Genero indarkerian eta zuzenbide penalean aditua eta kriminologoa da Carla Vall abokatua (Vilanova i la Geltrú, Katalunia, 1989). Trencar en cas d’emergència. Manual per a víctimes i supervivents de violències masclistes (Larrialdi kasuan, hautsi. Indarkeria matxisten biktimentzako eta bizirik atera direnentzako eskuliburua) liburua idatzi zuen iaz, zenbait erakunde publikoko aholkularia da eta Aina Troncoso Reverter psikologoarekin batera, Zinema Katalanaren Akademiaren Erasoen Kontrako Sailaren koordinatzailea da.
Egin dezagun zarata mediatikotik ihesi. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Konpromiso politikoa zuen familia batean jaio nintzenez, giza eskubideen aldarrikapenak zeharkatu nau ttikitatik. Amaldeko amatxiarekin hazi nintzen eta bera errepublikar ezkertiar irmoa zen: harekin bizi izan nuen lehendabiziko nozio feminista. Oroitzen naiz, 5 urte nituenean erraten zidala nik lan egin behar nuela borrokatu ezin zutenen eskubideak bermatzeko, eta nolabait, orduan garatu nuen justiziarekiko konpromisoa.
Gero Zuzenbidea ikasi zenuen, baina, oker ez banago, ikasketak uzteko puntuan egon zinen. Zer gertatu zen?
Gaztetxoa nintzenean ezker independentistan militatu nuen lehendabizi, borroka feministan, eta Zuzenbidea ikasten hasi nintzenean, bigarren ikasturtean, ikasketak uztea pentsatu nuen. Zuzenbidearen adar batzuk ez zitzaizkidan batere interesatzen. Gizarte Hezkuntza ikastea pentsatu nuen, baina zorionez ez nuen egin… [Irriak].
Zergatik erabaki zenuen jarraitzea?
Helburua argi nuelako. Nik abokatua izan nahi nuen, bai edo bai, eta nolabait ulertu nuen gustuko ez nuen hori –gehienbat zuzenbide administratiboari lotutako ikasgaiak– seguruenik ez nuela beharko. Izan ere, zuzenbidearen ahalmenetako bat da, ulertu behar den sistema bat den arren, ez duzula zertan adar guztietan jardun.
Indarkeria matxisten kontra espezializatu zinen gero. Nolatan?
Zuzenbidea ikasten ari nintzela indarkeria sufritu nuen neure azalean. Oroitzen naiz ikastaro bat egin nuela Indarkeria matxistak, diziplina anitzeko ikuspegia izenekoa. Han ginela, nire lagunetako batek buelta eman zuen eta erran zidan, “hau da zuri gertatu zaizuna”. Nik ere argi ikusi nuen. Irakasgai hura eman zuen irakaslea aurrerago nire psikologoa izan zen, eta hasieratik eskatu nion, mesedez, sendaketa premium bat behar nuela, nik horretan lan egin nahi nuelako. Argi eta garbi ikusi nuen.
"Isilik geratzea aukera zaharkituegia da, gure aurreko belaunaldiek hartu duten estrategia"
Zergatik ikusi zenuen hain argi?
Neure azalean bizi nuenean, ez nekien nora jo. Ttikiak garenetik erraten digute emakume ona izateko nola jokatu behar dugun eta, aldiz, inork ez gaitu prestatzen halako zerbait pasatzen zaigunerako. Are gehiago, pasatu zitzaidanaz ezin nuen solastu, herrian solastuz gero, estigma gainean izanen nuelako betirako. Baina nik argi nuen nire esperientzia azaleratu gabe ez nuela osatzeko aukerarik izanen. Isilik geratzea aukera zaharkituegia da, gure aurreko belaunaldiek hartu duten estrategia, eta guk ikusi dugu isiltasunaren estrategia alferrikakoa izan dela.
Gauzak aldatzen ari dira. Zenbateraino da garrantzitsua indarkeria bistaraztea?
Nik neure zauria azaldu nuen, isilduz gero iruzurgile sentitzen nintzelako. Bateraezina iruditzen zitzaidan indarkeriak pairatzen zituzten emakumeekin lana egitea, neronek bizi izan nuela aitortu gabe. Eta, garai hartan, 2009an, bizipen anitz azaleratzen hasi ziren arren, indarkeria matxistatik bizirik atera ziren emakumeen esperientziak guti ziren. Ezin hobeki azaltzen du Nerea Barjolak: sufritzen dugun indarkeria lehengoratu dezakegu eta edonor atera daiteke bertatik, estigmarik eragin gabe. Emakumeok indarkeria bizi eta bizirik atera bagara, mezu hori lau haizetara zabaltzea garrantzitsua da. Komunikabideek zauriaz egiten duten alegoriak kezkatzen nau. Nire ustez deseraiki behar den zeozer da.
Zer erran nahi duzu?
Indarkeria orok mina dakar, baina mina momenturik ahulenean erakusteak ez dakit zenbateraino laguntzen duen. Badakit orbana erakustea ez dela hain erakargarria, baina agian hori da erakutsi beharko genukeena…
Komunikabideek erronka bat dute sexu indarkeriari dagokionez?
