Horma biziak zentsura eta ahanzturaren gainetik

  • “Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai komunen inguruko aldarrikapen eta kritika zuzenak, garaian garaiko errealitatea aldatu nahiaren isla. Xabier Peñalver arkeologo eta idazleak ondu eta Euskal Memoria fundazioak argitaratu duen hamahirugarren lan monografikoak ekarpen baliotsua egin du Euskal Herrian zentsurak eta utzikeriak eraman duten ondare aldarrikatzaile hori “berreskuratzen” eta balioan jartzen. Egun ere, hormek hitz egiten baitute.

1981, Bilboko Zorrotza auzoa. Xabier Peñalver

Xabier Peñalverrek hamarkadak daramatza ondarearen defentsan murgilduta, baina beti ikerketarekin lotuta. Izan ere, bere ustez ondarea kontserbatzen ez bada, ez dago ikerketarik, ezta ezagutzarik ere. “Are gehiago hain oldarkorra den eta hainbeste suntsitzen duen gizarte honetan”. Peñalver ezaguna da arkeologian eta, azken bi hamarkadetan, batez ere Debako Praileaitzen defentsan nabarmendu da. Balio handiko kobazulo eta aztarnategi horiek mehatxupean ditu Amenabar enpresaren harrobi batek.

Praileaitzen, arbasoen objektu eta informazio ugaria egoteaz gain, duela 18.000 urte baino gehiago egindako margo batzuek apaintzen dituzte paretak. Ordutik asko aldatu gara, baina gizakiak pentsamenduak eta kezkak komunitatearekin partekatzeko behar bera izaten jarraitzen du. Eta horretarako, lehen bezalaxe jendea elkartzen den tokia da lekurik onena: espazio publikoa, izan orduko leizeetako paretak ala egungo herriko plazako izkina bateko horma. Adierazteko nahia gugan dago, baina, tamalez, baita gustuko ez duguna ezabarazteko grina ere. “Muralak etorkizunean induskatu ezingo den ondarea dira, ez dira inongo artxibotan bilduko, zentsuragatik gehienetan eta denboraren poderioz besteetan, desagertzen direlako”. Hori da Xabier Peñalver Euskal Herriko horma biziak liburua egitera bultzatu duen motibazioa. 1981etik bere argazki-kamerekin dokumentatu dituen 4.000 bat horma-irudietatik 1.000 jaso ditu liburuan, Maite Marañon maketatzailearekin elkarlanean. Grin horrek eraman du Euskal Herri osoan barrena ibiltzera azken lau hamarkadetan, hormarik horma argazkiak eginez, garaian garaiko aldarrikapenak islatzen dituen ondare anonimo hori jaso asmoz.

1999, Ondarroa. Xabier Peñalver
1981, Deba. Xabier Peñalver.
1998, Oiartzun. Xabier Peñalver

Muralak beti izan ditugu gure artean. Paisaiaren parte izan badira ere, Peñalverrek argi dio oso jende gutxiri bururatzen zitzaiola horiek dokumentatzea, argazki bat egitea. “Orain, pentsatu nahi dut, mural bat egiten denean, argazki batzuk egingo dizkiola inguruko jendeak, eta akaso turistaren batek ere bai, baina lehen ez zen horrela. Kamera ez zen poltsikoan eramaten, eta, aldean izanik ere, prentsako argazkilariek kasu, ez zituzten muralak jasotzen. Orain argazki asko egiten da, baina egin ahala ezabatu egiten da. Ez dakit hortik zenbat geratuko den etorkizunean”.

Liburuaren hitzaurrean, Eugenio Etxebeste Anttonek dio bat-bateko adierazpen kritikoa nabarmen apaldu dela. Baieztapen gordin hori ez da harritzekoa gure espazio publikoari begira jartzen bagara. Kalean jabetza pribatuak ugaldu dira, zaintza-kamerez, polizienak zein pribatuak, josita daude bazterrak eta “hau edo beste egitea debekatuta” dagoela dioten seinaleek apaintzen dituzte plazak. Peñalverrek giro politikoarekin lotu du: “Batzuek gatazka eta beste batzuek borroka deitzen dutenaren erritmoak aldatu dira, orain ez gaude konfrontazio-garai batean eta hori kalean islatzen da. Baina, hala ere, beste gai batzuk azaleratzen ari dira”.

