Blackrock inbertsio-funtsak hitzarmena izenpetu zuen azaroan Ukrainako Gobernuarekin, eta gerrak suntsitutako herriaren berreraikuntza bideratuko dio, "sistema kapitalistan benetan sinesten dutenen kapital uholdeari esker". Hori lortu dezake Blackrockek, ezin irudikaturiko bere potentziari esker: 10.000.000.000.000 dolar aktibo ditu esku artean. Goazen ikustera zein den "Wall Street-eko errege" izendaturiko hori, ulertzeko nola lortu zuen gure bizietaraino sartzen.
Ukraina faro bat bihurtu daiteke munduarentzat. Ez naiz filantropiaz ari, anitz izanen dira horrelakoak. Benetan diot Ukraina berreraiki nahi izanez gero, orduan bilakatu daiteke kapitalismoaren potentziaren faroa”. Ondoko zehaztapena gehitzen dio baieztapenari: “Sistema kapitalistan benetan sinesten dutenek kapital uholdea eraginen dute Ukrainan”. Gudu-zelaiari so egin eta miseria hori aberasteko bide ikusten duen gizon hori Larry Fink da, zehazkiago Blackrock inbertsio-funtsaren jabea. “Wall Streeteko erregea” ezizenez ezaguna da, eta finantza esparruan eragin gehien dutenen artean dugu 1.500 milioi dolarreko aberastasuna daukan hori. Blackrockek hitzarmena izenpetu zuen Ukrainako Gobernuarekin, herriaren berreraikuntza marrazteko kontseiluak –ez errateko manuak– bideratzeko gerrak suntsitutakoari. “Hitzarmenak helburutzat du inbestitzaile publiko eta pribatuek berengain hartzea Ukrainiaren berreraikitzea eta ekonomiaren suspertzea”, Blackrockeko ordezkariaren arabera. Baina Ukrainako Ekonomia ministerioaren agirian ondokoa irakurri daiteke: “Nagusiki kapital pribatuetatik egingo da berreraikitzea”. Baina nola heldu gara egoitza New Yorken duen enpresa pribatu batek estatu oso baten geroa marrazteko ahalmenera?
29 urterekin First Boston bankuaren zuzendaria zen, baina burtsan pario arriskutsuak harturik 100 milioi dolarreko zuloa eragin eta lekutu zen, beste lagun batzuekin Blackrock sortzeko 1988an. 1999an sartu zen burtsara enpresa hori –akzioa 14 dolarretan zuen, gaur egun 645 dolarretan denean–. Nola diren gauzak, bere garapen emankorrena 2008ko krisian lortu zuen: bere gomendioak saldu zizkien finantza munduko eragileei, eta diru sarrera horrekin biderkatu zituen enpresen bereganatzeak. Alta, zoriaren ironia, Fink izan zen krisi horren oinarrian dugun subprime arrisku handiko mailegu hipotekadunen arbasoen asmatzaileetariko bat.
“Blackrocken urrats oker bakar batek desoreka dezake finantza mundu osoa eta hori bere oinarrietaraino”
Heike Buchter
Ezezaguna izan arren uste baino ezagunagoa dugu, eta urruneko finantza merkatuan egonda ere uste baino hurbilago dugu. Zergatik? Batetik, balitekeelako banketxean ezarritako dirua Blackrocki bideratu izana zure bankuak; eta bestetik, gure egunerokoan sartuak ditugun milaka eta milaka enpresen jabe delako. Hots, Ukrainan bezainbat Euskal Herrian dugu Blackrock.
Hamar bilioi dolar aktibo kudeatzen ditu –irudikatu Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuaren Barne Produktu Gordinen batuketaren heina–, milaka partikular, profesional, banketxe, aseguru edota pentsio-funtsen aktiboen zerbitzura. Kudeatzeak erran nahi du milaka bezero horien funtsak hainbat finantza-tresnatan inbertitzen dituela. Bezeroen %57 instituzioak dira, %33 bestelako inbertsio-funtsak eta %10 dira eragile pribatuak. Bezeroen %61 AEBetakoak dira, %31 Europakoak eta %8 Asiakoak.
