“Ez dugu irla bat izan nahi”

  • Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen bizirik eusten diote iraultza bolibartarraren grinari, eta, egoeraren zailtasunak ezkutatu gabe, kementsu mintzatu zaigu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

 

Angel Prado Padua. Paujisal, Venezuela, 1981

Angel Prado borrokalari soziala Portuguesa estatuko mendietan jaio zen, nekazaritzari emandako familia xume batean. Gazterik hasi zen bere komunitatearen antolakuntzan eta lan politikoan parte hartzen. 2009az geroztik El Maizal komuna sozialistaren sorkuntzan eta garapenean dihardu, eta 2021eko azaroan Simón Planas udalerriko alkate hautatu zuten.

Venezuelako eremu menditsu batean jaio zinen 1981ean. Azalduko zeniguke nondik zatozen?
Hasteko, eskerrik asko elkarrizketagatik. Angel Prado Padua naiz, Venezuelako Errepublikako Bolibartarreko herritarra, El Maizaleko komunako kidea. Herrialdearen erdi-mendebaldean gaude, eta landa-eremu bat gara. Gure eremuan, aurreko belaunaldiak asko borrokatu ziren lurrak ken ez ziezazkieten, baina azkenean laugarren errepublikako gobernuek eta sistema neoliberalak lurrik onenak lapurtu zizkion gure jendeari, lur zelaiak alegia, eta monopolio handiei eman. Hala, gure familiek mendietara egin zuten, eta han geratzea erabaki zuten. Hori da gure jatorria. Hortik gatoz. Landako jendea gara, eta nahiz eta politikoki ez genuen informazio handirik teoriei buruz eta, nire familia ezkerreko ideiekin lotuta egon da beti. Kontzientzia bat izan dugu eta hainbat urtez itxaropena bizirik mantendu da. Gure senideek torturak jasan zituzten lurrak ez galtzeko borrokagatik, eta horrek eragin handia izan zuen hurrengo belaunaldietan. Niri amak kontatu zizkidan istorio horiek denak.

Borrokalari sozial gisa egin duzun ibilbidearen lehen mugarria: auzo elkarte bat sortu zenuten jaioterrian.
1992tik aurrera, Venezuelako komunitate askotan, jendeak sentitzen zuen aldaketa politikoak izango zirela herrialdean, eraldaketa politiko handiak, eta herritarrek beharra zuten parte hartzeko, politikan parte hartzeko eta gazteak ere horretara lotzeko. Komunitateko adineko batek, oso maitea, auzokideen elkarte bat sortzeko aukera aipatu zigun, eta ni proposatu ninduen lehendakari gisa.

1997an izan zen hori. Gaztetxoa zinen.
17 urte eskas nituen, eta ez nekien zer egingo nuen zeregin horretan. Baina nire hautagaitzak irabazi zuen, eta komunitateko kide horri errespetu handia zion jendeak. Beraz, gauzak antolatzen hasi ginen komunitatearentzat: eskolak, osasun-zentroak, nekazaritza kredituak… Chávez komandantea ez zegoen boterean oraindik, eta garai horretan instituzioekin jarduten hasi ginen, nola sartu eta kudeatu ikasten. Egiaz ez genuen ezer lortu, baina komunitateak bazuen antolakunde bat hari emana, eta komunitateko kideen aitortza zuena.

Eskola moduko bat izan zen gerora hasi duzuen biderako?
Gerora abiatu dugun eta gaur egun zeregin zehatzetan gauzkan bide horren ataria izan zen. Politikaren munduan hasteko modu bat izan zen, batez ere lan soziala egiten hasi ginen, arazoei heltzen eta ardurak hartzen, komunitateen arazo puntualei erantzuteko. Ez genuen ezagutzen klase-borrokari buruzko ezer, ez behintzat teorikoki; praktikan, berriz, bagenekien oligarkia venezuelarrak gure familiari lurrak lapurtu zizkiola, gaizki tratatu zuela, eta gure jendeak zioen Venezuelan zerbait garrantzitsua gertatu behar zela, altxamendu bat. Ez zuten iraultza aipatzen orduan, altxamendua baizik, lapurtu zigutena berreskuratzeko.

