Munduan 13.000 arma nuklear ditugu, eta aktibatu ez izana zoriari ere lotu beharra daukagu

  • Ofizialki bederatzi estatuk dituzte arma atomikoak, eta horien %90 Errusiaren eta AEBen eskuetan da. 1945eko abuztuaren 6an eta 9an AEBek Hiroshimara eta Nagasakira jaurtikitakoez geroztik eraso atomikorik berriz bideratu ez izana "disuasio-printzipioari" lotu zaio luzaz. Gaur egungo testuinguruak, tartean Vladimir Putinen mehatxuek, zalantzan jarri dute printzipio horren fidagarritasuna. Gainera, nahiz eta ahantzi, bonba bat nahigabe aktibatu daiteke. Istripua litzateke, istripu bat oinarri duen suntsiketa masibo bat... baina gertatu daiteke, eta iraganean ere –nahiz eta ez jakin– doi-doietarik saihestu izan ditugu. Estatuburuek isilduriko kasuak argiratzen dabiltza aditu eta kazetari batzuk.

Eraso nuklearraren arriskua hor dagoela dio Pelopidas adituak, disuasio-printzipioa zalantzan jarriz.

"Istripurik gertatu ez izana armen gaineko kontrola perfektu bati esker dela dioen ideiarekin bukatu behar dugu". Repenser les choix nucléaires. La séduction de l’impossible ("Aukera nuklearrak birpentsatu. Ezinezkoaren sedukzioa") liburuaren egile Benoît Pelopidasen hitzak dira. Arma atomikoari ikuspegi geopolitikotik begiratzen dion aditua da eta nuklearrari buruz Frantziako Estatuko Nuclear Knowledges izeneko lehen ikerketa zentro independentearen sortzailea izan zen. Bonba nuklearraren hondamendia gure burutik desagerturik den heinean, istripu baten aukera ere bazterturik dugula deitoratzen du.

Alta, doi-doietarik saihesturiko istripuak izan direla dio, eta adibidetzat hartzen du 1961eko urtarrilaren 23an nahigabe hegazkin bonba-jaurtitzaile bat desegin izana Ipar Carolinako Goldsboro hiri gainean, bere baitan zituen bi bonbak askatuz –260 aldiz Hiroshimakoaren edukiera–. Kontua da lau segurtasun mekanismoetatik hiruk ez zutela funtzionatu bietariko batean: hegazkinetik askaturik, jausgailua ireki eta zartagailua aktibatu zitzaion. Azken unean funtzionatzen duen tentsio ttipiko etengailu bati esker saihestu zen hondamendia, suertez zolarekilako kontaktuan aktibatu zelako. AEBetako Gobernuak afera gutxietsi zuen eta alderantziz, arma horien alorrean dagoen segurtasun heina goraipatzeko baliatu zuen gertakizuna. 2013an zabaldu zuen The Guardian-ek segurtasunean egon zen akatsarena, AEBetako Gobernuak gorderik atxikitako dokumentuetan oinarriturik. Zortearen heinaz ohartarazteko ondokoa zehazten du Pelopidasek: "Hogei aldiz baino gehiagotan huts egin zuen hurrengo urteetan Goldsboron salbatu gintuen etengailu horrek, [bonba nuklearren segurtasuna kontrolatzen dabilen] Sandia laborategiko artxiboetan ikusi ahal izan dugunez".

1961eko urtarrilaren 23an nahigabe desegin zen bonba-jaurtitzaile bat Goldsboro gainean,
bi bonba askatuz
–260 aldiz Hiroshima–. Lau segurtasun mekanismoetatik hiruk ez zuten funtzionatu

Istripuaren arriskua hor da, eta seguruenik badira gaurko egunean ere doi-doi saihesturikoak. Ondoko datua ere zabaldu zuen The Guardian-ek: Eric Schlosser kazetariak idatzitako Atomic Gaffes liburuan irakurri daiteke 1950etik 1968ra 700 istripu saihestu eta isilean atxikiarazi zituela AEBetako Gobernuak.       

Baina nahigabeko leherketaz gain, hautuzkoarena ere hor dela dio Pelopidasek. Azken urte honetako giroak hori oroitarazteko balio digula uste du: “Bonba nuklearren zartatzearen aukera begi-bistatik kendua genuen, eta ezinbestekoa dugun zaurgarritasun nuklearraren kontzientzia ere galdua genuen. Gaur egungo mehatxuek balio digute oroitarazteko ahantzia genuen aukera hori erreala dela". Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrari begira mintzo da, eta zehazkiago, Vladimir Putinek behin eta berriz zabalduriko eraso nuklearraren mehatxuaz.

