“Artista ez, artisaua naiz, gauzak egitea gustatzen zait, eta ondo egitea”

  • Iragan mendeko 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipurbeltz aldizkarian argitaratu zituen lehen lanak. Habeko Mik etorri zen gero.
    Justin Hiriart, Sorgin seinalea, Simon Besaluze... ditxosozko homologazioa asmatu baino lehen homologatu zuen Muro Harrietek euskarazko komikia gurean eta Europan. Ikus-entzunezkoetan lan egin ondoren, erretretan sartu, Harriet argitaletxea sortu, eta euskarazko komikiaren aro urrezko hau eragin zuen.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Gregorio Muro Harriet. Hernani, 1954

Iragan mendeko 1980ko hamarkadan hasi zen komikiak argitaratzen Ipurbeltz eta Habeko Mik aldizkarietan. Ordukoak ditu Justin Hiriart, Jon eta Mirka eta Sorgin seinalea, adibidez. Arrakasta handia izan zuten euskaraz eta, atzerriko zenbait hizkuntzatara itzuliak izan ziren, baita Europan ere. Hurrena, ikus-entzunezkoetan egin zuen lan, harik eta erretretan sartzeko garaian, 2015ean Harriet argitaletxea sortu eta komiki zoragarriak bata bestearen ondotik argitaratzeari ekin zion arte: Lotsa eta ahaztea, Mugako dragoiak, Anker… Ikus-entzunezkoetan, berriz, ikusgai da sarean Harrieten Zeinek gehiago iraun, animaziozko lan zirraragarria, Oscar sarietara hautagai izana, euskarazko lehena. Hainbat sari eta merezimendu jasoa da.

Halaxe diote, euskarazko komikiaren aitajauna zaitugula…

Euskarazko komikiaren aitajauna ni? Euskalduna ere ez naiz eta! Zoriak etorrarazi nau honaino. Zinemazalea naiz txikitandik, zinema asko ikusitakoa. Hernanin bazen parrokiaren zinema aretoa,  Zintzotasuna zuen izena eta gure aita zen proiekzionista. Nire txikitako garaia Cinema Paradiso filmekoa da! Zinema ikusi baizik ez nuen egin, eta nik ere zinema egin nahi nuen, baina ez zen modurik, gurean ez zegoen-eta dirurik. Herrian bazen mutiko bat tomabista bat zeukana, eta egundoko inbidia ematen zidan. Komikizale handia ere banintzen, eta herrian biblioteka ireki zutenean, eta han lehenengo Tintin bat ikusi nuenean, dena koloretan, zeharo txoratu nintzen! Komikia, nirez, zinema zen, baina paperean. Eta laster hasi nintzen komikiak egiten, ahal zen moduan marrazten, edo narrasten, bederatzi urterekin.

Marrazkilari hasi zinen, hortaz.

Baina ez naiz marrazkilaria. Nola edo hala marrazten ikasi nuen, gauzak irudi bidez kontatzeko neukan beharrak eraginda. Eta gaur egun ere ez naiz marrazkilari, eta hamaika gidoi egin baditut ere, ez daukat nire burua idazletzat ere, hizkera literarioa ez dut-eta menderatzen. Ikus-entzunezkoaren hizkera, bai, horixe menderatzen dut nik, irudiaren eta hitzaren arteko lotura, irudiaren, testuaren eta azpitestuaren mundua.

Ez zarela marrazkilari diozu, baina Ipurbeltz-en komikiak argitaratzen hasi zinen, eta zeureak zenituen marrazkiak. Iker eta Ixone da lekuko.

Iker eta Ixone… tokitan dago! 1978, nire lehen lana! Erein argitaletxeak Ipurbeltz atera zuela jakin nuenean, Iker eta Ixone hartu eta Julen Lizundiari joan nintzaion, berak egiten zuen-eta argitaletxeko buru. Ez nintzen marrazkilari, esan dut, baina komikia eraman nion, marrazkiak neuk eginak. Ez nuen euskararik buruan, komikia egin besterik ez nuen nahi, komikiak egitetik bizi. Jakina, ez zegoen modurik, pentsatu ere ez, baina istorioak irudiz kontatzea gustatzen zitzaidan, eta hortixe hasi nintzen. Kontua da Ereinek nire lana argitaratu zuela. Gero, egun batean, Julenen [Lizundia] deia jaso nuen: “Zure marrazkiak ez dira txarrak...”, hasi zen, eta larriak hartu ninduen, zer esan behar ote zidan, “...baina zure gidoiak oso onak dira. Zer iruditzen zaizu inorentzako gidoiak idaztea?”. “Bai, jakina”, erantzun nion. Eta halaxe hasi nintzen [Frantzisko] Fructuoso, [Daniel] Redondo eta beste zenbait marrazkilarirentzat istorio idazten.

