Esperantza argitaratu du Olor-ek, bere ibilbideko bigarren lana, oinarri elektroniko-industrialen eta melodia poperoagoen artean balantzaka dabilena. Esperimentazio erabatekora iritsi gabe, entretenimenduaren lengoaia konbentzionalari ihes egin nahi dioten bederatzi abestik osatzen dute lana. Gizarte eraldaketan buru-belarri dabilenaren kezkak eta desioak sumatzen dira hitzetan: borroka tradizio batekiko leialtasuna, lehengo belaunaldien ekarpena orainaldira –eta etorkizunera– ekartzeko saiakera, denari su emateko bulkada, eta ondoren korrika ihes egitekoa.
Gitarra elektrikoaren soken artean bihurkin bat sartu eta soinuarekin esperimentatuz hasi zen Jokin Azpiazu (Ermua, 1981) musikaren munduan. Geroztik hainbat taldetatik igaro da –PAM, Después de Nunca edota Occhi di Farfalla-tik, kasurako–, eta 2017an abiatu zuen Olor, bere ibilbideko apusturik pertsonalena, Maialen Belaustegiren proiekzioez eta Ander Barriusoren soinuaz lagundurik. Bere hasierako froga esperimental haien oihartzunekin lotzen du proiektua, orduan zein egun antzerako zerbait bilatzen duelako: “Soinua eta musikaltasuna elkartzen diren toki hori topatzea”. Ez du bere burua erabateko esperimentazioan abila sumatzen, ez eta erabateko konbentzioan ere. “Nahi dut jendeak abestien musikaltasuna ezagutzea, baina era berean ez dut inoiz musikarik ikasi, ez dakit konposatzen, eta ezintasun hori erabiltzen dut beste zerbait egiteko”.
Edonola ere, ez batean ez bestean kabitu ezina bere bizitzako gai handietako bat da. Musikari ez ezik, soziologoa da, ikerlaria, unibertsitateko irakaslea eta LGTB aktibista, besteren artean. “Kostatzen zait gauza bakoitzari bere lekua topatzea, ez dudalako ezer askatzen. Beti daukat sentsazioa ez dudala ezer ondo egiten. Baina, bestalde, esan izan didate agian bertutea hor dagoela. Saiatzen naiz soziologiara eramaten musikan ikasitako gauza pila bat, aktibismora soziologian ikasitakoak… halabeharrez, alde batetik besterako zubiak egiten ditut etengabe”.
Nonbait irakurri dizut Olor-ek baduela deserosotasuna pizteko asmoa. Zein deserosotasunez ari zara, eta zein bide darabilzu horretarako?
Ez nuke esango deserosotasuna sortu nahi dudanik %100ean. Baina entretenimendua bere horretan ez zait batere interesatzen: ez estetikoki, ez bisualki, ez soinuan, ez letretan. Musikariek –beste gauza guztiek bezala– zerbait eragin behar didate. Izan daiteke eragin alaia eta pozgarria, baina sekula ez entretenigarri hutsa. Adibidez, [tabernako bozgorailua seinalatuz] The Police-k entretenitzen nau. Bada The Police-k ez dit ezer esaten –uste dut ez diola inoiz inori ezer esan–. Musika gustatzen ez zaion jendearentzako musika da. Entzun dezaket gustura, baina nire beharren %1a aseko du. Nik behar dut musikak mugitu nazala alde batetik bestera, malaletxean jarri, energia eman, edo beheraldia… Baina era berean ez dut nahi zuzenekoetan espazio erabat deserosoa sortzerik, arriskua dagoelako –noise-arekin-eta gerta daitekeen bezala– jendeak amaitzeko kaña bat hartzen zuri batere kasurik egin gabe. Hori da nire anbizioa: ez dit axola norbaitek kontzertuaren erdian martxa egiten badu, baina kañak hartzen ari direnentzako atzeko musika bilakatuko banintz, hilko nintzateke. Saiatzen naiz estetikoki erdibide bat bilatzen: abesti bat oso atsegina iruditzen bazait, zarata gehitzen diot; edo, kontrakoa bada, armonia bat, akorde progresio logiko bat.