Tarte bat hartu, Kremlin jauregitik fokua zabaldu eta –ustez– ahal bezain segurki edukitako 13.000 arma nuklearrei begira jarri gara. Lehen eraso atomikoa –eta oraingoz bakarra– 1945ean izan zen, AEBek Nagasaki eta Hiroshimara bideratua. Ondoko ideiari lotu ohi zaio berriz erabili ez izana: "disuasio-arma" bat dela, hau da, suntsitzeko gaitasun ikaragarria izanik aurkariari erasotze nahia itzaltzen diola jasoko lukeen erantzun atomikoaren mamuak. Printzipio horri buruzko eztabaida piztu digu Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak, orain arte funtzionatu duenak ez duelako erran nahi betirako balio duenik. Beste hitzez erranda, Errusiak zein Mendebaldeak diote erasoak intentsifikatuz gero bonba nuklearraren jaurtikitzea izanen luketela arrapostua. Baina oreka hori benetan segurra da? Pelopidasek ez du horretan itsuki sinesten eta pario bat dela dio: "Mehatxuan oinarrituriko estrategia bat da, eta zaurgarritasuna segurtasun berme gisa finkatzen duen pario bat da". Baina jakina denez, pario bat irabazi daiteke edo galdu.

“Mehatxuan oinarrituriko estrategia bat da disuasio printzipioarena, eta zaurgarritasuna segurtasun berme gisa finkatzen duen pario bat da”
Benoît Pelopidas
Armen ugaritzea dakarren garaia

Aditu guziak ados dira errateko tentsio handiko giroak dakarrela orain arte zegoen arma nuklearren gutxitzeko joeraren bukaera. Ofizialki dauden 13.000 armak bederatzi estatuen artean banatuak dira: 5.977 ojiba Errusiak; 5.428 ojiba AEBek; eta gero datoz anitzez urrunago, Txina bere 350 ojibekin; Frantzia (290 ojiba); Erresuma-Batua (225); Pakistan (165); India (160);  Israel (90) eta Ipar Korea (20). "Beraien armategia modernizatzen eta emendatzen dabiltza nuklearra duten estatu guziak; eta gehienek  fintzen dituzte beraien erretorika nuklearra eta arma nuklearrak estrategia militarrean duen zeregina", dio SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuko ordezkari Wilfred Wanek. Esanguratsua da, demagun, Errusia otsaila bukaeran atera izana Washingtonen eta Moskuren artean arma nuklearren kontrolerako zegoen START Berria itunetik. Errusiaren inbasioak urtebete egin bezperan heldu zen iragarpena. Itunak mugatzen zien arma kopurua, nahiz eta sinbolikoa izan, jarritako mugaren petik izanik ere badutelako bi aldeek milioika jende hiltzeko, guzia suntsitzeko –eta "negu atomikoa", hau da, eragindako errautsarengatik tenperaturen apaltze orokortua ondorioztatzeko– heina. Gainera, akordioak ez zuen kontuan hartzen "arma taktikoa". Azken horri dagokionez, arma arinagoaren eta eztiagoaren fama eraikirik daukate alde guziek, alta gezurra da: 1 eta 100 kilotonaren arteko indarra dute eta kontuan harturik amerikarrek Hiroshimara bidalitakoak 12 zituela, argi gelditzen da banalizatzeak dakarren arriskua.

Beraien armategia modernizatzen eta emendatzen dabiltza nuklearra duten estatu guziak; eta arma nuklearrak estrategia militarrean duen zeregina fintzen dabiltza.

TNP Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Itunari buruzko X. Konferentzian ere ez ziren ados jarri iazko abuztuan. Berez, arma dutenak ez ugaritzeaz gain, armagabetzera ere engaiatzen dira; eta ez dutenak, berriz, arma nuklearra inoiz ez lortzera. Hori ere ez doa horrela, eta estatu batzuek ez dute beraien hitza betetzen. Adibidez, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak zabaldu berri du Irango lurpeko lantegi batean aurkitu dituztela %83,7an aberasturiko uranio partikulak –bonba lortzen da %90ean–. Frantziak ere 2021ean abiatu zuen itsaspeko nuklearrak emendatzeko programa bat. Hala ere, TNPrik gabe egoera okerragoa litzatekeela dio Gabriel Peri Fundazioak: "Nahiz eta ez den perfektuki bideratua, nuklear militarrerako sarbidea mugatzea lortu du. Arma hori nahi zuten estatuen kopurua ttipitu da hamarkadaz hamarkada –alta 50 bat estatuk dituzte ikerketarako erreaktoreak, baita zentralak ere, hots, nuklear militar nahiko egingarria–". Beste testu inportantea da 2021eko urtarrilaren 22an indarrean sarturiko arma nuklearrak debekatzeko Nazio Batuen hitzarmena, gaur egun 91 estatuk izenpeturikoa (eta horietan 68k berretsitakoa). Oraingoz sinbolikoa da –izenpetzaileei bideratzen zaielako eta arma hori dutenek izenpetzea errefusatzen dutelako–, baina izenpetzaileen kopurua igo ahala presio antinuklearra ere igoko litzateke.