Egindako etekinak bestelakoetan inbertitzen dabil eta gaur egun, enpresa handienen kapitalean sarturik da: AEBetako bost enpresetatik batean da, eta munduko enpresa handienetan ere (Pfizer, Santander, Alibaba, Total Energie, Apple, Exxon Mobil, Chevron, Iberdrola, BBVA, Walmart, Adidas, Deutsche Bank eta beste). Hainbeste non eta munduko 14.000 enpresen erabakiak bozka bidez bideratzeko aukera duen. “Eraldaketarako boterea” dakar akzioen jabetzeak, Blackrocken webgunean irakurri dezakegunez, eta “akzio-demokraziaz” hitz egiten badute ere, hori bezainbat, akzio-diktaduraren gaitasuna ere ekar lezake...
“Blackrocken potentzia da trabagarria, ez dago gobernurik munduan ez ikusiarena egin dezakeenik.
Larry Fink edo bere taldekoek pentsatuz gero herri baten politika ez doala beraien inbertsioen alde, orduan herri horretako enpresetan dituzten akzioak salduko lituzkete. BlackRock hain da indartsua non eta burtsa bidezko zigorra berehala sentituko litzatekeen. Tamaina da beraz arazoa”, Sophie Fay kazetariaren hitzetan. Iritzi berekoa da Blackrock: Eine heimliche Weltmacht greift nach unserem Geld (“Blackrock: ezkutatutako indar bat zure dirua bereganatzen dabil”) liburuaren egile Heike Buchter kazetaria: “Blackrocken urrats oker bakar batek desoreka dezake finantza-mundua bere oinarrietaraino”.
Banku, multinazional zein gobernu andana informatzeko eta kontseilatzeko zereginean ere dabil Larry Fink. Jakin izan dugunez, Ukrainarekin dauka beraz azken tratu potoloa.
Finantza fase berri batera sarrarazi du Aladdin adimen artifizialak: analisirako plataforma informatikoek ordezkatu dituzte finantza analistak
2008 biharamunetan Blackrocki aholkua galdetu behar izan zioten demagun Irlandako eta Greziako banku zentral edota gobernuek, horretara beharturik Troikak –Europar Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak–. 2020an Europako Batzordeak zuen hitzarmena izenpetu trantsizioari buruz hartu beharreko norabideak marrazteko... Eta horrelako esku hartzeak ehundaka mundu guzian barna.
Blackrockek zerbitzu publikorik ez du nahi, trukatzen den oro izan daitekeelako diru iturri, eta austeritatea, pribatizazioa eta ultra-liberalismoa juntatzen dituen antolaketa aholkatzen dabil. Parekoak aholkuari bizkarra erakutsi diezaiokeela? Bai, bistan da, baina aholkulariaren boterea ikusirik agian ez da hain sinple? Are gehiago krisi politiko edo ekonomiko gogor batean murgilduta zaudenean. “Kapitalismoaren Troiako zaldia” dela diote antikapitalistek. Troikaren gisara, funtsean.
Badugu Blackrocken berri Ipar Euskal Herrikook. Hain zuzen, ezaguna zaigu, bera egon baitzen 2019an Emmanuel Macronen gobernua erretreten erreformari buruz aholkatzen. Kapitalizazioa aholkatu zion. Berez ez da pentsio-funts bat Blackrock, baina pentsio-funts andanaren dirua maneiatzen dabil, hots, bere interesen alde doa kapitalizazioa. Esku artean dauzkan kapitalen bi herenak pentsio-funtsen eskutik ditu! “Amerikar funts horren eta Frantziako erretreta sistemaren arteko lotura ez da berehala ageri. Alta, erreforma horrek bezero berriak ekarriko dizkio: zehazki, kotizatu beharreko urte kopurua emendatzen bada, orduan, oraingo kotizazio-heinari dagokion erretreta ttipitzen da. Klase altukoei inbertsio-funts pribatuetan kokatzeko gogoa emanen die horrek, eta hori badaki Blackrockek”, irakurri daiteke Mrmondialisation.org komunikabideko Lumière sur BlackRock, ces financiers qui possèdent le monde (“Blackrock argira, munduaren jabe diren finantzari horiek”) artikuluan.
gainera, adimen artifiziala esku artean
Blackrocken gaineko kontrolik ez da, eta horrek du monopolioa are arriskutsuagoa bihurtzen. Ondokoa irakurri daiteke Mediapart-ek zabalduriko Blackrock ou les risques insensés de la finance spéculative (“Blackrock edo finantza espekulatzailearen arrisku pentsaezinak”) artikuluan: “Autoritateen inolako kontrolik ez duen finantza-mamu hori oso arriskutsua da”. Kontrol-eza aski ez balitz bezala, are beldurgarriagoa da jakitea adimen artifizialak dizkiola datuak aztertzen eta bideratzen.