Zeri deitzen diozu entretenimendua? Konbentzioa bera erreproduzitzeaz haragoko dimentsiorik ez duen musika horri?
Bai, halako zerbaiti. Azkenaldian izugarri ugaritu dira jendeari kantu on bat nola egiten den azaltzen dioten youtuberrak, instagramerrak eta tiktokerrak –soinu urbanoen eta traparen leherketaz geroztik, batez ere–. Esaten dizute bonboak eduki behar dituela frekuentzia jakin batzuk, baxua nola ekualizatu behar duzun, eta konposaketa aholkuak ere bai: lehen estribilloak halakoa behar du, eta abar. Gizateriaren azken ahalegin desesperatua dira, laster algoritmo batek lan hori beraiek baino hobeto egingo baitu. Hori saihestu nahi nuke: funtzionatuko duen abesti bat nola egin badakidala pentsatzea. Eta oraindik ez dakit, baina zerbait berria ikasten dudanero beldurtzen naiz, ez ote dudan amaituko eredu hori estandarizaziora aplikatzen. Saiatzen naiz izpiritu hori esparru guztietara eramaten, baita zuzenekoetara ere. Badakit zerk funtziona dezakeen, baina formula errepikatzen amaitzerik ez dut nahi. Inoizko estandarizazio maila altuenean gaude.
"Hori da nire anbizioa: ez dit axola norbaitek kontzertuaren erdian martxa egiten badu, baina kañak hartzen ari direnentzako atzeko musika bilakatuko banintz, hilko nintzateke"
Bertako eszenaz ari zara, ala oro har?
Orokorra da, bost urte daramat han-hemen bonbo berbera entzunez. Eta Euskal Herrian, denok pentsatu dugu orain oso modernoa dela sintetizadoreak erabiltzea, erosi dugu sintetizadore berbera toki berberean, eta efektu berbera dute kanta guztiek. Halere, estandarizazio maila altuarena ez da auzi estetiko hutsa; ikusi bestela jendeak zer eskatzen dion bere musika ibilbideari. Ematen du denok idatzi diogula gure karrera musikalari buruzko eskutitz berbera Olentzerori. Batzuetan beldurgarria da. Ezjakintasun kontua ere bada, ez ditudalako kode eta eszena berri horietako asko kontrolatzen, eta horren ondorioz xehetasunak galtzen ditut. Baina bistakoa da lausotu egin dela kontrakulturaren eta ofizialtasunaren arteko talka. Batzuetan onerako –ikasi dugu punk soinuak ez zaituela ezinbestean kontrakultura bilakatzen–, baina beste batzuetan oso akritikoki hartzen ditugu soinu batzuk. Eta, noski, soinuak ezin dira moralizatu, baina pentsa dezakegu zer eta zergatik erabiltzen ari garen.
Zure kasuan, estandarizazio horretatik ihes egiteko keinua al da diskoa Spotifyra ez igotzea?
Erresistentzia txiki bat da hori. Ez dakit noiz arte iraungo duen… Tabakoarekin bezala, uzten duzu baina agian berriro erortzen zara. Katxondeoa iruditzen zait nola ia inork ez duen zalantzan jartzen abestiak Spotifyra igotzea. Nola ez dugu honetaz hitz egiten? Automatikoki aurrera, eta listo? Talde gazteak, beteranoak, politizatuak, ez politizatuak, zerk elkartzen gaitu? Spotyfyk. Infernu hutsa da. Muturren parean daukagu informazio dena: plataformako langileen esplotazioa, musikariei ematen zaien miseria… zer gehiago behar dugu? Ikuspegi komertzialetik, nik ez diot zertan galdera hori nire buruari egin, badakit, eta hortik bizi nahiko banu beste era batetara pentsatu beharko nuke. Ados. Baina inork ez du ezer planteatu behar? Esango nuke gurean Ainara Le Gardon soilik entzun dudala horri buruz hitz egiten.