Eta hasiera hori eta gero, nola heldu ziren zure komiki eder haiek? Justin Hiriart, Sorgin seinalea… bestsellerrak!

Ereinekin Ipurbeltz-en ari nintzen garaian, Bartzelonako lehen komiki aretoa antolatu zuten. “Goazen geu ere!”, esan genuen Fructuosok-eta. Ohartuak ginen euskaraz publikatuta, orduan baino gehiago ez zeukatela ordaintzerik, eta gure lana beste hizkuntzaren batean argitaratzea zela bidea; bizimodua komikiak eginez aurrera atera nahi bagenuen, behintzat. Horrela pentsatzen lehenak izan ginen, aitzindariak! 1981eko maiatza zen. Eta Bartzelonara joan ginen, gure lanak erakutsi genituen, eta antzarak ferratzera bidali gintuzten editore eta argitaletxe guztiek.

Hara, ez zuten zuen lana aintzat hartu!

Une hartan ez, behintzat! Baina tabernan geundela, Argentinako marrazkilari bat etorri zitzaigun. Nonbait, aurkezpenen bat-edo egin zuen liburu dendaren batean, eta Fructuoso ezagutu zuen. Horrela, tabernan ikusi gintuen –Fructuoso ikusi zuen, alegia–, eta gurekin batera jarri zen. Juan Jimenez zen, Mendozatik (Argentina) Bartzelonara heldu berria, eta komiki album bat zekarren, guztiz eginda. Ez zuen bere herrialdera itzultzeko asmorik, Espainiako Estatuan gelditu nahi zuen, eta komikiak egitetik bizi.

Eta?

Eta? Laguntza eskatu zigula: “Hitzordua dut Frantziako editore batekin, baina ez dakit batere frantsesik, eta berak ere ez batere gaztelaniarik. Niri laguntzeko modurik bai inork?”. “Nik hainbestean dakit frantsesez, lardaskatzen dut”, esan nion. Eta biok joan ginen. Glenat zen editorea, oso argitaletxe txikia zuen orduan, baina ikaragarrizko munstroa du gaur egun. Lagundu nion, beraz. Gogoan dut Juanen [Gimenez] albumak izena zuela La estrella negra [Izar Beltza], zientzia fikziozko istorio bat, 46 orrialdekoa. Gimenezek erakutsi, eta Glenatek erosi! Halaxe izan zen. Guk, garai hartan, gehienez 8-10 orrialdeko istorioak egiten genituen Ipurbeltz-en!

Argazkia: Zaldi Ero

Berrogeitaka orrialdeko albumik ez, alegia.

Ez, bada! Eta gogoan dut, gau hartan, hotelean, Fructuoso eta biok hizketan, eta esan nion: “Horixe egin behar dugu guk ere, albuma! Bi istorio ditut buruan, bata zientzia fikziozkoa, Jon eta Mirka; bestea, baleazaleei buruzkoa”. Fructuosok zientzia fikziozkorik ezetz, ez zitzaiola gustatzen. “Baleazaleena!”, erabaki zuen. Maiatzean ginen, eta esan nion Fructuosori: “Oraintxe hasiko naiz baleazaleen gidoia lantzen, zeu ere marrazkiak egiten hasteko. Urtarrilean azoka da Anguleman, eta ea ordurako albuma erakusteko moduan gauden”. Eta, 1982an, hamabost orrialde osatu, eta Justin Hiriart komikiaren azala ere egin –balearen buztana ageri duen hori–, eta Angulemara joan ginen. Eta beste inori baino lehen, aurreko urtean ezagututako Glenati joan gintzaizkion, eta ikusi zuen orduko, baietz esan zigun. Horrelaxe hasi ginen.

Hainbat titulu etorri ziren gero, harrera ezin hobea izan zutenak, asko.

