Zer egin norbaitek pentsamendu suizida adierazten duenean? galderari erantzun diote “Suizidioa: XXI. mendeko beste pandemia” jardunaldietan, eta horretarako, suizidioaz dauden hainbat mito gezurtatu dituzte lehenengo, suizidioaren inguruan galdetzeaz, arreta deitzeaz, joera genetikoaz, inpultsibitateaz, osasun mentalaz…
Itsaso Rodriguez Domínguez eta Lorea Zulet Ruiz psikologoak aritu dira suizidioaren mitoez, EHUren Psikologia fakultatean.
- “Suizidioari buruz galdetzeak eta hitz egiteak horretara bultzatzen du”. Beldur eta kezka hori dagoen arren, pentsamendu suizida duenarekin suizidioaz hitz egiteak horretara bultzatu baino, lasaitzen lagundu diezaioke. Ez du esan nahi pentsamendua desagerraraziko denik, baina pertsona horri hitz egiten uzteak eta entzuteak emozionalki baretu dezake. Ez da beldurrik izan behar gaia mahaigaineratu eta galdetzeko, galdetzea prebentzio lana egitea izan daitekeelako, sufrimenduaz hitz egiteari ateak ireki eta beste erreminta batzuk garatzeko.
- “Suizidatu nahi duen pertsonak ez du esaten”. Batzuetan bai eta batzuetan ez, ezin da orokortu. Esaten bada, serio hartu behar da. Esaten ez bada, seinaleak egon daitezke.
- “Bere buruaz beste egiteko asmoa adierazten duen pertsonak benetan ez du burutuko”. Egia da batzuk ez direla ekintzara pasatzen, baina beste asko bai. Kontuak kontu, inportantea da entzutea eta ez epaitzea edo konfrontatzea, horrek ekar dezakeelako beste pertsona ixtea eta gugana gehiago ez jotzea.
- “Suizidio saiakerak dituen pertsonak arreta jaso besterik ez du nahi”. Jakina, suizidio saiakerarekin arreta eskatzen ari gara, baina hori ez da epaitzeko ezer edota ez zaio horregatik garrantzia kendu behar gertatzen ari denari: alderantziz, pertsona hori adierazten ari da laguntza behar duela, etsipen garrasi bat da.
Jakina, suizidio saiakerarekin arreta eskatzen ari gara, baina hori ez da epaitzeko ezer edota ez zaio horregatik garrantzia kendu behar gertatzen ari denari: alderantziz
- “Arazo larriak dituztenak baino ez dira suizidatzen; haurrak eta nerabeak ez dira suizidatzen”. Ez da egia, eta datuak hor daude: 15-29 urte arteko gazteen bigarren heriotza arrazoia da, eta autolesioak adibidez gero eta gehiago ari dira ugaritzen adin horietan. Suizidioa multifaktoriala da, ez du gauza bakar batek eragiten, eta larritasun mailaren arabera epaitzeak edota ikuspegi bakar horretatik begiratzeak bestearen sufrimendua gutxiestera eraman dezake. Gure gizartean ohikoa da besteak sentitzen duen mina gutxiestea, hainbesterako ez dela iriztea, eta kontu handiz ibili behar da halakoekin.
- “Suizidioak herentziazko osagaiak ditu”. Ez dago ebidentzia zientifikorik geneetan eramaten den zerbait denik. Inguruko baten suizidioaren aurrean dolu konplikatu bat eramateak bai eragin dezake sufrimendua, edota familian suizidioren bat gertatu bada, “ikasi” dezakegu hori dela arazoei aurre egiteko modu bat, errepikatu egin dezakegu, baina horrek ez du esan nahi joera genetiko bat denik.
- “Ekintza koldarkeriarekin edo ausardiarekin lotzea”. Kontuz heriotzei adjektiboak jartzearekin, berriro ere pertsona epaitzea dakarrelako. Jokabidea ezaugarri negatibo batekin lotzeak, gainera, pertsona isilaraztea baino ez du ekartzen.
- “Gizonek ez dute hainbeste sufritzen”. Ez da egia, eta gehiago dira beren buruaz beste egiten duten gizonak, emakumeak baino –nahiz eta emakumeen artean suizidio saiakera gehiago dagoen–. Emozionalki gehiago ixteko joera dute gizonek, kulturalki, eta esaten dutenerako sufrimendua handia izan ohi da.
- “Suizidioari ezin zaio aurre hartu, inpultsibitatetik egiten delako”. Kasu ugaritan ingurukoek diote ez zutela espero, bat-bateko zerbait izan dela, eta egia da beti ezin dela aurreikusi, beti ezin dela norbait “salbatu”, baina psikologo bezala zenbat eta testigantza gehiago ezagutu, ikusten dena da ekintza inpultsiboa baino gehiago sarri pentsamendua egon hor dagoela aurrez, adierazi ez arren.
- “Suizidatzen den orok gaixotasun mentala du”. Erlazioa egon badago suizidioaren eta buruko gaitzen artean, eta egia da buruko gaitza duenak maizago izan ditzakeela pentsamendu suizidak, baina ezin da orokortu. Dakiguna da pentsamendu suizida dela sufrimenduaren sintoma eta hortik irakurri dezakegu gertatzen ari dena, etiketak jartzen aritu beharrean, gaixotasun mentalen mundua oraindik oso desitxuratuta eta estigmatizatuta dagoelako.
