Klase ikuspegitik aztertzen du klima larrialdia Edouard Morena politologoak, eta Fin du monde et petits fours: Les ultra-riches face à la crise climatique ("Munduaren bukaera eta ‘petits fours’-ak: ultra-aberatsak krisi klimatikoaren parean") liburua plazaratu berri du. Ultra-aberatsen neurrigabeko kontsumoa baino kaltegarriagoak ditu ondoko bi ardatzak: beraien dirutza zertan inbertitzen duten eta trantsizio-politikak kontrolatzeko eta bideratzeko darabiltzaten estrategiak.
Bistan da badirela beraien yate eta jet-set nazkagarriak, kabiar eta xanpain boteilak, luxuzko bunkerrak zein Niloko krokodilo edo zibellina larruzko berokiak. Ultra-aberatsek neurrigabeko kontsumo heina daukate eta badirudi klima aldaketan eragindakoaz ez direla kontziente. Urtean batez beste 8.190 tona CO2 ondorioztatzen ditu bilioidun bakar batek –herritar “ohiko” batek baino mila aldiz gehiago–. Baina Londreseko Unibertsitatean ikerlari den Edouard Morenak dio kontsumo horri begiratzea ez dela nahikoa. Kontsumitzaile izateaz gain, eragile ere direlako: "Klimaren aldeko konpromisoa hartzen duten ultra-aberatsak beraien boterea babesten saiatzen dira batez ere".
Joera indibidualistatik harago, ultra-aberatsen klasearen iraupenerako eta aberasten segitu ahal izateko landuriko bideak xeheki aztertzen ditu Morenak Fin du monde et petits fours: les ultra-riches face à la crise climatique ("Munduaren bukaera eta ‘petits fours’-ak: ultra-aberatsak krisi klimatikoaren parean"). Bere tesia osatzeko, ondoko bi osagaiak xeheki ikertu ditu: beraien inbertsioak eta trantsizioaren aldeko inplikazioa.
"Daukaten aberastasunaren ikaragarrizko heinak gaitu ultra-aberatsak eta herritar xumeok elkarrengandik bereizten. Baina dirua ez dute bururdiaren azpian gordetzen, proiektu klimatizidetan inbertitzen dabiltza". Zifra bakar bat horren erakusleiho gisa: inbertsioen eragina kontuan hartuz, urtean 2,4 milioi tona CO2 ondorioztatzen du ultra-aberats batek –ohiko herritar baten finantza inbertsioek, ordea, 10,7 tona CO2–. Greenpeace eta Oxfam gobernuz kanpoko erakundeek iazko udan plazaraturiko datuak dira, Frantziako 63 bilioidunek nagusiki inbertituriko enpresen karbono-aztarnari begiratu eta proportzionalki dagokiona bideratuz bakoitzari. "Beraien aktibo-zorroari –erran nahi baitu inbertsioei– begiratzerakoan gara ohartzen daukaten benetako klima eraginaz", Morenaren hitzetan.
2000. urteaz geroztik, klase kontzientziatik "klase kontzientzia klimatikora" salto egin dute ultra-aberatsek: "Konbinatzen dira, batetik, erregai fosiletan oinarrituriko kapitalismoaren eraginen kontzientzia eta beraz ondorio negatiboak ttipitzeko gisan horren erreformatzeko beharra –beti ere irabaziak lortuz–, eta bestetik, aldaketa klimatikoa beraien klase interesentzat eta boterearentzat mehatxu izanaren kontzientzia altua. Horiei gehitu behar zaie finantza merkatuko mekanismoak eta ‘tekno-soluzioak’ [teknologia berrietan oinarrituriko aterabideak] bideratuz etekinak lortu ditzaketenaren kontzientzia", politologoaren arabera. Dakitelako "zaurgarri" ere badirela, bai klima aldaketaren parean baita trantsizio politikoen aurrean ere.
