“Haurrek antzematen badute bilatzen dugula ondorio jakin batera iristea, benetan pentsatzen dutena gordeko dute agian”

  • Zergatik ez landu eskolan elkarrizketa filosofikoa txikitatik, pentsatzen ikasteko, ideietan sakontzeko, edukiak kritikoki aztertzeko? Gogoetatzen nola i(ra)kasten den, galdera onak zeintzuk diren, iritzi “desegokien” aurrean zer egin… galdetu diogu Miren Camison filosofoari. Elkarrizketa filosofikoak gidatzeko abiapuntua ere eman digu: guk geuk ditugun aurreiritzi eta dogmak gainetik kentzea, “geure burua berrikusten dugularik garbiago egongo garelako haur eta gazteekin filosofia jorratzeko”.

Miren Camisonek utzitako argazkiak.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Miren Camison Mexikon bizi da, baina Filosofia Faktoriaren bidez tailer eta ikastaroak ematen ditu Euskal Herrian, online. Arizmendi kooperatibarekin elkarlanean, 8-10 urteko haurrei zuzendutako Kio eta Gus eleberri filosofikoa eta berau lantzeko irakasleentzako gidaliburua (Munduaren aurrean harritzen) euskaratuko dituzte, eta aitzakia horrekin egin diogu elkarrizketa.

Zein ezberdintasun dago haurrentzako eta helduentzako filosofiaren artean?
Haur filosofia kokatu behar dugu lehenik: praktika filosofikoaren adar bat da. Urtetan teoria (akademia) eta praktika filosofikoa bereizita egon dira, eta duela 40 bat urtetik praktika filosofikoaren baitan ugaritzen joan dira tailer filosofikoak, kafe filosofikoak, aholkularitza filosofikoa (psikologora joan ordez norbera autoezagutzeko prozesua egin dezakegu filosofo baten kontsultan) eta baita haur filosofia ere. Gaur egun, oro har hobesten dugu praktika eta teoria bereiziko ez dituen kultura filosofikoa, dualismo faltsua delako, gizaki guztiok baitugu dimentsio filosofikoa, kontzienteago edo inkontzienteago, denok dugu mundu ikuskera bat, eta haurrak garenetik landu daiteke dimentsio hori, txikitatik espazioak sor daitezke hori lantzeko. Zein ezberdintasun dagoen haur eta helduen arteko filosofia praktikan? Bizi-esperientzia: helduok esperientzia gehiago dugu, batzuetan baita aurreiritzi eta ideia dogmatiko gehiago ere –ez baditugu horiek berrikusi–, eta haurrak freskoago daude. Praktika filosofikoa egiteko baliabideak eta metodologiak adinaren arabera –edo zehatzago, garapen fasearen ezaugarrietara– egokitzen dira, baina funtsa ez da aldatzen.

Eta zein ezberdintasun dago haurrekin gaiak klase magistral baten bidez, proiektuen bidez… edo filosofikoki lantzearen artean?
Eskolan nagusiki hiru eredu izan ditugu: eredu transmisionista (irakasleak azaltzen duena jasotzen du ikasleak), eredu konstruktibista (ikerketa proiektuak, taldeka lan egitea… ikasitakoari zentzua bilatu diezaion ikasleak), eta orain hirugarren eredu bat daukagu praktika filosofiko edo dialogikoari lotuta, gelan pentsatzen ikasteko. Inportantea da lantzen diren edukiekin kritikoak izatea, eta ez norbere kabuz, taldean baizik, elkarrizketaren bidez. Nire esperientzia da eredu trasnmisionistarekin nekatuta bukatu nuela gaztetan; orain pentsatzen dut haurrek behar dutela eredu guztien arteko oreka eta armonia bat, baina helduok ez dugula asmatu horretan. Klase magistral batek janzten zaituen moduan, inportantea da edukien inguruan pentsatzeko eta elkarrizketarako espazioak izatea, doktrinamenduan ez erortzeko. Hezkuntza politikak mutur batetik bestera doaz sarri, eta begirada partzialak dira; ni ez naiz moda zalea: inportantea da edukiak memorizatzea, eta inportantea da eduki horiek modu kritikoan berrikustea.

"Gidariak ez du iritzirik ematen, galderen bidez azaleratzen ditu iluntasunean dauden beste ikuspegi batzuk, desmuntatzen ditu ideiak, edo sakontzen du horietan"

Pentsatzen eta gogoetatzen ere ikasten da, beraz.
Bai, gure barne-dimentsio bat da gogoeta egitea, txikitatik arrazoitzen dugu, baina haurrak direnetik horretarako espazio egokiak eman behar dizkiegu, muskulu hori lantzeko.

