Bernat Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae argitaratu zuen urteari keinu eginez, 1545 argitaletxea sortu dute Eneko eta Xabi Salaberria anaiek. Aitak ireki zien literaturarako bidea, eta hari segika ari direla sentitzen dute orain. Argitaletxe handiek nekez kaleratuko zituzketen klase guztietako liburuak editatu dituzte 2018tik hona. Irekita daude edozertara, baina haur eta gazteei bideratutako lanetan aritu dira batez ere, literaturaren eta filosofiaren artean zabuka.
Liburu artean hazitakoak dira Eneko eta Xabi Salaberria anaiak: “Aita literaturazale amorratua zen, eta etxeko egongelan liburutegi erraldoia geneukan”. Orain, hura hil eta lau urtera 1545 argitaletxea eratzen ari direlarik, hark hasitako bideari segida ematen ari direla sentitzen dute. Bi anaiek literaturarekin duten lotura oso desberdina da, edonola ere: Xabi Lehen Hezkuntzako irakaslea da, pasioz bizi ditu letrak, eta gazteei zaletasuna kutsatu nahian aritzen da egunero. Eneko, aldiz, diseinatzaile grafikoa da, eta liburuak objektu gisara ikusten ditu batez ere. Mamiaz arduratzen da bata, irudiaz eta diseinuaz bestea. Rol banaketa argiari esker, batak bestearen espazioa errespetatzen du, eta eroso aritzen dira argitaletxeak eskatzen dituen lanetan: “Diseinu kontuetan biok sartuko bagina, agian gure arteko talkak hasiko lirateke. Baina, egungo lan banaketarekin, dena primeran doa, ez dugu eztabaidatzen. Nik batez ere produktua bukatuta ikusi nahi dut; Xabik, berriz, zer material falta den ikusten du garbi: hau ez dago, egin dezagun”, azaldu du Enekok.
Argitaletxearen lehen pausoak Enekok berak eman zituen. Oiartzungo Ihotik karta-jolasa argitaratu zuen, eta baita Andoni Egañaren oharrekin osatutako agenda bat ere, 2018koa. Segidan sartu zen Xabi, eta laster haur filosofiara bideratu zuten ikuspegia. Oihartzun Filosofikoa ekimeneko eta Jakinmin elkarteko kide da bera, eta haurrekin filosofia lantzeko euskarazko materialik apenas dagoela ohartu zen azkar. “Herrian, haurrekin antolatzen ditugun filosofia saioak beti hasten dira pizgarri batekin: izan daiteke bertso bat, poema bat, artelan bat, eskultura bat… Abiapuntu bat izaten da, aitzakia bat, elkarrizketa filosofiko bat hasteko. Pizgarri bila genbiltzan beti: Matthew Lipmanen –haur filosofiaren aitzindarietako bat– ingelesezko eleberrietara jotzen genuen sarri, baina beti itzuli egin behar. Pandemian, haurrekin aurrez aurreko saiorik egin ezin genuenez, materiala sortzeko garai ona zela otu zitzaigun”, azaldu du. Horrela sortu zen Hamaika Kutixi Filosofiko. Izenak dioen bezala, hamaika gai filosofiko biltzen ditu, hamaika ipuin eta hamaika ilustraziok lagunduta. Gainera, ipuin bakoitzari buruzko galderak biltzen dituzten laminak ere osatu dituzte. Hasiera batean Oiartzunen erabiltzeko asmoz sortutako proiektua izanagatik, laster zabaldu zuten Euskal Herri osora. “Jendeak asko eskertu du, ez zegoelako gai hauek lantzeko espaziorik. Hasieran harridura sortzen du: haurrak eta filosofia? Baina gure planteamendua ez da haurrei filosofoek zer pentsatzen zuten irakastea, baizik eta praktika bat abian jartzea, eta elkarrekin filosofatzea. Probatzen duenak badaki funtzionatzen duela”.
Hiru argitaletxerengana jo zuten, proiektua argitaratzea proposatzera. Ez zen aukerarik izan. Uko horiek dira, besteak beste, beren argitaletxe propioa sortzeko bultzada eman dieten arrazoiak, Enekok dioenez: “Egungo literatur industrian, proiektu interesgarri asko gelditzen dira tiraderan arrazoi jakin batzuengatik: ezohikoak direlako, ez direlako salgarriak… Itxuraz, haur filosofia ez da oso bideragarria. Gainera, guk nahi genuen kaxa formatua edukitzea, lamina eta guzti. Bada, gaur da eguna 700 kaxa saldu direna. Hor topatu genuen gure argitaletxearen xedea, bestela argitaratuko ez diren proiektuak argitaratzean. Erraza zen: autonomoen epigrafean alta eman, argitaletxe gisa erregistratu, eta, hortik aurrera, dena da posible”.
