Patera batean Iberiar penintsulara iritsi ondoren, Iruñera etorri zen duela urte eta erdi. Iturgintza ikasten ari da eta Paris 365 jantoki sozialak abian jarritako futbol taldeko kidea da. Zenbait erabiltzailek osatutako talde honetan harreman eta adiskidantza sareak hedatzea da Johan Björkström eta Mikel Lizaso entrenatzaileen helburua. Elkarrizketa hau Redouanerengana hurbiltzeko aitzakia ederra izan da. Nola ezagutu behar nuen nik gazte marokoar bat, bestela? Marokokoa da, Oujda herrikoa, eta 1997an jaio zen.
Zergatik erabaki zenuen Maroko uztea?
Ikasi, lan egin, nire familiari lagundu eta jendea ezagutu nahi nuelako. Bizimodu hobe baten bila etorri naiz. Maroko oso polita da, baina gobernua oso gaiztoa. Ez dute aukerarik ematen aurrera ateratzeko. Hemen desberdina da. Hemen gazteek aukerak dituzte gauza onak egiteko. Han ez dago ezer.
Norekin bizi zinen han?
Nire familiarekin. Ongi nengoen amarekin, aitarekin eta anaia-arrebekin. Orain anaia zaharrena Belgikan dago, beste bat hemen dago, Iruñean, adingabeentzako pisu batean; eta arreba eta 12 urteko anaia txikiena oraindik daude amarekin. Anaiak ikasi behar du pixka bat eta gero ikusiko dugu nola egin dezakegun hura ere hona ekartzeko.
Iruñean dagoen zure beste anaia zer moduz dago?
Ongi. Pisu batean dago beste bi gazterekin. Aste osorako janaria ematen diete eta zaintzen dituzte. Laster 18 urte beteko ditu eta handik aterako da. Orain mekanika ikastaro bat egiten ari da eta bermatutako errenta kobratzeko paperak prestatzen. Nirekin bizitzera etortzea nahi dut. Hemen beste familiarik ez dudanez, oso garrantzitsua da berarekin egotea. Bakarrik egotea oso zaila da. Amarekin Whatsappeko bideo-dei bidez hitz egiten dut, baina nahiago nuke bere ondoan egon.
Arreba ez da etorriko?
Ez. Gure arrebak 15 urte ditu eta laster ezkonduko da. Marokon neskak oso goiz ezkontzen dira, 18-19 urterekin.
Aita-ama ere ekartzea posible ikusten duzu?
Orain ez. Horretarako lan on bat behar duzu, etxe bat, dirua... Orain ez, baina etorkizunean espero dut baietz.
"Itsaso zabalean, zerbait gaizki joanez gero, egin dezakezun bakarra da itxoitea ea Gurutze Gorria edo norbait zure bila datorren. Zortea baduzu norbait etorriko da, bestela hilko zara"
Ikasteko aukerarik izan duzu Marokon?
Bai, Bigarren Hezkuntzara arte ikasi dut. Gero hasi nintzen fruta eta barazki saltzaile lanean. Hiru gurpileko motor txiki bat nuen eta horrekin merkatu handira joaten nintzen fruta eta barazkiak erostera, gero kalean saltzeko, baina ez nintzen ongi sentitzen lan horretan. Nahiago nuen bidaiatu eta zerbait ikasi etorkizunean lanbide hobea izateko. Marokon saltzaileek ez dute etorkizunik eta oso bizimodu gogorra da. Goizeko 9:00etatik gaueko 22:00ak arte aritzen dira lanean.
Zure gurasoek lan egiten dute?
Aita nekazaria da. Aitonak badu lur zati bat eta han egiten du lan. Barazkiak, tipulak, azenarioak, patatak... ereiten ditu, baina soilik etxerako. Ez du saltzeko ematen. Justu-justu familiak jateko adina.
Nola erabaki zenuen hona etortzea?
Marokoko lagun asko ezagutzen ditut Espainiara etorri direnak eta haiek esaten zidaten etortzeko. Amarekin hitz egin nuen eta kezkatu zen. Badakizu, amen bihotzek asko sufritzen dute, baina nik esaten nion nire bizimodua bilatu behar nuela. Asko hitz egin ondoren, azkenean onartu zuen.
Zenbat diru kosta zitzaizun bidaia?
5.000 euro ordaindu nituen hona etortzeko. Diru pixka bat nirea zen, bestea familiarena.
Erraza da patera bat aurkitzea halako bidaia bat egiteko?
Bai, baina kontuz ibili behar duzu dirua lapur ez diezazuten. Orain bidaiatzea lehen baino zailagoa da. Asko igo dira prezioak. Orain 8.000 euro balio du.
