“Ingurumenean ere enpresa txikiok gure norabidea jarri behar dugu”

  • Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruan aholkularitza eskaintzen duen Isladak kooperatibako kidea da Aiala Zubieta Bertiz. Berriki, formazioa eskaini die ekonomia eraldatzaileko kooperatiba eta proiektuei, Beterri Saretuz ekimenak Usurbilgo Lanbide Eskolan antolatuta, enpresen iraunkortasunean ingurumenak duen garrantziaz jabetzeko: “Garrantzitsua da enpresa edo erakunde moduan ingurumen politika bat izatea”, esan digu.

Isladak kooperatibako kide da Aiala Zubieta: aholkularitza lana egin ohi dute, batez ere administrazioarentzat, baina baita enpresei bideratua ere. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA
Isladak kooperatibako kide da Aiala Zubieta: aholkularitza lana egin ohi dute, batez ere administrazioarentzat, baina baita enpresei bideratua ere. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean elkartu gara Aiala Zubietarekin. Han du egoitza Isladak kooperatibak, eta han egin ohi du lana egunerokoan, Eider Larrañaga eta Susana Torregaray lankideekin batera. “Isladak pandemia garaian sortu zuten Susanak eta Eiderrek, eta gero ni sartu nintzen. Argi genuen beste pertsona batzuekin elkarbanatzeko espazio bat izan nahi genuela; gure ustetan hori baita gizarte jasangarriagoa egiteko bidea, eta hori da kooperatiba honen filosofia”.

Aholkularitza lana egin ohi dute, batez ere administrazioarentzat, baina baita enpresei bideratua ere: “Enpresa askok ingurumen kudeaketa sistemak eskatzen dizkigute, edo ISO estandarrak ezartzea. Beste askok lege betekizunak dituzte eta horretan laguntzen diegu”. Baina horretan bakarrik ez, legeek jasotzen ez dituzten aparteko beste neurri batzuen inguruan hausnartzeko bidea ere ematen diete: “Enpresetan egunerokoan gauza asko egin daitezke ingurumenari dagokionean. Haiekin pixka bat hitz egiten hasi orduko ideia pila bat ateratzen dira”.

"Ohitura aldaketak sustatu behar dira, eta garraioarekin ongi ikusten da hori: nola joaten gara lanera?"

Beterri Saretuz ekimenak antolatutako formazioan ere ideia mordoa aterako zen. Baina zein izan da saio horren helburua?  

Azken urteetan berdintasuna, euskara, gardentasuna eta beste hainbat gai garrantzitsu landu izan da enpresetan, eta orain ematen du ingurumena “modan” dagoela, energiari guztiz lotuta. Baina energiaz harago badaude beste arlo asko landu daitezkeenak, horretaz aritu gara. Ekosistemek enpresa eta pertsona bezala egiten diguten ekarpena zehazten saiatu gara batez ere. Airearen kalitatea, uraren kutsadura, biodibertsitatearen galera… hori guztia lantokitik kanpo balego bezala ikusi ohi dugu, baina berdin-berdin jasaten dugu: gure osasunean eta ingurumenaren osasunean eragiten dute. Trantsizio energetikoaz eta klima aldaketaz ere aritu gara, noski, baita ekonomia zirkularraz ere; modako hitz bihurtu diren arren, betidanik landu izan ditugu.

Askotan, kontzeptu horiek bihurritu eta egungo ekonomia eredua justifikatzeko erabili ohi dira.

Eredu horren barruan gauza asko kontrajartzen dira: badirudi trantsizio horrek ez diola ingurumenari kalterik egingo, guk emaitzak bakarrik ikusten ditugulako, baina prozesu osoa ikusiz gero konturatuko gara kalteak hor jarraitzen duela. Hitzak eta kontzeptuak Europatik etortzen zaizkigu bueltan, eta bakoitzak bere modura ulertzen ditu; zentzu desberdina ematen zaie eta nobere interesen arabera erabiltzen dira. Horri buruz ere hausnartzen saiatu gara formazio saioan.