Argazkia: Dani Blanco
"Eredu horrek arrakasta izango du konfiantza eragiten duen neurrian, jendeak bere egiten duen neurrian eta jende asko antolatzen den neurrian, erakusten baldin badugu herriak ahal duela, herri pobreak ahal duela, antola daitekeela, eta boterea izan dezakeela"
 

Handik gutxira iritsi zen Hugo Chávez agintera. 1999an izan zen. Nola oroitzen duzu garai hori?  
Garai hartan asko hitz egiten zen lidergoari buruz, Chávez komandantearen lidergoari buruz batetik, baina baita tokiko lidergoei eta gidaritzei buruz ere. Modu bat aurkitu behar genuen lidergo hori hartzeko, politika parte-hartzailearen eta ez ordezkaritzazko politikaren bidetik. Ikusi genuen auzo elkartea jada ez zela tresna bideragarri bat komunitatearen politika egiteko. Ez genekien Chávezek kontseilu komunalen eta komunen bidea proposatuko zuenik antolaketa-modu gisa, baina Chávezen kanpainarekin Konstituzioa aldatu zen eta horrek prozesu bat ekarri zuen marko juridikoa aldatzeko eta herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartu ahal izateko. Horrek motibazioa piztu zuen oinarrietako lidergo horretan eta gazteongan ere bai. Gazteok hasita geunden ordurako politikan parte hartzen, eta horretan segitu genuen, gure gurasoek Hugo Chávez onartu baitzuten nahiz eta militar bat izan eta militarrek kalte handiak eragin dituzten Latinoamerikan.

Zure ustez zeri zor zaio konfiantza hori? Zer ekarri zizuen Chávezek?  
Militarra izan arren Chávez patriota gisa hartu genuen. Chávezek historia ekarri zigun, gure historia, aldarrikapenei buruz hitz egin zigun, esan zigun petrolioa denona zela eta bagenuela eskubidea aberastasun nazionalera iristeko hobekuntza eta aldarrikapen sozialen bidez. Chávez komandantearen mezu horren bidez, jende askok errotik aldatu zuen eskuineko alderdiei botoa emateko ohitura edo identitate hori. Eta jendeak botoa eman zuen ez bakarrik Chávez presidentearen alde, baizik eta Venezuelako Errepublikako Konstituzioa aldatzeko promesaren alde, eta uste dut garai horretan hori asko zela, hasiera on bat finkatu zen eta konfiantza sortu zen. Chávezek ez zuen bilatu berak bezala pentsatzen zuen jendea, ez zen etorri Karl Marxekin —nahiz eta, ondoren asko aurreratu dugun marxismoan eta halako teorietan—, ez. Chávez Simon Bolibarrekin etorri zen, herriaren duintasunaz eta eskubideez hitz egin zuen. Eta horrek jende asko konkistatu zuen. Itxaropen handia eman zigun, batez ere gazteei.

Zein zen gazteen egoera orduan?
Gure belaunaldian jende gutxik lortu zuen batxilergoa egitea. Bizitza gogorra zen oso. Landa-eremutik hirira migratzea bultzatu zen. Landa-eremuak hartu nahi zituzten, hiria jendez bete, eta lana lortzea zaila izan zedila hirian, esku-lan merkearen eraginez.

Herrialde Katalanetan eta Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zara azken egunetan. Zer moduz?
Bidaia hau oso garrantzitsua da. Uste dut lehenago egin behar genuela. Venezuelako dinamikaren eta errealitatearen poderioz, beharrei eta kontraesanei erantzuten dihardugu buru-belarri, eta batzuetan akats bat egiten dugu: tokiko mailan geratzen gara eta ez dugu osotasuna ikusten. Garrantzitsua da informazioaren berri izatea eta nazioarteko kontestuan kokatzea: batetik, daukagun hori gehiago baloratzeko; bestetik, daukagun hori defendatzeko moduak aurkitzeko. Zentzu horretan, beharrezkoa da Venezuelan egiten ari garena kontatzea. Zergatik ez da erori iraultza? Sozialismoa lurraldetik eraikitzen tematu garelako. Oso utopikoa. Gaur egun, Venezuelako komunitate batzuetan beste modu bateko harreman sozialak eraikitzen ari gara, printzipio iraultzaileei helduta, horren fruituak jasotzen ari gara, eta oinarri sozial handi-handi batek eutsi dio proiektu horri; proiektua ez da indar militarraren mendekoa izango, ezta gobernu baten mendekoa ere. Beharbada ez da guztiz herriaren esku egongo, baina lotsagabekeriari eusten diogun bitartean eta aldi berean ekintza bateratuak antolatzen baditugu, uste dut aterako garela gaur egun Venezuela dagoen egoeratik, eta esperientzia eta ahalegin hori zabaldu egin behar ditugu.