2000. Xabier Peñalver
1987, Irlandako estiloan Otxandion egindako mural bat, Guardia Zibilak tiroz hil zuen Luzia Urigoitia Ajuria ‘Lutxi’ ETAko kidearen omenez. Xabier Peñalver
1994, Errenteria. Xabier Peñalver

Eskuak eta begiradak aldatuta ere, hormak bizirik
Gizartea etengabe aldatzen da eta aldarrikapenak ere bai. Lehen hormek NATOren edo Lemoizko zentral nuklearraren aurkako edota amnistiaren aldeko mezuak jasotzen zituzten. Lehen bigarren mailan zeuden borrokek kalean leku gehiago hartu dute orain. Feminismoa horren isla ona da, Peñalverren arabera. “Emakumearen borroka, gainera, salbuespen bakarrenetakoa da, nahikoa errespetatzen delako. Boterearentzat zailagoa da haien mezuak zentsuratzea, eta hori, jakina, ez da kasualitatea, feministek egindako lan eta borroka eskergaren ondorio da”. 1936ko gerra eta oroimen historikoa ere azpimarratu ditu Peñalverrek: “Lehen Guernicak bakarrik margotzen ziren, besterik ez, baina azken urteotan memoria historikoari lotutako gauza asko eta askotarikoak margotu dira. Muralen gaiak gizartearekin batera aldatzen dira, nahiz eta gai batzuek, lau hamarkada geroago ere, presente jarraitzen duten, hala nola preso politikoak eta tortura”.

2006, Bilbo. Xabier Peñalver.
2021, Etxarri Aranaz. Xabier Peñalver
2012, Zilbetiko basoa meatzaritza proiektu baten mehatxupean zela, Monte Alduide koordinatzailearen ekimenez egindako murala. Xabier Peñalver

Street Art Cities plataformak urtero munduko muralik onenak aukeratzen ditu. 2022ko hautagaien artean Euskal Herrian egindako hiru horma-irudi hautatu dituzte eta horietako batek, Ondarroan Lian muralgileak egindakoak, hirugarren saria eraman berri du. Begi bistakoa da muralen kantitatea jaitsi dela, baina kalitatean asko irabazi dela dio Peñalverrek. “Gaur egun mural izugarriak daude, artista profesionalak muralen mundura sartu dira. Adibidez, Lianek gauza harrigarriak egiten ditu, Leitzako Guardia Zibilaren kuartela zen eraikinean edo Bilbo Zaharrean margotu dituenak kasu. Errekaleorreko etxeetan egindakoak, Irlandako estiloan, ikusgarriak dira. Gasteizen bertan, Martxoaren 3ko grebalariak hil zituzten lekutik gertu, San Frantzisko elizaren alboko eraikin bateko fatxadan egindakoa ere hunkigarria da. Gaur egun artistikoki oso mural onak egiten dira”.

Duela 30 edo 40 urte, auzoetan, marrazten eta margotzen ez zekien jendeak kalera atera eta murala egiten zuen. Tokian tokiko eskaerak eta kezkak gizarteratzea zen helburua, alde artistikoa gorabehera. 1981eko Sestaoko mural baten modukoak ziren, “eskola onak orain” zioen arratoiz inguratutako eskola zahar baten marrazki sinplearen alboan. “Mural horiek garrantzi handia zuten, nahiz eta artistikoki apalak izan. Jendearengan eragina zuten, ez alde artistikoagatik, mezuagatik baizik, hori baita muralen alderik garrantzitsuena”. Horien artean badira, jakina, askoren memorian iltzatuta geratu diren batzuk, horietako asko Euskal Herriaren historiako une zehatz eta oso gogorrei lotutakoak. Zentzu horretan, Peñalverrek gogoan ditu Joseba Arregi torturatuta hil ondoren egindako muralak. “Oso ondo iruditzen zaizkit orain leku batzuk edertzeko egiten diren muralak, ordaindupeko artistenak, baina horiek beste kontu bat dira. Alde estetikoa eta aldarrikatzailea lotuta egon daitezke, baina horma-irudien funtzioa ez da estetika hutsa”. Horregatik liburuan fokua jarri du muralen izaera erreibindikatzailean, eta ez soilik ikuspegi artistikoan.