Kutsaduraz hitz egitean enpresa handiak datozkigu burura.

Erantzunkidetasunaz solastatu dezakegu nahi izanez gero, eta hor handiek noski badutela zeresana, baina txikiok ere egin ditzakegu gauza asko. Imajina ezazu zure etxea dela enpresa –zeren eta zerbitzuetan lan egiten dugunok antzeko baldintzak ditugu etxean eta lantokian–, zer egin? Hondakinak nola kudeatzen diren, erosketak noiz eta nola egiten diren, kontsumitzen ditugun produktuak nola ekoiztu diren… hori guztia ikusi beharko genuke. “Erosketa berdea” deitzen zaion ideia dago hor: agian guk bakarrik, txikiak izanda, ezin dugu hornitzaileengan eragin ingurumen irizpideak bete ditzaten, baina enpresa txiki asko elkartuta errazagoa izan daiteke; gainera, gure ohiturak aldatu ditzakegu eta filosofia hori txertatu egiten ditugun erosketetan.

Usurbilgo lanbide eskolan formazio saioa eskaini zien Aiala Zubietak Beterri Saretuz ekimeneko proiektu komunitarioetako kideei. Ingurumenak enpresen iraunkortasunean duen garrantziaz hausnartzeaz gain, partaide bakoitzak bere erakundera etxeko lan batzuk eraman zituen. Argazkia: Bira Produkzioak / Beterri Saretuz

Eta nola jakin daiteke produktu baten bizitza ziklo osoan zer egiten den?

Egia da batzuetan zaila izaten dela, informazio eta ezagutza falta dagoelako. Baina logika apur bat erabiltzeak laguntzen du: plastikoa baino material jasangarriagoko produktuak erostea, adibidez; eta nik Hernanin egiten badut lan, produktu hori Hernanin egina dagoen ikustea. Hornitzaileek zigiluak izaten dituzte produktua nola ekoitzi den adierazi eta ingurumenari ez zaiola kalterik egin ziurtatzeko. Ziurtagiri mordoa dago! Lehengaia nondik datorren, gertukoa ote den, ontzietan sartu gabe soltean erosi daitekeen… Etxean bezala, enpresan ere kontuak egin behar dituzu.

Ekonomikoki bideragarria ote den, horri ere begiratzen dio estu dabilenak.

Gaur egun, ekologikoak, tokikoak eta jasangarriak diren produktuak ez dira kobentzionalak baino garestiago. Baliteke lehengai batzuetan diferentziak egotea prezioetan, baina beste askotan ez. Adibidez, bulegoko materialari erreparatzen badiogu, paper birziklatua izan edo ez, alderik ez dago, eta gauza bera gertatzen da boligrafo birziklatuen kasuan.

"Beste arlo askotan bezala, ingurumenean ere prebentzioa da eman beharreko lehenengo pausoa"

Buruan sartu digute ekologikoa edo tokikoa izateagatik garestiagoa izan behar duela, ideia zaharretan oinarrituta, baina gaur egun ez du zertan horrela izan. Inbertsioa ere bada hein batean, halako produktu batek gehiago iraungo baitu seguruenik. Gainera, jasangarritasunaz hitz egitean ez gara ingurumenaz soilik ari... Agian gehiago ordaintzen duzu, baina hori sortu duen pertsonak baldintza duinagoak izango ditu, eta tokiko ekonomia ere indartuko duzu.

Trantsizio energetikoa egiteko berriztagarriak ari dira bultzatzen erakundeetatik. Baina energia sortzen hasi aurretik zein pauso eman beharko lukete enpresa batean?  

Beste arlo askotan bezala, ingurumenean ere prebentzioa da lehenengo pausoa. Energia eraikinetako argiteriarekin eta berogailuarekin lotzen ditugu beti, baina inportantea da enpresa bakoitzak ikustea non kontsumitzen duen gehien; zeren eta energia gastatzea ez da bonbilla bat piztea bakarrik. Guk udalerrien energia kontsumoak aztertu ditugunean, ikusi izan dugu garraioan joaten dela kontsumo zati handiena, ez bada herri oso industriala behintzat; pertsonok egiten ditugun bidaia horiek guztiak herri baten energia kontsumo osoaren erdia baino gehiago suposatzen dute askotan.