Nolakoa izan zen bidaia?
Lehenbizi Aljeriara joan nintzen. Han hilabete bat eman nuen itsaso egokiaren zain. Bost aldiz saiatu ondoren, azkenean iritsi zen eguna. Niri soilik bost ordu kosta zitzaidan iristea, baina nire lagun asko itsasoan lauzpabost egun egitera iritsi dira, batere janaririk gabe. Oso arriskutsua da. Oran hiritik atera eta San Jose izeneko turisten hiri batera iritsi ginen, Andaluziara. Hamabost pertsona ginen, denak gizon gazteak, eta onik iritsi ginen.
Jende asko gelditzen da itsasoan, tamalez...
Asko. Beste batzuk Turkiatik etortzen dira oinez, zazpi edo zortzi hilabeteko bidaian. Askotan elur gainean ibiltzen dira hilabeteetan eta haietako asko bidean hiltzen dira. Nire lagun bat, orain Iruñean dagoena, zortzi hilabetez ibili zen eta ikusi zuen jende asko hiltzen hotzarengatik, baina ezin zien lagundu bera ere oso gaizki zegoelako.
Beldur handia pasa zenuen pateran?
Bai, pixka bat. Zorionez nirea zeharkaldi laburra izan zen. Lehenago ere beldur nintzen, inoiz ez dakizulako zer gertatuko den itsasoan. Gainera, Aljeriako Gobernuak ez du jendeak itsasoa zeharkatzerik nahi eta marokoarrak itsasoan aurkituz gero, harrapatu eta kartzelara bidaltzen ditu. Kontu handiz ibili behar da. Ni kasik harrapatu ninduten hainbat aldiz.
Marokoarra bazara Aljeriako kartzelak oso gogorrak dira. Zain egon behar duzu Marokotik paperak bidali arte, gero zu bueltan hara bidaltzeko eta bitartean oso latza da, baina halakoa da bizitza...
Igerian badakizu?
Bai, baina itsaso zabalean zaudenean igeri egiteak ez dizu ezertarako balio. Nora zoaz? Espainiara? Aljeriara itzuli? Zerbait gaizki joanez gero, egin dezakezun bakarra da itxoitea ea Gurutze Gorria edo norbait zure bila datorren. Zortea baduzu norbait etorriko da, bestela hilko zara.
Penintsulara iritsitakoan zer egin zenuen?
Ezer gabe iritsi nintzen. Almeriara joan nintzen eta ondoren Madrilen dagoen Marokoko lagun batek Madrilerako autobus txartela ordaindu zidan. Han gelditu nintzen bost egun, eta gero Iruñera etorri nintzen.
Zergatik Iruñera?
Madrilen esan zidatelako hemen laguntza eta aukera asko zeudela. Espainiako beste toki gehienetan baino gehiago.
Eta zer aurkitu zenuen hemen?
Bi hilabete eta hamar egun egon nintzen kalean eta etxabe batzuetan lo egiten. Irailaren 9an iritsi nintzen hona eta hotz handia zegoen. Egunez janari bila ibiltzen ginen eta ezagun batzuek esan zidaten Paris 365eko jantoki sozialera joateko, han doan jaten ematen zutela. Han janaria ez ezik bestelako laguntza ere eman zidaten. Bada neska bat Marta izena duena eta beste bat Jone deitzen dena. Gizarte laguntzaileak dira eta oso-oso atseginak. Haiek Gurutze Gorriarekin hitz egin zuten ni programa batean sartzeko eta poliki-poliki dena iristen joan da: bizitoki bat, ikasketak egiteko aukera, gaztelaniazko klaseak eta, sei hilabete beranduago, errenta bermatua kobratzeko aukera. Pazientzia handia izan behar da, baina iristen da. Paris 365ean laguntza izugarria eman zidaten eta horregatik nik ez dut inoiz ahaztuko zer egiten duten ni bezalako etorkinekin.
Orain nola bizi zara?
Orain ongi nago. Pisu batean bizi naiz nirekin pateran etorri zen lagun batekin, beste gazte bat eta Espainiako gizon batekin. Errenta bermatuaren erdia behar dut pisua pagatzeko eta beste erdiarekin beste guztia ordaintzen dut. Dena oso garesti dago.
Iturgintza ikasten ari naiz. Bost hilabete izan naiz Bideko Ama Birjinaren ikastetxean eta orain praktikak eginen ditut enpresa batean. Gero, hurrengo ikasturtean, irailean, jarraituko dut Lanbide Heziketa ikasten hozkailuetan, hotz-instalazioetan eta halako gauzetan espezializatzeko. Ikasten ari naizena asko gustatzen zait.