Gure gizartean ohikoa da besteak sentitzen duen mina gutxiestea, hainbesterako ez dela iriztea, eta kontu handiz ibili behar da halakoekin
Zer egin eta zer ez egin
Pertsona baten akonpainamenduan funtsezkoak diren hiru oinarri nabarmendu dituzte bi psikologoek: sintonia eta enpatia, inplikazioa, eta indagazioa –pertsona horri erantzunak bilatzen laguntzea–. Umiltasunaren eta autozainketaren garrantzia ere azpimarratu dute: beti ez ditugu seinaleak ikusiko, beti ez gara hor egongo, izan ere lagundu nahi dugu “baina ez gara heroiak, ez gara salbatzaileak”. Laguntza eta aholkua eskatzea inportantea da –hor daude, esaterako, Itxaropen telefonoa, Bidegin Donostian, Besarkada Iruñean, Biziraun EAE mailan, Prevensuic aplikazioa, Papageno.es webgunea…–.
Zer ez egin? Ez desafiatu –“ez duzu egingo” esatea adibidez–, egoera horretan jaustera bultzatu dezakeelako; ez izan beldurrik gaia jorratzeko –horrek eraman dezakeelako pertsona hori gurekin ez irekitzea–; ez epaitu eta aurpegiratu ezer; ez murriztu edo erlatibizatu horrela sentitzera bultzatzen duten arazoak, ez behartu iritziz aldatzera –denbora ematea da gakoa, “gaur ez egin”–; eta ez hartu konfidentzialtasuna gordetzeko konpromisorik, pertsonarekin adostuta laguntza eskatzea eta inguru hurbilarekin partekatzea gako izan ohi baita.
Kontratu terapeutikoa
Suizidioaren prebentziorako baliabide bat ere aurkeztu dute hizlariek, pertsona hori terapian denerako: pazientearen eta terapeutaren arteko kontratu terapeutikoa. Bien arteko konfiantza dagoenean, konpromiso batzuk adostea da helburua, pertsona horrek pentsamendu, planteamendu edo ekintza suizida bat buruan duenean adibidez terapeutari deitzeko edo konfiantzazko norbaitengana jotzeko konpromisoa, gustuko duen zerbait egitekoa... Kontratuak ez du ziurtatzen bere buruaz beste egingo ez duenik, baina halako pentsamenduak datozkionean horretaz hitz egiteko konpromisoa hartzen badu, lasaitzeko balio dezake. Kontratuak berak, azken finean, ideia ematen dio pazienteari krisi une batean zer egin dezakeen, laguntza nola eska dezakeen, ideiak garbi ez dituen une horretan.
Psikologia ikasleei zuzendutako jardunaldien bideoa lotura honetan aurkituko duzue.
204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]
Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.
(Azken aldi luzean ezin naiz gauez atera, eta arratsaldez ere larri, eta asteburuetan ere ez, eta (jarri zaizue jada ihes egiteko gogoa), marianitoak eta bazkari azkar samarrak izaten dira nire enkontruneak. Konpainiak ondoegi aukeratu behar ditut. Ezin ditut poteoak... [+]
Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.
Lagundu nahi eta kontrakoa eragin dezakegu, ez badakigu gestionatzen zer esan eta egin, gertuko norbaitek aitortzen digunean egoerak gain hartu diola eta bere buruaz beste egingo duela. Jarraibide erraz batzuk eman ditu Pablo R. Coca psikologoak, hain egoera konplexuari aurre... [+]
Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]
Eskolan suizidioa prebenitu eta esku hartzeko protokoloa 613 aldiz abiatu dute EAEn, protokoloa martxan jarri den lehen ikasturtean. Bai irakasleak, bai ikasleak gaian trebatzea da helburua, buruko osasun arazoak ikasleen artean ere arazo larri bihurtu diren garaiotan.
Suizidioaz informatzeak lagundu diezaieke pentsamendu suizida duten pertsonei, baina horretarako egoki informatzea funtsezkoa da, tabu honen inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden... [+]
Incidence of mental disorders in the general population aged 1–30 years ikerketak osasun mentalaren inguruko datuak argitaratu ditu. Egungo egoeraren berri eman eta bizitzako etapa garrantzitsuenak zein diren argitu ditu besteak beste.
2021an, Getxo ZUrt! egitasmoa sortu zuten Getxoko Jon Garcia psikiatrak eta Fundación Doble Sonrisa-ko Naomi Hasson erizainak, suizidioaren prebentzioan lagunduko zuen proiektu bat aurrera eramateko xedeagaz. Bi urte geroago, egitasmoa inoiz baino aktiboago dago, eta,... [+]
Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu du ekimena aste honetan zehar, BECen, Barakaldon. 900 ikastetxetako ordezkariak izango dira eta zortzi orduko formakuntza jasoko dute. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu du ikasleen ongizate emozionala... [+]
Presoen suizidio tasa gizartean dagoen tasaren bikoitza baino gehiago da. Horrez gain, presoen herenak buruko gaitzen bat du. Europako presoen osasunari buruzko 2020ko datuak dira, orain aurkeztu duten OMEren txosten batetik eratorriak.
Lucasek 13 urte baino ez zituen, urtarril honetan bere buruaz beste egitea erabaki zuenean. Homosexuala zelako auzoan eta batez ere eskolan jasaten zuen jazarpenak eraman du heriotzara, gurasoek salatu dutenez. Bullyingaren eta homofobiaren aurkako borroka eztabaidagai jarri du... [+]