Zalantzarik gabe, batez ere ez dugulako ikusi kazetaritzan Me too-rik. Auzien kontakizun hain sentsazionalista egiten da, sarri, ogibidearen baitan gertatzen denaz solastea ekiditeko. Tranpa perfektua da. Eta larriena da hainbat hedabidek delituak egin izan dituztela: biktimaren datuak edo irudiak filtratuta argitaratu, esaterako. Hori orain Zigor Kodean argi eta garbi babestuta dago, Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Espainiako Lege Organikoari esker.
Pairatutako indarkeria bistaraztearen garrantzia agerian utzi du Isabel Coixet zuzendariaren El sostre groc (Sabai horia) dokumentalak, Lleidako Aula del Teatre-ko sexu erasoen auziari buruzkoak. Zeuk ere parte hartu duzu, dokumentalean eta defentsan.
Ikaragarri polita izaten ari da. Duela aste gutti, Lleidako Udalaren salaketa idazten ari nintzenean, konturatu nintzen hori poesia juridikoa zela. Seguruenik, egin dudan gauzarik politenetako bat da. Anitz ikasi dut eta ikaragarria da ikustea nola Aula del Teatretik igaro ziren hainbat belaunalditako biktimen isiltasuna bukatu den. Ez hori bakarrik, orain dokumentala sarean ikusgai dagoenez, indarkeria matxistari biziraun zioten emakume anitz azaleratzen ari dira.
Filma egiteak testigantza gehiago agertzea eragin du. Zer gertatuko da orain, auzia irekiko da?
Badirudi baietz, Ara egunkarian Albert Llimós eta Núria Juanico kazetariek argitara eman zuten lanari esker, urte anitzetako isiltasuna estalgabetzea lortu dute. Eta Isabel Coixetek egin duen dokumentalaren bitartez, filmean parte hartu duten biktima gehiagori deitu diete mossoek, deklaratzera joateko. Fiskaltzak gertatukoaren berri du eta espero dugu espediente honekin salaketa jarri eta prozesu judiziala abiatzea.
Egunotan sexu indarkeriaren inguruko eztabaida pil-pilean dago. Twitterren aipatu zenuen eztabaida kasu konkretuetatik haratago doala eta akusazioek sarri topo egiten duzuela arazo batekin: ez duzuela bakarrik gertatutakoa frogatu behar, baizik eta aspaldiko begirada matxista ezabatzeko erronka ere baduzuela.
Arazoa da aspaldiko abokatuen belaunaldiak uste duela euren presentziarekin soilik, eta orain arte erabili diren argudioak erabiliz, gazteagoak garen abokatuon belaunaldiok bere garaian bezala jokatuko dugula. Baina aldaketa gertatu da eta kode erabat desberdinak erabiltzen ditugu. Talka horretan ezin dugu elkarrizketarik izan eta guk bistako abantaila dugu. Euren mundua bukatzen ari da…
Horren adibidea da abenduaren 30ean Bartzelonako Sutton diskotekan Dani Alvesek ustez bortxatu zuen neskaren salaketa. Bere defentsa biktimaren salaketa zalantzan jartzean oinarritu da, irudietan ez omen delako ageri gaizki zegoenik. Zer deritzozu?
Cristoval Martell abokatuak [Dani Alvesen defentsa] bertze belaunaldi batekoa den eta agortzen ari den estrategia hartu du: biktimaren jarrera zalantzan jartzen saiatzen ari dira, saiheste portaera irakurtzen dute deus gertatzen ari ez balitz bezala. Baina badakigu beldurra duelako jokatzen duela horrela biktimak. Eta horrek ez du erran nahi gertatzen ari dena onartzen duenik, testuinguru horretan nork onartuko luke indarkeria? Diskoteka bateko komun batean, ezagutzen ez duzun tipo batekin… Era berean, irakurketa hori onespenaren begirada maskulinotik egiten da beti, eurak –gizonezkoak– liluragarriak izango balira bezala, eta guk –emakumeak– euren desiraren aurrean amore ematea bertzerik ez bagenu bezala…
Ezin dugu bukatu ‘Soilik baietz da baietz’ legeari buruz solastu gabe. Zer deritzozu?
Azpimarratu nahi dut ni ez naizela Podemos-etik gertu sentitzen, ez ditut sekula bozkatu eta eurekin dudan sinpatia apurra murrizten da esatera lege hori guztiontzat onuragarria dela. Bitxia da, zeren atal penala legearen zati ttiki bat bertzerik ez baita eta, aldiz, horretan oinarritzen ari da eztabaida guztia. Paradigma aldaketa bat dakar: batetik, lege organikoa eta integrala den heinean begirada zabaltzen duelako; eta bestetik, afera penaletik haratago doala kontuan hartuta, biktimei zuzendutako hainbat zerbitzu martxan jartzen dituelako.
"Emakumeok sufritzen dugun indarkeria lehengoratu dezakegu eta edonor atera daiteke bertatik, estigmarik eragin gabe"
Publikoki ez duzu iritzirik eman. Ulertzen duzu legeak eragin duen iskanbila?
