Argaldu ezean, Osakidetzak ez zaitu intseminatuko

  • Laguntza bidezko ugalketaren unitate publikoek emakume lodiak kanpo uzten dituzte, ez badute haien pisua gorputz-masaren indize (GMI) jakin bati egokitzen. Zaila da irizpide horren zilegitasuna kuestionatzea eta salatzea, osasun sisteman hain errotua dagoen lodifobia zalantzan jartzen ez den bitartean.

Itsaso, Amaia, Miren, Udane eta Xarek tratu lodifoboa jaso dute Osakidetzan, laguntza bidezko ugalketa unitateetara jo dutenean. Osagai asko errepikatzen dira haien testigantzetan: modu drastikoan argaltzeko agindua jaso zuten, haien osasun egoera zehatza aztertu barik; aurreiritziz blaitutako iruzkinak egin zizkieten; paziente baino, zenbaki sentitu ziren, eta negarrez atera kontsultatik. Analisian ere bat egin dute: Osakidetzaren lehentasuna ez dela pazienteen osasuna, baizik eta baliabide ekonomikoak aurreztea, desegokitzat dituen gorputzak kontrolatuz eta baztertuz.

Kontrolik gabeko dietak

Laguntza bidezko ugalketarako prozesua hasi zuen Itsaso Ramona lodiaktibistak ama bakarra izateko. Anbulatorioko ginekologoak pisatu zuen, eta kalkulagailuan operazio bat egin zuen: “Esan zidan ez nindutela intseminatuko. Nire pisuaren erruz, ez nintzela erraz haurdun geratuko. Oso tratamendu garestiak direla eta ondo joango dela ziurtatu behar dutela. Hogei kilo argaltzea aholkatu zidan”. Itsasok Gurutzetako Ospitalera deribatzeko eskatu zion dena den, eta ospitaleko ginekologoak zera esan zion: “Bi hilabete dituzu zortzi edo hamar kilo argaltzeko. Ondo jan, kirola egin, eta itzul zaitez berriro”.

Umiliazioa eta mina amorruarekin nahastu zitzaizkion irakasle honi. Ez zuten bere osasun egoera kontuan hartu eta ziurtzat jo zuten ez zuela ondo jaten, ezta ariketa fisikorik egiten ere. “Momentu hartan nutrizionista pribatu baten jarraipena nuen. Nola argalduko nituen hamar kilo bi hilabetetan, ez bazen jateari uzten? Bost axola zitzaien nire osasuna”. Amore ematea erabaki zuen: “Ama izateko bidea horrela hasi bazen, erresuminduta bukatuko nuen, eta ez nuen ume bat baldintza horietan sortu nahi”. Klinika pribatu batera jo zuen eta ez zioten oztoporik jarri. Azkenean, bere kabuz geratu zen haurdun, mutil-lagun baten semena baliatuta.

Egoera berdintsua bizi izan du Amaia Agirre bertsolariak. Bere emaztea geratu zen alaba nagusiaz haurdun. Bigarrena Agirrek ekartzea zen asmoa, baina Donostia Ospitaleko ginekologoak bere pisua eta altuera ordenagailuan sartu zituenean, “obesitate morbidoa” zuela esan zion. “Tratua ez zitzaidan batere egokia iruditu. Emakume batek beste emakume bati horrela hitz egitea oso gogorra da, umiliazio izugarria! Azal zezakeen argaltzeak haurdun geratzeko aukerak areagotuko zituela, baina mehatxu gisa bota zidan. Galdetu nion ea baloi gastriko bat jarri behar nuen haurdun geratzeko”. Agirre zortzi kiloak argaldu eta bueltatu zen, 38 urterekin. Lehenengo saiakeran geratu zen haurdun, baina abortua izan zuen. Beste lau saiakeraren ondoren, amore eman zuen eta bikoteak errepikatu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoaz gain, Espainiako Estatuko hamar osasun sistema publikok kanpo uzten dituzte GMI altuko emakumeak. Osakidetza ez da zorrotzena: 1,60 metro neurtzen duen emakume batek 93 kilo baino gutxiago (GMI <36) pisatu behar ditu EAEn intseminatua izateko, eta 77 kilo baino gutxiago Andaluzian (<30). Baina bigarren horretan, protokoloak neurri jakin batzuk aurreikusten ditu: GMI altuko pazienteengan tratamenduak izan ditzakeen arriskuak modu pertsonalizatuan baloratzea, pisu osasuntsua lortzeko jarraibideak ematea eta Endokrinologia eta Nutrizio kontsultara bideratzea. Osakidetzaren web-orrian, aldiz, ez da halakorik aipatzen, soilik sarbiderako baldintza dela GMIa egokitzea. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du erreportaje honetan parte hartu nahi izan. Nafarroako Gobernuak ere ez dio ARGIAren eskaerari erantzun, eta web-orrian ez dago gai honi lotutako inolako argibiderik.

