“Ezin dugu bakeaz hitz egin agintariek armak finantzatzen badituzte”

  • Eskarmentu handiko fotokazetaria da Gervasio Sánchez (Córdoba, Andaluzia, 1959). Aragoin bizi da, Zaragozan, baina munduko gatazka eta gerra-eremuak bisitatu eta bertatik informatzen du oso maiz. Heraldo de Aragón tokiko egunkariarentzat beti, eta audientzia handiko hedabideentzat kolaboratzen du. Gurean egindako armek kolpatutako biktimei aurpegia jartzen die, eta zenbaitzukin mantentzen du harremana. Emakumezko biktimak sarri ikusezin direla dio; horiek ikusarazi ditu Violencias. Mujeres. Guerras. ("Indarkeria. Emakumeak. Gerra.", Blume, 2021) liburuan. Bilbon zabaldu du erakusketa otsailean.

“Ezin dira biktimak kategorizatu: bakoitzak bere erara sufritzen du eta mina ezin da konparatu”. (Argazkia: Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Gerra eta gatazka eremu askotan ibili zara azken 40 urteetan. Bilduma bat ekarri duzu liburura.
Argazki asko dira, hainbat garai eta lekutakoak. Batzuk uste dut prentsa idatzian publikatuko zirela, jada ez dut oso ondo gogoan, eta libururen batean ere aterako ziren beste batzuk, baina badaude hainbat irudi inoiz argitara atera ez direnak. Nire diska gogor guztiak arakatu ditut, eta azkenean 90 irudi hautatu. 1984tik 2017ra egindako argazkiak dira, guztira 26 gatazka eta gerra eremutakoak. Gatazka konkretu batzuetako argitalpenak egin ditut, baina bilduma bat da, bai. Emakumeek jasaten duten indarkerian fokalizatutako bilduma.

1999ko uztaila, Txile. Ezkerretik eskuinera: Violeta Berrios, Mario Argüelles taxistaren bikotekidea; Vicky Saavedra, José Gregorio Saavedra ikaslearen arreba; eta mekanikari José Rolando Hoyosen bikotea. 1973an, Pinochetek estatu kolpea eman eta gutxira, extrajudizialki fusilatu zituzten eta hilobi klandestino batean lurperatu. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Biktimak dira guztiak, biktima zibilak. Kamerari begira ageri dira gehienak, eta haien begietatik sartzen gara istorioan: kontakizun oso gogorrak daude atzean.
Denak dira gogorrak, oso bereziak eta oso pertsonalak. Baina alderaketarik ez dugu egingo, ez baitut gogoko biktimen kategorizaziorik egitea. Egia da hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta hedabidek konparazioak egiten dituztela; esaterako, gizonezkoek baino gehiago sufritzen dutela emakumezkoek, eta are gehiago haur eta nerabeek eta horrelako kontuak. Baina hori ez da horrela: bakoitzak bere erara sufritzen du eta mina ezin da alderatu. Mina eta sufrimendua da zerbait ezin dena inola ere konparatu.

Bada beste kontu bat ere: zer pasatzen da Afganistanen? 44 urte daramatzate gerra egoeran. 1979an sobietarrek inbaditu zutenetik ez dute bake garairik ezagutu, eta 2023an ere gerrak segitzen du, nahiz eta ahaztu garela dirudien. Orduan, gerra aurreko garaia ezagutu zuen norbait topatzeko, bere herrialdean bakean bizitzea zer den jakingo duen norbait aurkitzeko, 50 urteak ondo gainditu behar ditu pertsona horrek; eta ziurtatzen dizut nik, adin hori, Afganistanen, oso zaharra dela. Jendea ez da askoz gehiago bizi. Beraz, honekin esan nahi dudana da, gerra betean jaio zen umeak 40 urte dituela gaur egun eta gerran jarraitzen duela. Beraz, atzera ere esango dugu: nork sufritzen du gehiago? Umeak? Nerabeak? Helduak? Emakumeak? Jende batek bizi osoa darama gerran. Eta gerra amaituta ere, okerragoa izan ohi da gerra ondorengoa.

2011ko azaroa, Kolonbia. Blanca Nubiak 58 urte ditu. Bere alaba Irinak 15 urte zituen militarrek bahitu, bortxatu eta erail zutenean. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Hori biktimen kasuan, baina zer esango zenuke gerra egiten dutenengatik?
Ez da gauza bera gerra batean gizonezkoa edo emakumezkoa izatea. Alegia, gerra egitera kondenatuta egongo zara edo gerra horren kalteak zuzenki jasatera, orokorrean esanda. Orain, hori esanda, kontraesanetan erortzen naiz aurreko argudiaketarekin, baina hala da.

