Izkiriatzea maite izan du beti eta, horrekin batera, batean eta bestean ikusiak nahi zituen kontatu, ondoan izan duen jendearen hitzak gizarteari eman. Etchebarneren zenbait berri eman zigun Jenofa Berhokoirigoinek ARGIAn 2017an, baina iaz Aldudetik Mundura publikatu zuelarik, eta izugarrikeriak irakurri genizkiola, ezin gordean utzi.
Herrian ikasi eta gero, Uztaritzen segitu zuen ikasten, Gurutzearen alabetan, serora misiolari joan aurretik, Okzitaniako Muret herriko La Motte komentura. Urte beltzak, Gabyrentzat. Argentinan zen 1961ean, kongregazioaren eskolan, adimen urriko ikasleekin. 1971n Laosera destinatu zuten, herrialdean gerla zela. 1975ean utzi zion serora izateari, eta Tolosan (Okzitania) bizitzen jarririk, langile- eta gizarte-borrokari lotu zitzaien. Hainbat libururen egile da, eta iaz publikatu zuen Aldudetik mundura (Maiatz), lan lazgarria.
Kontu ainitz eta historia diren istorio frango bildu dituzu Aldudetik Mundura liburuan. Batean ezti, bestean garratz. Zure garaian, dantzatzeko baimenik ez zenuten…
Aldudeko bestak ziren agorrilean, eta beti baziren pilota partidak, bazkariak eta afariak, eta han ginen gu, denetan… baina ez dantzan, Mariaren haurrak baikinen! Dantzatzeko baimenik ez genuen. Debekua zen, eta ainitz sufritzen genuen horretaz. Orduan, aitaren herrira joaten ginen, Bazkazanera. Han ez genuen dantza bat ere huts egiten! Baina inork ez gintuen ikusi behar! Egun batez, hala ere, gu dantzan Bazkazanen, eta Aldudeko emazte bat pasatu zen handik. Dantzan ikusi gintuen, eta gure bekatua kontatu zuen Alduden. Gure erretoreak jakin zuen, baina, beharrik, ez zuen kasurik egin, zeren erretorea bera ere ainitz sufritua baitzen, Alemanian preso egona kontzentrazio-esparru batean. Eta, horrela, segitu genuen Mariaren haurrak izaten eta dantzan, bietan!
Aldudeko erretorea Alemanian preso egon zela erran duzu. Zuk zeure begiz ikusi zenituen alemanak herrian. Baduzu istorio hor ere.
Gure aitak bazuen kamioneta ttipi bat, eta zenbait aldiz kontrabandoa eramaten zuen Baionara, edo handik Aldudera ekartzen zuen, eta gero Espainiara pasatzen. Alemanek kontrabandoa debekatua zuten, eta oroitzen naiz gau batez hamar bat gazte ere bazirela gure etxean, eta bazutela pakete bana, beste aldera pasatzeko. Ene ahizpa Andréek eta biok bagenuen gure egitekoa afera hartan. Bata joaten zen etxetik ehun metrora ezker aldera, eta bestea eskuinera, gau ilunean alemanik bazen ikusteko. Bazituzten larruzko bota azkar batzuk, eta urrunetik entzuten zen alemanak zirela. Eta, hola, entzun nuen bota haien arrabotsa! Lasterka itzuli nintzen etxera, errateko alemanak han zirela. Gazteek hartu karga eta joan ziren gure etxe gibeleko mendian gora. Baina orduan erauntsia hasi zuen, ihurtzuri eta tximista, eta ikusten genituen mutiko haiek mendian! “Galduak dira! Arrastatuko dituzte!”. Baina ez. Alemanak ere sartu ziren ostatu batean, eta ez zuten deus ikusi!
Jenofa Berhokoirigoinek zuri egindako elkarrizketan jakin genuen serora joan zinela.
Moja, bai. Maite nuen ene tribua, baina ez nuen nahi bizimodu hura, Aldudetik urrun nahi nuen, kultura berriak ezagutu. Hala ere, ez nion familiari minik egin nahi, eta, orduan, hautu bat egin nuen: komentura sartu nintzen. Eta denak kontent. Banekien zenbait urtez sufrituko nuela, baina azkenean ene nahia beteko nuela. Serora joateko egunean, 4:00etan utzi nuen etxea, Baigorriko autobusa hartzeko. Handik Baionara, eta gero Muret herriraino, Okzitanian, Tolosa ondoan. Ni autobusera sartu, eta aita-amak han, negarra begian, baitzekiten ez zutela alaba bizi honetan berriz ikusiko, zeren misiolari-kongregazio bat hautatu bainuen, eta Asiara edo Latinoamerikara joaten ginen, berriz inoiz ez itzultzeko!
Mureteko komentura sartu baino lehen, Uztaritzen izan zinen, pentsionista edo barneko ikasle.
Uztaritzen baziren Gurutzearen alabak deitu serorak, eta, egun batez, deliberatu zuten herri ttipi guzietan etxe baten galdegitea auzapezari, hiruzpalau serorarendako. Erretorea laguntzen zuten, meza prestatzen, katiximaren egiten… eta gure erizainak ere ziren. Kilometroak egiten zituzten baserrietara joateko, eguzki, elur edo euri egin! Jendeek maite zituzten, bai. Oroitzen naiz serora batez, euskalduna, ez zuen pasatzen egun bat Francoren kontra mintzatu gabe. Haren familiak gogotik sufritu zuen, eta bazituen anaia batzuk preso Espainian.
Uztaritzen zinen 1944an, kasik hamabi urte zenituela.
Aita-amek erran zidaten beka ukan nuela Uztaritzeko seroren eskolara joateko, laguntza handia izanen zela ene pentsioaren pagatzeko, eta joan nintzen. Eta zer bizi Uztaritzeko etxe handi hartan! Ez genuen elkarren artean mintzatzeko baimenik ere, salbu errekreazio denboran! Hilabete guziz dutxa bat hartzen genuen, gure bazkariak eta afariak ez ziren aberatsak, larunbata guziz superiora kolegiora jiten zen gure noten entzutera, eta ez baziren onak gaitzespenak botatzen zituen denen aitzinean. Ahalgetuak ginen! Horrela pasatu nituen han sei urte, arrunt eneatua, ene hiru ahizpekin batera. Eta ikusi ditut han gauza izugarriak!
Zer gauza, Gaby?
Gure eskolakoek garbitzen zuten arropa ibaian. Eta noiztenka, erraten genuen: “Pertsona bat erori da ibaira, eta hil da!”. Baina suizidioa zen! Ez nintzen orduan ohartu! Komentuan triste bizi ginen, serorek gaizto tratatzen gintuzten, ainitzek ez zuen jasaten, eta suizidatzen zen, bere burua ibaira botarik. Nik ez nekien suizidio zirela! Ene ahizpak erraten dit oraino: “Ez zinen ohartu suizidioak zirela?”. Eta ez, ez nintzen ohartu.
18 urte zenituela sartu zinen serora Mureteko komentura. Han ere bizia zinez gogorra zen, idatzia duzunez.
Arrats guziz, ene gelan sartu eta negar egiten nuen. Hotzak hilak egoten ginen, eta goseak! Nik komentuan ezagutu nuen gosea. Egun batez, aita ikustera jin zitzaidan, eta erran zidan: “Zer ari zara hemen, Gaby? Ez zira uros, txauri berriz etxera!”. Hamar kilo galduak nituen! Jaikitzen ginen goizeko seietan, ez genuen bisaia garbitzen ahal, zeren ura hormatua baitzen! Joaten ginen kaperara oren bat eta erdi, meza eta otoitzendako. Gero, askaltzen genuen kafesnea –garagar-ehotu xorta bat, egiaz–, eta esnea ere kremaz gabetua, zeren krema atxiki behar zen gonbidatuendako, eta txakurrarendako! Kontsolatzen nintzen, hala ere, pentsaturik bizimodu hura ere bukatuko zela eta munduko aberastasunak ezagutuko nituela!
Komentuan, alemanen istorio berriz ere.
Gure superiorak komentuan gorderik atxiki zituen juduak eta erresistentziako kideak. Egun batez, SSetakoak jin ziren jende haien bila. Gure superiorak sartzen ahal zirela erran zien, baina aintzin zerbait ikusi behar zutela. Eraman zituen haur ttipi batzuen ikustera: soldadu alemanen umeak ziren; amak, neska frantsesak! Superiorak hartu haur ttipi bat eta alemanen ofizialari eman zion, erranez: “Made in Germany!”. Soldaduak irriz hasi ziren, eta joan ziren. Nahasketa bitxi bat dugu denok, gaiztakeriaz eta onberatasunez, eta superiorak ere bazuen: ihesi zen jendea atxiki zuen komentuan, baina gurekin ez zen goxo.