Zuk aukeratu zenuen?
Bai, nik aukeratu nuen zer ikasi.
"Paris 365ean laguntza izugarria eman zidaten eta horregatik nik ez dut inoiz ahaztuko zer egiten duten ni bezalako etorkinekin"
Erresidentzia-baimenik baduzu?
Oraindik ez. Etorri nintzenetik hiru urte pasa arte itxoin behar dut erresidentzia baimena lortu ahal izateko. Horretaz gain, lan kontratu bat behar da, baina oso zaila da. Bada jendea lan kontratuak merkatu beltzean saltzen dituena. 5, 6 edo 7 mila euro eskatzen dizute. Nik jende asko ezagutzen dut kontratua erosi duena. Orain dela gutxi hemen Nafarroan aldatu dena da formakuntza jasotzen ahal duzula paperik ez izan arren eta hori oso ona da.
Eta paperik gabe nola bizi zara?
Hori da falta zaidan bakarra. Pasaportea daukat, medikua, garraio txartela… Horrekin aski da bizitzeko erresidentzia lortu arte, arazotan sartzen ez bazara. Bizimodu normala egiten baduzu inork ez du zurekin hitz eginen, baina badira mutil batzuk gauza txarrak egiten dituztenak eta horiek bai dituztela arazo asko.
Duela gutxi mutil marokoar bat atxilotu zuten Gazteluko Plazan neska bat bortxatzeagatik. Holako berriek kalte handia egiten diote etorkinen irudiari?
Jakina. Espainiako Gobernuak gauza bat egin behar du argi eta garbi: norbaitek zerbait txarra egiten duenean bere jaioterrira bidali behar du bueltan, gehiago hitz egin gabe. Gaur atxilotu eta berehala daude berriro kalean, horregatik mutil batzuek gauza txarrak egiten dituzte. Gobernuak zorrotz jokatu behar du jende gaiztoaren aurka.
Oso ongi moldatzen zara gaztelaniaz.
Ari naiz. Urte bat eta hiru hilabete daramat Jose Maria Iribarren ikastetxean ikasten.
Eta euskara?
Gustatuko litzaidake ikastea. Hitz batzuk jada ezagutzen ditut: andrea, neska polita, eskerrik asko... [irriz]
Zer moduz zaude Paris 365 futbol taldean?
Oso gustura. Hasieran, ezer ez genuenean, Gaztelu Gibelean, autobus geltokiaren ondoan, entrenatzen genuen Johan eta Mikelekin. Poliki-poliki hobetuz joan gara eta orain Larrabide estadioan entrenatzeko aukera eman digute. Astean bi aldiz etortzen gara eta zelaiaz gain, hemengo aldagelak eta dutxak erabili ditzakegu. Larunbat eta igandetan partiduak izaten ditugu. Orain hobeki sailkatuak gaude.
Zer eman dizu talde honetan aritzeak?
Txikitatik asko gustatu izan zait futbola. Talde honetan, gainera, nire herrialdeko mutilekin nagoenez, familian bezala sentitzen naiz. Hizkuntza bera hitz egiten dugu eta haiek, ni bezala, oraindik paperik gabe daude ahal bezala bizitzen. Elkarri laguntzen diogu. Talde batean gaudela sentitzen dugu eta ez lehen bezala, bakoitza bere kabuz. Mikelek eta Johanek, futbolaz asko jakiteaz gain, gure artean ongi moldatzen laguntzen digute.
"Hasieran, ezer ez genuenean, Gaztelu Gibelean, autobus geltokiaren ondoan, entrenatzen genuen Johan eta Mikelekin. Poliki-poliki hobetuz joan gara eta orain Larrabide estadioan entrenatzeko aukera eman digute"
Arrazakeria asko dago hemen?
Mundu osoan dago arrazakeria, Marokon ere bada. Jende on eta gaiztoa toki guztietan dago. Polizian ere izaten dira jokabide arrazistak. Gauean mutilen bandak elkartzen direnean Polizia beti guregana etortzen da paperak eskatzera, marokoarrengana, ezer ez egin arren. Mutil marokoar bat ikusten dutenean ematen du lehertzear dagoen bonba bat ikusten dutela. Baina ulertu behar dugu haiek haien lana egiten dutela eta argi dagoela badirela Marokoko mutil batzuk gauza txarrak egiten dituztenak. Nik ez dut inoiz arazorik izan. Ez naiz arazotan sartu eta ez naute komisariara eraman. Hemen, oro har, arrazakeria asko ez dagoela iruditzen zait. Jendeak ez nau gaizki begiratzen.