Ez dut iritzirik eman, ez dudalako zarata gehiago gehitu nahi, baina larria iruditzen zait hainbat politikarik duten jarrera lau botoren truke. Argi dago hainbat talde parlamentariok ez dutela legea irakurri. Nik ez dut inoiz lotsarik izan errateko ezker independentistaren [CUP] parte izan naizela, baina egun hauetan lotsa ikaragarria sentitu dut euren posizionamenduarekin. Lege hau ezin da kritikatu punitibista izateagatik, eta hala egiten dutenek gaitasun hauetakoren bat falta dute: edo ez dute legea irakurri, edo ez dute ulertu. Ez dago bertzerik.
Zergatik?
Erraten dutenak ez duelako zentzurik eta faltsukeriak bakarrik defendatzen dituztelako, politikoki desberdintzeko helburuz. Eta zarata hori elikatzen duten bitartean, bulego honetan biktimen hamarnaka dei jasotzen ditugu, eurekin zer gertatzen den galdetzeko. Min ikaragarria eragiten ari dira.
Legearen aldaketak auzi guti batzuetan eragin duen zigor murrizketarekin hasi zen dena.
Gauza bat da teknika legegileari buruz juristok izan dezakegun eztabaida, baina, zintzoki, ez dut uste hainbat alderdi politikok nahikoa ezagutza dutenik honen inguruan iritzia emateko. Nik anitzetan zalantzak ditut, ez baikara bakarrik sexu indarkeriaz ari, baizik Zigor Zuzenbidearen organo osoaz. Larria da eta uste dut arriskua dagoela jendea politikatik urruntzeko. Niri behintzat gertatu zait: argi dut zein den nire lubakia, juridikoa, eta honek politikatik urrundu nau, erabat.
Pilar Llop Justizia ministroak erran zuen indarkeria frogatzea erraza dela.
Tamalgarria da, batez ere kontutan hartuta bera magistratua dela eta aski ongi dakiela indarkeria edo intimidazioa frogatzea oso zaila dela. Argi dago minaren merkantilizazio ikaragarria egiten ari direla. Eta, hein batean, hori gertatzen ari da Berdintasun Ministerioko emakumeak hondoratu nahi dituztelako. Horregatik, bereziki kezkatzen nau ikusteak hainbat alderdi ezkertiar ere erantzun erreakzionario horretan parte hartzen ari direla, eta merkantilizazio hori elikatzen.
Alderdi ezkertiarrak eta feminismoa. Nola bizi duzu legeak areagotu duen feminismoaren guda hori?
Miseria intelektualetik, egia erran. Lege hau ez bazaie antipunitibista iruditzen da emakumeei eskatzen dietelako salaketarik ez jartzea. Nik jakin nahiko nuke zergatik ez duten antipunitibismoaren alde egiten bertze eremu batzuetan, adibidez, polizia batek manifestazio batean arauz kanpo jotzen duenean, edo nagusiak lanetik botatzen dituenean legez kontra. Orduan ere ez dut salatu behar? Kritika honek sasi-aurrerakoi kiratsa du. Berriz diot, okerrena da eztabaida bukaezin horretan dauden bitartean, sexu indarkeria sufritzen dutenek ez dietela haiei deituko, baizik eta guri: ospitalean emakume bat larri dagoelako, bera erailtzen saiatu ondotik. Kritikatzen ari direnak errealitate horretatik nahiko urrun daude, eta ankerra da euren jokabidea.
Zigorren murrizketak kezkatzen zaitu?
Sinbolikoki materialki baino gehiago kezkatzen nau. Niri kezkatzen nau biktimen %92k ez duela salatzen, kopuru handi horrek agerian uzten baitu erasotzaileen gehiengo handia ez dela sekula justizia sistematik pasako. Hori bai iruditzen zait kezkagarria. Eta bada deigarria den bertze kontu bat: lege honekin kezkatuen daude tradizionalki emakumeen eskubideak zaindu ez dituzten pertsona anitz. Zigorren murrizketen kontrako diskurtsoa lau haizetara zabaldu dute argi eta garbi matxistak diren hainbat abokatuk. Noski, zigorren murrizketek ikaragarriak izaten jarraitzen dute, ez lege honen harira, baizik berez; errekurtsoen bitartez sarri zortzi urteko zigor bat bi urtera murrizten da. Orain eskuartean ditut Espainiako Auzitegi Goreneko hainbat auzi. Eta nire ustez arazoa agian hori da, indarkeria betikotzen duten pertsonen zigorrak gaizki neurtzen ditugula. Oraindik ere batek baino gehiagok uste baitu, sistema judizialean eta gizartean, sexu indarkeria kontaktu fisiko hutsa dela, lesiorik uzten ez duena.
Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]
Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.
1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.
Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]
Bi akusatuek espetxe zigorra berreikusteko eskatu ostean, Felix Taberna presidenteorde lehenak adierazi du ez dagoela zigorra murrizteko baldintza juridikorik: "Zigorrak dauden bezala mantentzeko adinako larritasuna du delituak". Defentsaren abokatuak salatu du bi... [+]
Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.
Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.