Hitz egin dezagun diskoaz. Zure lanik baikorrena bezala aurkeztu duzu Esperantza.
Tira, apur bat gezurra da. Bizitzaren erdia igaro dut pentsatuz guztiak su hartzea nahi dudala, eta beste erdia, berriz, pentsatuz guztiak su hartzen duen unean beldurtu egingo naizela eta korrika ihes egingo dudala. Mundua oso gaizki dago, eta benetan uste dut unea dela praktika iraultzailerako. Dena erre beharko genuke, horrek har ditzakeen forma guztietan –ez du zertan indarkeriaren bidez izan–. Ez da tetrabrik-a tetrabrik ekologikoarekin ordezkatzeko unea: oso garbi daukat dena pikutara bidali behar genukeela, eta behingoz kapitalismoarekin akabatu. Baina gauza horiek gertatzea beldurgarria da, ondorioak dituelako. Tentsio horretan mugitzen da diskoa.
José Esteban Muñozek badu Ernst Blochen esperantza kontzeptuaren berrikuspen queer bat. Blochentzat, esperantza da denbora lerroaren loop antzeko zerbait: iraganeko zerbait ekartzen dugu orainaldira, orainaldi hori etorkizunera proiektatzeko. Ez da esperantza kristaua –“dena ondo joango da”–, baizik eta esatea historian zehar badirela aurrekari asko erakusten dutenak gauzak gure esku hartzen ditugunean alda daitezkeela. Iraganeko ideiak orainaldira ekartzeak etorkizuna eraldatzeko praxia sor dezake. Muñozek bilatzen du queer denborazkotasun bat, eta esaten du esperantza balia daitekeela orainaldia eraldatzeko, eta ez geldirik egoteko. Martin Bidaurrek badu poema bat esperantza lotzen duena esperoan egotearekin, eta arrazoia du, hori delako terminoaren esanahietako bat. Bada hau kontrakoa litzateke: esperantzak balio du esperoan ez egoteko –esperoan egotea antiesperantza da–.
"Mundua oso gaizki dago, eta benetan uste dut unea dela praktika iraultzailerako"
Disko honek esperantza berreskuratu nahi du politikoki. Zer esanik ez pandemiaren ondoren, entzun ditugunean milaka mezu esanez honek pertsona hobeak egingo gaituela. Nik ez darabilt esperantzaren ikuspegi humanista hori. Kontua ez da gizateriaren alderdi ona berreskuratu dezakegula, kontrakoa baizik: sortu dezakegula oraindik ezagutzen ez dugun zerbait. José Val del Omarrek badu esaldi borobil bat: “Fedea, ikusi ez genuena sinestea baino, ikusten ez duguna sortzea da”. Iragana berreskuratzen dugu, ez nostalgiagatik, baizik eta jakiteko, adibidez, 80ko hamarkadako grebetan herri osoak jarri zirela kapitalaren aurrean, edo 1936an Bartzelona osoa kolektibizatu zela, edo euskaldunok izan ditugula antolaketa modu horizontalak, urte luzez funtzionatu izan dutenak. Ideia horiek orainaldira dakartzagu gauzak mugitzeko.
Diskoko letra gehienak kolektibo baten esperantzaz ari dira –nitasunetik ari direnean ere–. Ez da salbazio indibidualik bilatzen.