Justin Hiriart eta gero, Jon eta Mirka etorri zen, Daniel Redondoren marrazkiekin. Eta, hurrena, Sorgin seinalea, hura ere Redondoren marrazkiekin. Frantsesez ere atera zuten, eta bestsellerra izan zen: 70.000 ale baino gehiago saldu ziren. Eguzkiaren izerdia, [Jose Manuel] Mataren ilustrazioekin; Simon Besaluze, Luis Astrainekin… Aurrera ari nintzen. Habeko Mik publikatzen hasi ziren, eta horrek ere asko lagundu zidan, Ereinekin egiten nituen proiektuak baino handiagoak egiteko aukera izan nuen eta. Baina, bidean, bakarrik gelditu nintzen. Bata, irakasle lanari lotu zitzaion; bestea, Espainiako telebistan hasi zen lanean… Nirekin lan egindako marrazkilariek komikiak marrazteari utzi egin zioten.

"Komikia saltzen da, baina neurrian. Alegia, ez autore profesional bati eusteko bezain kopuru handian. Hargatik, esportatzeko moduko obrak egin behar ditugu”

Eta bakarrik gelditu zinenean?

Ikus-entzunezkoetan hasi nintzen. Irusoinen eta Asegarce-Baineten lan egin nuen. Hain zuzen, orduantxe ohartu nintzen: sortzaile nintzen, hau eta hura nintzen, euskarari esker! Euskarari zor nion sortzaile izatea. Ez naiz euskalduna, ez dakit euskaraz. Behin halako, euskaraz ikasten saiatu nintzen, Hernaniko AEKn eman nuen izena, baina Frantzian denak emanda lanean jardun behar izan nuen garaia etorri zen, ez dakit zer haizek jo ninduen, eta ez nintzen gai bi gauzak aldi berean egiteko: gidoiak behar bezala idatzi, eta, gainera, hizkuntza bat ikasi. Larriturik bizi nintzen, eta euskaraz ikasteari utzi nion.

Hinki-hankarik gabe esaten duzu ez zarela euskalduna, ez dakizula euskararik, eta, hala ere, euskarari zor diozula sortzaile izatea...

Dudarik ez, horretan. Hazteko modu bakarra dago, eta da gauzak egitea. Ezer egiten ez baduzu, ez zara inoiz haziko. Berdin, sortzaile izateari dagokionean. Eta ni, euskarari esker egin naiz sortzaile. Behin, halaxe esan nion neure buruari: “Ez naiz euskalduna, baina beti saiatuko naiz euskararen alde, euskarak asko baino gehiago eman dit eta”. Eta kito. Ez dago besterik.

Ikus-entzunezkoetan egin zenuen lan, euskarazko komikigintzatik ezkutatu zinen, baina komikietan zinen berriz ere 2015ean, argitaletxea eraturik.

2012an, marrazkilari batek esan zidan berriz ere komikiak egiten hasi nahi zuela. “Goazen Angulemara!”, berak. Baietz esan nion, eta joan ginen. Baina ni denbora galdu alde joan nintzen, beste gabe, eta, hala ere, garai bateko Glenatekin mintzo, esan zidan nire lan bat, Eguzkiaren izerdia, frantsesez atera nahi zuela.  “Primeran!”, esan nion. Ondoren, Bartzelonako komiki aretora joan ginen –orduan ere bestela gabe ni, artean Baineten ari bainintzen lanean, laburmetraiak egiten–, eta, han, betiko lagunekin hizketan, Ponent Mon argitaletxekoak esan zidan gaztelaniaz atera nahi zuela komiki bera. Eta, gero, esan zidan: “Getxoko komiki azokan izango naiz. Etorriko zara? Badakizu, betikoa, erosleei kasu egin, komikiak sinatu...”. Ez nion ezetzik esan.

Eta Getxoko komiki azokan...

Garai bateko irakurleak etorri zitzaizkidan, nire lana Habeko Mik-en edo beste nonbait irakurritakoak. Eta, bat-batean irakurleekin berriz topo egitea hunkigarria izan zen, iraganeko garai ederrak ekarri zizkidaten gogora –inoizko garairik ederrenak, beharbada–, eta, horretan, handik laster jubilatzekotan nengoela, erabaki nuen jubilatzean geldirik ez egotea, gauzak egitea: “Komikira itzuliko naiz, baina, oraingoan, editore!”. Eta ez zen erraza izan, baina neure argitaletxea sortu nuen.