Gizonezkoek egiten dute gerra oro har, nahiz eta noski egon badauden emakumezkoek osatutako gerra armatuak ere. Eta askok baietz dioten arren, ez da egia: emakumeak ez dira gizonezkoak baino gutxiago biolentzia aplikatzerakoan. Bestela ikusi Irakeko Abu Ghraib kartzelan gertatu zena: emakumezko militar estatubatuar batek agintzen zituen torturak, eta torturatzaile asko ere emakumezkoak ziren. Oso jarrera sadikoak izan zituzten: bortxaketak eta sexu-abusuak, baita gizonezkoei ere. Emakumeak ziren bortxatzaileak, eta haiei min gehien egingo ziena aplikatzen zieten biktimei.

Violencia. Mujeres. Guerras liburura ekarri dituzun biktima guztiak dira emakumezkoak; haien sufrimendua duzu hizpide.
Biktimez hitz egin baino, emakumezko biktimak ekarri ditut hona, ez baita askotan honi buruz hitz egiten. Esaterako, aipa ditzagun indarrez egindako desagertzeak. Desagerturiko gehienak gizonezkoak izan ohi dira, eta esaterako, argazki hauetan kontatzen dira Txile, Kolonbia, Salvador eta Guatemalako emakume askoren kasuak, haien bikote, ezkontide, senide edo lagun gizonezkoa desagertu zela 1960 eta 1990 urteen artean. Zenbat urte pasatu dira, eta zenbat denbora daramate haien bila?

(Liburuaren azalera eramandako argazkia). 2001eko urtarrila, Sierra Leona. Mariatu Kamarak 15 urte ditu. Bi eskuak anputatu zizkioten Sierra Leonako gerran, 1999an. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Beste biktima eredu bat da?
Biktima nagusia dela esango nuke. Ikusezinena, ezeren gainetik. Datorren irailean 50 urte beteko dira Augusto Pinochetek estatu kolpe militarra eman zuenetik Txilen. Ezagutzen ditut emakumeak, haien bikotea desagertu zela Pinochetek estatu kolpea eman eta aste gutxira. Pentsa, hogei urte inguru zituzten 1973an. Bizitza galdu zuten, bizi-proiektua galdu zuten, eta haiekin hitz eginda argi ikusten da ez direla heldu lehen zirenak izatera. Asko ez dira gai izan berriz bikotekidea izateko. 70 urte baino gehiago dituzte gaur egun, eta oraindik ere gorpuaren bila jarraitzen dute.

Ziurrenik, gordin esanda, gizon haiek torturak jasango zituzten, agian bortxatuak ere izango ziren, umilatuak... Baina berdin dio: minutu, ordu, egun edo aste batzuetako kontua izango zen. Ziur tiro eman zietela eta gehiago edo gutxiago sufrituko zutela. Aldiz, haien senideak, bikoteak... Esandakoa, 50 urte daramatzate sufritzen. Ez da horri buruz hitz egiten.

2001eko urtarrila, Sierra Leona. Hawa Fornah neskatoak 13 urte ditu. Pisu tutelatu batean bizi da, errehabilitazio prozesuan dago. Haur soldadua izan da. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Han eta hemen leitu dizut gerrak ez direla bake-akordioarekin amaitzen.
Wikipedian sartzen zara eta begiratzen duzu: "Noiz bukatu zen Balkanetako gerra?" 1995 urtean esango dizu. Oso ondo... Eta orduan zergatik egon naiz ni 2022an hango lagunen senideen hiletetan? Bai, ea, egia da 1995ean sinatu zela bake-akordioa, eta gerra "ofizialki" hor bukatu zela. Baina zauriak hor daude.

"Hilobiak desobiratzen ari gara oraindik, gorpuak identifikatzen; gatazka ez da amaitu. Eta pentsa, 80 urte baino gehiago igaro dira"

Urrutira joan gabe ere ezagutzen ditugu halakoak. 90 urte pasatu dira Espainiako Gerra Zibiletik, eta gerra amaitu zen Francok “irabazi dugu” esan zuenean. Hilobiak desobiratzen ari gara oraindik eta gorpuak identifikatzen; gatazka ez da amaitu. Gerraren ondorioak sufritzen jarraitzen dugu. Eta bai, edonon begiratuta ikusiko duzu 1939an amaitu zela gerra zibila. Pentsa, 80 urte baino gehiago igaro dira.