2021, Errekaleor. Xabier Peñalver.
2017, Leitzako Atekabeltz gaztetxean Lianek egindako murala, Guardia Zibilaren kuartela izandako eraikinean. Xabier Peñalver
2017, Boloniako Blu artista ezagunak Errekaleor auzo autogestionatuan margotu dituen muraletako bat. Kauldi Iriondo
2018, Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskiaren oroimenez, Zaramaga auzoan, Javier Hérnandez Landazabal margolariak zuzenduta. Xabier Peñalver

17 gaitan antolatuta, mota guztietako muralak ageri dira liburuan, edukia, estiloa, kalitate artistikoa, formatua eta kokapen aldetik. Baina gehien-gehienek ezaugarri bera dute: argazkietan baino ez dira existitzen. “Euskal Herria ez da Irlanda bezalakoa, han, egin kontu, muralak zaharberritzeko taldeak ere badituzte, eta horma-irudiak erakargarri turistiko eta oroimen historikorako tresna bihurtu dituzte. Hemen, ordea, ez da ia ezer geratzen, berriak baino ez dauzkagu, orain margotzen ari direnak. Zorionez kalean margotzen jarraitzen da, eta gainera oso gauza indartsuak. Baina aurreko guztia desagertu da”. Eta, jakina, zentsura da arrazoi nagusia.

Zeinek ezartzen ditu adierazpen askatasunaren mugak?
Gosea baino zaharragoa da galdera. Erantzun zailekoa, eta gainera, garaien arabera aldatzen dena, nagusiki herritarren mugimenduaren eta boterearen arteko indar harremanen arabera. Naomi Kleinek No logo: Taking Aim at the Brand Bullies liburu ezagunean azpimarratu zuenez, herritarren kale-adierazpena kriminalizatzen dutenean herri eta hirietako bizitzetan benetan publikoa dena kriminalizatzen ari dira. Izan ere, espazio publikoaren erabilera kontrolatu nahi dutenek, kalean egindako mural eta adierazpen grafiko oro jazartzen duten horiek beraiek, ez dute era berean jokatzen helburua denean beren gustuko mezua zabaltzea edo toki publikoak publizitate-euskarri bihurtzea.

Peñalverrek onartzen du gai korapilatsua dela, baina “kalea guztiona bada, ardura-postua dutenek bermatu behar dute kalea guztiona izaten jarraitzea. Eta bai, politikoki zuzenak ez diren gauza batzuk ager daitezke, gatazka sortu eta ezabatu ala ez ebatzi beharrekoak. Baina gehiengoa ez da hori. Erabakitzeko eskubideari, emakumeen eskubideei, Korrikari buruzko horma-irudiak… Oinarrizko aldarriak ezabarazten dituzte, alkateak esan duelako hemen ez dela ezer pintatzen, bere hitzak gainerakoenak baino gehiago balio duelakoan, berak besteek baino boto gehiago lortu dituelako hauteskundeetan. Ez du zentzurik, eta gainera, uste dut jende gutxik defendatzen duela jarrera setatsu hori”.

Zer da zikin eta zer garbi? Erantzun gaitza duen beste galdera bat, kontraesanak sortzen dituena, eta sarri, jarrera oso bitxiak. Joan den hamarkadan UPNren agindupeko Iruñean gertatutakoaz gogoratu da Peñalver. “Udala ez zen gai jendeak kalean jartzen zituen kartel guztiak kentzeko eta orduan kartelak margotzea erabaki zuen, pintura grisez zikintzea. Hala, afixa gehien jartzen ziren zonaldeetan udaleko petatxu grisez beteta geratzen ziren hormak. Edonola ere, udalak jarraitu zuen esaten kartelak zikinak zirela. Horrelako jarrerekin, nola ez geratu zur eta lur?”

2018, M8ko grebaren harira Zumaiako mugimendu feministako kide batzuei Mozal Legea ezarri ziotela-eta, Kalea Guztiona Dak egindako murala. Bittor Bengoa.

Mezu jakin batzuk kaletik egotzi nahi dituenak bere esku dituen bitarteko guztiak erabili ohi ditu. Aspaldiko kontua da zentsurarena, baina, argi dago, azken bi hamarkadetan, sen kontrolatzaile hori areagotu eta zabaldu dela. “Okerrera joan da egoera, bai. Gaur egun, badirudi kalean zerbait margotzea bera aldarrikapena dela bere horretan”. Horregatik, 2016 eta 2019 artean Zumaian gertatutakoa "ikusgarria" dela esan du Peñalverrek, Kalea Guztiona Daren ekina gogoan. “Herriko jendeak alde zaharreko horma txiki batean murala margotzen zuen bakoitzean, udal gobernuak pintura marroiarekin ezabatzen zuen sistematikoki. Jendeak berriro beste mural ezberdin bat margotu, eta udalak atzera ere hurrengo goizalderako ezabatzen zuen. Eta horrela, 98 mural pintatu eta zentsuratu zituzten arte. Askotariko gaiak ziren, hala nola euskararen defentsa, La Manadaren kasuaren salaketa, pertsonaia literarioak, Guernica bat… Hango jendearen kemena goraipatzekoa da. Ordu gutxiren buruan haien lana ezabatua izango zela jakinda ere, muralak margotzeari ez zioten utzi hiru urtez, kalean eta egun argiz, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko asmoz”.

98 mural margotu eta Udalak ezabatu ondoren, zentsura garaitu izana ospatzeko festa egin zuten 2019an Zumaiako Kalea Guztiona Dako kideek eta “adierazpen askatasunaren txokoa” berrizendatu zuten Alde Zaharreko etxarte hori.  Bittor Bengoa

Zumaiakoaz gain, Peñalverrek beste kasu bat azpimarratu du zentsuraren zentzugabekeriaren ikono gisa: Alejandro Tapiak 1985ean Usurbilen egindako murala. Etxe bateko fatxadan egindako horma-irudia da. Pertsona anonimo batzuk azaltzen dira, hainbat aldarrikapenekin eta ikurrina batekin, Herri Batasuna dioen pankarta baten atzean. 2009an, Patxi Lópezen gobernuaren aginduz, Ertzaintzak murala zentsuratu zuen, eta, horretarako Herri Batasuna esaldia eta jendearen aurpegiak estali zituen pintura grisez, zabar. “Pertsona horiek, komatxo artean, hil zituzten, ez zieten gorputza ezabatu, aurpegia kendu zieten, burua. Ikurrina ezabatzen ere saiatu ziren, baina norbaitek errieta egin zien esanez ea ikurrinak ere traba egiten ote zien”. Tapiak ez zuen horma-irudia lehengoratu nahi izan, eta, ordutik, modu baldarrean eta gorrotoz, zentsuratutako bertsioa dago horman ikusgai, plaka batekin lagunduta, muralaren zentzua eta haren aurkako zentsura azaltzen dituena.

Alejandro Tapiaren murala gaur egun. Usurbilgo udala.

“Mota horretako gauza asko gertatu dira eta gertatzen ari dira, eta bien bitartean mural eta pintada batzuk ehunka mila dolarretan saltzen dira arte-galerietan”, azpimarratu du Peñalverrek. Izan ere, “zentsurak, errepresioak bezala, ez du konplexurik, eta zentsoreek ez dute inoiz ikasten”. Horregatik, beharrezkoak dira Peñalverrek egiten duen inurri lanaren gisakoak. Behin margotutakoa gogoratzeko baino gehiago, guztioi gogorarazteko espazio publikoa aldarrikatzea dela modurik onena egun nagusi den bulkada debekuzale eta kontrolatzaileari aurre egiteko. Lehen bezala, orain ere, inorenak ez diren espazioak behar ditugulako, harremanetan jartzeko eta adierazteko. Areago saturazio mediatikoak bizi gaituen garaiotan.