Benetan sinesten dut bakarrik ezin dugula. Tira, nahi baldin baduzu biziraupen ariketa bat egin, segi ezazu bakarrik, eta helduko zara zure egunen amaierara. Baina ezin da ezer irauli ez bagara kolektibotik abiatzen. Askok diote greba gehiago eta terapia gutxiago behar ditugula… nik uste dut greba gehiago behar ditugula. Terapia gutxiago? Ez dakit, uste dut jende batek behar duela terapia, egiten duenean on egiten diola –eta digula–. Ez nago terapiaren kontra, nago grebaren alde. Aldiz, indibidualizazioaren kontra banago. Terapeutizazioa eta indibidualizazioa ez dira sinonimoak, baina egun horrela artikulatzen ari dira, eta ez zait gustatzen. Uste dut elkar topatu behar dugula, hemen gaudenok eta ez daudenak, aurrera egiteko. Diskoan ni-rik ageri bada, norabide horretan ageri da.
Maite Mursegok eta Trusty rapeatzaileak kolaboratzen dute abesti banatan. Nolatan sortu zen beraiekin lan egiteko aukera?
Maite 15 urte neuzkanetik ezagutzen dut, oso lagunak gara, abentura asko bizi izan ditugu elkarrekin, eta saihestezina zen lehenago edo beranduago berarekin zerbait egitea. Trustyrena desberdina da: sareetatik ezagutzen dut, txiripaz. Madrildarra da, Bartzelonan bizi da, eta urte mordoa daramatza rapean. Guztiz txunditzen nau: marika kutsuko letrak abesten ditu, oso esplizituak, baina aldi berean panfleto izatetik urrun daudenak. Oso makarra da, iluna eta desatsegina, baina era berean entzuten jarraitzeko gogoa pizten du. Ez du abesten maitasun homosexual arruntaz, zerrikeriez baizik –gerontofilo sutsua da–. Lagun batzuen laguna da, eta bere kolaborazio bat nahi nuela erabakita, idatzi egin nion Instagrametik. Abestia bidali eta ordubetean bueltan bidali zidan bururatutakoa. Uste dut kontraste ona egiten duela, eta kutsu nihilistago horrek abestiaren tonua orekatzen duela.
Zer da zuretzat “paradisu sozialista”, Hamar aldiz kantuan aipatzen duzuna?
Lehen aipatutako esperantza horri zuzendutako abestia da. Une batean esaten dut: “Hegan hasi orduko hotzak ez digu utziko lorik hartzen”. Egun lozorro egoera oso gaitz batean gaude, baina gauzak piztearekin bat esnatu egiten zara, eta esnatzean beste zentzu batzuk esnatzen dira. Eta, benetan, ez da oso zaila jakiten non dagoen arazoa: badakigu makila non sartu behar dugun, zein den saboteatu beharreko makina, eta horrek eramango gaitu gozamen espazio batetara. Abestian bada txantxa bat sozialismoaren inguruan egiten diren irakurketa oso normatiboez eta heterosexualez pixka bat trufatzeko. Niretzako paradisu sozialista da edonork edonori zakila, alua, edo nahi duena jaten dion leku zoragarri bat. Arimak elkarri jaten dizkiogun leku hori, nolabait. Plazera aldarrikatzen dut, noski, baina ez plazer hedonista eta indibidualista. Kapitalismoaren atea igaro nahi badugu komunismora –libertariora, nire kasuan– heltzeko, ez da epika batengatik, baizik eta plazeragatik, badakigulako askoz hobeto biziko garela, askoz gehiago disfrutatuko dugula, askoz hobea izango dela dena. Hobeto bizi nahi dut, eta horretarako borrokatzen dut.
Zerua urez azken abestia da, ziur asko, denetan poetikoena. Besteetan baino tonu pertsonalagoa darabilzu.
Bai, abesti horrek zentzua galtzeaz hitz egiten du. Zenbaitetan iruditzen zaizu denak zentzua galtzen duela, zeruan ez dagoela airerik, ezin dela arnastu. Irauten du tarte bat, eta gero badoa, eta zentzua hartzen diezu gauzei berriro, baina irauten duen bitartean… Gelditzen zara zulo batean, eta une batez ez dago hutsunea besterik. Igerilekuaren metafora biltzen du abestiak: piszina batean zaude, uretatik burua atera ezin duzula; aldi berean piszina bat da, ez da itsasoa, baina ezin duzu burua atera… letrarik pertsonalena eta zaharrena da, lagun baten heriotzarekin bizitzako momentu gogor batean idatzia.