Urtea bete da berriz, Europa Ekialdean gerra lehertu zenetik. Hitz egin dezagun biktimez. Konparazio eta kategorizaziorik ez duzula egin nahi esan duzu, baina aldea dago ukrainarra izan edo, esaterako, siriarra izan. Ikusi besterik ez dago batzuk nola hartu ditugun etxean.
Jarraipen handia egiten zaio Ukrainako gatazkari eta biktimei ere izugarrizko ahotsa ematen zaie. Hortik abiatu behar dugu, Europan gaudela eta erasotzailea Errusia dela.

Egia da ukrainarrek errazago dutela herrialdetik irtetea beste edozein gerretako zibilek baino. Azaroan egon nintzen Ukraina eta Polonia arteko mugan, eta neure begiekin ikusi nuen polizia poloniarrek nola jipoitu eta atzera bidaltzen zituzten siriar, eritrear eta afganiar errefuxiatuak. Ukrainarrek berriz, zabalik zuten bidea. Eskubide berak dauzkate? Ez, noski. Baina biak dira biktimak.

1994ko otsaila, Bosnia-Herzegovina. Aida, Selma, Tina eta Dzenitak 10 eta 11 urte dituzte. Sarajevoko auzo bereko bizilagunak dira. Txikitatik jolastu izan dira kalean, baita gerra lehertzean ere. Aidaren aita taxi-gidaria zen gerra hasi eta frontera joan arte, eta haren autoan ezkutatzen dira lau neskatoak. 300 metro eskas daude gerra frontera. Kaleko animalia zaurituak zaintzen dituzte atzeko eserlekuetan. Gaur egun, Aida Finlandian bizi da familiarekin; Dzenitak Alemanian osatu du familia; eta Tina Italian bizi da bikotearekin. Soilik Selma bizi da Sarajevon. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Errefuxiatu oldea oso handia izan da.
Deigarria egin zait kontu bat. Ukraina Mendebaldeko milioika herritarrek alde egin dute herrialdetik, eta zonalde horretan ez da ezer katastrofikorik gertatu. Ulertzen dut, erabat, beldurra izan eta alde egin nahi izatea; baina, aldiz, Ukraina Ekialdean jende asko ezagutu dut bertan geratu dena leherketa azpian. Ukraina eta Errusiaren arteko mugan esaterako, Errusiaren erasoaldiak jaso zituzten lehenik eta Ukrainarenak gero. Alegia, alde egitea gehien behar zutenak geratu egin dira gatazka eremu betean, eta ondoen zeudenak izan dira herrialdea utzitakoak. Hori bai, eta beti, bere ipurdia salbatzen duenak hala egiten du ekonomikoki gaitasuna duelako.

"Argi dago biztanleria errusiar eta ukrainarra direla gerraren galtzaile nagusiak; beste aldean, berriz, jende jakin bat ari da diru asko irabazten"

Bilbon zitatu gara elkarrizketarako. Aipatu duzun fronte horretara tankeak eta armak bidaltzen ari dira hemendik kilometro eskasera, eta hainbat pieza ekoiztu ere gertu egiten dira.
Azaroan hilabetez egon nintzen bi herrialdeen arteko mugan, eta itzuli eta hurrengo egunean Radio Euskadi irrati publikotik deitu zidaten elkarrizketa baterako. Aurrenengotariko galdera izan zen ea nor ari zen gerra irabazten. Nire erantzuna izan zen Euskadiko armagintza enpresak ari direla irabazten, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta gainera. Eta irratian isiltasun ederra egon zen (barreak).

Argi dago biztanleria errusiar eta ukrainarrek ez dutela ezer irabazteko, dena dute galtzeko. Galtzaile nagusiak izango dira eta oraindik ere asko dute galtzeko, hori da kezkagarriena. Beste aldean, berriz, jende jakin bat ari da diru asko irabazten, aldi berean estatuen defentsarako aurrekontuak igotzen ari direlako. Hau guztia ziurrenik gertatzen ari da Berlingo Harresia erori zenean ez zirelako gauzak ongi egin.