2017az gero, Eusko Jaurlaritzak komikiak sortzeko bekak eman ohi ditu. Beka horien eragile izan zinen…

Neuk proposatu nuen. Ikus-entzunezkoetan ari nintzenean, askotan egin nituen diru-laguntza eskaerak, izan gidoia idazten laguntzeko, izan film-laburra egiteko, eta, inoiz, baita film-luzea egiteko ere. Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza ematen zituen ikus-entzunezkoei laguntzeko. Komikia bultzatzeko, aldiz, batere ez. Joxean Muñoz zen garai hartan Jaurlaritzako Kultura sailburuorde. Komikiak egindakoa da Muñoz, eta badaki zertaz ari garen komikiaz ari garenean. Askok ez dakite-eta zer den oraingo komikia. Komikiak sortzeko diru-laguntzak behar genituela esan nion, Espainiako Estatuan ehun milioi euro baino gehiago sortzen zituela komikiak – zergen bidez, besteak beste–, eta zilegi zela sortzen zituen zergen zati bat komikian bertan inbertitzea, sortzaileentzako bekak sortuz, adibidez.

Eta horrela sortu ziren oraingo beka horiek.

Ez zen hain erraza izan. 2016. urtea zen, eta diru partida guztiak Donostiara [Europako Kultur Hiriburua] begira zeuden. Joxean Muñozek esan zidan, hori igaro eta gero hitz egingo genuela, eta, bestalde, sektorearen eskaera izan behar zuela, ez bakarrik nirea. Logikoa. Eta sektorea bildu nuen: Astiberri argitaletxea, Xabiroi aldizkaria, eta hirurok. Eta berriz ere eskaria egin, eta oztopoak, eta hau eta hura. Gogoan dut Astiberriko ordezkariak esan zuela: “Ez dugu lortuko!”. Eta esan nion: “Eutsi egin behar diogu: bataila bat ez da galtzen, abandonatzen ez den arte”. Denbora joan zen, baina, tarteka, Joxean Muñozekin egiten nuen topo, Donostiako Zinemaldian edota beste nonbait, eta gauza bera esaten nion beti, komikiari lagundu beharra zeukatela: “Eusko Jaurlaritzak –edo diputazioek, berdin zait–, dirua biltzen du komikiaren kontura, baina ez dio trukean batere itzultzen”. Uste dut bera ere aspertu zela gauza bera aditzen, eta, halako batean, bilera bat eratu zuen, sektorea bildu zuen, eta baietz esan zigun. Eta sortzaileentzako bekak abiarazi zituzten.

Argazkia: Zaldi Ero

Sortzaile zaitugu zeu ere, gidoilari zaildua, eta editore, eta enpresari. Denak batean zu!

“Beharra eragile handi” esaten dute, eta halaxe da egia. Ez dut nire burua artistatzat, ez, behintzat, lurretik tarte bat gorago lebitatzen duen pertsona berezitzat. Artista ez, artisaua naiz, gauzak egitea gustatzen zait, eta gauzak ondo egitea. Kito. Bestalde, egiten dudana saltzeko premia dut, egiten dudan horretatik bizi ahal izateko, eta, azkenik, besteri laguntzeko gogoa edo enpatia dut, egiten duten horretatik bizi ahal izan daitezen. Ez dago besterik. Eta horrek, nahitaez, gauza mordoa egitera eramaten nau. Eta egiten ez badakit, ikasi egiten ditut.

"'Ipurbeltz'-en ari nintzela, Bartzelonara joan nintzen, eta handik Angulemara. Eta bideaz ohartu nintzen, eta bidean jendea ezagutu nuen"

Nola ikasi dituzu horiek denak? Gidoiak egin, komikia editatu, argitaratu, saldu hemengo eta atzerriko merkatuetan...

Bideak berak erakutsi dit, egin dudan bideak berak. Ipurbeltz-en ari nintzela, Bartzelonara joan nintzen, eta handik Angulemara. Eta bideaz ohartu nintzen, eta bidean jendea ezagutu nuen. Oso gauza inportantea, jendea ezagutzea. Orain, joan azoka batera, editore gazte batzuengana jo, eta ez naute ezagutzen. Baina hortxe dut beti Jacques Glenat! Haren telefono pertsonala dut, duela 40 urte ezagutu genuen elkar, eta bata bestea ikusten dugunean, hortxe jotzen du beti aldarria: “Hemen dira euskaldunak!”. Eta komikiak bata besteari saltzen eta erosten hasten gara.