Muskulu hori lantzeko modua galderak dira?
Galderak dira elkarrizketa filosofikoaren zati bat, bestea erantzunak dira. Eta bai, galderak oso garrantzitsuak dira ideiei aurka egiten dieten heinean, ideiak problematizatzen dituzten heinean. Ideia batek oso sinplea irudi lezake, baina erresistentzia proba bat egiten badiogu, errefutazioaren bidez, galdera ziztagarrien bidez… sakonago pentsatzera eramango gaitu, ikuspegi ezberdinak azaleratzera, erantzun bakarra bilatu gabe. Eta bide interesgarria da, eredu transmisionistak erantzun bakarrera eraman ohi gaituelako.

Lanketa kognitiboarekin lotu ohi dugu filosofia. Trebezia emozional eta sozialek ba al dute lekurik?
Alde batetik arrazoia eta bestetik emozioak planteatu izan dira, baina badakigu gizaki integralak garela: pentsatzen dugunak emozionalitate bat darama. Matthew Lipman filosofoak dio pentsamenduak hiru dimentsio dituela: pentsamendu kritikoa, pentsamendu sortzailea eta pentsamendu ardurati edo arretatsua, alegia pentsamendu etikoa, enpatikoa, norbere eta besteen zaintza kontuan hartzen dituena… eta nik laugarren dimentsio bat nabarmenduko nuke: barnekotasuna, norbere burua hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako elkarrizketa filosofikoak. Ez dugu bilatzen terapia egitea, baina batzuetan efektu terapeutikoa du, barnean gauza asko ukitzen dituelako.

"Lipmanek Vietnamgo gerra bizi izan zuen eta zera pentsatu zuen: ikastetxeetan txikitatik hasten bagara elkarrizketaren kultura bat sortzen, filosofiatik, heldutan ez dira halakoetara iritsiko"

Etika, orduan, filosofiaren parte da?
Bai, elkarrizketa filosofikoak berez balio etiko batzuk aplikatzen ditu praktikan: besteak dioenarekiko apaltasuna eta errespetua, elkarrizketan parte hartzeko ausardia baina sobera ez hitz egitea, parte-hartzaileen arteko elkarlana… Elkarrizketa kooperatiboa da, ezagutza denon arteko gogoetekin eraikitzen goazelako, baina horrek ez du esan nahi ideia ezberdinak eta desakordioak ez daudenik, ideiak problematizatu behar ez direnik.

Matthew Lipman dago Kio eta Gus eleberri filosofikoaren atzean.
3 urteetatik 18ra lantzeko curriculum zabala sortu zuten Lipmanek eta Ann M. Sharp-ek 1980-90eko hamarkadetan, AEBetan, eta gaur egun gero eta material filosofiko gehiago dugun arren, esango nuke jatorri horretako material zorrotzena eta sakonena dela.
    Lipmanek Vietnamgo gerra bizi izan zuen eta zera pentsatu zuen: ikastetxeetan txikitatik hasten bagara elkarrizketaren kultura bat sortzen, filosofiatik (alegia, ez arrazoia landuz bakarrik, etika eta zaintza horrekin batera doan argudiaketan baizik), helduak direnean gerra egoera batera iritsi aurretik jakingo dute gatazkei beste era batera aurre egiten. Hori izan zuen bulkada, filosofiak jorratzen dituen gaiei heltzeko: egia eta gezurra, bizitza eta heriotza, justizia, estetika, identitatea… Horietan sakontzeko, eleberri filosofikoak sortu zituen, adinari edo garapen faseari egokituak; eleberrietako protagonistak haurrak dira, euren bizipenak eta solasaldiak jasotzen dira, eta amu asko ipintzen ditu Lipmanek, haur eta gazteen artean gogoeta sustatzeko. Horrez gain, eleberriak behar bezala lantzeko irakasleentzako gida-liburuak atera zituen, eta darabilen metodologiaren bihotza da elkarrizketa filosofikoa: galderak eta erantzunak nola egin. Zeren hori funtsezkoa da, baina niri, adibidez, Filosofia ikasi nuenean teoria baino ez zidaten irakatsi.

"Irakasle batek filosofia landu zuen Haur Hezkuntzan eta umeak Lehen Hezkuntzara pasa zirenean, irakasle berriak esan zion ezin zuela klaserik eman, haurrek galdera asko egiten zizkiotela"

Eta zein dira ba haurrekin filosofia gidatzeko gakoak? Galdera onak ardatz omen dira, baina zer da galdera onak egitea?
Galdera eta erantzun, biek behar dute zorroztasuna: galdera onak egitea askotan da besteak esan duena galdera baten bidez errefutatzea, edota lortzea besteak barruan duen ezagutza hori kanpora ateratzea. Haur eta gazteen gorputzetan ere arreta handia jarri behar dugu, batzuetan askoz gehiago komunikatzen dugulako gorputzaren bidez, hitzez baino. Berdin alde emozionalarekin, zergatik sumintzen gaitu ideia batek? Gidariak ez du iritzirik ematen, galderen bidez azaleratzen ditu iluntasunean dauden beste ikuspegi batzuk, desmuntatzen ditu ideiak, edo horietan sakontzen du ikusteko nora garamatzaten… Nik sentitzen dut inoiz ez nagoela sobera formatuta, beti nagoela ikasten; elkarrizketa filosofikoa bideratzea ez baita teknika bat, arte bat da.

Elkarrizketa gidatzen duenak ez du iritzirik ematen, diozu. Zer egin, ume baten iritzia oso desegokia iruditzen bazaigu?
Aurreko erantzunean aipaturikoak ditugu lanabes, eta horien bidez kontraesanak agerian utzi daitezke, edo planteamenduak absurdoraino eraman: ideia bat muturreraino eramanez gero, zein ondorio dakartza? Eta gako interesgarri bat hartu behar da kontuan: ez gaude bakarrik, taldean ari gara eta taldeak indar ikaragarria dauka, baita autoerregulatzeko garaian ere: besteak benetan entzuten ari naizen elkarrizketa batean, irekita nago besteen ideiak niregana iristeko, nire ideia eta kontzeptuetara itxita egon ordez. Helduengan itxitasun hori ohikoagoa da, haurrak irekiago egon ohi dira, ez dira hain dogmatikoak.

Kontrako norabidea hartuko dut orduan: agian helduon dogma eta aurreiritzien arabera da iritzi oso desegokia, haur horrek bota duena.
Hori da, zeinentzat da astakeria haur horrek esan duena? Zein betaurrekorekin diogu astakeria dela? Horregatik da hain inportantea geure burua aztertzea eta berraztertzea; ezin dugu errealitatea ezagutu, ez baditugu geure burua, geure mugak eta sinesmenak ezagutzen. Kontsulta filosofikoan esaterako hori lantzen dugu, geure burua berrikusten dugularik garbiago egongo garelako haur eta gazteekin filosofia jorratzeko.

"Ez dugu bilatzen terapia egitea, baina batzuetan efektu terapeutikoa du, barnean gauza asko ukitzen dituelako"

Haurrek benetan pentsatzen dutena esaten dute ala helduok entzun nahi duguna?
Irakurri egiten gaituzte. Irakurtzen badute espektatiba batekin goazela, haiengandik bilatzen duguna dela ondorio jakin batera iristea, beharbada gordeko dute pentsatzen dutena, baina ikusten dutenean zerbaiten inguruan elkarrekin pentsatzeko baino ez nagoela, bestelakoa da emaitza. Nire esperientziaren arabera, 7 urtera arteko haurrekin gurasoak egon daitezke saioan, baina 8-9 urtetik aurrera ez, eta galdetzen didate gurasoei kontatuko al diedan saioan hitz egiten duguna; konfiantza eta konfidentzialtasuna bermatzen dugunean, zintzo eta garbi jokatzen dugunean, aukera handiagoak daude taldea askatasunez aritzeko.

Haurrekin egindako praktika filosofiko saioetatik zer nabarmenduko zenuke?
Saio bakar batek ez du hazi handirik uzten; ikusten dut talde bat transformatzen doala prozesu bat dagoenean, gai batzuekin eta besteekin metodologia hau aplikatzen denbora bat daramatenean. Zenbat eta txikiagoak izan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako hasierako urteetan, beraien esperientziarekin lotu ohi dute elkarrizketa filosofikoa; gero abstrakziora jotzen dute eta gaztaroan abstrakzioa eta kritikotasuna maila gorenean egon ohi dira. Gazteekin filosofia saio bat egitea bonba bat da, klase magistralekin itota beren barne dimentsio hori irteteko garrasika ari delako. Haur Hezkuntzan gorputza, emozioak… ere lantzen dira, baina adinean gora egin ahala, orduan eta kognitiboago bihurtzen da dena, areagotu egiten da desoreka.
    Haur Hezkuntzako irakasle batek kontatu zidan ikasleekin filosofia landu zuela, eta umeak Lehen Hezkuntzara pasa zirenean, irakasle berria etorri zitzaiola esanez ezin zuela klaserik eman, haurrek galdera asko egiten zizkiotela. Haur Hezkuntzako irakasleak haziak landatu zituen eta hazi horiek beren bidea egingo dute, baina halakoek segida baldin badute, haziak prozesu transformatzaile bihurtzen dira, lehen aipatu moduan. Hainbatetan, Haur eta Lehen Hezkuntzan elkarrizketa filosofikoa praktikatu duten taldeak gidatzea egokitu zait (Euskal Herrian ez dut halakorik ezagutu) eta antzematen zaie, bai elkarrizketan gainerakoekiko duten errespetuan, bai ideiak lantzeko duten gaitasunean: ohituta daude galderak egiten, kritikoak izaten…