1992ko otsaila, Guatemala. Eusebia Arroche 12 urteko neskato prostituta da. Etxetik alde egin zuen aitaren eta anaien abusuen ihesi. Eskrupulurik gabe bortxatzen zutela dio berak. Kalean bizi da eta normalean baino hiru aldiz gehiago ordaintzen diote sexuagatik, oso gaztea delako. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Zer esan nahi duzu?
NATOk birdiseinatu egin behar zuen. Anaia zaharrari, AEBei, bere herrialdean geratzeko esan eta Europako mailako estruktura militarra bihurtu behar zuen, bestela haien menpe gaude beti eta haien interes eta aginduetara jarduten dugu. Gertatzen dena da gai militarra eztabaida puntu nagusia izan ohi dela Europar Batasuneko estatukideetan: ez ditugu gerrak nahi, bakezale izan nahi dugu, giza-eskubideak errespetatu... Eta orain, gaurtik biharrera biderkatu egingo dugu gastu militarra.

Espainiako Estatuan, harrigarria bada ere, “inoizko gobernurik ezkertiarrenak” egingo du hori. Orain, Podemoseko jendearentzat gaia tabu da eta ezin da hitz egin. Esaterako, eta hau aspalditik dator, saudiei eta marokoarrei saltzen dizkiegun itsasontziak Cadizen egiten dira, Navalian (Andaluzia). Podemosek agintzen du udalean aspalditik. Alkateak ez du ezer esan behar? Noski, 5.000 langile dituen enpresak salto egingo dizu gainera, eta horren aurrean isildu egiten da. Orduan, oposizioan gaudenean sekulako zarata egingo dugu eta gobernuan gaudenean gure printzipioak jango ditugu, ezta?

"Inoizko gobernurik ezkertiarrenak gaurtik biharrera biderkatu egingo du gastu militarra"

Zer gertatuko zen eskuinak gobernatuko balu?
Urteak daramatzat Espainiako arma industria aztertu eta jarraitzen, eta harrigarriena da sozialistak gobernuan zeudenean saldu izan direla inoizko arma gehien. Biolentziaren aurkako apostolua zirudien José Luis Rodríguez Zapateroren (PSOE) gobernuan, 2004tik 2011ra, seikoiztu egin zen arma salmenta. Seikoiztu! Gero, noski, Mariano Rajoyk (PP) jarraitu egin zuen igotzen, baina ez abiada berean, motelago.

Herritarrok onartu egin dugu estatuek armak saltzea?
Duela hogei urte milioika pertsona irten ziren kalera “Gerrari Ez” esateko. Orduan AEBak zirelako erasotzaileak? Eta orain Errusiaren aurka inor ez da kalera aterako? Non dago ezkerra? Espainiako Estatuan, eta are nabarmenago Euskal Herrian, ezkerreko sektore jakin bat isil-isilik dago. Nolatan?

"Espainiako Estatuan, eta nabarmenago Euskal Herrian, ezkerreko sektore jakin bat isil-isilik dago. Nolatan?"

Beti esan izan ohi dut, gerra batean jendea hiltzen duena erruduna dela, baina behintzat “zerbait” egin duela, edo “zeregina” badaukala behintzat; errudunak dira hiltzailea zuritzen dutenak ere bai, baita txalo egiten dietenak ere; edo nor hil agintzen dutenak; baina errudunak dira ere beste aldera begiratzen dutenak. Nazismoan asko gertatu zen Alemanian: zure bizilagun judutarra eraman egiten zuten, baina “ez zenekien nora”. Mesedez... Garaiko aktore, idazle, zine zuzendari edo ingeniaririk onenak alemaniarrak ziren-eta. Ez ziren analfabetoak eta ondo asko zekiten zer ari zen pasatzen.

1997ko otsaila, Mozambique. Inhambane hirian hartutako irudia da baina beste edonon izan daiteke. Haur eta nerabeek kilometroak egiten dituzte ur bila joateko. Minaz jositako lurrak dira, lurrazpian daude, eta lur horiek lantzen dituzte elikagaiak lortzeko. Istripu ugari gertatzen dira. (Argazkia eta testua: Gervasio Sánchez)

Hedabideok ere ardura dugu horretan, esango duzu.
Iritzi publikoak hobeto egon behar du informatuta eta arazo oso larri baten aurrean gaude. Desinformatu eta gaizki informatzen dute hedabideek; kalitate oso eskasa dago eta manipulatu egiten da oro har. Ez gara ari egin beharko genukeen lana egiten.
Askok interes ekonomikoak dituzte tartean. Ea, hemen nork kritikatzen du euskal armagintza industria? Lau katuk. Ezin dugu bakeaz hitz egin gure presidente edo lehendakaria armak subentzionatzen ari bada; eta diruz laguntzea, finantzatzea da. Hau da, gobernuek finantzatzen dute gerra. Gure diruarekin hiltzen dira zibilak. Nork hitz egin dezake bakeaz?