Garaitsu hartakoa da Zergatik nago mundu honetan liburua ere, haur filosofia saioetan parte hartzen zuen Malen Etxebestek idatzia eta ilustratua. Argitaletxeko Hipatia saila estreinatu zuten liburu horrekin. “Hamaika urteko haur talde bat eskolak amaitzean herriko Etxebeneko lorategian elkartzen hasi zen, gai baten inguruan filosofatzeko. Halako batean, udalari gutun bat idatzi zioten, eskatuz lorategiari izena aldatzeko, azalduz zertarako biltzen ziren, eta Hipatia zer zen. Eta udalak baietz. Ikasleek eurek murala marraztu zuten aurrena, eta izena aldatu zitzaion gerora. Horren omenez jarri genion izen hori hezkuntza eta pentsamendua uztartzen dituen gure sailari”, kontatu du Xabik. Josu Galdosen Lur ipuina ere bilduma horretan dago.
Ilargiko itsasoak
Mandatuzko lanak zein proiektu propioak argitaratzeko bidea ematen die argitaletxeak, eta orain gutxi argitaratu dute beren uztako bigarren lana, Mare izenekoa. Orain arteko ekimenik kolektiboena izan da eta, Hamaika Kutixi Filosofiko bezala, hutsune bat betetzeko bokazioz sortua.
Aita literaturzale amorratua zen, eta hura hil eta lau urtera, hark hasitako bideari segida ematen ari dira
Gazteak poesiara hurbilduko dituen espazio baten falta sumatzen du Xabik, izan ere: “Haurrentzako poesia euskaraz idatzi duten egileak badira –Juan Kruz Igerabide, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao edota Miren Agur Meabe, kasurako–, baina gazteentzat idatzi dutenak, aldiz, apenas. Eta gertatzen da haurrek irakurtzen dutela poesia, jolas moduan, baina adin batera iristen direnean irakurtzeari uzten diotela, eta zer esanik ez idazteari –sariketaren baterako ez bada–. Aspalditik nuen buruan gazteak eta poesia elkartuko zituen zerbait egitea, baina zerbait berezia. Ilargiari buruzko artikulu bat irakurri nuen behin, eta hala jakin nuen garai batean uste zela itsasoak zeudela bertan, eta nahiz eta jakin den halakorik ez dela, oraindik ere itsaso izeneko eremuak daudela: heriotzaren itsasoa, bakardadearen itsasoa… Hemen agian gai bat daukat, pentsatu nuen neurekiko. Bururatu zitzaidan, era berean, Idoia Asurmendiren abesti bat ondo ezkonduko zela proiektuarekin; Jon Martinekin kafe bat hartu nuen, eta kantaren letra idazteko proposatu nion. Proiektuak hasieratik irudikatzea gustatzen zait. Lehen piezak kale egiten badit, agian dena kolokan jarriko da… Jonek erotu nintzela esan izan balit, liburua agian ez zen argitaratuko. Baina izugarri gustatu zitzaion”.
Hiru hitzaurre ditu Marek, eta horiek ere hasieratik zituen buruan Xabik. Lehen hitzaurrea zientifikoa da, Ana Galarragak idatzia; bigarrena filosofikoa, Iñigo Martinez Peñarena; hirugarrena, berriz, literarioa, Joseba Sarrionandiak osatutakoa. "Hitzaurreak ez daude kasualitatez ordena horretan, zientziak informazioa ematen du baina ezin du dena esplikatu. Zati filosofikoak dio gauza batzuk ez ditugula inoiz jakingo, eta hori ondo dago; azkenik, hor dago artea. Agian gauza batzuetara artetik soilik iritsi gaitezkeelako. Ikasle guztiek hiru dimentsioak dituzte beren baitan. Eta hiru dimentsioek partekatzen dute ezaugarri berbera: bilaketa. Zientzialariak zerbait bilatzen du, filosofoak ere bai, eta artistak ere bai”.
Proiektua abiatzerakoan, 110 euskal poeta zerrendatu zituzten, jakinik 29 behar zituztela –ilargiaren zikloak 29 egun pasatxo irauten duelako, eta horri keinu egin nahi ziotelako–. Proposamena heldu zaien gehienek baiezkoa eman dute. “Kanpoan geratu dira batzuk, eta pena eman digu. Jendeak sumatzen du gure ilusioa. Ez gara ohiko argitaletxea, eta badakite egingo duguna ondo mimatuko dugula”.
Argitaletxearen bi adarrak
Hutsune bat betetzeko sortu dute argitaletxea, baina, era berean, argi daukate materiala sortuz bakarrik nekez bultzatuko dituztela gazteak irakurtzera. “Produktua sortzea garrantzitsua da, baina batez ere nork eta nola bultzatzen dituen axola du. Aurten, haurren irakurle taldea jarri dute martxan herrian. Xabik egiten ditu gida lanak, eta 53 gazte apuntatu dira; izugarri da”, dio Enekok.