Jendea ezagutzea…

Oso gauza inportantea, esan dizut. Beste editore bat ezagutu nuen, frantziarra hura ere, argitaletxea urrearen prezioan saldu eta errugbi taldea erosi zuena. Jakin dudanez, ediziora itzuli da, argitaletxe handi bat hartu du eta komikiak argitaratzen ari da. Parranda ere eginak gaude, eta haren ateak zabalik ditut, beste inork baino erraztasun handiagoak ditut harengana heltzeko. Bidea egin dut, bideak berak erakutsi dit, ez dago sekreturik.

                                                                                   *          *          *

Komikiak saltzen
“Bai, komikia saltzen da, baina neurrian, ez autore profesional bati eusteko bezain kopuru handian. Hargatik esaten dut beti, esportatzeko moduko obrak egin behar ditugula. Euskaraz irakurleak badira, bai, baina asko izanda ere, ez dira aski. Eman dezagun 1.200 ale saldu dituen komiki baten kasua. Hamasei euro badu prezioa, eta horren %10 autorearentzat bada, 1.800 euro jasoko ditu… urtebeteko lanaren ordainetan! Eusko Jaurlaritzaren bekarik gabe, eta komikiaren eskubideak atzerrian saldu gabe, ez dago modurik”.

Pentsamendua
“Animaliak gara, eta taldekoiak, baina alfa arrak ere badira gure artean. Alegia, beti izango da baten bat aginduko duena, nahitaez. Inork agintzen ez duelako zera hori utopia hutsa da. Eta, bestalde, botereak usteldu egiten du pertsona, eta botere absolutuak absolutuki usteltzen du. Uste dut botereak kontrolpean egon behar duela beti, kuestionatuta, zelatatuta. Eta pentsamendu hori nire komikietan dago, isilgordean, modu sotilean, baina hortxe, eta pentsamendu horrek aztarna uzten du, irakurleari pentsarazi egiten dio”.

Azken hitza

Gozatu
“Profesionalizatu naizenetik, nire irakurle-begirada aldatu egin da, ez dut garai batean bezainbeste gozatzen. Gaiari buruzko jakitatea dut, hau eta hura aztertzeko eta kritikatzeko jakintza, eta horrek galarazi egiten dit irakurketaz gozatzea. Zerrikeria galanta da, baina egia”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


2024-12-04 | Aitor Aspuru Saez
Craig Thompson
“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]


‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
‘Ño’ komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


2023-09-01 | Jon Torner Zabala
Nafarroako Komiki Azoka, hiru astez Iruñean eta Lizarran

Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... [+]


2023-08-30 | Jon Torner Zabala
Benetan identifikatutako egoerak

Biga (5 liburu)
Gidoia: Romain Pujol
Ilustrazioak: Vincent Caut
Astiberri

----------------------------------------------------

Hamaika ipuin irakurri dizkiegu  etxean zazpi eta bederatzi urteko seme-alabei, eta esango nuke sekula ez ditudala hain engantxaturik... [+]


Ankerra izan behar

Anker
Gidoia: Gregorio muro harriet
Ilustrazioak: Alex Macho
Kolorea: Garluk Aguirre
Harriet, 2023

 

2019ko urtarrilean dago kokatuta Anker komikia. Errusiako lurraldeetan, Txina eta Ipar Koreako mugetatik gertu. Bertan, Siberiako basoak soiltzen ari diren mafiak... [+]


2023-06-20 | Julen Azpitarte
'El Eternauta' komikia
Eternitatearen nabigatzailea

Hector German Oesterheld (1919 -1978) gidoilari eta Francisco Solano López (1928​ –2011) marrazkilari argentinarrek sortu zuten El Eternauta komiki klasikoa 1957etik 1959ra bitartean, telebistaren eragina txikia zenean, eta komikiaren ospea eta harrera, aldiz,... [+]


2023-06-01 | Jon Torner Zabala
'Ño!' komikia
"Irabazi dugu aukera espazio batzuetan gure umorea egiteko"

Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte Ño! komikian (ARGIA, 2023) Maitane Gartziandia ilustratzaileak eta testuen egile Miren Artetxek eta Eli Pagolak. Mamuak, trabak, heldulekuak eta... [+]


Superheroiak ez ziren Kryptonen jaio

1929ko krakaren aurrean herritarren aldartea altxatzeko asmoz sortu ziren lehenengo komiki liburuak AEBetan. Gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik ordea.


Eguneraketa berriak daude