Komentu barneko bizia gaiztoa zen arestian erran duzunez. Sexu-gehiegikeriak ere hor dira maiz.
Apezek-eta egin dutena izugarria da. Haurrekin, eta serorekin. Ainitz emazte eta haur ezagutu ditut, haiek kontatuta dakit. Emazteok ez dugu hitz bat erraten ahal. Serora nintzela ohartu nintzen: gizonei obeditu behar genien, apezen zerbitzari izan! Apezek egin dutena, erranen dizut: serora garaiko azken hiru urteetan superiora izan nintzen. Kongregazio barnean iraultza egin behar genuela pentsatu genuen, eta erran zidaten superiora nagusi izan behar nuela. Baldintza bat ezarri nuen, onartu zuten, eta baietz erran nuen.
“Txauri, txauri, jarri hemen!”, erran zidan apezpikuak. Jarri nintzen, eta ohartu nintzen ene ondora zetorrela, gero eta gehiago. Ene ondora heldu zelarik, erran nion: “Stop!”
Eta superiora izan zinen.
Eta urte batez munduko komunitate guzietara joan nintzen, superiora. Madagaskar, Hong Kong, India, Vietnam, Latinoamerika… Serorei erraten nien pobre bizi behar genuela, jendeak bezala lan egin, lan egitetik bizi. Toki batera joan, eta apezpikuarekin eta gisako jendearekin ere mintzatzen ginen. Egun batez, joan nintzen Hong Kongera, eta, han, apezpikuarekin mintzatu nintzen. Gela handi bat zen, eta bazuen kanape bat: “Txauri, txauri, jarri hemen!”, erran zidan. Jarri nintzen, eta ohartu nintzen ene ondora zetorrela, gero eta gehiago. Ene ondora heldu zelarik, erran nion: “Stop!”.
Eta?
Apezpikua arras gorritu zen. Ez zen besterik izan. Baina ezetz errateko indarra ez zuen serora gaztea, bortxatua zen! Apezpikuak bortxatua zitekeen! Erraten dute Lourdeseko apezpikuen artean, hamaikak gisako gauzak egin zituztela. Nik erraten dut hamaika baino ainitz gehiago direla. Ez dut frogarik, baina badakit apezek gauza itsusiak egin zituztela, mutikoekin, eta serorekin! Haiek kontatu didate. Orain erraten dute aurkitu dituztela haurren hezurrak komentuetako lurretan, apezek serorei egin haurrak!
Irlandako kasua-eta. 800 haurren hezurrak aurkitu omen zituzten 2017an Irlandako komentu batean…
Gauza ainitz dakit, emazteek kontaturik. Badut adiskide bat, gizona, erraten didana: “Gaby, ez duzu dena kontatu behar, ez du balio”. Gizon horrek bai, erraten ahal du nahi duena. Nik ez, emazteok ez?! Izugarria da! Orain, zenbait emazte hasi dira gauzak kontatzen, baina nik, kontatu nahi nuelarik, ezetz erraten zidaten. Koleratua naiz! Serorek gu tratatzeko moduaz idatzi dut zenbait, eta igorri diot adiskide bati, eta hark ere ezetz: “Gaby, idatzi duzuna izugarria da, baina uste dut inork ez duela publikatuko”. Emazteek ahoa hertsi eta isilik behar dute Frantzian ere! Eta eni ere, horixe: “Eman kasu, Gaby, ez duzu sobera mintzatu behar”. Eta emazteak isilik beti!
Izugarrikeriak komentu barnean, eta izugarrikeriak handik kanpo ere: Argentina.
Egun batez, erran zidaten behar nuela superioraren aitzinera joan. Ez nintzen lasai joan! Eta erran zidan: “Gabrielle, belauniko!”. Eta gero: “Argentinako Moron herriko apezpikuak behar du serora bat katiximaren eraberritzeko eta adimen urriko haurren eskolatzeko. Heldu den urtean joanen zara, baina, lehenago, pedagogia berezi bat segitu beharko duzu Parisen urte batez”. Xoratua atera nintzen superioraren ganbaratik! Eta hala, joan nintzen Parisera, eta gero Moronera, Buenos Airestik 25 kilometrora. Zortzi urte La Motten [Muret] egina nintzen.
1961, beraz.
Orduko, Argentinak ukanak zituen gobernu militarrak, eta ukan zituen gero ere. Makurrena, Jorge Videla jeneralarena. Desagertu ziren 30.000 pertsona baino gehiago, gizon eta emazte, haur eta gazte ere. Bazituzten presondegi beldurgarriak, presoak torturatuak ziren… Erran nahi dut hango Polizia eta armadaren irakasleak frantses militarrak izan zirela, Aljeriako gerlan ainitz ikasiak! 1978an ene bi adiskide preso hartu, torturatu eta hil zituzten: Cathy [Domon] eta Leonie [Duquet]. Ni orduan Tolosan [Okzitania] bizi nintzen. Ez dut ahanzten ahal. Egun batez, goizean goizik, ukan nuen deia telefonoan: “Cathy eta Leonie desagertu dira. Ez dakigu non diren”.
Cathy eta Leonie desagertuak, betiko.
Cathy herri ttipi batetik egotzia izan zen. Perugorria zuen izena herriak! Hango peoiekin ari zen lanean, borrokan, baina nagusiak peoiak hobeki zaintzeko armadako gizon bat ezarri zuen, eta peoiei erran zien ez zirela Cathyrekin mintzatzen ahal, bestenaz torturatuak izanen zirela. Horrela heldu zen Cathy Buenos Airesera, pena handiarekin. Maiatzaren Plazako Amak ezagutu zituen, eta haien bilkura guzietan zen; Santa Cruz elizan, partikularki. Han hartu zuten Cathy beste hamar emazterekin, sartu zituzten Falcon auto famatuetara, eta ESMA [Armadaren Mekanika-Eskola, tortura-zentroa] presondegira eraman.
1978an hartu zituzten atxilo zure adiskide biak, erran duzunez.
Cathy 1978ko abenduaren 8an hartu zuten. Leonie, bi egun geroago. Lekuko batzuek erranik dakigu hamar bat egunez torturatu zituztela ESMAn eta, gero, zenbait egunen buruan, itsasora bota zituztela hegazkin batetik… Cathy itsasoaren zolan gelditu zen betiko, baina Leonieren gorpua atzeman zuten hondartza batean, itsasoak lehorrera itzulia! Hilobi ttipi bat badu orain Santa Cruz elizaren baratzean, Maiatzaren Plazako Ama zenbaiten ondoan. Ene bi adiskideak hil zituztelarik, nahi izan nuen Argentinara joan eta Videlarekin mintzatu.
Diktadoreekin mintzatzera heltzea ez da aise…
Baina guk ezagutzen baikenuen Videla! Bazuen haur bat trisomikoa, eta gure eskolan zen. Hala ezagutu dugu Videla. Cathy eta Leonie hilak zirela jakin genuelarik, atera genuen harrabots handia, nahi genuen hara joan. Bi egunean egin nuen pasaportea, behar genuen abokatu batekin joan, baina Argentinak ez zigun baimena eman, ez zigun utzi joaten.
"Apezek-eta egin dutena izugarria da. Haurrekin, eta serorekin. Ainitz emazte eta haur ezagutu ditut, haiek kontatuta dakit"
Argentinan, diktadura. Gero, Laosen izan zinelarik, gerla.
Atzerriko misioetakoak ginen, emazte sailekoak. Laoseko apezpikuak –Ezpeletakoa zen, Urkia–, galdegin zuen jendea, eta hara igorri gintuzten. Bazen gerla, bai, bonbak, errefuxiatuak… Gu jendearen bila ibiltzen ginen, aterpea emateko… Lehen aldia zen gerla ikusten genuela, ikusmina genuen, ez ginen kontziente, ez ginen izu ere. Gazte ginen, eta eroak!
Noizbait, haatik, serora izateari utzi zenion, bizi zibila egiten hasi zinen 1975ean.
Liberazioa izan zen! Oroitzen naiz goiz hartan esnatu nintzela eta pentsatu nuela: “Libre, azkenean libre!”. Ez nuen deus ere, maleta ttipi bat baizik, baina kontent nintzen. Bagatelle kartierrean jarri nintzen bizitzen, arabiar ainitz den tokian. Adiskideak egin nituen laster, baina lana ez nuen aise atzeman. Gero bai, egin nuen lan hotel batean eta beste toki batzuetan, erretretan sartu arte, eta beti borrokan. Hori izan da ene bizia, beti borroka, toki guztietan injustiziak baitira. Eta ibili naiz Jugoslavian, eta Palestinan, eta Parisen… borrokan. Uste genuen borrokarekin gauza ainitz lortuko genuela, denetarako egiten genuen borroka, baina deus ez da kanbiatu.