Guzi hori kontuan harturik, arma nuklearra "desakralizatu" beharra ikusten du Pelopidasek: "Ez dira sustut beste armen heinean kokatu behar, biziaren eta objektu materialen suntsitzeko duten ahala azpimarratu behar da; baina, desakralizaturik, modu informatu eta argian hitz egiten ahalko genuke, ikusteko zer nolako lekua bideratu nahi diegun. Egiatasuna ezin frogatua duten ezaugarriekin bukatu behar dugu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
Zer dira Mendebaldearen mehatxuei erantzuteko Errusiak erabiltzekoak dituen arma nuklear taktikoak?

Urrats berri horren berri eman du Errusiako Defentsa ministerioak maiatzaren 21ean, zehaztuz "Mendebaldeko arduradun batzuen mehatxuei" bideraturiko erantzuna dela. Oraingoz, arma nuklear taktikoak ez dira inoiz erabiliak izan, hain zuzen, suntsiketa gaitasun... [+]


2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


2023-02-21 | Leire Artola Arin
Errusiak AEBekin arma nuklearrak kontrolatzeko zuen ituna moztu du

Putinek nazioari buruzko urteroko hitzaldian jakinarazi du “antzerki hutsa” dela akordio hori. Mendebaldeari egotzi dio gerraren erantzule izatea, eta Errusia soilik “indarra erabiltzen” ari dela “defendatzeko”. Armak “masan... [+]


2022-10-07 | Mikel Aramendi
Aiene batean

Galtzeko arrisku handirik gabeko apustua da gainean dugun Kubako misilen krisiaren 60. urteurrenaren harira norbaitek gogora ekarriko duela “telefono gorria” abian jarri zela orduko bi potentzia nuklear nagusien artean. Besterik ez bada, esateko ditxosozko telefono... [+]


2022-10-04 | CTXT | Rafael Poch
Inperio borrokalariak
Erokeria suizida bat

Kubako misilen krisiak hirurogei urte beteko ditu hilabete honetan. Gaur egun antzeko egoera batera hurbiltzen ari gara, baina iritzi publikoa ilargian dago.


Rio de Janeirotik dator Uranioaren Zinemaldia maiatzean, atomoaz estalitako egiak erakustera

Gerra atomikoa, uranio meatzeek lagatako kalteak, zentral nuklearren hondakinak, klima aldaketari aurre egiteko balio ote dezakeen industria nuklearrak… Horiek eta energia atomikoaren  beste hainbat osagai eta ikuspegi jorratzen dituzten filmak erakutsiko dira... [+]


PODCAST 2x21 | Ukrainako gerran esnatu da gerra nuklearraren izua, Kubako misilen krisiaren 60 urteurrenean

2022ko otsailean gerra berpiztu da Europan, herrialde baten inbasiotik harago kontinente osoa eta agian mundua sutuko lukeen gerraren beldurra. 24an Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuela jakin araztearekin batera deklaratu zuen Vladimir Putinek: “Norbaitek asmorik... [+]


Ukrainako gerran esnatu da gerra nuklearraren izua, Kubako misilen krisiaren 60 urteurrenean

2022ko otsailean gerra berpiztu da Europan, herrialde baten inbasiotik harago kontinente osoa eta agian mundua sutuko lukeen gerraren beldurra. 24an Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuela jakin araztearekin batera deklaratu zuen Vladimir Putinek: “Norbaitek asmorik... [+]


2022-02-27
Putinek “disuazio-indarrak” alerta gorenean jarri ditu, arma nuklearraren mehatxua zabalduz

Mendebaldearen jarrerari erantzuteko hartu du erabaki hori Vladimir Putin presidenteak. NATOk salatu du Errusiaren jarrera "arduragabea".


AUKUS aliantza berria: Australia arma nuklearrez horniturik, Ozeano Barean urak gero eta zakarrago

Irailaren 16an Scott Morrison, Boris Johnson eta Joe Bidenek aurkeztu zuten AUKUS, Txinak omen dakarren mehatxuari aurre egiteko Australiak, Erresuma Batuak eta AEBek (AU+UK+US) sortu itun militar berria. Agerraldian Australiak jakinarazi zuen bertan behera uzten zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude