Turkian lurrikarak ‘low cost’ hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

  • Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten ahultasuna ere: higiezinen espekulazioan eta lan-esklabotzan oinarrituta, kapitalaren zerbitzura dagoen hirigintza merkearena.

Turkian 1999tik eraikitako etxebizitzen herenak ez du lurrikaren kontrako araudia betetzen eta gobernuaren
Turkian 1999tik eraikitako etxebizitzen herenak ez du lurrikaren kontrako araudia betetzen eta gobernuaren "amnistia" jaso dute. Otsailaren 6ko seismoarekin hondoratu dira asko. Argazkia: AFP / Getty images

Turkiako TRT irrati telebista publikoak, otsailaren 6an lurrikara hilgarria gertatu eta astebetera zabaldu zuen berria: poliziak Nazmi Tosun eraikuntza inspektorea atxilotu zuen, aldi berean Emre Apartament-eko ordezkaria bazena, lurra pitzatzerakoan behera amildutako milaka urbanizazioetako bat. Ordurako beste hainbat kontratista atxilotuak zituen Recep Tayyip Erdoganen gobernuak eta, kate publikoak zioenez, eraikuntza arloko 33 lagunen atzetik zebilen. Gerora jakin zen eraikuntza arloko 113 pertsona baino gehiagoren zerrenda zuela prestatuta poliziak.

Kurdistanen, Turkia eta Siria arteko mugan, Dîlok hiritik gertu –turkieraz mendebaldarrok Giziantep bezala ezagutzen duguna– izandako Richter eskalako 7,5 magnitudeko lurrikarak milaka pertsona lurperatu ditu adreilu eta hormigoi artean. Turkiako iturri ofizialak kontuan edukiz gero, lerrook idazten ari garen unean gutxienez 41.000 dira hildakoak, baina irakurleak astekari hau jasotzen duenerako seguruenik zifra hori handiagoa izango da. Sirian, aldiz, sekula ez dugu jakingo hondamendia norainokoa izan den.

Eraikuntza politiketan dituen erantzukizun larriak ezkutatu nahi ditu Turkiako presidenteak; hor kokatu behar dira herritarren kontrako mehatxuak eta kontratisten atxilotzeak

Hondakinak kentzeko lanek aurrera egin eta egunak igaro ahala, herritarren haserrea eta kexak handitu dira, Turkiako Gobernuak laguntza bidaltzeko izandako moteltasunagatik –lurrikarak kaltetutako eremu handi bat Kurdistanen kokatzeak ere zerikusi zuzena izan du zenbait tokitan erreskateak eragozteko jarrera horrekin, hainbat hedabide kurduk salatu dutenez–. Baina haserrea handitu baizik ez da egin ikusirik eroritako eraikin ugari noiz izan ziren eraikiak, zein egoeratan zeuden, eta turkiar gobernuak nola kudeatu duen orokorrean hirigintzaren gaia eremu sismiko hain bortitzean. Ondorioa gero eta garbiagoa da: ez da istripua izan, milaka heriotza saihestu zitezkeen.

BBC britainiar telebista kateko Tom Bateman eta Laura Gozi korrespontsalak izan dira lehenengotakoak kudeaketaren inguruko zalantza hori zabaltzen. “Urte luzez, adituek ohartarazi dute Turkian eraikin berri ugari ez direla seguruak, ustelkeria endemikoaren eta gobernuaren politiken ondorioz”, diote kazetariek. Azaldu dutenez, politika horiek ekarri dute Turkiako Gobernuak ez ikusia egin eta kontratistek lurrikaren kontrako arauak urratzea: “Milaka eraikin hondoratu dira lurrikararekin, eta zalantza sortu da, natur hondamendiaren kalteak handitu ote dituen gizakiaren eskuak”.

Turkiako Iskenderun hirian ustez segurua zen eraikin berri baten lehengo eta oraingo irudiak. Iturria: BBC

BBCk froga grafikoak ere eskaintzen ditu bere webgunean, Turkey earthquake: Why did so many buildings collapse? (“Turkiako lurrikara: Zergatik ondoratu dira hainbeste eraikin?") goiburupean. Ikus daitezke, esaterako, Iskenderun hiriko dorre handi baten bi argazki, eskuinekoa erabat birrindua, ezkerrekoa berri-berri, 2019an inauguratu zen moduan. BBCk egiaztatu du biak eraikin bera direla eta ezkerrekoa eraikuntza-enpresaren publizitate kanpaina batena zela, araudia zorrotz betetzen zuela ziurtatzeko egina.

Izmit 1999: arauak eta amnistiak

Lurrikaren kontrako hirigintza araudia asko zorroztu zen 1999an Istanbuletik gertu dagoen Izmit hirian izandako seismoaren ondoren. Ordukoan 17.000 lagun hil ziren eta Süleyman Demirel presidenteak hauteskundeak galdu zituen ondoren. Zerga berezi bat ere sortu zuten eraikuntza seguruagoak egiteko. Baina burbuila urbanistikoaren aparretan –eta geologo nahiz arkitektoen gomendioei muzin eginda–, Turkian geroztik eraikitako etxebizitza askok ez dituzte arau horiek bete, beste asko “amnistiatuak” izan dira, eta zerga horren diruarekin zer gertatu den inork ez daki.

Erdogan orain aurkitzen den ataka ulertu nahi duenak irakur dezake Ekialde Hurbilean aditua den Manuel Martorell historialari nafarrak Diario de Navarra egunkarian idatzitako Turquia: lo que esconde el terremoto (“Turkia: lurrikarak ezkutatzen duena”) artikulua. Martorellek gogorarazi du duela hiru urte bi milioi etxebizitzari onartu zitzaiola amnistia delako hori: “Zigorra saihesteko, jabeek diru kopuru bat eman behar zuten eta eraikina bere horretan geratzen zen”. Turkiako eraikinen erdiak ez du araudia betetzen, Erdogan boterean izan den hogei urteotan eraikitakoen herena barne. Ingeniarien Kolegioko presidente Cemal Gokce-ren arabera, soilik Istanbulen milioika dira egoera horretan dauden etxebizitzak.

Azken hogei urteetan eraikuntza lanek dirua aurrezteko material merke eta eskasa erabili dute, eta ondorioz milaka etxebizitza errori da behera. Argazkia: Wikimedia / Erresuma Batuko Kanpo Harremanetarako Bulegoa.

“Orain, ezkutatu nahi ditu eraikuntzako bere politikekin dituen erantzukizun larriak, eta ohikoa den moduan, tragedia honetatik errentagarritasun politiko handiena ateratzeko neurriak hartzen ari da”, dio historialariak. Hor kokatu behar dira sare sozialen kontrola, kexa azaldu duten herritarren kontrako mehatxuak, eta kontratisten atxilotzeak: “Erdoganek badaki krisi honen kudeaketak bi hamarkadaz eraikitzen joan den bere proiektu politikoa hondoratu dezakeela, 1999ko seismoan gertatu bezala. Ez da beraz zentzugabea hauteskundeak atzeratzea, hondamendi politikoa saihesteko”.

Hirigintza merkearen esportazioa

Erregimen presidentzialista gogorrarekin agintzeaz gain, hirigintza merkearen hedapenean oinarritu du Erdoganek Turkiako garapena, eta bide batez, eraikuntzako eliteen leialtasuna eskuratu du. Elite horiek, hain zuzen, atzerrira begira jarrita daude aspaldi: munduko 250 enpresa kontratista handienen artetik 40 turkiarrak dira, The Economist astekari ospetsuak emandako datuen arabera.

Hirigintza merkearen hedapenean oinarritu du Turkiak bere barne garapena; eta orain, eraikuntzako eliteak atzerrira begira jarrita daude, batez ere Afrikara

Batez ere Afrikan sartu du eskua Turkiak, bere kokapen geoestrategikoaz baliatuta. Astekariak Turkish builders are thriving in Africa (“Turkiar eraikitzaileak egarri dira Afrikan”) artikuluan dioenez, Afrikan txinatar inbertsiogileekin lehiatzea zaila duenez, low cost eraikuntza eredua esportatu du, azkartasunean eta tokian tokiko lan-esku merkean oinarriturik. Erakustazokak Ekuatore Ginean eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, aireportuak Ginea Bissaun, Nigerren eta Sierra Leonan… kontaezinak dira eskuratu dituzten lanak. Baina seguruenik Senegalen dauka proiektu anbiziotsuena Turkiak.   

Zer darama Turkiak Dakarrera?

Qatarren 2022ko Munduko Futbol Koparen harira eraikuntzako langileen artean izandako desmasiak ezagunak zaizkigu. Ez hainbeste Dakarren gertatzen ari direnak. Senegalgo hiriburutik 30 kilometro eskasera ezerezetik sortzen ari dira Diamniadio izeneko hiria, antzeko moduak erabiliz. Dakarrek duen “pilaketa” arintzeko omen: Lake City ere deitua –laku handi baten inguruan dagoelako–, etxe-orratz askoko finantza gunea, unibertsitate campusak eta industria parkea izango ditu, baita 350.000 lagunentzako etxebizitzak ere. Denera 2.000 milioi dolar kostako du hiri futurista egiteak eta 2035erako amaitua egotea espero da.

Diamnaidio, Dakarretik 30 kilometrora eraikitzen ari diren 350.000 lagunentzako hiri futurista, 2035 urtean bukatua behar duena. Turkiako multinazionalak bete-betean daude proiektuan sartuta, eta txinatar eraikitzaileekiko lehiakorrak izateko obra azkarrak hitzeman eta tokiko lan-esku merkea erabiltzen dute.

Iaz estreinatu zuten Abdoulaye Wade estadio olinpikoa, puntako teknologiak erabiltzen dituen kirol instalakuntza, 50.000 lagunentzako gaitasunarekin. Inaugurazio ekitaldian izan zen gonbidatu berezi Tayyip Erdogan bera; ez alferrik, eraikina oso osorik egin baitu Summa turkiar multinazional boteretsuak. Nazioarteko aireportua eta beste makina bat azpiegitura ere Turkiako enpresak ari dira eraikitzen. Macky Sall presidente senegaldarrak nabarmendu du Turkiarekin duten harremana “zintzoa bezain aberatsa” dela. Baina Joseba Tapiak kantatuko lukeen bezala, zer darama Turkiak Dakarrera?

Tayyip Erdogan Dakarreko estadio olinpiko berriaren inaugurazioan izan zen;
ez alferrik, eraikina oso osorik egin baitu Summa turkiar multinazionalak

La Vanguardia egunkarian Marie Flamand kazetariak erakutsi digu nolako baldintzatan ari diren Sierra Leona, Nigeria nahiz Gineako migratzaileak Diamniadio eraikitzen: poliziak birrindutako etxola kaskarretan ostatu harturik, lanera joateko hiru orduko ibilaldiak eginez, zazpi eguneko lan-asteak, eta egunean dolar apur batzuk besterik ez kobratzen. AFP frantziar agentziak hamar langileri egindako elkarrizketak eta argazkiak izan ditu iturri Flamandek Diamniadio, la nueva ciudad de Senegal que se alza en condiciones de “esclavitud” (“Diamniadio, ‘esklabotza’ baldintzetan eraikitzen ari den Senegalgo hiri berria") erreportajerako. “Egunero garrasi egin eta jotzen gaituzte”, dio 26 urteko Ibrahimek –pseudonimoak erabili ditu AFP-ko fotokazetariak–. Eta langileak gogaituta kolpea itzultzen badu… “Despeditua. Beraz, jotzen zaituztenean ezin duzu ezer egin, isildu eta lanean jarraitu baizik”.

Langile multzoa etxola kaskarretan bizitzen, Senegalen Dakar inguruan eraikuntza berriak egiten ari diren tokian, AFP agentziak bideoz harturiko irudi batean

Ekonomia kapitalistak bere burua elikatzen du eraikuntzarekin, eta merke bada hobe. Berdin dio herritarrak adreilu artean lurperatu edo langileak xukatzen baditu ere. Turkia dizipulu abila bilakatu da zeregin horretan eta Afrikan nahiz Asian luzatu ditu besoak, baita gertuago ere… Oraintsu jakin dugu Limak turkiar multinazionalak birmoldatuko duela hainbeste jendek miresten duen Europako katedral bat: Bartzelonako Camp Nou estadioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Abdallah askatzearen alde agertu arren Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu dute epaia

Baldintzapeko askatasunaren alde agertu bada ere Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu du epaia, Georges Ibrahim Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei. Baldintzapeko askatasunaren alde agertu zen azaroaren 15ean Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegia,... [+]


Trumpek Zelenskiri “diktadore” deitu ostean, guda amaiera aztergai Europar Batasunean ere

Azken egunetako giroa baretzeko asmoz eta Ukrainako Gerraren bukaeraz hitz egiteko elkartuko dira Trumpekin, ondoko astean, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko Lehen ministroa. Auzi bera aipagai, ostegun honetan elkartzekoak dira ere... [+]


2025-02-20 | Gedar
Gasteiz eta Burgos artean AHTa eraikitzen hasteko lanak, aurrera

2.000 milioi euroko kostua izango dute AHT Madrilekin eta AVE trenarekin lotzeko aurreneko lanek. Asteburuan egin dute manifestazio bat Iruñean, AHTa eraikitzeko obretako esklabotza-baldintzak salatzeko.


2025-02-20 | Xuban Zubiria
Alemaniako hauteskundeak irabazteko faboritoa: Friedrich Merz kontserbadorea

Olaf Scholz lehen ministro sozialdemokratak berde eta liberalekin zuzendutako “semaforoaren” gobernu koalizioa hautsi zen urte amaieran. Igandean Alemaniako kantziler berria aukeratzeko hauteskunde orokorrak izango dira, eta, inkesten arabera, kontserbadoreen... [+]


Leonard Peltier: “Azkenean libre naiz, gaurkoa egun ederra da”

49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.


Zinegile baten “Israelen aurkako diskurtsoa” ari dira ikertzen Alemanian

Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik... [+]


Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Kanibalismoa bizirauteko

Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte. 

Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]


Aliatuen errekorrak

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]


Nazioartekotzearen iruzurra

Badira kontzeptuak bolada batzuetan edonon agertzen direnak, mantra ere bilakatzen direnak. Berez positibo eta beharrezko moduan agertzen zaizkigu, eztabaida gehiegirik gabe eta haiei buruz ia pentsatu gabe. Iruditzen zait mantra horietako bat nazioartekotzea dela, jatorria... [+]


Eguneraketa berriak daude