Atzera ere jar dezagun fokua Ukrainako gerran. Armak era masiboan bidaltzen ari dira NATOko estatukideak. Gero eta gatazka geopolitikoagoa bihurtzen ari da?
Abendutik-edo esango nuke baietz, bigarren zati batean sartu dela gatazka. Jada ez da Donbas eta listo. Internalizatu egin da guztia. Aurreko batean zioen Olaf Scholz kantziler alemaniarrak, hitzez hitz, dagoeneko gerra Ukrainatik harago doala NATO tartean erabat sartu delako. Gerra internazionala dela alegia; hau da, mundu mailakoa. Ez diot 3 zenbakia aurretik jarri nahi, baina alemaniarrek hitz egiten dutenean argi mintzo dira.

"Hemen nork kritikatzen du euskal armagintza industria? Lau katuk."

Oinarri-oinarrian errusiarrek desastre bat egin dute, kaosera bideratu dute egoera. Tokiko gatazkei errespetua diet, baina finean haiena ez zen herrialde bat inbaditu dute, eta erritmoa areagotzea erabaki 2022an. 2023ak ere itxura hori du, itxura txarra. Egin behar dena da konponbide egoki bat adostu. Errusiarrek exijituko dute irtenbide duina izatea, ez baitira burua jaitsita etxeratuko. Ukrainako Gobernuak gerra nahi du ordea, Zelenskyk gerra nahi du. Eta NATO sartu nahi du tartean; momentuz, lortu du.

Bukatzeko, galdera: nork irabaziko du gerra?
(barreak) Esan dizut lehen nortzuek. Horrez gain, beti, gutxien inplikaturik daudenek irabazten dute gerra. Estatubatuarrak oso eroso daude ekonomikoki, estrategikoki, logistikoki, politikoki eta militarki. Bai gerrak baita Errusiari ezarritako zigorrek ere asko zigortzen dute haien etsai handienetakoa den Errusia. Petrolioa daukate gainera, gasa, nazioarteko merkatuetan prezioak kontrolatzeko gaitasuna... Dena. Oso ondo kokatuta daude, eta ikusi beharko da beste aldean zer egiten duen Txinak. Geopolitika kontua da, baina lurrera itzulita, lehen esandakoa: oraindik ere asko dute galtzeko Ukrainako herritarrek, baita errusiarrek ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fotokazetaritza
Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak argazkilari bati eraso egin zion Donostiako danborradan

San Sebastian eguneko bandera igoeran, ez zen dena festa izan. EITBk emandako irudietan ikusi zen moduan, tentsio une bat izan zen, Jose Ramon Mendizabal Mendi Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak, argazkilari bati eraso egin zionean. IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaile den Jon... [+]


Gerda Taro. Itzaletik argitara
Robert Caparen aurpegi ezezaguna

1937ko uztailaren 26a, El Escorial (Madril, Espainia). Goizaldea da, eta bezperan larri zaurituta eramandako emakume gazteak azken hatsa eman du El Goloso ospitale ingelesean. Historiara Espainiako 1936ko gerrako enfrentamendurik odoltsuenetakoa bezala pasako zen Bruneteko... [+]


Zoramenaren barruan pausa txiki bat

Mundua konprenitzea ez dago oraintxe erraza. Sekula egon bada. Garai ez oso eder bezain interesgarriak bizi ditugu eta nahi adina ertz topa ditzakegu, lupa eskuan, sakon aztertzeko. Eguneroko bizimoduaren abiadurak bere zurrunbiloan harrapatuta gauzkan honetan, abuztua hartzen... [+]


2021-11-12 | Leire Artola Arin
‘Lumineszenteak’ lanean emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argitara ekarri dituzte

Irantzu Pastor argazkilariak eta Igone Mariezkurrena kazetariak 63 emakumeren bizitza-historiak bildu dituzte izen bereko erakusketa eta liburuan. Egiturazko indarkeriaz gain beste indarkeria ikusezinak jasaten dituztenen testigantzak bildu dituzte Palestinan, Indian, Lakota... [+]