Bada, goazen ikustera enpresa barruan zer gertatzen den. Seguruenik garraioak pisu handia izango du, baina energia asko kontsumitu daiteke makineriarekin, ordenagailuekin, argiterian, eraikina isolatua dagoen moduan… Energia eraginkortasunez erabili behar da, eta pauso pila bat eman daitezke sortzen hasi aurretik.

Erakide, praktika onak sustatzeko tresna
 

Enpresetan erantzunkidetasun soziala zabaldu eta praktikan jartzeko sortu zen Erakide tresna, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua. Elhuyar Fundazioak, eta Emun, Aztiker eta Farapi aholkularitza kooperatibek enpresetan egiten duten diagnostikoari, ingurumen ikuspegia ere eman dio orain Isladak-ek. “Ekologiaren inguruan galdera batzuk egiten ziren, baina oso azalekoak ziren, eta guri proposatu ziguten horri buelta bat ematea”, azaldu digu Aiala Zubietak.

“Beste galdera batzuk txertatu ditugu, enpresei pentsatuarazi eta ideia berriak emateko. Aldi berean, lau erakunde horiek formatu ditugu, beraiek ere jakin dezaten zer eta nola galdetu”. Orain, enpresetan ingurumen arloan ere “praktika onak” sustatzeko adibideak biltzen ari dira, beste arlo batzuetan egiten den bezalaxe.

Lanaren antolaketan, esaterako? Pandemiarekin telelana iritsi zitzaigun.

Hor ere badaude kontraesanak. Telelanak joan-etorriak murriztu ditzake enpresa batean, baina zer ari da gertatzen? Egun batzuetan batzuk eta hurrengoan besteak, argiak, berogailuak eta zerbitzariak piztuta egoten direla bulegoetan aste osoan, eta etxeetan ere dena piztuta. Oreka bilatu behar da: zer da hobea, bilera bat telematikoki egitea, edo bilera horretara auto konpartituan joatea? Eta kezka bera sor liteke eguzki plakekin. Energia berriztagarria sortzen dute, bai, baina hemendik hogeita hamar urte barru zer egingo dugu horiekin? Nola kudeatuko ditugu hondakin moduan?   

Baina badira ikuspegi integralarekin sortu diren energia berriztagarrien komunitateak, Hernanin gaude eta Hernani Burujabe izan daiteke adibide bat...

Jakina, ez da gauza bera etxe bakoitzak bere plaka edukitzea, edo teilatuan egindako instalazio fotovoltaikoa komunitate oso batek erabiltzea. Komunitate hori energiatik haragoko beste eremuetara zabaltzea da eredu horren helburua eta gakoa, elikadurara edo mugikortasunera, adibidez.

Soluzio teknologikoez hari gara, baina langileen artean konfortaz ere hitz egin beharko litzateke?

Ohitura aldaketak sustatu behar dira, eta garraioarekin ongi ikusten da hori: nola joaten gara lanera? Garrantzitsua da erakunde moduan ingurumen politika bat edukitzea eta helburu batzuk adostea, behin horiek jakinda errazagoa delako ekintzak aurrera eramatea. Kalefakzioa 22 gradutara jarri beharrean 19 gradutara jarriko dugu? Errazagoa da hori erabakitzea helburu batzuk adosten badira. Enpresa txikietan egunez egun joaten gara, eta zaila izaten da.

"Nik uste errazagoa dela natura lantokira ekartzea. Nahikoa min egin diogu jadanik naturari eta hobe da hiritartuta dauden eremuetan txertatzea". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Mercedes-Benzen errazago inplementatuko lituzkete horrelako neurriak...