Baina helduok ez al dugu tranpa egiten? Iritzi kritikoa eta propioa duten haur eta gazteak nahi ditugula diogu, baina ez zaigu gustatzen guk dioguna zalantzan jartzen dutenean, etxean nahiz eskolan.
Eta kontraesanean dago ikasgai batean elkarrizketa filosofikoa sustatzea eta bestean kritikotasunik eza. Lipmanek zioen, eskola batean txikitatik praktika filosofikoa bultzatuko bada, aldiro bilduko den irakasleen arteko elkarrizketa komunitate bat sortu beharko litzateke, denak norabide berean eta modu koherentean aritzeko ikasleekin. Hori da ideala, baina errealitatean erronka asko ditugu oraindik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Zer esan nahi dute ‘begiratu’, ‘ulertu’ eta ‘pertsona’ hitzek?

Ez da akaso harrotasun seinale nire aurrean dauden pertsonak pertsona izango ez balira bezala begiratzea? Bai, noski baietz. Baina nola espero dugu bestela besteak ulertzea? Ulertu, behatu, begiratu. Besteak ulertu nahi izateak, ez du jarrera harro hau eskatzen? Ni pertsona... [+]


Sara Torres. Potentzia eta desira
“Desirak ez du berezko objekturik: polimorfoa da, eta desbideratzera jotzen du”

Poesia-irakurraldi bat, jendaurreko elkarrizketa bat eta sei orduko tailer bat eskaini zituen orain bi aste Sara Torres idazle eta pentsalariak Gasteizko Artiumen, Trama programaren barruan. Ondoren, eskuzabal eta gertuko hitz egin zidan bere lanari buruz, igande arratsalde... [+]


Zergatik lotsatu?

Lotsa ahitzen ari ote zaigu? Horixe da egungo hainbat autoreren diagnostikoa. Ez da existitzen, jada, lotsarazi ahal gaituen begiradarik? Bestelakoa zen Jean-Paul Sartrek, 1943an, lotsaren inguruan deskribatutakoa: sarrailaren beste aldean, begia giltzaren zirrikituan itsatsita,... [+]


Bizitzaren legeak

Etorkizun laburrekoak kezkatuago gaude etorkizunarekin etorkizun luzekoak baino. Bizitzaren CCCLXIX. legea da. Aho-korapiloa ematen du, bizitzaren legeak, ordea, ez ditut nik idazten, bizitzak berak baizik.

Lege horrek, taxuzko lege guztien antzera, salbuespenak baditu, baina... [+]


Den-dena eros ote daiteke?

Egun, lagunak erosteko aplikazio asko daude: AlquiFriend eta Ameego dira ezagunenak, eta, antza, oso ondo funtzionatzen dute, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako hiri handietan. 600.000 erabiltzaile inguru dituzte. 120 dolar norbaiti ordaindu, eta ordu pare batez zurekin... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
“Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei”

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
“Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz”

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


“Gaza bonbardatzen ari den pilotu israeldarra da Eichmann”

Palestinarrek pilotu israeldar bat bahitu, epaitu eta urkatuko balute, ez litzateke gauza bera?”. Halako eta bestelako galderei erantzun nahian, Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen liburua abiapuntu izanda, mahaiaren bueltan elkartu ditugu bi filosofo eta politologo bat,... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Ezin gara adi egon?

Zure arreta harrapatu nahiko nuke, irakurle; artikulua dastatzeko gogoa piztu. Ezinezko helburua? Egun, irakurketaren bidez norbaiten arreta harrapatzea gero eta zailagoa omen da. Irakurtzea ez omen dator bat egungo estimulazioaren intentsitate eta abiadurarekin; ez omen du bat... [+]


Eguneraketa berriak daude