Peruko hegoalde pobreak lurra du aldarrikatzen eta egurra du jasotzen

  • Pasa den abendutik Perun gertatzen ari diren istiluak, herrialdearen egoera politiko ahularekin lotu dituzte munduko hedabide nagusiek. Pedro Castillo presidente ezkertiarraren noraeza, haren kargugabetzea, Andeetako eskualdeetako herritarren altxamendua eta haien kontrako errepresioa... Atzean baina, lurraren lapurretari loturiko zauri sakon bat dagoela erakusten du inken osteko historia kolonial arrazistak.

Polizia herritarrak erreprimitzen Chaon, errepide Panamerikarrean, abenduaren 15ean. Azpiegiturak blokeatzea da protesta egiteko bide nagusietako bat Perun, meatzaritza eta elikadura multinazionalei lehengaiak esportatzea eragozteko. (Argazkia: AP)
Polizia herritarrak erreprimitzen Chaon, errepide Panamerikarrean, abenduaren 15ean. Azpiegiturak blokeatzea da protesta egiteko bide nagusietako bat Perun, meatzaritza eta elikadura multinazionalei lehengaiak esportatzea eragozteko. (Argazkia: AP)

"Mundu honetan egin behar dudan gauza bakarra da pozik bizitzea, eta hori lortuko dut lurrak kentzen ez badizkidate”. Halaxe idatzi zuen Francis Beaumont poeta ezagunak XVII. mendeko Ingalaterran, lur komunalen hesitzea eta pribatizatzea hasi zenean. Mende hori amaitzerako erreinuaren zortziren batek baino ez zion eusten basoz estalia. Gorputzen desjabetze masibo bat ere izan zen Ingalaterrako enclosure hura: pribatizazioaz gain, ekarri zuen lurrik gabeko milaka lagun gosetuk Ipar Amerikako kolonietan amaitzea, euren eskulana esklabotza baldintzetan salduta.

Poetak duela lau mende pozik bizitzeko behar zuena, gaur egun ere behar beharrezkoa dela ikusten ari gara, horregatik lurraren jabetzaren inguruko borrokak ugaritzen ari dira munduko txoko askotan. Hego Amerikan, Peruk eta Brasilek bizi dituzten egoera politiko eta sozial desegonkorrek zerikusi zuzena dute kolonialismoaren garaian zein XXI. mendean lurren arpilatzeak utzitako ondorioekin, herritar xeheek eta komunitateek oraindik oroimenean baitute iraganean oinarrizko ondare hori denona izan zen garaia.

Deforestazioaren pariak

Pozik bizitzeko “egunean hiru otordu” gutxienez beharko lirateke Luiz Inácio Lula da Silvaren esanetan, eta hori da hitzeman diena brasildarrei, bere hirugarren agintaldiko presidente kargua hartu berritan: “Gure lehen helburua izango da 33 milioi pertsona gosepetik erreskatatzea”, esan zuen Langileen Alderdiko buruak Brasilian emandako hitzaldian, aurreko presidente Jair Bolsonaro ultraeskuindar negazionista, homofobo eta antiabortistak hegazkina hartuta AEBetarako ospa egiten zuen bitartean.

Brasilen bezala Perun, deforestazioa da indigenen lur komunalak ilegalki bereganatu eta pribatizatzeko metodo nagusietako bat multinazionalentzat.

Baina horretarako Lulak badaki, diru publikoa ondo kudeatzeaz aparte, Brasilek duen baliabide komun nagusiena zaindu beharko duela, bere lurrak eta oihanak: “Brasilek ez du deforestaziorik behar nekazal muga estrategikoak zabaltzeko”, ohartarazi du. Bolsonaroren agintaldiaren amaieran oihanen soiltzea %150 baino gehiago hazi zen, 10.000 kilometro koadro gainditzeraino, hainbat hedabidetan irakurri ahal izan dugunez. Auskalo horietatik zenbat diren jatorriko herri indigenek mendeetan zehar ehizarako eta biziraupenerako zaindutakoak.

Castillok egindako akats ugariak baliatu nahi izan ditu Peruko eskuinak, bere irudia desgastu eta Peruko egitura ekonomikoan sakoneko aldaketak egitea eragozteko

Oihan tropikal eta lur komunalenganako mehatxua ez da Brasilera mugatzen. Perun ere antzera daude. Duela hilabete inguru, Santa Clarako Uchunya komunitate natiboak eta Shipo-Konibo herri indigenak salaketa jarri zuten Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean Louis Dreyfus Company (LDC) multinazional frantziarraren kontra, palma olioaren bere hornitzailea den Ocho Sur konpainia Amazonaseko euren antzinako lurrez jabetu delako legez kanpo, eta 12.000 hektarea oihan suntsitu dituelako. LDC-k nekazal produktuak prozesatzeko munduko inperio handienetako bat dauka, eta irakurlea bere webgunean sartzen bada, “ingurumenaren eta tokiko komunitateen garapenaren aldeko” mezu panpox bat aurkituko du. Hain justu, publizitate berde faltsua erabiltzeagatik ere salatu dute indigenek.