Argazkia: Dani Blanco

"Proiektua ez da indar militarraren mendekoa izango, ezta gobernu baten mendekoa ere. Beharbada ez da guztiz herriaren esku egongo, baina lotsagabekeriari eusten diogun bitartean eta aldi berean ekintza bateratuak antolatzen baditugu, uste dut aterako garela gaur egun Venezuela dagoen egoeratik"
 

Komunikabide askotan bestelako irudi bat ematen da komunen eta zuen borroken inguruan.
Venezuelako burgesiak hiru etsai handi aurkezten ditu munduaren aurrean, deabruaren pare jartzen ditu, munduari sinetsarazi nahi dio Venezuela herri gaiztoa dela, chavismo herritarra gaiztoa dela eta Chávez, Nicolas Maduro eta komunak direla gure herrialdeak daukan gauzarik txarrena, haien ondorioz dagoela herrialdea halako egoeran orain. Hori aintzat hartuta oso garrantzitsua da nola hartu gaituzten hemen, nolako errespetua eta aitortza erakutsi dituzten gure borrokekiko, eta elkartruke hori, informazioa trukatzea oso inportantea da.

Hangoa jakinarazteko, eta hemengoa ezagutzeko ere bai?
Erabat. Venezuelan, luzaroan, hemengo borroken aurkako kanpaina bat egin da, herri eta erakunde terrorista gisa aurkeztu zaituztete, eta horren harira beharrezkoa da herrien artean hurbiltzea. Elkartasuna eta internazionalismoa printzipio gisa, baina oso modu praktikoan, bakoitzak bere errealitatetik eta ahalmenetik, borondate handiz, gure herriak gertura daitezen. Herri gisa inperialismoaren aurka borrokatzen gara, eta arazo eta xede komunak ditugu, eta oso garrantzitsua da guk bizi izan dugun egoera guztia, batez ere komunetan erabakita gaudelako politikoki haztera eta aurrera egitera ekonomia komunalean, inperialismoaren aurka. Inperialismoak ez du barkatuko, eta borroka horretan nazioarteko elkartasuna behar dugu.

Nola ikusi duzu hemengo egoera?
Ba ikusi dugu nola antolatzen zareten, nola joaten zareten beste herrialde batzuetara, Palestinara adibidez, nola saiatzen zareten errealitatea ulertzen eta zuen kontraesanak lantzen, baina borrokari eusten diozue. Zuek kapitalismoaren zentroan zaudete. Latinoamerikan oso gertu daukagu Osaba Sam, baina beste baldintza batzuk daude azkarrago iristeko boterera eta kontrola eskuratzera, gure independentzia defendatzeko eta demokrazia komunitario eta osoko espazioak sortzeko, eta hala bizitza bermatzeko. Bidaia hau eskola baten modukoa izan da, egin behar zen. Hemengoari buruz gauzak kontatu zizkiguten lehendik, gu ikustera etorri izan zarete, eta hemendik aurrera ere trukean segituko dugu. Zuek lagun gaitzakezue, eta guk ere ekarpenak egin ditzakegu handik.

2009an sortu zenuten El Maizal komuna, eta martxan segitzen duzue 13 urte geroago. Urtea hasi berritan, eta azken hamarkadako esperientziaren eskarmentuarekin, zein dira zuen erronkak?
Gaur egun erronka handiak ditugu Venezuelan; esate baterako, mundu komunalean, komunak ezin du utzi instituzio burgesaren logika errepika dadin, hau da, ustelkeria komunez jabetu dadin. Beste erronka bat, gure eredua ez dadila murriztu halako lurralde batean gertatzen den gauza interesgarri batera, ez dadila hor amaitu, ez gaitezela izan irla bat, ez gaitezela izan lurralde bateko azken ameslariak: oraindik ere chavismoaren erlikia bati eusten dioten azken ameslariak. Eraiki nahi dugun eredu bat da. Eta eredu horrek arrakasta izango du konfiantza eragiten duen neurrian, jendeak bere egiten duen neurrian eta jende asko antolatzen den neurrian, erakusten baldin badugu herriak ahal duela, herri pobreak ahal duela, antola daitekeela, eta boterea izan dezakeela. Hori argi eta garbi ulertu dugu El Maizalen.