Gainontzeko abestiek kutsu politiko agerikoagoa dute. Esaterako, Handienan diozu: “Diruarekin amets egiten duena hil egingo da”.
Aitaren aldeko aitonaren esaldi batetik dator. Komunista zen, abertzalea eta kartzelan igaro zituen zenbait urte. Esaten omen zuen ez zela larregi fidatzen beti diruaren atzetik zebiltzanekin. Iruditzen zait batzuetan oso oinarrizko ideiak berreskuratzea garrantzitsua dela, eta esatea, adibidez, “ez zaitezte fidatu aberastu nahi duten musikariez, ez dira jende ona”. Berdin zait rapeatzaile ”maloteak” diruditen, super LGTB friendly diren, edo super abertzaleak diren. Aberastu nahi badute, ez dira jende ona. Ez dago aberastu nahi duen jende onik.
"Kontuz langile klasekoa zarela esanez edozer justifikatzearekin. Duintasuna eta klase kontzientzia elkartuta doaz"
Belaunaldi berrietan –batez ere “musika urbano” delakoa egiten duten askorengan– sumatzen da diskurtso komun bat azkenaldian: kontraesankortzat jo daitezkeen hautuak sarri justifikatzen dituzte musikatik duintasunez bizitzeko ordaindu beharreko bidesari bezala.
Ez ditut epaitzen jendearen nahiak. Baina langile klase posearen atzean edozer baleko dela pentsatzea… Begira, langile familia batean hazi nintzen, nire herria langile klasekoa da erabat, eta betidanik oso garbi eduki dut biziraupenak eta etikak ez dutela zertan kontrajarriak izan. Musikaria izatea oso zaila da, eta ulertzen dut bidesariak ordaintzea –zer esango dizut nik unibertsitatean lan eginda–. Baina horrek ez du dena justifikatzen. Nahiz eta larri ibili, ezin da edozer gauza egin aurrera egiteko. Sinatzea, adibidez, edari edo arropa marka jakin batekin hitzarmen bat, haiei publizitatea eginez… barkatu, baina ez. Jendeak gauza zail asko egin behar ditu bizirauteko, asko ez dira nire gustukoak eta ez ditut epaitzen. Baina kontuz langile klasekoa zarela esanez edozer justifikatzearekin. Duintasuna eta klase kontzientzia elkartuta doaz.
RIPen Eskoria abestiaren bertsioa ere biltzen du diskoak. Zergatik omenaldi hori?
RIP asko miresten dut, hainbat motibogatik. Hasteko, beraiek izan zirelako lehen belaunaldi hartako talderik amorratuena –Vomitorekin batera–. Inork ez zeukan malaletxe hori, ile guztiak tente jartzen dizkidate. RRV delakotik beraiek dira nire talde erreskatagarriena. Ez dakit inork lortu ote duen hainbeste hain kanta gutxirekin: lau abesti dituzte Eskorbutorekin partekatutako diskoan, eta beste hamalau No te muevas! diskoan. Gero ezagutu ditugu maketa batzuk ere, baina oso abesti gutxirekin legenda izan ziren –eta dira–. Baina, batez ere, miresten ditut beraien ibilbideagatik. Oso historia gogorra dute talde bezala... Ez zuten itzulera erridikulurik egin; mugimendu jakinentzat garrantzitsuak ziren ekitaldietan jotzeko batu ziren: HIES-aren kontra, Jarrairen Topagune batean… Alegia, hori ere ondo egin zuten. Konparatzen baduzu RRVko beste batzuen deriba beldugarriarekin, RIPena zoragarria da: konpromiso politikoari eutsi zioten amaierara arte. Inork nire omenaldirik merezi bazuen, beraiek ziren horiek.
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]