Istilu larriak Peruko hegoalde pobrean

Baina zer espero genezake azken zazpi urteetan sei presidente izan dituen Peru bezalako herrialde batean? Pasa den abenduan istiluak lehertu ziren, Pedro Castillo presidente ezkertiarrak parlamentua ixtea agindu eta hauteskunde konstituziogileak deitu zituenean –gaur egungo konstituzioa 1993koa da, Alberto Fujimori agintariaren garaikoa–. Kongresuak kargutik berehala kendu eta atxilotua izan zen, eta bere ordez Dina Boluarte Zegarra presidenteordea jarri zen, protestan ari ziren herritarren kontrako errepresio basatia eta hildako ugari eraginez.

Eguberriak igarota istiluak berpiztu egin dira. Lerrook idazteko unean poliziek Juliaca hirian –Limatik 1.300 kilometrora– hamazazpi lagun sarraskituak zituzten jadanik, eta Cuscon Remo Candia nekazal buruzagia hil berri dute, Ojo Público hedabide independenteak azaldu duenez. Boluarte eta bere ministro batzuk “genodizioagatik” ikertuak izaten ari dira ondorioz.

Abenduaren 8an milaka herritar irten ziren kalera Perun, Pedro Castillo estatuburua askatu eta hauteskunde konstituziogileak eskatzeko. Mobilizazio jendetsuenak eta istilu larrienak Peruko hegoaldean izan dira, Castillok 2021ean boto gehien lortu zuen Andeetako eskualde indigenetan.

2021eko ekainean Castillo bezalako landa eremuko irakasle ketxua hiztun umil batek Keiko Fujimori ahaltsuari hauteskundeak irabaztea ez zen inolaz ere yankien gustuko izan, eta haren kontrako lawfare edo gerra juridikoa etengabea izan da geroztik. Peruko presidenteak egindako akats ugariak –ustelkeriaz zikindutako ministroak etengabe aldatzea, besteak beste–  ederki baliatu ditu eskuinak, oposiziotik zein prentsa horitik Castilloren irudia desgastatzeko.

Andeetan inkak nagusi zirenean, lur komunalak ‘ayllu’ izeneko komunitateetan partekatzen zituzten

Baina hala ere, abenduaren 8an milaka lagunek aireportuak eta errepideak blokatu zituzten rondero ohiaren askatasuna eskatu –70eko hamarkadan Peruko landa gunean ganadua lapurretatik babesteko sorturiko erakunde autonomoak dira errondak– eta “parlamentu ustela” desegitea eskatzeko. Horietako asko hegoaldeko andetarrak dira, Cusco, Arequipa eta Puno bezalako nekazal eskualdeetako komunitate ketxua eta aimarak, hain justu duela urte eta erdi botoen bidez Castillo presidentetzara eraman zutenak.

Kolonaurreko “komunismora” itzulera?

“Nekazarien auzia, lurraren arazoa, oso presente dago gaur egun oraindik Perun, eta ez dago alderdi politikorik ez gobernurik konponbidea emango dionik”, azaldu du Luis Mora ekintzaileak Pressenza albiste-agentzia sozialean, Peru: problemas de fondo (“Peru: sakoneko arazoak”) artikuluan. Bere esanetan, Castilloren alde atera dira “lurretik desjabetutako” probintzietako milaka lagun, eta nekazariekin dagoen arazoaren oroimen historikoa ekarri dute gogora, 1492an europarrak iritsi eta lur hoberenak eskuratu zituztenetik behin eta berriz azaleratu dena. Izan ere, kolonaurreko garaian bestela ziren gauzak askoren aburuz.

José Carlos Mariátegui pentsalari marxista perutarrarentzat, Hego Amerikako arrazakeria postkoloniala ez zen soilik arazo moral bat, materiala ere bai, lurrari loturikoa. (argazkia: EFE)

Andeetan inkak nagusi zirenean, lur komunalak –Euskal Herrian Zilegi mendien antzekoak– ayllu izeneko komunitateetan partekatzen zituzten, eta figura hori erabili zuen José Carlos Mariátegui (1894-1930) pentsalari marxista perutarrak XX. mendean “komunismo indigena” defendatzeko. Le Monde Diplomatique-n Mariáteguiren ideia hori laburbildu du Paul Guillibert Paris-Nanterre Unibertsitateko filosofia irakasleak, Races, classes et plateaux andins (“Arrazak, klaseak eta goi-lautada andetarrak”) izenburupean. Mariateguik pentsatzen zuen Hego Amerikako arrazakeria postkoloniala ez zela soilik arazo moral bat, materiala ere bai: lurraren gaineko kontrolak bermatzen du “zurien botere inperialista”, eta horregatik, indigenen berezko aldarrikapena izan da lantzen duten lurrarena.