Porn Riot-az eta kazetaritzaz

Pablo Haselen atxiloketaren harira deitutako mobilizazioen eskutik mahai gaineratu da, ebatzi gabea izateagatik, tarteka eztanda egin ohi duen auzia: gatazka sozialaren ondorioz istiluak sortzen direnean, zer duen zilegi argitaratzea lekuko izan den (foto)kazetariak. Orain hiru... [+]


Irantzu Pastor Ordoki. Indarkeria matxistaren isla argazkietan izozten
“Gatazka egoerak bizi dituzten emakumeen bizipenak biltzen ditugu”

Kolonbia, Kurdistan, Grezia, India… Munduko txoko aunitz ezagutzeko aukera izan du Irantzu Pastorrek (1985, Lesaka), plazerragatik eta baita lanagatik ere. Argazkilaria da. Mugarriak markatu dizkio bidaia bakoitzak. “Inoiz ez zara berdin itzultzen”, esan digu... [+]


2020-05-28 | Jon Torner Zabala
Futbol Ligak informazio eskubidea urratzen duela salatu dute euskal fotokazetariek

Euskal Herriko EIGE eta Nafarroako NAGE informatzaile grafikoen elkarteek deituta, fotokazetariek elkarretaratzeak egin dituzte ostegun goizean Alaves, Reala eta Osasunaren instalazioen atarian, Informazio eskubidea dugu jokoan lelopean. Espainiako futbol Ligak asmoa agertu du... [+]


2020-05-23 | ARGIA
Pandemiak hezkuntza nola aldatu duen [ARGAZKI GALERIA]

Allison Collins eta Austin Steele CNNko kazetariak argazki-galeria batean ari dira biltzen pandemiak hezkuntza nola aldatu duen erakusten duten irudiak. Horietako batzuk ekarri ditugu hona.


2020-05-20 | Jon Torner Zabala
Espainiako Futbol Ligak informazio grafikoa monopolizatu nahi duela salatu dute fotokazetariek

Futbol liga profesionaletako entrenamendu eta partidetan argazkiak atera ahal izatea eskatu diote fotokazetarien elkarteek Espainiako Osasun Ministerioari.


Mozal Legea indargabetzeko eskatu dute Nafarroako erreportari grafikoek

NAGE elkartek ordezkariek informaziorako eskubidea urratzen dela azaldu dute foru parlamentuan.


2019-05-21 | Anuntxi Arana
Berriago eta handiago

Ez da nobedadea, Homo omen sapiens-ak gero eta gehiago ustiatzen duen mundu hau gero eta txikiago zaigu. Lau egun jai eta Eskandinaviaraino!, zergarik gabeko kerosenoari esker. Bestela, toki jator exotikoak aukeratuko ditu euskaldun jatorrak bere oporretarako. Aldizkari honetan,... [+]


2019-01-25 | ARGIA
Gari Garaialde - Prentsa saria
“Oraindik zaila egiten da kamerarekin egiten dugun hori kazetaritza ariketatzat hartzea”

"Susmoa nuen, eta dut, orokorki, kazetaritzara dedikatzen garenon artean ere, fotokazetaritza ez dagoela kazetaritza bezala onartua. Agian, galdetuz gero, ehuneko handi batek baietz, kazetaritza dela esango dute, baina eguneroko martxan ikusten da hori ez dela egia",... [+]


2019-01-09 | Uriola.eus
Jordi Borràs fotokazetaria Bilbon izango da ‘Dies que duraran anys’ liburua aurkezten

Hurrengo larunbatean, urtarrilaren 12an, Alternatibak Bilboko Hika Ateneora eramango du Jordi Borràs fotokazetariaren Dies que duraran anys (Urteetan iraungo duten egunak, Ara Llibres, 2018) liburuaren aurkezpena.


2018-12-06 | ARGIA
Ezagutzen al duzu 100 urte betetzear den ARGIA?

Kazetaritza independentea egiten dugu. Langileok gara hedabidearen jabe. Mugitzen direnak elkartzen ditugu. Euskaldunok ahalduntzea dugu helburu. Agenda internazionalista bultzatzen dugu. Herritarrok gara proiektuaren bermea. Eman nahi duzuna, jaso egoki ikusten duzuna. Egin... [+]


Eguneraketa berriak daude