Hortik dator klima eta trantsizio ekologikoaren politiketan kokatzeko estrategia –Morenak dioenaz, luxuzko bunkerrak eraikitzea gauza bat da, baina ultra-aberats gehienek argi dute gehiago dutela irabazteko COP gailurren gisako hitzorduetan egonez–. Ondokoa dute helburu: eztabaida komeni zaien zentzura bideratzea eta erabaki politikoetan eragitea, beraien klasearentzako okerrena litzatekeena saihesteko gisan eta beti ere, aberasteko gosea asetzeko. "Jet-set klimatikoak" izendatzen ditu klimatologo britainiar Kevin Andersonek, beraien jet-set pribatua erabiliz dabiltzalako klimari buruzko gailur batetik bestera.
"kapitalismo berdearen" beharra, aberats segitzeko
"Kapitalismo berdea" dute aterabidetzat eta etengabean dabiltza horren aldeko mezua predikatzen. Morenak argi utzi nahi du ultra-aberats ezagunak icebergaren punta baizik ez direla eta erabat estrukturatuta dagoela beraien estrategia: aditu, lobby talde, gobernuz kanpoko erakunde, think-tanks gogoeta laboratorio, NBEko burokrata, goi-funtzionario, zientzialari zein komunikatzaile, guztien artean lortzen dute "kapitalismo berdea" soluzio gisa saltzen. Diskurtsoa xeheki landua dute eta honen azterketa argia topatu dezakegu Fin du monde et petits fours liburuan. Nola ez, irakurketa ultra-liberala dute: estatuek ezingo diote aurre egin erronka klimatikoari, finantzaren eta enpresa pribatuen bidetik dator soluzioa. Urtez urte, COP gailurrez gailur doa uste hori errotzen. Pentsa, Abu Dhabi National Oil Company petrolio konpainiako zuzendari Sultan Al Jaber izanen da azaroan iraganen den COP28 gailurraren presidentea! Zein da beraz estatuen betebeharra? "Energia nazionalizatzeko politikekin edo garraio publikoa bermatzeko inbertsio masiboekin zuzenean esku hartu beharrean, inbertsio-funtsen eta trantsizioaren aldeko enpresen zerbitzura jarri behar dira gobernuak. Hori horrela, etekinak izanez gero eragile pribatuentzat dira, eta galerak badaude, Estatuarentzat, hots, herritarrentzat". Antolaketa hori martxan dela dio liburuaren egileak, eta adibidetzat dauka Europako Itun Berdea.
2009an Kopenhagen egindako COP15ean sentitu zen sukalde lanaren emaitza: "Epe luzera bi graduko beroketa ez gainditzearen helburua garaipen gisa ikusi zuten eliteek: karbono isurketa apalaren aldeko trantsizioaren beharra zekarren, eta inbertsio ikuspegitik, kapitalismo berdearen bidea segurtatua zitzaien". Helburu lauso hori betetzeko betebehar ala aldaketarik ez zitzaien behartu estatuei. Orduz geroztik, gutxi ala asko, horretan gara. Paraleloki, finantza merkatuan salerosi daitekeen balore gisa kokatzen dute karbonoa ultra-aberatsek, eta ingurune naturaletan inbertituz CO2 isurketak konpentsatzeko aukera soluzio gisa zabaltzen dabiltza –nahiz eta nahiko argi geratzen ari den karbono-merkatuak ez dakarrela behar genukeen isurketen gutxitzea–. Hots, oinarrian duten helburua beterik dute: trantsizioa deitzen zaion horrekin aberasten segitzen dute.
Morenak ondokoa dio Marianne komunikabideari eskainitako elkarrizketan: "Ultra-aberatsek eragozten dute ekologiari buruzko eztabaida", kapitalismo berdea "soluzio bakar" gisa kokatzea lortuz. Klase gisa antolaturiko estrategia hori kontuan harturik, are beharrezkoagoa zaigu "aldaketa klimatikoaz" hitz egin beharrean "justizia klimatikoaz" hitz egitea. Klase-borroka ere badelako klima larrialdiarena.
Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.