91 urte beteko dituzu martxoan, zahartzeaz ere gogoeta egina zara…
Zahartzea da biziko sasoirik zailena. Lehenik, ez du balio kexatzea, jendeak ez baitu maite xaharra kexa izatea. “Xahar zara, eta utzi gu bakean!”, erraiteko maneran. Ez du balio gaizki zarela erraitea, beti behar duzu ontsa zarela. Xahartzean ez da erremediorik. Beti bada min, edo sabelean, edo bihotzean, edo hanketan… Beti min bada, gorputza gastatua da. Izkiriatu ditut bi testu berri, bata komentuko biziaz, bertzea da xahartzeaz. Nahi nuen horiek izkiriatu hil baino lehen, eta uste dut publikatuko direla aurten berean...
* * *
Liburutegia
“Neskek ez genuen mutikoen libertatea. Dena kanbiatu zen, hala ere, eta bi arrazoirengatik. Lehenbizi, ireki zuten liburutegia Alduden. Ainitz sufritu genuen libururik ez izateaz, zeren arras maite baikenuen irakurtzea. Otoi, eman haurrei irakurtzeko ahala!… Bigarren arrazoia, zinema-sala bat ireki zuten. Igande guziz joaten ahal ginen, bezperako errezoen ondotik! Guretako mirakulu bat bezala zen zinema”.
Superiora
“Mureten, gure superiora Argentinako emazte aberats bat zen. Han negua zelarik, Kosta Urdinera (Frantzia) joaten zen senarrarekin. Gizonak, ordea, maite zuen kasinoa, eta egun batez galdu zituen ondasunak. Bere burua urkatu zuen! Alargunak komentu batean sartzea deliberatu zuen, baina ezin zuen komentuko bizia jasan. Misiolari bat ezagutu zuen, eta hark erran zion kongregazio bat sortu nahi zuela Indiara joateko, pobreekin biziko zena. Emazte hark akort zela erran zion misiolariari, eta eman zioten etxe handi bat Mureten. Han sartu nintzen ni 1953an”.
AZKEN HITZA
Angustia
“Orain, batzuetan esnatzen naiz gauez… ‘Hilen naiz, hilen naiz’ sentitzen dut, baina ez, ezta deus ere! Batzuetan bada angustia, Cathy eta Leonie hil zituztela jakin nuenean bezala”.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]
Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.
"Ez dut ezer musulmanen kontra"... baina mezetara gero eta fededun gutxiago joatea immigrazioarekin lotu du Cascanteko apaiz Jesús Planillo Bartosek, herriko festetan emandako sermoian. Esandakoek eliztarren artean marmarra eragin du, eta abadeak barkamena... [+]
Hil arte bizirik sentitzearen beharraz ari da Olatz Mercader. Gaixorik egon izan delako bere bertsio gutxitua hurbilegi ikusi duenak badaki zein garrantzitsuak diren konpromisoa, grina eta desioa.
Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu... [+]
Espainiako Gotzainen Batzarrak asteartean egindako bilkuran onartu du abusuak jasan dituzten biktimei kalte-ordain ekonomikoak ordaintzea, baina elizbarruti eta kongregazioek ez dute nahitaez bete behar izango. Espainiako Gobernuak gogor kritikatu du plana,... [+]
Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]
70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.
El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]
Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du Berakah programa beste bi familia etxegabetzen saiatzen ari dela, iaz beste familia batekin egin zuen bezala. Dagoeneko salatutako hauetaz gain, Berakahko kasu gehiago ari dira heltzen etxebizitza sarera. Berakah programa Santa... [+]
Berria egunkariak eman du salaketen berri, garai hartan bertan egondako ikasle batzuen lekukotasunak ere bilduz. 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artean gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketei buruzko lekukotasunak bildurik,... [+]
Klaratarrek Urduñako komentua erosteko kontratua sinatu zuten, baina Elizak atzera egin du salerosketan eta mojek testu luzea argitaratu dute, zeinean Pablo de Rojas Sanchez-Francoren diziplinara batu diren. Mario Izeta apezpikuak eskumikatu zuen erlijioso hori 2019an... [+]