Eneko Salaberria: “Egungo literatur industrian, proiektu interesgarri asko gelditzen dira tiraderan, ezohikoak direlako”
Antzera iruditzen zaio anaia gazteari ere: “Beraiek eroso bizi dira tabletarekin eta mugikorrarekin. Liburuak baino erakargarriagoak dira, eta hori onartu beharra daukagu. Hortaz, zuk iritsi behar duzu beraiengana. Liburu interesgarriekin soilik ez dira gazteak literaturzaletzen; haiekin egon behar dugu. Eta hori irakasleon lana da, eta gurasoena, eta gizartearena. Gazteek beren kabuz liburuei heltzea zaila da”.
Literatura gizarteratzeko bokazioa du, hain justu, 1545 argitaletxearen bigarren adarrak. Argitalpenez gain, literatur ekimenak antolatzen dituzte herrian. “Liburua argitaratzea ondo dago, baina apalean geratzen bada, ez ateratzearen pareko da. Bernat Etxeparek esaten zuen ‘euskara, jalgi hadi plazara’ –argitaletxeak Linguae Vasconum Primitiaeren argitalpen urteari zor dio izena–; bada, gure leloa da ‘literatura, jalgi hadi plazara’. Bai haurrekin, bai gazteekin eta bai helduekin. Orain, gazteen irakurle talde bat sortu nahi genuke”.
Herrian bestela ere sumatzen den kultur mugimendu bizian beste urrats bat litzateke. Bi anaien arabera, pandemiatik hona saretze prozesu bat antzematen da kultur zaleen artean. “Idazleak, eskultoreak, arte plastikoetako jendea… Oiartzunen betidanik izan da kultur mugimendua, baina belaunaldi berriak oso indartsu datoz. Filosofia zale ugari ere badira. Agustin Arrietak Gaueko eztabaidak liburuan Oiartzun Atenas txiki bat dela dio, pentsa”. Zehaztu dutenez, joera hori indartzera dator laster osatuko den kultur etxea, eta hura dinamizatuko duen kooperatiba. “Proiektu publiko komunitarioa izango da, Azpeitiko Kultur Mahaia eredu duena, eta herritarra, sortzaileak eta elkarteak batuko dituena”.
Mantso, baina ziur
Ez zaie ideiarik falta etorkizunerako. Garbi daukate, halere, lan erritmoak jasangarria behar duela izan. “Urtean bi edo hiru agian neurri egokia izan daiteke. Marek koordinazio lan handia eskatu du, eta pixka batean proiektu txikiagoekin segituko dugu”. Uxue Alberdiren ipuin bat argitaratuko dute laster, eta baita Irati Goikoetxeak idatzitako eta Irrimarrak –Irene Irureta eta Garazi Gorroño– ilustratutako beste bat ere, Nor izenekoa, sexu identitatea gaitzat duena. Haur literaturako album ilustratu bat ere bidean da, ingelesetik Garazi Ugaldek itzuliko duena.
Xabi Salaberria: “Hezkuntzan asko kostatzen zaigu pentsamenduari eta poesiari denbora eskaintzea; beste erritmo bat da”
Gainontzean, gustura dira bi anaiak elkarlanean. Enekori ilusio berezia egiten dio argitaletxea Xabirekin partekatzeak: “Zain nago hurrengo harrikada zein izango ote den. Zure harrikada batek sekulako harrera duela ikustean asko betetzen zaitu, eta dena liburu batean gordeta gelditzen dela ikustea ederra da”. Xabi ere gustura dago aitaren bidea jarraitzen ari direlako. “Irakaslea naiz, baina beti literaturaren bueltan nabil: ikastolako liburu txokoko arduraduna naiz, ipuinak irakurtzen nabil egunero… Hezkuntzan asko kostatzen zaigu pentsamenduari eta poesiari denbora eskaintzea, beste erritmo bat eskatzen dutelako. Dena azkar eta dosi txikitan egitera ohitu gara, eta askotan ez dugu denborarik elkarrekin hitz egiteko eta hausnartzeko. Argitaletxe bat sortzea bera korrontearen kontrako ekintza bada, irakaskuntzan gai hauek lantzea are gehiago. Edonola, hainbestetan sentitutako hutsune hori betetzen saiatzen ari zarela ohartzeak asko betetzen du bat”.
Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]
Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022
--------------------------------------------
Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]
Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Migranteak
Issa watanabe
1545 argitaletxea, 2024
-------------------------------------------
Ezagutzen ez nuen 1545 argitaletxeak 2024an itzuli eta kaleratu du Issa Watanaberen Migranteak liburua. Animalia talde batek egiten duen migrazio prozesua kontatzen du; eta... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]
DETAILE XUME BAT
Adania Shibli
Itzulpena: Aitor Blanco Leoz
Igela, 2024
----------------------------------------------
Egunotan, Israelgo soldadu batek bideo-joko batean balego bezala droneak erabilita Palestinako ospitaleak, eskolak, errefuxiatu-eremuak bonbardatzen... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat
Alison Bechdel
Txalaparta, 2024
---------------------------------------------
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat (2006) nobela grafikoaren lehen argitalpenarekin egin zen ezaguna Alison Bechdel komikilaria, nahiz eta berak... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]