Errazago ez dakit, baina seguruenik baliabide gehiago izango dituzte ingurumen ekintzak aurrera eramateko. Hala ere, ingurumenaren arloan enpresa txikiok ere gure norabidea jarri behar dugu.

Trantsizio digitala aukera bezala saldu digute, baina “lainoa” asko kontsumitzen duten super-ordenagailuetan dago. Harrapatuta gaude?

Aurrekoan irakurri nuen bitcoindun trantsakzio baten karbono aztarna Visarekin 1,65 milioi trantsakzio egitea bezala zela, eta 64 mezu elektroniko bidaltzea autoz kilometro bat egitea bezala. Dena denez fikziozkoa, ez duzu ukitzen, ez duzu ikusten... Orain asko ari dira hitz egiten digitalizazio berdeaz, baina horretaz hausnartu beharra dago. Teknologia ongi dago, baina neurri batean.

Ekonomia eraldatzailean interkooperazioa garrantzitsua da, ingurumen jasangarritasuna bermatzeko ere balio dezake kooperatiben arteko elkarlanak?

Lehenik eta behin, ondokoagatik ikasteko balio dezake, eta ondokoak modu jasangarriagoan egiten badu, zurera ekartzeko. Lehen aipatu ditugun energia komunitate horiek sortu daitezke lantokiaren eremuan, asko aurreztu daiteke eta ekonomikoki ere bideragarriagoa da; edo aliantzak egin hondakinak jasotzeko... Saretze horrek beti ekartzen ditu onurak.

"Teilatuak baliatzen ari gara eguzki plakak jartzeko... Eta zergatik ez ditugu teilatu berdeak egiten?"

Lantokia pabiloi grisetan izan ohi dugu askotan. Lan mundua natura dagoen tokira hurbildu beharko litzateke? Edo alderantziz?

Nik uste errazagoa dela natura lantokira ekartzea. Nahikoa min egin diogu jadanik naturari eta hobe da hiritartuta dauden eremuetan txertatzea. Europan irtenbide asko ari dira lantzen. Adibidez, teilatuak baliatzen ari gara eguzki plakak jartzeko... eta zergatik ez ditugu teilatu berdeak egiten? Teknikoki zailtasunak ditu, baina eraikina isolatzeko, gutxiago kontsumitzeko eta korridore berdeak sortzeko balio dute halakoek.

Bestalde, industriaguneetan berdeguneak daude ikusten ditugun moduan, zergatik ez ditugu lorategi gehiago sortzen? Goazen hori guztia zaintzera lan eremuak naturalago egiteko. Konektibitatearentzako ere onuragarria da zementuzko eremuak berdetzea, askotan barrera izugarria baikara animalia eta landare espezie askorentzat.

Klima larrialdia CO2 isuriekin lotzen da, baina garbi dago biodibertsitatearen galerak ere baduela garrantzia.

Klima aldaketan bi aldagai daude. Arintzea da lehena, hau da, ahalik eta berotegi efektuko gas gutxien isurtzeko neurriak hartzea, Kiotoko protokolotik hasita egin nahian dabiltzana. Eta bestea egokitzea da. Klima aldaketa hemen dago, eta horri egokitzeko zer egingo dugu? Bada, lanean ere zer egingo dugun pentsatu beharko genuke. Naturan oinarrituriko konponbideak sartzen dira azken aldagai honetan. Biodibertsitatea zaintzen badugu gure osasuna ere zainduko dugu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Proiektu eraldatzaileen bilgune izango da Oiartzun hiru egunez, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz

Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.


Arrigorri

Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.


Iruñeko Kale Nagusian 1.500 metro koadroko eraikin bat erosi dute Katakrakek eta Koop57k

Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko... [+]


Lau, hiru, bi, bat… Gora Olatukoop! Ekonomia eraldatzailearen festa Donostian

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]


Olatukoop 10. urteurren ekitaldia
Ekonomia eta lurralde eraldaketarako konpromisoa berretsi du Olatukoopek

80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.


Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]


Eguneraketa berriak daude