Itxaso Arca, lehen mailako arretan emagina: “Arazo handiena emakume lodiekiko tratu iraingarria da. ‘Argaldu ezean, ez zaitugu intseminatuko’ mehatxua indarkeria lodifobo eta obstetrikoa da”

Xarek* 40ko GMIa dauka eta hamar urte daramatza Osakidetzari arreta endokrinologikoa alferrik eskatzen: “Erantzuna beti izan da lodi egotea ez dela berez patologia bat, ez baitut diabetesik ezta mugikortasun arazorik ere; aitzitik, intseminatzera joan naizenean, arrazoi horregatik baztertu naute. Badakit Osakidetzako zerbitzua egoera prekarioan dagoela, baina ez da bidezkoa 25 kilo argaltzea exijitzea, eta helburua lortzeko tresnarik ez eskaintzea”.

Bazterkeria ala ebidentzia zientifikoa?

Ebidentzia zientifikoa aipatzen du Osakidetzak 36ko GMIaren muga justifikatzeko: “Obesitatea laguntza bidezko ugalketako pronostiko okerragoarekin lotzen da: obario-erantzun okerragoa, puntzio folikular konplikatuagoa, haurdunaldi-tasa baxuagoa eta abortu-arrisku handiagoa. Gainera, oso ezagunak dira obesitateari lotutako haurdunaldiko arazoak: hipertentsioa, diabetesa, odoljarioak, zesareak eta erditze distozikoa izateko arrisku handiagoa (obstetraren parte hartze aktiboa eskatzen duena), bai eta fetu makroskopikoa izateko arriskua ere (fetuaren garapen edo tamaina gehiegizkoa)”.

Mediku endokrinologoa da Maitane* Osakidetzan, eta zerbitzuaren argudiaketa berresten duten datuak zehaztu ditu: “Jakina da obesitateak obulazioen alterazioak hirukoiztu egiten dituela; abortu goiztiarrek %50 egiten dutela gora; arazoak sor ditzakeela ernalkuntzan, enbrioien garapenean eta ezarpenean, eta diabetesa (haurdunaldikoa barne) agertzeko faktore nagusia dela. Ugalkortasun-tratamenduetan arrakasta-ratioa txikiagoa da, eta hormonazio-dosi handiagoak erabili behar dira; horrek albo-ondorioen arriskuak areagotzen ditu. Ondorioz, frogatua dago pisuaren %5-10 jaisteak obesitatea duten emakumeen ugalkortasuna hobetzen duela”.

Horregatik, mediku honen ustez, egokia da pazienteei argaltzeko jarraibidea ematea, beti ere “errespetu osoz, epai eta paternalismo barik”. Beste hitz batzuekin esanda: uste du arazoa ez datzala protokoloan, tratuan baizik. “Arreta medikoak gizatiarragoa izan behar du. Emakumeek informazio guztia izateko eskubidea dute, haien prozesuei buruz erabakitzeko gai izan daitezen”.

Bat dator Itxaso Arca, lehen mailako arretan emagina: “Arazo handiena emakume lodiekiko tratu iraingarria da. ‘Argaldu ezean, ez zaitugu intseminatuko’ mehatxua indarkeria lodifobo eta obstetrikoa da”. Ez du ebidentzia zientifikoa ukatzen, baina zalantzan jarri du haren neutraltasuna: “Aurreiritzien arabera erabakitzen da zer ikertu eta zer ez. Emaitza jakin bat frogatzera bideratzen dira ikerketak”. GMIaren erabilera ere problematizatu du: “Gorputzak estandarizatzen ditu, ez du aintzat hartzen askotariko gorpuzkerak daudela. Badirudi ekuazio baten bidez gorputzak uler ditzakegula eta haien osasun-egoera ezagutu, baina ez da egia”. Pazienteari arreta pertsonalizatua ematearen aldekoa da emagina: analitikak aztertzea, haren bizimoduari eta egoera emozionalari buruz galdetzea… “GMI altua kontuan izateko faktore bat izan behar da, ez pazienteak epaitzeko eta baztertzeko tresna”.

Amatasunean espezializatutako abokatu eta aktibista katalana da Marta Busquets Gallego. Argi dauka diskriminatzailea dela GMI altuko emakumeak baztertzea: “Helarazten duen mezua da zenbait gorputzek ez dutela merezi sistema publikoak intseminatzeko ahalegina egitea”. Baina zaila iruditzen zaio borroka juridikoa irabaztea, laguntza bidezko ugalketa gogobetetze-medikuntzaren alorrean sartzen delako: “Ezin diozu pertsona lodi bati bihotz transplante bat ukatu, baina bai in vitro bat”.

Hala, zerbitzu publiko batek pertsonen artean diskriminatzen badu, irizpide objektibo eta arrazional baten arabera egin beharko du, eta hori da GMIa, nahiz eta lodifobiaren aurkako mugimenduak zalantzan jarri duen: “Sisteman txertatuta dagoen epaitegi bati logikoa irudituko zaio”. Abokatuak ere kuestionatu du bazterkeria justifikatzeko erabiltzen den ebidentzia zientifikoa: “Ez dago argi ea emakume nagusiek eta lodiek emaitza obstetriko okerragoak dituzten haien gorputzengatik, edo haurdunaldi horiek maneiatzeko moduengatik: esaterako, nabarmena da haien erditzeak induzitzeko joera”.

Busquets eta Arcak bat egin dute beste argudio batean: obesitatea arrisku faktore izan daiteke, baina badaude ugalketa oztopatzen duten beste hamaika faktore. Zergatik ez baztertu orduan kutsadura altuko hirietan bizi diren emakumeak, antisorgailu hormonalak hartu dituztenak, obulutegi polikistikoak dituztenak edo lanean estresa dutenak? “Onargarritzat jotzen direlako. Osasun sistemak ez du loditasuna gustuko”, ondorioztatu du Busquetsek.

Itxaso Arca, lehen mailako arretan emagina: “Arazo handiena emakume lodiekiko tratu iraingarria da. ‘Argaldu ezean, ez zaitugu intseminatuko’ mehatxua indarkeria lodifobo eta obstetrikoa da”

Gaineratu du laguntza-bidezko ugalketaren zentro publikoek bestelako arriskuak sustatzen dituztela: “Ugalkortasun arazorik ez duten emakume lesbianak hormonatzen dituzte, jakina bada ere obulutegien estimulazioak abortu tasa areagotzen duela eta albo-kalteak dituela. Horrek frogatzen du, osasuna baino, arrakasta-tasa inporta zaiela”. Ildo beretik, gogoratu du semenaren kalitate baxuak arazo obstetrikoak eragiten dituela: “Baina sistemak nahiago du bikote heterosexuala duten emakumeei in vitroak egin, emaile baten semenarekin intseminatu baino”. Ikerketen arabera, gizonen obesitateak semena kaltetzen du, baina Osakidetzaren web-orrian ez da emakumeen bikoteen GMIari buruzko mugarik aipatzen.

Elkarrizketatu guztiek sistemaren hipokrisia salatu dute: osasun sistema publikoak gainetik kentzen ditu emakume lodiak, jakinda sektore pribatuan ongi etorriak izango direla. Hala argudiatu du Xarek: “Osakidetzako langile asko pribatuan ere ari dira. Negozio bat dago gu kliniketara bideratzean. Mailegu bat eskatu behar al dut 8.000 euroko in vitroak ordaintzeko, bollera lodia izateagatik? Alegia, nor ugaldu daiteke gure sisteman eta zein terminotan?”

Kexatzeko indarrik ez

Xare da elkarrizketatuen artean Osakidetzan kexa jarri duen bakarra, eta abokatu batengana ere jo du, bere kasua epaitegira eraman daitekeen aztertzeko. Miren Lantzek berriki identifikatu du Donostiako Ospitalean bizitakoa bidegabea izan zela: “Medikuenganako konfiantza osoa nuen. (Ez) amatasun feministak topaketan gaia aipatu zuenean egin nuen klik: hori niri gertatu zait, kaka zaharra sentiarazi naute”.

28 urterekin erabaki zuen ama izatea. Bi urte eman zituen bikotearekin antisorgailu gabe sexu harremanak izaten, eta beste urtebete haurdunaldia modu aktiboan bilatzen. Ugalkortasun probetan ez zen arazorik ageri; dena den, Osakidetzan gomendatu zioten zuzenean in vitrora jotzea. Donostiako Ospitaleko lehenengo kontsultan paper bat eman zioten bi agindurekin: erretzeari uztea eta argaltzea. Medikuak egin zion iruzkina du gogoan: “Uda garai polita da entsaladak jateko!”. 77 kilo pisatzen zituen eta 1,70m neurtzen; 26,64ko GMIa. Obesitatearen langatzat hartzen den 30etik urrun, are gehiago 36tik.

Mirenek ez zuen argaltzeko agindua zalantzan jarri, baina kostatu zitzaion elikadurarekin zorrotza izatea: “Ugalkortasun prozesua gogorra da. Zama arintzeko modu bat zen parranda egitea edota bazkari zoragarri batez gozatzea. Erruz bizi nuen, dena txarto egiten nuela, aukerak galtzen nengoela”. Kontsultara bueltatu zenean, ginekologoak kargu hartu zion: “Ez zara argaldu, horrek ez du batere lagunduko”. Hirugarren kontsultan modu garratzean esan zion sabelaldeko gantzaren erruz ezin zuela pantailan argi ikusi obozitoen tamaina. Lehen saiakeran geratu zen haurdun.

Obesitatea arrisku faktore izan daiteke, baina badaude ugalketa oztopatzen duten beste hamaika faktore. Zergatik ez baztertu orduan kutsadura altuko hirietan bizi diren emakumeak, antisorgailu hormonalak hartu dituztenak, obulutegi polikistikoak dituztenak edo lanean estresa dutenak

Osasun sistemaren lodifobia berria da Lantzentzat, ez ordea Udane HerFer aktibista LGTBIarentzat: “Medikuek txikitatik patologizatu dute nire gorputza. Belauneko mina banuen, argaldu behar nuela besterik ez zidaten esaten”. Argi du Osakidetzaren irizpidea ekonomikoa eta lodifoboa dela. Aipatu du beste zenbait herrialdetan (Argentina) eta komunitate erkidegoetan (Andaluzia, Asturias, Kantabria…) GMI baxuko muga ere zehazten dela, argaltasunak obulazioan eragina izan dezakeelako, baina Osakidetzarentzat loditasuna dela arazo bakarra. Argudiaketa zientifikoaren kutsu heterosexista ere aipatu du: “Seguruenik halako ikerketak ugalkortasun arazoak dituzten emakumeekin egin dira; nik ez nuen arazorik, semena behar nuen emakumezko bikotea dudalako. Lehenengo intseminazioan geratu nintzen haurdun, hormonazio baxuarekin. Ez dut haurdunaldiko diabetesik izan, ezta inolako zailtasunik ere”.

34 urterekin jo zuen Udanek Gurutzetako ugalkortasun unitatera. “Langatik gertu nengoela esan zidaten eta etengabe estutu ninduten, ‘ponte las pilas’ bezalako esapideekin”. Hala ere, bigarren umea izateko itzuli denean, esan diote ez dutela intseminatuko, zortzi kilo igo dituelako. Zentzugabea iruditzen zaio, baina ez du kexarik jarri: “Loditasunaren estigma oso handia da, lotsa eta errua eragiten du. Ez banaiz haurdun geratzen edo abortu bat izango badut, nire errua izango dela pentsatuko dut”. Aktibismoaren bidez bideratu du bere amorrua: bazterkeria honi buruzko mahai-ingurua antolatu du; Itsaso izan da hizlaria, Osakidetzaren politika iritzi-artikulu batean salatu zuen eta. Lodiaktibistak ere ez du osasun sisteman kexarik jarriko, umea osasuntsu jaio arte, behintzat. “Badaukat ahots bat barruan esaten didana: eta haiek zuzen badaude? Arduragabea izan al naiz haurdun geratzeagatik?”. Haurdunaldi zoragarria izan du egoera fisikoaren aldetik, baina ezinegon handiz eraman du, etengabe zer edo zer okertuko den beldur.

Arca emaginak ondo ezagutzen ditu beldur horiek: “Osasun munduko lodifobiak sufrimendu itzela eragiten die emakumeei; haurdunaldiaren bizipena zeharo kaltetzen du. Eragin negatibo hori arriskutsuagoa iruditzen zait GMI altua izatea baino”. Salatzearen zama emakumeengan jarri baino, profesionalen artean kultura medikoa eraldatzearen alde agertu da: “Kexek ez dute ezertarako balio, horiek baloratzen dituzten arduradunek indarkeria obstetrikoa eta lodifoboa onartzen ez duten bitartean. Anbulatorioetan, ospitaleetan zein fakultateetan landu behar ditugu errespetua, adostasuna eta gorputz aniztasuna”.

*Asmatutako izenak, elkarrizketatuek hala eskatuta.


ASTEKARIA
2023ko urtarrilaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


Jaurlaritzaren proposamenak Lehen Mailako Arreta “are gehiago prekarizatzea” ekarriko lukeela adierazi du Espainiako Osasun Ministerioak

EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer... [+]


Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


AINTZANE CUADRA MARIGORTA
“Endometriosia gizonek pairatuko bazenukete oso bestelako egoera batean egongo ginateke”

Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da. 


Eguneraketa berriak daude