1985, Alejandro Tapiaren murala bukatu berritan. Xabier Peñalver.

 


ASTEKARIA
2023ko otsailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaleko artea
Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Artista kolektiboen jaialdia Leioako kaleetan, maiatzaren 18tik 21era

Leioako XXIII. Umore Azoka ospatuko da datorren asteburuan. Arte eszenikoetako 43 konpainia eta 90 emanaldi izango dira ikusgai; tartean izango dira Euskal Herriko hamazazpi konpainia.


Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du

Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero hainbat artista gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak hamar urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatzeko.


Lian muralgilea
“Kamiñazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere”

Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.


2023-01-20 | ARGIA
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak

Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.


2022-10-14 | Iñaki Agirre
Dizebi artistaren “Kapital” lana ezabatu du Donostiako Udalak beste mural batekin

Igor Rezola Dizebi grafitigileak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren enkarguz egin zuen lana ezabatzea erabaki du Donostiako Udalak. "Kapitalismoa borrokatu" idatzi zuen Itsasondoko artistak, eta ondoren, "ismoa borrokatu" estali zuen horman... [+]


Ilargi argiaren itzala

Azaroko gau hotz hauetan Gasteizko kaleak ez ditu ilargiak argitu, Umbra argi festibaleko ikuskizunek baizik. Argi gutxiko egun labur hauetan argien artearen munduan barneratzeko aukera eman digu jaialdiak, izan ere, ikusleek esparru horretako azken adierazpen artistiko eta... [+]


2021-11-08 | Leire Regadas
Lian Monserrate, 'Murales Lian'
“Kapitalismoaren aurrean aktiboki eusten duen gotorleku bakanetakoa da grafitigintza”

Autodidakta, kritikoa eta batere konformista. Materiala erosteko dirurik eduki ez arren hori ez da inoiz arazo izan. Hiri grisen pareta zuriak dohainik dira eta erakusleiho paregabea mezuak zabaltzeko. Espraia eskuan, espazio publikoaz jabetzen da eta ezarritako estereotipoei... [+]


2021-08-27 | Goierriko Hitza
Lazkao Txiki inoiz baino presenteago Ordizian

Nexgraff grafitigileek amaitu dute Lazkao Txikiri eta euskarari eskainitako horma-irudia. Kolorez eta ikur sinbolikoz betetako muralak oihartzun handia izan du.


2.300 euroko isuna jarri dio Zornotzako Udalak Martz grafitigileari

Herrian grafitiak egiteagatik ezarri diote zigorra. Martzek adierazpen askatasunaren eraso gisa ikusten du gertatutakoa eta esan du ez duela isuna ordainduko. Hainbat artistaren babesa jaso du.


2021-05-21 | Ixone Arana
Donostiako Udalak kaleko artisten jarduna debekatu du Alde Zaharrean

Legediaren arabera, musikariek 75 metroko tartea izan beharko dute beraien artean, eta 20 metrokoa etxebizitzekiko. Beraz, artistak ezingo dira Donostiako Parte Zaharrean aritu.


Zatitutako herria osatzeko grafitiak

Hondakin arriskutsuen zabortegi bat eraikitzeko proiektuak zatitu zituen Fanzara herri txikiko biztanleak. Ezinikusiak eta etsaitasunak gainditu eta komunitatea osatzen ahalegintzeko sortu zuten Arte Urbanoaren Museo Bukatugabea (MIAU, gaztelaniazko siglekin). Herriko hormak eta... [+]


2021-02-11 | Rock Black Block
Mural zentsuratuaz, adierazpen askatasunaz

Aurreko astean ekitaldi bat antolatu genuen, Pablo Hasél kartzelaratzeko egoeraren aurrean. Adierazpen askatasuna erabiliz, ahal zen neurrian arreta deitzea zen asmoa, errepresio eta zentsura larri honen aurrean. Badirudi lortu dugula, ez hainbeste gure ekintzengatik,... [+]


Eguneraketa berriak daude