Musulmana zara?
Bai. Egiazko erlijioa da. Hala ere oso zaila da: ezin duzu alkoholik hartu ez erre, ezin zara diskoteketara joan, ezin duzu sexu harremanik izan ezkondu baino lehen… baina hori dena betetzen ez baduzu gaizki moldatzen zara Jainkoarekin eta hori oso txarra da.
Otoitz egiten duzu egunean bost aldiz?
Bai, Mekara begira. Koraneko esaldi batzuk irakurtzen ditugu. Badira 114 esaldi errezatzeko. Horiek buruz dakizkigu eta errepikatzen ditugu. Ramadana ere zorrozki jarraitzen dut, oso garrantzitsua delako.
Alde handia dago hemengo egoerarekin. Emakume musulmanek, adibidez, ez dute alkoholik edaten, ez dute erretzen, estalita joaten dira, ez dira festaz ateratzen... eta hemengo emakumeek edaten eta erratzen dute, ateratzen dira...
Eta hori gaizki iruditzen zaizu?
Nik errespetatzen dut dena. Ez dut ezer esaten, baina ongi iruditzen zait emakumeak etxean egotea.
Baina agian haiek ere atera nahi dute…
Bai, eta ateratzen dira, baina ez diskoteketara alkohola edateko. Ateratzen dira ama, ahizpa edo lagunekin kafea hartzera. Ezkontzara ere joaten dira oso dotore jantzita.
Baina mutilak bai ateratzen zaretela.
Bai, baina erre edo edan gabe. Nire erlijioa oso-oso zaila da. Hala ere, kontent nago.
Sakrifizio horrek merezi du?
Nire erlijioan ezin dira gauza batzuk egin Jaungoikoarekin harreman ona izan nahi baduzu. Bestela gero, hil ondoren, zer esan behar diozu Jaungoikoari? “Ni han nengoela festaz festa, edaten, eta orain eman behar didazu paradisuan sartzeko aukera?”. Horrek ez du balio.
OF THE RECORD
Iruñean, XXI. mendean
“Paris 365eko taldekide bat jolastu ezinean izan da denbora luzean, kalean lotan zegoenean arratoi batek oin batean eman zion hozkada infektatu egin zitzaiolako. Oraindik gaizki dago”.
Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Astelehen arratsaldean gutxienez 478 pertsona erreskatatu dituzte Kanarietako uretan, eta asteburuan gutxienez beste 1.893 lagun artatu zituzten uharteetako salbamendu ontziek. Duela hiru aste Mauritaniatik pateretan abiatuta ihesi zetozen 48 pertsona hil dira gutxienez,... [+]
Arazoa munduaren ipar-hego banaketan dagoela azaldu dute Tinkuyko kideek, eta pertsona migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko zortzi puntuko manifestua aurkeztu dute. Klima aldaketaren inguruan ere kontzientzia sortzeko konpromisoa hartu du taldeak, iparraldeko herrialdeen... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]
Bidaiatzea eta migratzea ondo bereizten ditugu zoritxarrez. Migrazioen kasuan, prozesua ez da amaitzen helburu duten herrira heltzean, ezta beste herri batean bizitzeko baimena lortzean ere, euren bizitzetako urte anitz, hamarkadak, eman ditzakete leku baten benetako hasiera... [+]
Neurria ezartzeko "ekintza terroristen gorakada eta migratzaileen fluxu irregularra errazten duten sare kriminalen igoera" argudiatu ditu Frantziak. Azaroaren 1etik apirilaren 30era bitartean egongo da indarrean. Horren berri eman dio Frantziako Gobernuak Europar... [+]
Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]
Hendaiako komisarian deklaratu dute asteazken goiz honetan, eta segidan atxilotu dituzte, martxoaren 14an Korrika Irundik Hendaiara iragan zen egunean “talde antolatuan migratzaileak Frantziako Estatuan sartzen laguntzea” leporatuta. Zazpi herritarren aldeko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Manteroek azken hilabeteetan Bilbon bizi duten egoeraz aritu gara Manteroekin Bat plataformaren barruan dauden hiru elkartetako kideekin: Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole), Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria). Salatu... [+]
Ama da, Perukoa, eta ezingo luke euskara zerotik ikasten doan hasi, egunkarietan irakurri dugun moduan (gezurra zen): hemen agian bai, gurean udalak bermatzen duelako eskubide hori (Hernani). Etortzen bazait ikasturtea amaitutakoan (etorri zaizkidan moduan), alabarekin udan zer... [+]
Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da... [+]