"Chávez Simon Bolibarrekin etorri zen, herriaren duintasunaz eta eskubideez hitz egin zuen. Eta horrek jende asko konkistatu zuen. Itxaropen handia eman zigun, batez ere gazteei"

Herrialdeko beste komuna batzuekin ere elkartu zarete Unión Comunera mugimendua sortzeko.
2018tik aurrera elkartruke oparoa izan dugu herrialdeko beste komuna batzuekin. Kontraesan handiei aurre egin behar izan genien garai hartan, baita gure gobernuari zegokionez ere. Komunatik kanpora ateratzea erabaki genuen, autoisolatzeari utzi genion, eta gu bezala pentsatzen ari zen jendearekin bildu ginen, bakarrik sentitzen zena eta ekinean segitzen zuena.

 

Argazkia: Dani Blanco

Urte hori giltzarri izan zen?
Bazirudien guztiaren amaiera zela: blokeoak, egoera ekonomikoa, monetaren debaluazioa, herrialdearen dolarizazioa…Amesten segitzen genuen bakarrak ginela uste genuen, eta, hala baldin bazen, pentsatzen genuen amaitu egingo zela, borroka bukatuko zela. Beraz, oso garrantzitsua eta estrategikoa izan zen herrialdeko beste komuna batzuekin elkartzea: esperientziak eta ideiak trukatu genituen, konfiantza eraikitzen hasi ginen, elkarri bisitak egiteari ekin genion, eta, azkenean, lau urtez harremanak izan ostean, herrialdeko 66 komuna elkartu gara erakunde nazional bat osatzeko, xede argi batzuekin: borroka programa bat daukagu, herri-oinarri sendo batekin eraikia, eta estatutu batzuekin.

Gaur egun, komunen mugimendu nazionalak inoiz baino argiago sinesten du prozesua defendatu behar dela, gure antolakuntza eraikitzen segi behar dugula bakearen bidetik. Zoritxarrez, ikusi dugu inguruko herrialdeetan, Kolonbian, Brasilen, nola zanpatu nahi izan duten herriaren mugimendua. Venezuelan aukera eta baldintza handiak ditugu aurrera egiteko. Ez bagaituzte tristurak eta gabeziak harrapatzen —osasungintzako eta beste zerbitzuetako gabeziek adibidez—. Komuna ez da gobernuen edo ministroen ardura. Komuna sorkuntza heroikoa da, [José Carlos] Mariategik zioen moduan. Horrexetan ari gara. Komuna ez dago eraikita, prozesu bat da eta ekintza konkretuen bidez gauzatzen da. Utopia posible izango da baldin eta teoriak eta ametsak ekintza zehatz bilakatzen badira.

Elkarrizketa amaitu aurretik beste zerbait esan nahi zenuke?
Eskertuta gaude zuekin. Espero dugu zuen independentziaren alde borrokan segituko duzuela. Espero dut egunen batean herrialde honetara itzultzea eta geurearen jabe izan gaitezela, estatu zapaltzaileak ez dezala lapurretan segitu. Estatu horrek min handia egin zigun Latinoamerikan, aspalditik. Eta uste dut justua dela herriak altxatzea eta iraultza gauzatzea. Eskerrik asko.


ASTEKARIA
2023ko otsailaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Ane Ablanedo Larrion
#3
Arkaitz Zarraga Azumendi
#4
Haizea Isasa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Eskuin muturrarekin lotura duen alemaniar batek egin zuen Manheim hiriko auto harrapaketa, ez etorkin batek

Alemaniako Poliziak asteleheneko gertakariaren arrazoiak "politikoak" zirela baztertu duen arren, 35 urteko Alexander Scheuermann Ring Bund talde neonaziko kide zen. Bi hildako eta hamar zauritu utzi dituen atentatuaren egileak sare sozialetan "gorroto mezuak"... [+]


2025-03-06 | Mara Altuna Díaz
Mary Kim Laragan-Uranga, AEB-etako euskalduna eta AEK-ko ikaslea
“Euskara ikasten dut AEBetara emigratu zuten nire aitona-amonen ahalegina eta sustraiak ohoratzeko”

