak beste Jacobin aldizkari marxistan edizio lanak egiten ditu eta Bernie Sanders Etxe Zurirako hautagaiaren diskurtsoak berak idatzi zituen.
Bankuen gaineko kontrola biguntzeko Silicon Valley Bank-ek senatari demokraten botoa erosi zuen, bateko diru bilketak eginda, besteko ate birakariak erabilita
The Lever-ek hainbat artikulutan xehatu du SVBen eta Signature Bank-en jokabidea: SVB Chief Pressed Lawmakers To Weaken Bank Risk Regs (“SVBren buruak legelariak presionatu zituen, bankuentzako arrisku-arauak biguntzeko”), izenburua jarri diote haietako bati. Sirotak berak kontatu dio ikerlanaren muina Amy Goodman kazetariari Democracy Now! gunean. “Greg Becker SVBren presidenteak AEBetako Kongresuan hitz egin zuen, Dodd-Frank legea desarautzea aztertzen ari ziren bitartean”, dio esatariak. Estres frogak derrigor pasatzeko, banku batek 50.000 milioi dolarretik gorako aktiboak izan beharrean, 250.000 milioitik gora izatea gomendatu zuen, “baita lortu ere, langa igo baitzuten”.
Horretarako SVBek demokraten botoa erosi zuen, bateko diru bilketak eginda, besteko ate birakariak erabilita. Nola ulertu, bestela, lege hori bultzatu zuen Barney Frank senatariak berak kargua utzi eta Signature Bankeko besaulkietan esertzea? The Wall Street Journal-en arabera, honek ere presio egin zuen orain porrot egin duen bankutik, bere legeari harakiria egiteko. “Ustelkeriari buruzko pelikula batean halakorik jarriz gero, gidoilariak esango luke kopeta handiegia izatea litzatekeela, erridikulua dela”, azaldu dio Sirotak Goodmani.
Baina tamalez ez da fenomeno bakana, eta beste gertaera batekin konparatzen du politikarien jokabidea The Lever-en sortzaileak: otsailaren 10ean AEBetako Ohio estatuan gai toxikoak zeramatzan tren bat errailetik irten eta gertaturiko leherketa larriarekin. Urte batzuk lehenago antzeko istripu batzuk izan ziren trenbide garraioan eta arauak zorroztu zituzten; baina gero, industria kimikoak lortu zuen Ohiokoa bezalako trenak ez katalogatzea “arrisku handikoak” balira bezala eta legea berriz aldaraztea.
“Krisiak gertatzen direnean arautzeko bultzada bat dago –dio Sirotak–. Baina orduan, jendea ahaztu egiten da, edo politikariek itxaroten dute jendea ahaztu arte, eta gero desarautzeko beste bultzada bat dator”.
Banku pribatua ala publikoa?
Orduan, zein da bidea? Galdera hori egin du Michael Roberts ekonomialari marxistak The Next Recession blogean idatziriko post luze batean –orriotan askotan aipatu dugun zor bidegabea abolitzearen aldeko CADTM elkarteak zabaldu du gaztelaniazko bertsioa, Sin Permiso atariak itzulita–.
“Hau jadanik krisi handi bat da, erraz konpara daitekeena 2008koarekin”, dio egileak. Batzuen ustez arau zorrotzagoak behar dira –Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak hala adierazi zuen, adibidez–, baina Roberts ez dago hain ziur: “Arautzeak ez du funtzionatzen, kiebrek jarraitzen dute”. Kapitalismo monetario honetan bankuek joko-arauak urratzen dituzte etengabe, eta 2008an bezala, orain ere araugileek huts egin dutela dio. Bere ustez, aukera bakarra “banku modernoak zerbitzu publiko batean bihurtzea da, osasungintza, hezkuntza edo garraioa diren moduan”.
Egia esan ez gaude hortik oso urrun, eta Martin Wolf Financial Times-eko editore buru entzutetsuak ere aitortu du hori bere zutabeetako batean: 2008ko krisiaz geroztik “banku sistema bere osotasunean, eta anbiguotasunik gabe, Estatuaren parte bilakatu da”. Baina ARGIAren zenbaki honetako iritzien sailean Roser Espeltek dioen bezala, zer finantzatu erabakitzeko gaitasunak jarraitzen du dopaturiko bankuen esku.
Bitartean, “Trankil, Kutxabank salbu dago”, esango dizu baita Azpiazu sailburuak ere… Eta bestela beti geratuko da, hurrengo leherketa gertatzen denean, lehen desaraututakoa berriz arautzea.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
BRICS+ taldearen gailurra iragan berri da Errusiako Kazan herrian. Errusia, Txina, India, Iran, Brasil, Hego Afrika, Egipto, Emirerri Batuak eta Etiopia batzen ditu estatu-bloke horrek, eta beste 30 bat estatuk dute bertaratzeko hautagaitza aurkezturik. Ekonomikoki pisu handia... [+]
Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.
Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]
Ikerketa batek Espainiako Estatuko banketxeen eta enpresen 'greenwashing' praktikak azaleratu ditu. Estatu sionistak lur okupatuetan eginiko eguzki-energia parkeen finantziazioan murgilduta dago estatuko finantza-sistema; BBVA eta Kutxabank ere tartean dira.
BBVAk Sabadell irensteko egin duen eskaintza “oldarkorrak” berriz erakutsi digu egungo bankuak nolako azalez eginda dauden. BlackRock eta antzeko inbertsio funts sarraskijaleen atzaparretan erorita, haientzako haratustelak ehizatzen dabiltzan erakunde lotsabakoak... [+]
Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]
Banco Santanderrek %15,3 igo ditu irabaziak 2022arekin alderatuta. BBVAk, berriz, %26 gehiago irabazi du.
Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.
Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]
Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.
Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak... [+]
Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.
Erreserba Federalak interes-tasak bere horretan uztea erabaki du urtebetean lehen aldiz, orain arte etengabeko igoera egin eta gero. Argudio nagusia inflazioa jaitsi egin dela da, baina atzean badaude mamu gehiago, hala nola, atzeraldi ekonomikoa eragitea eta AEBetako finantza... [+]
Asteartean hasi eta ostegunean amaituko den Munduko Bankuak Barakaldoko BECen egiten ari den Innovate4climate bilkura klimatikoaren aurkako manifestazioa egin dute asteazkenean. Ostegunerako Yayo Herrero militante ekofeministaren hitzaldia antolatu dute Bilborock aretoan,... [+]