Aladdin (Asset, Liability, Debt and Deriative Investment Network, hau da “aktibo, pasibo, zor eta deribatuetako inbertsioen sarea”) izeneko adimen artifiziala sortu zuten zerbitzari informatikoetatik pasatzen diren zama guziak aztertzeko. “Kalkulu-tresna hori esku artean, Blackrockek uste du milaka milioi datu finantzario milaka milioi dolar bihur ditzakeen harri filosofala aurkitu duela”, irakurri daiteke “Blackrock edo finantza espekulatzailearen arrisku pentsaezinak” artikuluan. Segundu bakarrean milaka akzio, obligazio, dibisa edota kreditu-titulu konparatzen ditu, testuinguru ekonomikoko zifrak ere integratuz (enpresen salmentak, petrolioaren prezioa, monetaren balioa, eta beste). “Inbertsioaren arrisku guziak analizatzeko gai da, argitzen ditu non saldu behar diren obligazioak, transakzio guziak jarraitzen ditu eta ezinbesteko dituen informazioak atzemanen dizkio inbertitzaileari”, Le Financial Times-ek laburbiltzen duenez.
Finantza mundua fase berri batera sarrazi du Aladdinek: “Analisirako plataforma informatikoek ordezkatu dituzte finantza analistak”. 2008ko finantza merkatuen krisiaren errepikapenaren mehatxua gero eta errealagoa dugun honetan beldurra hezurretaraino sartzen digu jakiteak kontrolik gabe eta adimen artifizialetik doala aitzina finantza-merkatua.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
BRICS+ taldearen gailurra iragan berri da Errusiako Kazan herrian. Errusia, Txina, India, Iran, Brasil, Hego Afrika, Egipto, Emirerri Batuak eta Etiopia batzen ditu estatu-bloke horrek, eta beste 30 bat estatuk dute bertaratzeko hautagaitza aurkezturik. Ekonomikoki pisu handia... [+]
Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.
Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan dituen 6.300 metro koadroak erabiliko ditu Kutxa Fundazioak espazio berriarentzat eta 15 milioi euroko aurrekontua du proiektuarentzat. 2026ko udazkenean ireki asmo dute Atenea, eta hori baino lehen itxiko dute Miramongo... [+]
Ikerketa batek Espainiako Estatuko banketxeen eta enpresen 'greenwashing' praktikak azaleratu ditu. Estatu sionistak lur okupatuetan eginiko eguzki-energia parkeen finantziazioan murgilduta dago estatuko finantza-sistema; BBVA eta Kutxabank ere tartean dira.
BBVAk Sabadell irensteko egin duen eskaintza “oldarkorrak” berriz erakutsi digu egungo bankuak nolako azalez eginda dauden. BlackRock eta antzeko inbertsio funts sarraskijaleen atzaparretan erorita, haientzako haratustelak ehizatzen dabiltzan erakunde lotsabakoak... [+]
Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]
Banco Santanderrek %15,3 igo ditu irabaziak 2022arekin alderatuta. BBVAk, berriz, %26 gehiago irabazi du.
Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.
Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]
Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.
Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak... [+]
Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.
Erreserba Federalak interes-tasak bere horretan uztea erabaki du urtebetean lehen aldiz, orain arte etengabeko igoera egin eta gero. Argudio nagusia inflazioa jaitsi egin dela da, baina atzean badaude mamu gehiago, hala nola, atzeraldi ekonomikoa eragitea eta AEBetako finantza... [+]
Asteartean hasi eta ostegunean amaituko den Munduko Bankuak Barakaldoko BECen egiten ari den Innovate4climate bilkura klimatikoaren aurkako manifestazioa egin dute asteazkenean. Ostegunerako Yayo Herrero militante ekofeministaren hitzaldia antolatu dute Bilborock aretoan,... [+]