“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]


2025-03-05 | Axier Lopez
85

Gezurra badirudi ere, irudia ez dago Tolosako inauterietan eginda. Munduko herrialderik jendetsuenen artean, laugarrenean da, pasa den astean. Kameraz inguratuta, bi gizoni 80 eta 85 zigorrada eman dizkiote bizkarrean. Haien bekatua: gorputzaz elkarrekin gozatzea. Aceh... [+]


Tutankamon eta gero, Tutmosis II.a

Luxorren, Erregeen Haranetik gertu, hilobi garrantzitsu baten sarrera eta pasabide nagusia aurkitu zituzten 2022an. Orain, alabastrozko objektu batean  Tutmosis II.aren kartutxoa topatu dute (irudian). Horrek esan nahi du hilobi hori XVIII. dinastiako faraoiarena... [+]


Trumpek miresten badu...

AEB, 1900eko azaroaren 6a. William McKinley (1843-1901) bigarrenez aukeratu zuten AEBetako presidente. Berriki, Donald Trump ere bigarrenez presidente aukeratu ondoren, McKinleyrekiko miresmen garbia agertu du.

Horregatik, AEBetako mendirik altuenari ofizialki berriro... [+]


Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola

Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]


2025-03-05 | Karmelo Landa
Gure esku dagoena

Otzandu egin gara, katalanak eta euskaldunok, ekaitzaren ondoren. Saiatu ginen, bai; sendo ekin genion, eta gogor kolpatu gaituzte; ezin izan genien gure helburu zuzen, ezinbesteko, sakratuei eutsi. Eta porrotaren mingostasuna dastatu dugu, eta bigundu egin gara irabazleen... [+]


Amaia Portugal. Entzule pribilegiatuaren berriemaile
“Bruselan kazetariak oso ohituta daude hizkuntza asko entzuten, ez diote euskarari arretarik ematen”

Urtea baino gehiago da Olatz Simonek –EITBko berriemailea Parisen, garaian–, orrialde hauetan bertan ohartarazi zigunetik Bruselak kazetariari lanbideaz erakusten dionaz. Eta halaxe joan gatzaizkio galdezka Amaia Portugali. Bruselan gure irrati publikoak duen... [+]


Polizia infiltratu batek bi urte igaro ditu Kataluniako Palestinaren aldeko mugimenduetan

Directa hedabidearen ikerketa batek ondorioztatu du 2018. eta 2020. urteen artean murgildu zela Kataluniako Palestinaren aldeko eta ezker independentistaren mugimenduetan, "Belén Hammad" izenaren pean. Nortasun agiri faltsu batekin Kataluniako Gobernuak... [+]


Europak armagintzara 800.000 milioi euro bideratzea proposatu du Von der Leyenek

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatu plana aurkeztu du, kontinentea "erresilientea eta segurua" bihurtzea xede duena. Bost zati ditu planak, eta estatu kideek 150.000 milioi euro jasoko dituzte mailegutan. Arau fiskalak moldatuko... [+]


Autogintza industriari CO2 isuriengatik aurreikusitako isunak atzeratuko dizkio Europako Batzordeak

2021etik 2025era isuriak %15ean murriztu behar zituen industriak. Ursula Von Der Leyenek automobilgintzaren sektorearen eskutik ekintza plan bat aurkeztuko du martxoaren 5ean. Oraindik erabakia hartua ez badago ere, Europar Batasunak sektorearen eskaerak onartuko dituela diote... [+]


2025-03-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bagram, guraria eta arrandia nahikoa ez direnean

Trump/Vance eta Zelenskyren arteko sesio gogoangarriak, Europan behintzat, erabat isilarazi badu ere, bada beste mundu-parte batean bederen dezenteko harrabotsa harrotu duen burutazioa. Afganistango Bagrameko aire-basea berreskuratu nahiko luke Trumpek, bere lehen... [+]


Ukrainarentzako laguntza militarra geldiarazi du Trumpek, Zelenskik bakea “xede” duela erakutsi arte

Etxe Zurian edukitako liskarraren ostean, eskainitako laguntza "konponbide batera bideratuta" dagoela ziurtatu nahi du Trumpek. Zelenskiren arabera, Kievek bizirauteko aukera gutxi izango lituzke AEBen laguntza militarrik gabe.


Eguneraketa berriak daude