Meatzaritza eta deforestazioaren ondorioz, Perun bizi dituzten gatazken %67 ingurumenari loturik daude

Duela bost mende, Amerikaren konkista aurretik, ayllu-etako ardurak familien artean banatu eta lurrak kolektiboki lantzen ziren; askoren aburuz komunismoarekin parekatu zitekeen sistema hori. “Baina Mariáteguik ez du jatorrizko komunitate hori leialki erreproduzitu nahi –dio Guillibertek bere artikuluan–, alderantziz, beretzako, bizirauteko baliabideak ematen dituen lurraren bereganatze kolektiboak suposatu behar luke eredu zahar bat berrasmatzea gizarte berri batean”.

Lurra, kolonialismoa, naturaren ustiaketa, kapitalismoa... Guillibertek tesia egina du gai horien inguruan, eta liburua ere argitaratu du: Terre et capital. Pour un communisme du vivant (“Lurra eta kapitala. Bizidunen komunismo baten alde”). 2022ko otsailean Tolosako Okzitaniako Terra Nova liburutegian izan zen lana aurkezten eta osorik ikus daiteke bere hitzaldia sarean, TV Bruits web telebista asoziatiboari esker. Pentsalari perutarraren ideiei heltzen die berriz ere: “Mariáteguirentzat gizarte kolonialaren arrazismoa senidetuta dago lanaren banaketarekin; natiboei ordura arte lurrarekin zuten erlazioa ukatu zitzaien, euren lan eskua salgai jar zezaten esplotazio handietan sasi-esklabotza egoeran”. Lurraren galera horrek, gainera, lotura zuzena izan zuen naturaren suntsiketarekin, Guillibertek argitzen duenez.

Estraktibisten biolentzia

Konkistatzaileek ederki asko jarri zuten praktikan aurretik Europako herritar desjabetuei egindakotik ikasitakoa. Eta segitzen dute burua lehengo lepotik ukaiten, multinazionalentzat mineralak eta metalak erauzteko, naturaren eta osasunaren kaltetan –perutarren %25 ur edangarririk gabe bizi da, Oxfam elkartearen arabera– Peru, munduko hirugarren kobre ekoizle nagusia bilakatu da oso denbora gutxian, baina horrek aberastasun gutxi eta arazo ugari ekarri ditu hangoentzat: herrialdean dauden gatazken %67 ingurumenari loturik daude. Datuok eta askoz gehiago eman ditu Raquel Neyra Limako La Molina nekazal unibertsitateko ekonomialari eta ekologia politikoan adituak, Conflictos socioambientales en el Perú. Violencia y extractivismo (“Ingurumen eta gizarte gatazkak Perun. Biolentzia eta estraktibismoa”) liburuan.

Neyrak erakusten du zeinen erraz eskuratu ditzakeen meatzaritza enpresa batek ustiatu nahi dituen lurrak: “Kontzesioak edozein tokitan ematen dira, berdin du herrixkak, basoak, nekazal lurrak edo komunitate indigenen bizitokiak diren”, dio ekonomialariak.

Horretarako, aurretik enpresak terrenoak erosi behar ditu, baina nekazariak nekez dakienez hainbeste izerdiz landutako lurraren azpian kapitalismoak irrikatzen duen material bat dagoela, lau sos nahikoa dira horretarako. Gainera, nekazariak lur horren jabe dela erakutsi behar du, eta Neyraren arabera Peruko Gobernuak legalki aitorturiko 10.529 komunitateen artean 6.538k baino ez dute jabetza titulua, eta horietatik %72 gaizki idatzita daude: “Konparatzen baditugu kontzesioen eta pobreziaren arteko mapak, konturatuko gara erauzketa proiektuak populazio indigena dagoen gune pobreenetan kokatzen direla”. Erresistitzen ditunen kontra, berriz, indarkeria erabiltzen dute eliteek, dela prentsaren bidez kriminalizatuz edo polizia bidaliz.

Anglo American multinazionalak Quelloveco (Moquegua) meatzean inbertsio handiak egin ditu, baina hango komunitateei apenas iritsi zaie etekinetatik ezer, eta Asana erreka kutsatu du esplotazioak. (argazkia: Anglo American)

Peruko asteotako leherketa sozialak eta Boluarteren gobernuaren erreakzioak zerikusi zuzena dute lurra bereganatzeko dagoen lehia bortitzarekin –irakasgaiak berdin balio lezake Lapurdiko Arbonarako edo Nafarroako Erdizerako–. Agian horrela uler liteke Apurimac, Cusco, Ayacucho edo Juliacako biztanleen artean dagoen ezinegona: lurrak kendu badizkiete, nola bizi pozik?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri indigenak
Urriaren 12aren beste aldea: erresistentziaren hausnarketak

Ez da kasualitatea Hispanitatearen eguna, Guardia Zibilarena eta Pilarreko amabirjinarena data berean izatea. Hirurek egitura zapaltzaileak irudikatzen dituzte (estatua, armada eta eliza). Bestalde, indigenen erresistentzia eta Espainiako Estatuak bere armada militar eta... [+]


AEBetako Greenpeace desagerraraz dezake Dakota Access oliobidearen enpresak jarritako salaketak

900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak AEBetako Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan porrot eginez gero, Greenpeace justizia klimatikoaren aldeko... [+]


Orellanak arrazoi zuen

XVI. mendean Francisco de Orellana espainiar konkistatzaileak Amazonas ibaian gora nabigatu zuenean, ibaiaren alde banatan hiri handiak zeudela esan zuen. Inork gutxik sinistu zion orduan, eta are gutxiago hurrengo mendeetan, konkistak berak suntsitutakoaren arrastorik aurkitu... [+]


2023-12-28 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Ahots autoktonoak

Joan den martxoaren 23an, Seuil frantses argitaletxe ospetsuak abiarazi zuen literatur sail berri bat, “Ahots autoktonoak” deitua. Un livre dans ma valise (Liburu bat nire balizan) webgunean, Laurence Baulande sailaren zuzendariak azaldu zuen orduan egitasmoaren... [+]


Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte Etxe Zuriaren aurrean, Leonard Peltier presoa askatzeko eskatzeagatik

Peltierrek 47 urte daramatza kartzelan, FBIko bi agente hiltzea egotzita. Presoak beti defendatu du bere errugabetasuna, eta nazioarteko hainbat erakundek eskatu izan dute bera aske uzteko.


2023-09-01 | Ilargi Manzanares
Haserrea piztu du Argentinako telebista batean bi indigenari emandako tratuak

Kantuta Killa eta Wari Rimachi, Ayllu Mayu Wasi komunitateko bi indigenari barre egin zieten Bien de mañana programan. Erasoak salaketa asko eragin ditu, eta programak barkamena eskatu behar izan du.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Indigenak aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.


Yasuni natur erreserban petrolioa ustiatzearen aurka agertu dira ekuadortarrak

“Ekuadorreko amazonas” bezala ere ezaguna da parke nazionala –2.000 zuhaitz, 204 ugaztun, 610 hegazti, 121 narrasti eta 250 arrain espezie aurkitu dituzte bertan–. Yasunidos eragilea izan da galdeketa egitearen alde eta zonalde natural hori ustiatzearen... [+]


2023-08-17 | Ilargi Manzanares
Ekuadorko Yasuní erreserba defendatzeko karabana antolatu dute indigenek eta ekologistek

Ekuadorko hainbat probintzietan barrena ibiliko da karabana abuztuaren 20ra arte, Yasuní biosferako erreserba aberatsean petrolio ustiaketa proiektuaren aurka egiteko. Egun horretan herri-galdeketa egingo dute, eta esplotazioaren aurkako bozkak lortu nahi dituzte... [+]


2023-06-27 | Ilargi Manzanares
Angeles Cruz mexikarrak jaso du Zinegoak jaialdiko ohorezko saria

Aktore, gidoilari eta zuzendariak gai politiko eta sozialak lantzen dituen fikziozko filmak egiten ditu, Mexikoko bere komunitatean oinarrituta.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Peru hegoaldetik Limaraino iritsi dira manifestariak, beste konstituzio bat eskatzeko

Ostegun honetarako manifestazio handia espero da Liman Dina Boluarte kargutik kendu, parlamentua desegin eta Perurentzako beste konstituzio bat eskatzeko. Herritar asko autobusez eta kamioiez karabanetan antolatuta iritsi da hegoaldeko eskualdeetatik herrialdeko hiribururaino.


Perun errepresioak ez du etenik: tiroak burura, negarra eragiteko gasa helikopteroetatik...

Perun protestak hasi eta hilabete baino gehiagora, Dina Boluarte behin-behineko presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri du Liman eta herrialdearen hegoaldeko eskualdeetan. Oraingoz, Poliziak ia 50 lagun hil ditu, ia denak indigenak eta andetarrak, eta giza eskubide... [+]


Autoktonoen jakintzak kontuan hartzea genuke aterabide segurra

COP27 gailurra iragan berri da Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian. Ikuspegi mendebaldarra nagusitu da, beste behin, eta erabakiak araberakoak ditugu. Herri autoktonoen ahotsa entzunarazteko leku ttipia bideratu arren, haien ekarpenak ez dira kontuan hartuak. Alta, 5.000tik gora... [+]


Eguneraketa berriak daude